Hunik arrats artean
Anjel Lertxundi

Kriselu, 1970

 


 

NERE HERRIARI HIRUKOA

 

 

 

ZORTZI BRANKA

 

«Tardieuk dionez, gizonaren buruak —kaleko gizonaren buruak, alegia—,
ez du erresponsabilitaterik nahi eta horregatik azaltzen da apalki;
nahita bainan geiegi pentsatu gabe azaltzen da apalki
lehendabizi aurkitzen duen agintariaren aurrean.»

George E. Wellwarth.

«Teatro de protesta y paradoja».

 

        «Ba huen ordua» esan zuen Abraham-ek, besterik gabe, lanean jarraitu zuen. Morroia, ate ondoan zegoen aulki batean exeri zen esku bat kopetan, ukalondoa belaunean eta beste eskuko behatz mehenez sudurra odoltzeraino ihurtzen zuelarik. «Joan hadi sukaldera eta ekar zak babarrunak egosteko ontzia'. Morroiak sudurra garbitzeari jarraitu zion indar handiagoz.

        Gelak ero batena zirudien. Danetik zegoen gela hartan: Ispilu handi bat, libururik gabeko bainan babarrun-ontziz betetako liburutegi bat, IV-garren gizaldiko «mapa mundi» bat Afrikan «Hic sunt leones» hitzekin, arrantzarako tresnak, ardo-bonbilak, mailuak, hiltzeak, lega bat, gurdi baten kurpilak... Bainan gauza bat zegoan morroiak bere zergatia ulertzen ez zuena: batel bat sapaiatik zintzilik. Sapaiaren alde batean bi hiltze handi osorik sartu gabe eta beste bi beste aldean, hauek ere osorik sartu gabe, lauen artean bi egur eusten zutela, sapaia eta egurren arteko burnizko barra bat sartzeko tartea uzten zutelarik. Burnitik soka batzuk zintzilik batela eusteko. Abrahamek zionez, itsasoan hondoratu gabe ibiltzeko asmatutako tresna bat omen zen batel hura. Morroiak itsasoa zer zen galdetu zion batean, itsasoa handik berreun kilometrora zegoela bainan behin bere etxeko atea buztitzeraino iritsi omen zen mila egun eta mila gau euritan bizi izan ziren batean eta batel hura hurak ekarri omen zuen. Morroiaren amonaren bizkarrak bi gizaldien pixua zeukan bainan ez zuen horrelakorik gogoratzen.

        —Babarrunak egosteko ontzi berria ekartzeko esan diat.

        Abraham izar baten antzeko itsas-ontzi bat asmatu nahiean zebilen batel hura aurkitu zuenetik.

        —Zaila duk zer nahi dudan esatea —esan zien behin entzun nahi zuten guztiei— bainan nere itsas-ontziak ez dik jirarik eman beharko bere joera aldatu nahi denean. Zer gertatzen da iparrera hoala, hegoaldera joan nahi dukenean?

        Bost minutu igaro behar dituk gutxienez itsas-ontzia jiratzeko. Nereak ez dik horrelakorik beharko zortzi branka izanen bai dizkik, haize-larrosak bezala; nere itsas-ontzia ipar, ipar-sortalde, ipar sartalde, sortalde, hego-sortalde, hego-sartalde, hego eta sartaldeari begira egonen bai duk. Zortzi helize izanen dizkik bainan lema bakarra. Oso garrantzi handiko asmakizuna duk ekaitzetarako. Sartaldeko brankaren gibel-aldea sortaldea izanen duk, eta hegoaldea iparrekoarena. Eta denetan berdin. Itsas-ontzia hondoratzeko arriskurik ez duk izanen eta estetika aldetik begiratuaz gero ere, ez dik galerarik, irabazia eta irabazi handia baizik. Dena antolatuta zeukat bainan orain nere proiektoa merkeagotu nahi diat. Helizeak kenduko banitu, zer jarriko nioke helizeen ordez?

