Hunik arrats artean
Anjel Lertxundi

Kriselu, 1970

 

 

BIZARDUNEN BIZARRA ETA LORETOKIAK

 

        Arrazoia ote zuen pintore hark? Bai, noski, ezin fiatuko naiz kale hertzean azaltzen zaidan bizardun bakoitzarekin —izena Gorka zuela uste dut— bainan ba dute beraiek ere arrazoi puntta bat. Nik ezin diet nahi duten guztia egiten utzi eta, gainera gozoa jarriko litzake ertzainburua. Bizardunak ez ditu argazkietan ere ikusi nahi. «Bizardunak hobe bizarra beste toki batean edukiko balute» esan ohi du sarritan. Eta ertzainburuak ere ba du bere arrazoi puntta. Eta nik ere bai beste bat ertzainburu eta pintorearen erdian egotean. Egia esan, zer jokabide jarraitu behar nuen gaur gertatutakoarekin? Ixildu?

        Ezin harriska dezaket nere ogibidea. Pintorea salatu? Ezin dezaket bere arrazoia uka.

        Semeari galdetu diot pintorearen berri. Nahiko estuasun ematen dizkit nere seme hunek bere bizar eta nehork ulertu ezin dezaken literaturarekin. Beckett, Lezama Lima, Ionesco eta nik ba al dakit zer gehiago? Semeari pintorearen berri galdetu diot. Erantzun hobeagorik ezin al zezakean eman? «Egun, estruktura etsai bat dugu eta ertilariak dira estrukturen salatzaileak. Zuek ondoreak salatzen dituzute, jokoan parte hartzen duzute. Bainan, haiek, haiek dira oinarrira jo eta zerbait interesgarrira heltzen direnak». Agian, Gorka edo dena dela, fantasma bat dugu. Norbaitek bere autoa galerazitako toki batean ipintzen badu nik multa bat ipintzen diot. Bainan hark ez; hark estrukturak salatzen ditu. Estruktura garajetako garestia ote da? Ezer garbirik ez. Mendiak urruti daude hiritik eta ez da erreza mendira joatea. Ni birretan bakarrik izan naiz. Ezkondu nintzenean, eta orain bi urte izan genduen burrukaldiaren ondoren, emaztearekin adiskidetu nintzenean. Eta horregatikantxe ulertu dut pintorea. Ados gaude pundu hunetan. Bainan kontuz ibili beharko du hurrengoan. Nik ez dut nere ogibidea harriskatzerik nahi. Loretokiak ere ba omen dute bere eginkizuna. «Arren, lorerik ez zapaldu» ote da loretokien eginkizuna? Hauxe esan dit pintoreak. Bainan argi dago hori ez dela loretokien eginkizuna. Estetika? Hitz hori ezagutzen nuen lehen ere, pintoreari entzun baino lehen. Semeari entzunda, noski. Guk ez ditugu hitz marika hauek erabiltzen. Loretokien eginkizuna estetika baldin bada, hobe dute propagandako txarteto bat ipintzea. Pintoreak esaten zuenez, belarra, loretokietako belarra, zapaltzeko hobeto dagoela ikusteko baino. «Nik loretokiei funtzio bat eman nahi diet. Nire semeek ez dute oraindik mendirik ikusi eta eskubide osoa date belarra zapaltzeko. Eta nik ez diet galeraziko. Azkenean gure semeek anken ordez, autoen kurpilak izanen dituzte eta horixe behar genduke!!» Autoen kurpilak! Zaila da pintorearen semeek autoen kurpilak edukitzea. Haien ankak ez ziren ankak, muskirak baizik. Haur haiek, halare, ba zuten zerbait bereizia. Alaiak edo basatiak. Edo nik ez dakit zer.

 

                Belarra zapaltzea: 50 peseta.

                Belarra birretan zapaltzea: 100 peseta.

                Multa une berean ordainduaz gero: %-etik 20-ko deskuentoa.

 

        Garbi dago. Pintoreak ordaindu behar zituenak hirurehun peseta ziren. Bi semeena, berrehun, eta, ehun, berea. Semeei belarra zapaltzen uztea ez dut ulertzen bainan, tira! Ulertu ezin dudana, berak ere zapaltzea. Eta semeekin belarretan jolastea. Noski, pintoreari uzten badiot, danei utzi beharko diet. Eta ez. Ezin dezaket nere ogibidea harriska. Gainera pintoreak ba ditu bere semeentzako jolas-leku aproposak. Parke bat dago loretokitik gertu. «Linda Park» izenez. Ba dago ume bihurriena ere hasetzeko nahiko leku. Baina, ez. Semeen ankak autoen kurpil bihurtuko omen dira. Erantzun ederra! Gizon batek dena egiteko askatasuna dutela iruditzen zaie. Nere semeari bezala. Bainan emazteak eta nik sufritutako dirua gozatzen ari da. Kitarra. Zertarako behar zuen kitarra bat? Erosi eta sei hilebetetara berriro saltzeko? Zelan bururatu zitzaion dituen belarriekin kitarra bat erostea? Zerbait ikasiak direnek dena ikasi nahi dute. Eta dena berentzako egina dela uste. Nere semeak bezalaxe. Bainan gizarteak ba ditu jokorako erreglak. Denok onartu ditugunak. Haiek ez omen dute erregla hauen aukeran parterik hartu. Zelan hartuko zuten jaio baino lehen sortutako legeetan? Eta legeak jarraitu behar ditugu. Zergatik ez, orduan, jokotik hasi eta paretara, txikira eta handira jokatu? Musean ere denok onartutako legeak jarraitu behar ditugu. Bainan jarritako adibideak ez du sentidurik. Musean jokotik hasiko bagina, jokoa dudanean, besteek handia dudala antzemanen luteke. Eta jokoa eta pareak baditut pare onak izateko posibilitatea dudala. Seiak gutxienez. Ez dut gonbarazio onik egin. Beste gonbarazio bat... ea... beste bat... Bai, futbolean. Arbitrorik ez balitz, zer gertatuko litzake? Jokalari guztiak egiazaleak izan behar. Bainan dirua tarteko denean, nere ertzainburuarekin gertatzen ohi dena: Nahi duenaren berria bakarrik eman. Berak konpondu ezin zezakean zerbait gertatzen dela? Ixildu egiten da. Bere nagusiak prima onak ematen omen dizkiote zerbait ondo zuzendutakoan. Eta oker zuzendutakoetan, hileko soldatatik kendu. Ondore txarretara erortzen ari naiz. Oraindik denok errudun gerala aitortu beharko dut. Ez pintorea bakarrik.

        Bainan aurpegia behar da... Ni agintaria naiz eta nik esandako guztia...

        —Jose, noiz itzali behar duzu argi hori? Gogora zaitez bihar zazpiretan jeiki behar dugula.

        Emazte hau beti marmarrean dago. Eta, okerrago oraindik, semearen alde beti. Gaur denbora asko pasatuko ote dut lo hartzen? Atzo bereala hartu nuen... Hotzak hasi dira... bi tapaki jartzen hasi beharko dugu... Emazteari esan behar diot... Ez dut uste egun hauetan lo handirik egiten duenik. Eta gaizki... Ohean gehiegi mugitzen da... Gaur ere, semea estulka... Zenbat erretzen ote du? Estrukturak, estrukturak bakarrik eman diote guk izan ez genduen bizitza izateko aukera... Gure garaietan...

 

Hunik arrats artean
Anjel Lertxundi

Kriselu, 1970