Hunik arrats artean
Anjel Lertxundi

Kriselu, 1970

 

 

BETI GERTATZEN OHI DA

 

 

                I

        Ameriketarrak Biltzira-ra etorri zirenean, Biltzirako semeak zer pentsatu ez zekitela gelditu ziren. Biltzirako semeentzat ameriketarrak Ipar-amerikakoak ziren. Hego-amerikakoak ez ziren ameriketarrak, hilda bait zeuden. Ameriketarrak tresna gehiegi ekarri zuten Biltzirako jendearen fiantza irabazi nahi bazuten. Urtebete lehenago militar batek eraiki zuen etxe batean jarri ziren bizitzen eta han sartu zituzten bere tresnak. Denetik zegoen etxe handi hartako garajean: Lainoak euritzeko koheteak, petroleoa bilatzeko lur-zulatzaileak, lurra aldatzeko traktore bi, sagardoa eta txakolina egiteko tolare bat eta, azkenik, Biltzirako nekazariak bihotzeraino zapaltzeko sakuka bat asmo.

        Biltziran ez zegoen alkaterik bainan egoera gogorrenetan herriko andere zaharrenak hartzen zuen agintea. Bere etxean bildu ziren nekazari guztiak.

        Denetik zegoen andere zaharraren etxean, militarrek eraikitako eta ameriketarrek erabiltzen zuten etxe handiko garajean denetik zegoen antzera: Euririk gabeko bi urteek emandako gosea, lurra iraintzeko erabilitako esku zartatuak, lurra aldatzen zeudelarik eguzkiak erretako aurpegiak, sagardoa eta txakolina egiten zimurtutako oinak eta, azkenik, zapalketaren aurka joateko indar-falta.

        Andere zaharrenak hitzegin zuen lehendabizi:

        —Ezagutzen duzute egoera. Hoiek ez dira guri mesede bat egitera etorri, hortan ez zalantzarik izan; gainera, ekarri dituzten tresnak igaliak jasotzeko, hazikera pizkortzeko eta mila hunelako lanetarako sortuak dira, eta garbi dago beraiek nahi duten igalia hemen, gure lur hunetan dagoela.

        Denak konforme zeuden andere zaharraren gela zaharrean. Hunela hitzegin zuen hamabi seme zituen gizon txiki eta lehor batek:

        —Konforme, erabat konforme nago. Orain zer egin behar dugun pentsa behar. Jakina, egun ez daukagu ezer egiterik. Gure igitaiak ez dute ezer balio haien harma handien aurka. Harma hoiek su hartzen dutenean, guk ¡plos! eginen dugu.

        Besterik ez. Eta besterik gabe. Orduan, eta konforme bazerate, luzerako plan batean pentsatu behar dugu.

        —Bai —esan zuen burua bere tokian zuela esaten zuten gizon batek—. Horixe da guk egin behar duguna. Hauxe da nere plana: Ameriketarrek gaur hemendik bidaliko bagenitu, eta nahiko zaila izanen litzaiguke, ez ditugu bere tresna hoiek izanen, eta izaten baditugu, alferrik, ez bait dugu tresna hoiez lanik egiteko prestasunik. Eta hunela beti behartsu izaten jarraituko genduke. Horregatik hau dela deritzait planik onena: Lehendabiziko urtean beraiekin kolaboratu eta hau bi arrazoigatik: bat, beraien fiantza irabazteko eta, bestea, tresnak erabiltzen ikasteko. Orduan hilko ditugu. Konforme al gera?

        Denak konforme ziren andere zaharraren gela zaharrean. Piku batzuk jan zituzten erabakia baieztatzeko eta denak bere etxeetaruntz joan ziren.