        Babarrunen lapikoa irakiten jarri zuen babarrunen joera ikustearren. «Eta zortzi branketan zortzi kaldera jarriko banitu? »Bainan ez, irtenbide hori helizeak baino garestiago irtenen litzaiokela eta, azkenean, helizeak aldatu-ezinak zirela erabaki zuen. «Luzaroan nere asmakizun hau, gelan daukaten itsas-ontzia baino merkegoa izanen delakoan nago». Morroiari baratzan zulo handi eta zabal bat egiteko eta hurez betetzeko esan zion itsas-ontziaren frogak egiteko. Bitartean, Abraham bere ametsetako itsas-ontzia eraikitzen hasi zen.

        Itsas-ontzia amaitzeko tresna asko falta zitzaiola konturatu zenean, proiektoaren aurrera eramatea hiriko agintarien eskuetan uztea hobe zela eta itsas-ontziaren planoak igorri zizkien.

        Egunak joan, egunak etorri, agintarien erantzunik ez zuela izanen pentsatzen zegoen batean, eskutitz ofizial bat ekarri zioten:

 

                IZAR MINISTERIOTZA

                Von Braun, 26-IT-44

                HIRURKI-00152.

 

        Nere Abraham jauna:

        Zuk igorritako planoak ondo aztertu ondoren, Karlos Erregearen mailako nere ministeriotzaren urrezko medaila merezi duzula erabaki dugu.

        Gure herria basoez inguratuta dago eta zuk asmatutako itsas-ontzia ez dugu beharrezko.

        Ezta ere beste herri guztiek, itsasoa orain dela gizaldi asko lehortu bai zen. Teknikoki hitzegitearren, munduak izan duen azken-bigarrengo glaziazioan. Dena dela, oroigarri bezala eta gure semeek itsas-ontzi bat zer den jakin dezaten, zure proiektoa aurrera eramatea erabaki dugu.

        Herriak asko zor dizu eta on har zazu hainbat mesede zor dizunaren omena.

        Zure serbitzari...

        Eta izenpearen ordez, hogei eta bat zulo IBM tresnatan erabiltzen diren fitxek bezala.

 

 

 

AT JOATEN GERANEAN

 

                I

        Ez dakit zergatik ez den inor ni agurtzera etorri. Estazioa ez dago hain urruti. Askotan denak ni noiz joan zai zeudela iruditzen zait. «Londresera noa». Ez zen inor harritu. «Bost urtetan ez nauzute ikusiko». Kolpea oso ondo preparatuta neukan asko atsegin bait zait lagunak nitzaz kezkatzea. Bainan «ondo pentsatu baduk, ez zeukagu zer esanik» hotz bat besterik ez nuen entzun.

        Bost egun igaro nituen erabakia sendotzen; zaila da jaioterritik aldegitea, zelan utzi hainbat diru ematen didan maixutza, mutil-zahar izateko harriskuan nago, amaren negarrak ez dira txikiak izanen, Anek zer pentsatuko ote du.

        «Ondo pentsatu baduk, ez zeukagu esanik», izan zen lagunen erantzun bakarra.

        Bizitzak beste garrantziarik izanen ez balu bezala. Tren hau ez dijoa Parisera joaten dena bezain azkar. Ez nuen uste nere lagunak hain sasi-lagunak zirenik. Hogeitabost orduko biajean ba daukat nun aspertua. Aurrean daukadan neska ez dago oso gaizki. Anek zer pentsatzen ote du? Azkenean ez dugu garbiegi hitzegin. Ba dakit maite dudala eta baitare maite naula. Edo ez? Ez dugu behinere garbi hitzegin. Mila gauza aitatu dugu gure elkar-hizketetan bainan pundu hauetan atzeratu egin gera beti.

        —Nahi al duzu?

