Hunik arrats artean
Anjel Lertxundi

Kriselu, 1970

 

 

BERTZEAK BEZALAKO

 

        Igandeko lana galdu zuenetik ez zen bere buruaren jabe. Hiri hura handiegia zitzaion, hiri egokia bere burua galtzeko. Ibai gainean, hiru zubi. Bi mila karrika. Berrogei baino pisu gehiagoko milaka etxe. Joxe galduta zegoen. Bere lagunak ere bai.

        —Gogoratzen al zerate txikitan ikasitako gauza haiez? Karpoa, metakarpoa... Bainan ni, ez behatz, ez beso gelditu nauk. Gezurra duk txikitan ikusitakoa.

        —Zer egin behar diagu?

        —Goazen!

        —Oso ondo gaudek hemen.

        Eta nik, idazle bezala, haiek aitortzera ausartzen ez ziren gauzak adieraziko dizkizuet. Ibaia oso ederra zela. Gau hartan nire lagunak izarretaraino joan nahi zutela... eta izarrak ibaian irribarrez zeudela.

        —«Besorik gabe ez duk ezertarako balio. Indar gehiago behar duk». Esan zidak. Besterik ez.

        —«Ez duk lan huntarako balio. Aldegin zak lantokitik». Esan zidak. Besterik bai: «Joan hadi eta ez hunat gehiago hurbil».

        —Ni ez nauk saiatu. Zertarako? Besterik ez eta besterik bai. Hor non dagoen zuen arazo guztia. Bainan ni, zorionez, besterik bai edo basterik ez gabe gelditu nauk.

        —Zer egin behar diagu?

        —Mila prolema zeuzkat.

        —Bai, goazen!

        Bainan toki berean jarraitzen zuten. Ukalondoak barandaren gainean. Lau ukalondo eta hiru gizon. Ibaira begira, izarrak ikusten... irribarrez.

        —Zergatik ez dugu bizitzaz zertxobait esaten?

        —Bainan besterik gabe.

        —Has hadi.

        —Behin omen ninun... ni, presaka jaiotako gizaki bat. Amaren sabeletik, gizaki. Gixaki, aitak zionez. Eta, geroztik, harat joan, hunat etorri, hemen naukazute. Edozertarako prest ezertarako balio ez dudalako.

        —Nik ez diat bizitzarik. Ni orain nauk. Bihar ez nauk izanen. Atzo ez ninun. Eta orain, ibaian dauden izarrak ikusten ari den gizon bat nauzute. Bai, horixe! Izarrak ikusten ari den gizon bat.

        —Ba, nik... oso bizitza luzea diat. Ba nian aita. Joxe... ni bezala. Ama ere bai. Ez diat bere izena gogoratzen. Nik lau urte nituela hil huan. Ez diat gogoratzen bainan bere bularrak bai, oso ondo gogoratzen dizkiat. Ez nizueke esanen zelakoak ziren bainan bai... begien aurrean zeuzkat. Anderegai bat izan nian hamabi urtez. Beste bat hamalauez. Hortik aurrea beste asko izan nizkian. Ez nizkian behinere ukitu bainan nere ametsak zerbaiterako balio ziten.

        Bitartean beste biak astronauten itxura hartu, izarren inguruan harat eta hunat igari.

        —Zerbait izan diat nere bizitzan. Orain arte zuek ere izan zaituztet.

        Orain arte.

 

Hunik arrats artean
Anjel Lertxundi

Kriselu, 1970