 

 

                II

        Biltzirako semeek ez zuten ezagutu zer zen lasaituna eta zer bakea. Goizean bostetan jeikitzen ziren eta gaueko hamabietan oheratzen. Bi urte igaro zituzten horrela. Biltziraren era Biltzirako semeen aurpegiak aldatu ziren arte. Biltzira garrantzi handiko herri bat bihurtu zen: Asfaltozko kaleak egin zituzten lehen lokatza zegoen tokietan eta fabrika bat eraiki herriaren gibelean. Biltzirako semeek bere izerdi guztiak ixuri zituztenean, hezurretan iragartzen zitzaien bizkar gainetan eramanen zituzten sakuen pixua.

        Egoera hauetan igaro zituzten bi urteetan, Biltzirako hamabi gizon, hogei eta bi andere eta hirurogei ta bi haur hil ziren. Bi etxe hondoratu ziren eta etxe haietan bizi ziren bi sendiek txabol txiki bat eraiki zuten gaueko ordubi terdietan eta hantxe bizitzen jarri. Ameriketarrek herriko hurak kendu zituztenean, hilobiraino lagunduko zien zikina sartu zen Biltzirako semeen aragi-zuloetan, lanean zeudenean kaka galtzetan egin behar izaten zuten eta euria ari zenean lana bilutsik egin behar jantzi buztien hotza hezurretaraino sartzerik nahi ez bazuten.

        Andere zaharra tuberkulosis, kantzer, eskorbuto, peste eta bihotzekoaz gaxotu zen kolpe batean eta beste kolpe batean hil.

        Gauzak horrela zirelarik, bilera bat egitea erabaki zuten Biltzirako gizon-andereak.

        Burua bere tokian zeukan gizonak hunela hitzegin zuen:

        —Heldu da denok itxaro genduen unea. Hogeitabost fusil dauzkagu ameriketarrei lapurtutakoak. Beraiek hogeitahamar dauzkate bainan ez dira hamabi gizon besterik. Jokoa gure alde dago. Bihar denok lanera joanen zerate. Ni eta atzo hil zen andere zahar gajoaren semea mendiruntz joanen gera. Ba dugu irtenbidea: zerbait galdetzen badigute, nagusiak zuhaitzak ebakitzera bidali gaitula erantzunen dugu. Bainan fusilak eramanen ditugu haizkoren ordez, eta zuei begira egoten diren gizon harmakikoak hil. Andere zaharraren etxean daude gainontzeko fusilak. Guk zuei begira egoten diren gizonak hiltzen ditugunean, zuek militarrek eraikitako bainan orain ameriketarrena den etxera joanen zerate. Guk, bitartean, garajean atezai egoten dena hilko dugu. Zuek eta guk biok etxearen inguruan ipiniko gera eta fusilak kargatuko ditugu. Zuek defenditzen banauzute, nik su ematen diot etxeari eta su ematen diodanean, andereak garajearen inguruan egonen zerate, han sua piztuko balitz bereala itzaltzeko. Garajeak suaren arrixku txikia du etxetik oso urrutiratuta dagoelako bainan posibilitate guztiak nehurtu behar ditugu: Hango, tresnak baliotsuegiak dira gure inprudentziz erretzeko. Nor prestatzen da fabrikako atezaia hiltzera guk hau dena egiten dugun bitartean? Zeuden gizon-andere baino esku gehiago altxa ziren. Hamabi seme zituen gizonak hitza eskatu zuen:

        —Zazpi seme hil zaizkit bi urte hauetan eta beste bostak oso gaxorik daude.

        Bizitzak ez du neretzako sentidu handirik. Utz nazazute fabrikako atezaia hiltzera. Gibelak kenduko dizkiot nere seme gazteenari jaten emateko.

        Denak ixildu ziren. Gau hartan ez zen pikurik jan erabakiaren baietza sendotzeko.

 

                III

        Hamar urte igaro dira. Betiko arazoa da. Eta, azkenean, beti berdin gertatzen da. Gezurrik ezin esan atezaiari gibelak kendu nahi dizkion gizonari.

        Zein ederra den gaur Biltzira eta zein ederrak Biltzirako odolik gabeko zelaiak.

 

Hunik arrats artean
Anjel Lertxundi

Kriselu, 1970