        Ingalaterran kontuz ibili beharko dut tabakoarekin. Erroman izan nintzenean, asko zaindu behar izan nuen dirua. Gure tabako txarrenak baino txarrago batek hirurehun eta hamar lira balio zuen. Hogei eta hamabost peseta kanbioan. Dena dela, gure hau erreko dut dagoen bitartean eta ez dagoenean, ez erretzen saiatu. Mugan daukadan tabakoa pasatzen utziko ote didate? Eskolako mutilak oso ondo portatu dira. Ehun zigarro-pakete eman dizkidate.

        Seguru aski Erramun-en gauza izanen zen.

        —Ze herri da hau?

        Nongoa ote da? Erromara joan nintzenean, Iruina-ko neska bat ezagutu nuen. Sikolojia ikastera zijoan ez dakit nork emandako diruarekin. Nortzuek eman ote zioten beka? Neri ez didate eman nahi izan Aurrezki Kutxan. Ez omen nuen dirurik aurreratu. Zelan aurreratu Estaduak maixuei ematen digun soldatarekin? Bainan, tira, ondo konpontzen nintzen partikularki ematen nituen klaseekin. Muxuka ere jardun ginen. Askotan gertatzen ohi dena da. Biaje luzeegiak dira eta lo egin nahi izaten da eta burua aldamenekoaren sorbalden jartzen eta lo egiten ez bada ere, itxura-itxuran egoerak onartzen dira, aldamenekoak lo egin nahi izaten du eta burua nere bizkarrean jarri zuen eta lo egiten ez bazuen ere, itxura-itxuran elkar eskeinitako egoera onartu, nik gauza hauek ezagutzen ez banitu bezela eta, azkenean, muxuka hasi ginen, andere batek egoera hauetan sortzen den estul-estuasunari ekin zion eta guk, barnean, farre egiten genduen, interbentorea azaldu zen, bileteak pikatu gabe azaldu ginen Erromara, muxuka jardun ginen, zergatik hasten ote dira beti estulka, Ventimiglia-n geunden, ni turismoa egitera nijoan eta Iruinako neska Sikolojia ikastera ez dakit nork emandako beka batekin.

        Ba zen ordua. Aspertuta nengoen. Azkenean, Londresera noa. «Gaztegia zera, itxarotea ez zaizu damutuko». Bi azkeneko urteetan berdina entzuten egon beharra. Dena dela, hemen nago eta trenak ez dira atzeraka joaten. Aspertuta nengoen herri hartan. Aurpegi berdinak beti, gauza berdinak denda berdinetan, gazte gehienak erdi mozkorrak. Ezagutzen ditut nigatik esaten dituztenak. Hor zebilen orain dela gutxi arte Antxon, Marx gora eta Marx behera. Eta proletargoaren iraultzaz hitzegiten zuen beti. «Proletargoa da, Marxen baitan, iraultzaren sujetoa». «Gezurra —erantzun nion nik— Marx-ek ez du horrelakorik esaten. Marxek iraultzaren sujetoa proletargoa zela esan zuenean, historia-egoera batzuk onartu zituelako izan zen: Alemania-ko proletargoa zapalduta eta bat eginda ikusten zuelako, alegia. Egun, egoerak aldatu badira zergatik ez da iraultzaren sujetoa aldatu behar?». Isilik gelditu zen. Eta gero: «Barka, ez nuen uste Marx irakurria zenduenik». Zer uste dute? Gainera mundu hunetan Marx besterik izanen ez balitz bezala. Nork irakurri du Ionesco eta nork Joyce? Edo García Marquez? Literatura eta ertia burgeskeriak dira. Gainera ahoa bete-beterik dutela esaten dute: Burgeskeria. Marx bakarrik irakurtzea da burgeskeria. Noski. Ionesco eta Joyce, eta Marquez, eta Jarry eta Sartre dekadenteak dira. «Socialist realism» esan eta hain lasai gelditzen dira.

        —Ez eskerrikasko.

