|
Hunik arrats artean
NI EZ NAIZ ZU
«Zu izan zara eta izanen zara euskaldunen ohorea, habea, iabea, sostengua eta kantabres fina, naturala eta egiazkoa.» Axular. Gero.
Ez dut Eskritura Santuan irakurri. Eztare gure adiskide baten liburu gorrian. Gaur esan behar dudana bihotzaren burutik irtetzen zait: Ni ez naiz zu
ni oso argia naiz,
ni poeta naiz,
ni borobilak dituen bat,
prakaduna
eta, horregatikantxe, sexodun.
Ni jainkoa naiz.
Olerki konkretoa eta sasi-bihotzak. Bainan goaz, gurdia bere bidetik atera gabe. Nor da ni eta nor zu? Nor ilargi eta nor eguzki? Nor prakadun, nor gonadun?
Guztien burutan ni naiz hori dena. Ni naiz ni eta zu. Ilargi-eguzki prakadun eta gonadun.
Eta zu ez zera ni.
Zu zera herria,
langilea,
gosetia eta mila prolema.
Zu zera hau, hori eta hura.
Inorrez.
Eskritura Santuak eta nire adiskide baten liburu gorriak nire aurka badoazti ere, ni ez naiz zu.
Nire autonomia oso sagaratua da. Nire amarengandik iges egin nuenean, txilborreko soka moztu zidatenean, urrutiratu egin nintzen. Bost apaiz ziren jatorrak, Rikardo zen jatorra, hango langileak ziren jatorrak, bainan, konpreni zazute, ez gera behinere haiek eta ni txilbor-sokez lotuta egon.
Atzo denak Joxe Mari ziren. Ohitura omen zen eta parrokietako akta guztiak «Joxe Mari» aspergarriez beteta daude:
«Hil hunen 34an Joxe Mari jaio zen. Aitaren izena: Joxe Mari. Amarena: Maria Joxe.
Jainkoaren izenean izenpetzen du Joxe Mari apaizak.»
Gaur alderdia aldatu da. Gaur izenak ez duela garrantziarik eta denak zerbait dute bere izen. Ez da Parrokietako aktetan idazten den izena beste eratako aktetan baizik. Hara hemen, bat:
«Hil hunen Oan XXek hau egin du. Nk, nire alukeriak ematen didan eskubidearen izenean, XX afiliatu egiten dut eta ............ [Ibini norberak nahi duen afiliazioa] deitzen.
Ezin dut izenpetu.»
Akta hunetan ez da aztertzen XXek zer egin duen, ez bait da beharrezko zer egin duen jakitea, zerbait egin ote duen baizik.
Hala bedi kunpli: Ni ez naiz zu.
Hunik arrats artean |