|
Hunik arrats artean
KRISOTEMI
Gela batean, jendez beterik, bi neska-mutil, biak gorriz jantziak, eta beste gelako guztiak beltzez. Elkarrizketa huni esanahia aurkitzen saiatuko direnei, ohar bat: Beltzaz hildakoak eta gorriak bizirik daudenak direla iruditzen bazaizue, oker zabiltzate. Saiatu beti idatzitakoari amor ematen. Eta nik ez ditut inon hildakoak aipatu. Festa bat dirudi gelako giroak. Noizbehinka morroi batzuk txanpaina eskeintzen eta goxokiak ere bai eta, nahi baduzute, hauek zuriz jantzita. Eta zuriz jazte hunek ere ez du ezer esan nahi. Eta pertsonaje harrigarria urdinez. Eta hunek ere ez du ezer esan nahi.
PILADE.— (Gorriz jantzitako mutila). Klitenestra!
KLITENESTRA.— (Gorriz jantzitako neska). Zer nahi duzu?
PILADE.— Esaidazu esna nagoen edo, ametsetan murgildurik, ez dudala ezer ikusten.
KLITENESTRA.— Zaude ixilik! Erotu egin al zera?
PILADE.— Ez, bainan bereala erotuko naiz hor aurrean daukagun hori Krisotemi ez bada.
KLITENESTRA.— Krisotemi? Nor da Krisotemi?
PILADE.— Ezkerrean dagoena. Bai, horixe.
KLITENESTRA.— Ez nizuke bai edo ez esanen. Ez dut behinere nere aurrean ikusi.
PILADE.— Nik ere ez. Bainan bost duroz bat hori Krisotemi dela.
KLITENESTRA.— Ez naiz Krisotemi nor den ondoegi gogoratzen. Esaidazu bere berriren bat.
PILADE.— Ba, han zegoena eta gero horrat etorri zena bainan, amonak esaten duenez, hemen behinere egon ez dena. Edo beti, ene ustez.
KLITENESTRA.— Bai, ondo gogoratzen naiz orain. Hiru birtute omen ditu: Hau esan hori egin, hura maitatu.
PILADE.— Krisotemi, izenez. Kri... so... te... mi... Amonak asko maite zuen.
KLITENESTRA.— Horixe dela esanen nuke. Ez hemen, ez hor, ez han bainan hemen, hor eta han. Zalantzik gabe: Horixe dugu Krisotemi.
PILADE.— Gogoratzen al zera? Behin hara joan omen zen eta zerbait eman omen zuen eta han zeudenek ikaragarri eskertu omen zuten berak emandako zerbait hura.
KLITENESTRA.— Bai, argi dago Krisotemi-ren bihotz ona. Eta hor hitzegiten hasi omen zenean? «Ni naiz hemen nagoena eta asko eskertzen dizuet hitzei diozuten errespetoa».
PILADE.— Ez naiz harritzen amonak Krisotemi-ri dion zeaz.
KLITENESTRA.— Hitzeginen al diogu?
PILADE.— Nik «orain bai» esanen diot.
KLITENESTRA.— Berak «zerbaiten itzalean bizi zera» erantzunen dizu.
PILADE.— Eta zer esan behar diozu zuk?
KLITENESTRA.— «Hobe horrela» seguru aski.
PILADE.— Hitz ederrak, benetan.
KLITENESTRA.— Ekintza oso erreza da begi xinplerekin begiratzen badiozu. Bainan negozioak ere ba dute bere garrantzia. Gainera, zazpigarren aginduak dionez, beltzek ere ezagutzen omen dituzte emakumeak. Ez dut zalantzarik: hemen zerbait harrigarria gertatzen ari da.
PILADE.— Ez dago bilutsik. Begi onez begiratu behar diogu igesteak ez bait du garrantzi handirik arrixkua hor, hemen, han dagoenean eta munduan ostikoka hasten geranean, hutsuneak ugarituko zaizkigu eta nortasuna hilko zuhaitzaren itzalak itxaropena ematen badigu. Gu gera maixuak eta Krisotemik dauka indar guztia; zuzena erosiko digu bainan, azkenean, soka batetik zintzilik hilko gera.
Hunik arrats artean |