        Nerekin hitzegitea nahi badu egon dedila lasai. Hori bakarrik falta zait: Herritik irten eta herritar batekin hitzegin behar. Ezagutzen dut berak ezagutzen ez banau ere. Bainan ez diot ezer esanen. Seminarioan egon zen ez dakit zenbat urtetan eta orain herriko jabea dela iruditzen zaio. Beti gertatzen ohi da. Hunek ba dakit «marxismoa», «proletargoaren iraultza», «konsumoko gizartea» eta horrelako gauzak esaten dituela bainan apustu eginen nuke erdiaren erdi ez dakiela. «Ea, zer da konsumoko gizartea» nik eta berak «ba... gizarte kapitalistak sortu duen...» eta nik «hori bakarrik?» «ba, kondizionantendu ekonomiko eta politikoak sortutako...» berak eta nik «eta soziolojikoak, kulturalak, sikolojikoak, erlijiosoak ez al dute ezertarako balio?».

        —Ez dakit.

        Ikusten nago beste departamentu batera joan beharko dudala... Ama oso asarre gelditu da bainan beti bere gonapean egonen naizela uste al du? Konpondua dago. Orain dela astebete ikaragarrizko iskanbila sortu zidan eta dena nik beltzez jantzita itxusia zegoela esan niolako. Aitona orain zortzi hilebete hil zen eta nahiko denbora ba dela uste dut. Dena dela, beltzez jazten jarraitu nahi badu ere, ez zeukan horrelakorik sortu beharrik. «Denok beti nere aurka zaudete; ikusiko duzute ni falta naizenean; dirua nondik etortzen dela uste duzute...?». Nik gauza hoiek jakinen ez banitu bezala. Biajea luzeegia eginen zait eta zerbait irakurri beharko dut. Hurrengo estazioan zerbait erosteko denborarik izanen al dut?

 

                II

        Ez nintzen beinere itsas-ontzian ibili. Mareatu eginen nintzela uste nuen bainan ba dira bi ordu eta sagar bat baino preskoago nago. Aneri postal bat bidaltzea ahaztu zait. Orain gogoratzen naiz nor den neska hori. Sakristauaren alaba da. Noski, ez da harritzekoa ni ez gogoratzea. Beti Donostian sartuta Donostiako mutilak Persiaki tigreak balira bezala eta gu ibai zikinetako elefante batzuk. Ez dut ulertzen. Ane oso bestelakoa da. Oso herrikoia izan da beti eta herriko arazoekin kezkatu ohi den neska. «Wisdow». Itsas-ontzi hunen izenak zakur batena dirudi. Onuzkero albabetatze-saioa hasia egonen da. Negargarria da hogei eta hamar besterik ez joatea. Herriarengandik iges ote nabil? Gure herriak kulturaz hornitutako gizonak behar ditu eta horregatik noa Londresera filosofia ikastera. Bultzada batzuk behar ditu gure herriak. Herrian ez naute ulertu. «Ondo pentsatu baduk, ez zeukagu zer esanik».

        ltsas-ontzi hunen barandak ez dira handigiak. Ekaitza denean, oso erreza da hemendik erortzea. Ze arrain ote da? Ez naiz diruz oso ondo ibiliko. Erderazko klaseak emanen beharko ditut. Batzuk platerak garbituaz ordaintzen omen dituzte bere ikasketak. Neri ez zait oso egokia iruditzen. Snob-zale gehiegi dago gure herrian. Parisen dauden ikasle asko goserik ibiltzen omen da. Bainan zertara joan dira: Ikastera edo gosea pasatzera? Dena dela, mila pintore, ertilari eta filosofo goserik bizi izan dira eta nor hil da? Bainan ni ez nintzake haien egoeran jarriko.

        Neska horrek pena ematen dit. Eta dena, txikitatik nahi zuena egiten utzi ziotelako. «Hau nahi dut», «har zazu, maitea»; «hango eskaparatean soineko berri bat dago», «arratsaldean erosiko dizut»; «dauzkadan oinetakoak modatik pasata dauzkat», «bihar Donostiara joanen gera berriak erostera». Hau eskatu, hau eman; hori nahi, hori eduki; hura desiratu, hura lortu. Eta gero ez dute harrautz-pare bat prejitzeko funtserik. Bizitzaren oinarri bat falta zaie. Zertara ote dijoa Londresera? Egunen batean «Londresera joan nahi dut» esanen zuen etxean eta «noiz joan nahi duzu» erantzunen zioten.

        Hemendik bost urtetara zer izanen ote da nere herria? Zer esanen ote du Anek? Atzo dutxaren azpian nengoenean negarra heldu zitzaidan begieatara.

        «Nora joan nahi dut? Ez al naiz nere herrian aseko?». Hemen nago eta ez dakit zer gertatuko den. Bitartean, bederatziak izateko bizpahiru minutu falta direlarik eskuetan hutsa nabarmentzen dut, izerdia bularrean, aztuna buruan, amets hunek amaiarik izanen ez balu bezala, gerokoa noiz etorriko den zai, hura ote da kapitana, hemen daudenak ba ote dakite bere gerokoaren berri, sakristauaren alaba gizarajoa, Anek maite ote nau, ama negarrez egonen da, maite ote dut Ane, alfabetatzeak beste era batera antolatu behar dira, Ane ere joaten da, farrak gainditzeko indarra banu herrira hurbilduko nintzake, Ane nirekin lotzatuko litzake, nere amets hunek ez du azkenik izanen, Aneri postal bat bidali behar diot, ez da egoera ona gosea pasa behar izatea. Van Gogh-ek ere gosea pasa zuen, ez naiz oraindik mareatu, herrira hurbiltzen naizenean zelan aurkituko ote dut, sakristauaren alaba zertara ote dijoa Londresera.

        Azkenean, Londres-ko bidean! Eskutitz bat idatzi diot nere Donostiako taldeari. Moilara iristean bidaliko diet. «Lagun maiteak: Mantxa-ko itsasoan, lainoak ilunean izkutatu baino lehen, zuetzaz gogoratu naiz eta bereala idazten jarri. Azkenean ez nizuen nere biajearen berririk eman. Londresera noa 'Institut of modern art' ikastetxean marxismoaren estetika ideiaz doktoratzera. Dakizutenez, ez daukat dirurik, ez didate bekarik eman, eta etxe batean neskametzan lan eginaz ordainduko dut kurso hau. Seguru aski gosea pasa beharko dut bainan ez daukat beste erremeriorik. Idatzi, zuen eskutitzak behar ditut. 'Tiffany's'era joaten zeratenean dantzara nere izenean dantza. Oraintxe itsas-gainean 'blues' bat dantzatzen hasiko nintzake. Eskuminak denei; agur».

        Amak hogei mila pesetako abrigo bat erosi nahi zidan bainan ni haserretu egin nintzen. Holakorik! Londreseko famili hori zer moduzkoa ote da? Diskak oso merke omen daude... Nora begira dago aker hori! Harrituta gelditu da. Seguruaski «Etudes» besopean daukadalako. Zer uste zuen?

 

 

 

ORAINDIK MAITASUN HIXTORIA BAT

 

        Alex maitea:

        ... eta Neuchâtel oso polita da. Amaia ikusten ez zaion ahintzira handi eta polit bat. Suiza-k bere txukunarekin bereganatu nau. Kale garbiak, etxe garbiak, haur garbiak... Denak oso pozik bizi direla dirudi.

 

        Alex maitea:

        Etxean oso ondo hartu naute. Senar-emazteak hogei eta hamabost urte dituzte. Literaturan doktor maila dauka eta Friburgo-ko Unibersitatean frantses literatura aztertzen du. Bi liburu dauzka argitaratuak. Bat «Nouveau roman et responsabilité» eta bestea «James Joyce et l'heure de notre destinée».

        Hemen asko ixtimatzen dute. Emazteak zaharkinen dendatxo bat dauka. Egunaren zati luzeenak etxean igarotzen ditut bakarrik.

        Gabonetan ez naiz horrat joanen...

 

        Alex maitea:

        ...Hemendik bost kilometrotara dagoen herrixka batean «Aquarium» bat dago eta han katu-arrain bat tiburoi izenarekin. A ze farrak eginen lituzke zure aitak hau jakitean!

        Oso gustora nago. Etxekoandrea petrala da bainan ondo konpontzen gera.

        Andonik astero idazten dit eta haren bitartez jakiten ditut horko berriak. Zuk zeureak bidali...

 

        Alex maitea:

        ...Nere Sautier Casaseca-ren dramatxoaz idaztera noa. Beste etxe batera aldatu naiz. Beste etxeko andereak nerekin nahi zuena eginen zuela pentsatzen zuen. Oso bitxia zen bainan egiten zizkidan eta ez zizkidan guztiak jasan egiten nizkion. Orain dela astebete, hau da, joan zen larunbatean, errita osoan igaro zuen goiz guztia (ez zen dendara joan) eta etxe hartan ez nuela denbora gehiago pasako pentsatzen jarrita nengoen. Arratsaldean egunero bezala kalera irten nintzen berari baimena eskatu ondoren: «Nahi baduzu, kalean aurkitzen duzun lehengoarekin igaro zezakezu gaua». Seiretan etxera hurbiltzean dena itxita zegoen. Nere giltzak ez zuen balio etxeko atea irikitzeko, hau seguritateko zerrailez itxita bait zegoen, eta, azkenean, ordubete ate ondoan negarrez igaro ondoren lan guztiek eginda zeuzkan eta ez zidan ezertxoere eman afaitarako. Hurrengo egunean han dagoen gure apaiz Aita Xalbador eta nik etxe hortatik irtetzea pentsatu genduen bainan lehendabizi beste etxerik aurkitzen posible zen edo ez jakin behar genduen. Lan-ajentzi batean beste etxe bat aurkitu nuen eta astelehen goizean etxekoandrea agurtzen hasi nintzenean, ixkanbila bizian hasi zen, poliziari hotsegin zion nere aurrean nik kontrato bat egina bait nuen, bainan poliziak ez zuen parte hartzerik nahi izan eta horrelaxe aldegin nuen etxe hartatik. Okerrena, senarrak ez zuela txintik ere esaten. Liburu asko bere baitan bainan gizatasun falta harrigarria zeukan gizon uztel hark... Asteartean joan nintzen nere oraingo etxera eta oso jatorrak dira. Bost eta bi urteko bi mutil-koxkor dituzte eta azkar ohitu dira nerekin.

        Gauza asko esan behar didazu hurrengoan. Bainan zeureak nahi ditut...

 

        Alex maitea:

        ...Oso pozik hartuko nuke zuk nere urtebetetzerako egin nahi didazun bezuza... Uler zazu, magnetofoia ez zait egokia iruditzen. Gainera hemen hor baino hobeak eta merkeagoak aurkitu dezazket. Hobe duzu, eta bihotzez eskertuko nizuke, diska bat edo bien bezuza. Ez al zera haserretuko? Neri gehienbat atsegin zaizkidan hauetxek dituzu une huntan.

        «Lore txikia» Sidney Beckett-ena; Ray Charles-en edozein diska bainan ahal ba duzu kanta hauek dauzkena: «Georgia» eta «Yesterday».

        Edo, aurrekoak aurkitzen ez badituzu, Jazz-eko edozein diska...

 

        Alex maitea:

        ...Zer esanen dizut? Gehiegi maite zaitudala? Oso gustora utzi nauzula eta ba zela ordua...

        Andoni... nor ote zen egoten zinela? Ez kezkatu, maitea, Andoni nere anaia duzu.

        Gabonetan horrat joatea erabaki dut. Dirua aurreratzen joan beharko dut bainan bizitzak bere alai-aldiak ere bizitzeko agintzen digu.

        Kaleetan zuri-zuri dagoen elurretan etzan, bertan amildu, hodeitaraino hegan igo, Neuchâtel-go ahintzira izoztuan murgilduko nintzake gaur bihotzean sentitzen dudan zirrarak eraginda...

 

Hunik arrats artean
Anjel Lertxundi

Kriselu, 1970