|
Hunik arrats artean
HIL ZENEAN
Neme berriro hasi omen da olerkiak idazten. Bizkarra zearo zuritu ote zaio?
Gizaldiaren erdia atzoko eguzkiaren irteran jaio zitzaionean, edo hil, hutsetik berrogei eta hamarrera jotzen badugu, liburuxka bat Laburdi-ko argitaraldi batean, Axular-en lurraldeetan, azal orlegia, Ikorta-ren marrazkiak, hitzaurrean «hemen nauzute berriro» hitz hutsekin gauza asko esaten hasi zen berriro Neme bere olerki miragarrietan. Bere etxean sartuta, Ustaritz edo Angiozahar-en ez dakit, ordulariak urteak markatzen zituelarik egon da Neme hogei urte munduaren berririk jakin gabe eta mundua berarik gabe. Zuhaitzak izanen zituen sonak, denekin ezkonduta bainan inorekin lotu gabea, eta gaur,
«mahaia igaliz beteta utziaz,
ohea emazte hotzarekin,
gelak bere arnasarekin
eta maitasunarekin herria
joan zen
eta gure hezurren ordez
bereak printzatuko dituzte».
eta bihar,
«zerutik datozten lainoak eta zauriak,
gure herriaren kanpai-hotsak.
amaren sabeleko semeak,
gazteen farrak
etorriko direla gogoratzen digute».
Eta hetzirako,
«eta hori dela bizitza.
Negarra dela bizitza.
Zigorraren mina dela.
Arkakosoen agintea, bizitza.
Odolik gabekoen menpea dela.
Eta hori dela bizitza».
Eta betiko,
«Ba dakit zer den heriotza
eta zer hezurrez betetako hilobia,
arnasarik gabeko ahoa,
txantxetan ari ez den hitza».
Orain direla hogei urte, lana elkarrekin egiten genduenean, teknikoak jaten genituen, apaizak hilobiratzen eta kritikoak ahazten eta Kafka irakurri genduen. Ugarte batean jarri ginen bizitzen biok bakarrik eta ez zen itsas-ontzirik etorri gure maitasuna etetzera. Laranjak jaten genituen eta bilutsik ibili hondartzan eta egunero itsas zabalean elkarrekin murgildu. Paradisoan bezalaxe. Behin tortuga bat ikusi genduen hondartzan, gure ugartera hiltzera etorri zen tortuga bat. Kutxatxo bat egin nion eta Nemek gurutze bat ipini lurperatuta utzi genduen tokian. Eta «hemen jaio da behin betiko hondar hauen arnasa» egur zabal batean idatzita. Ugartetik etxeruntz abiatu ginenean, bere olerkietan murgildu zen eta nitaz ahaztu. Orduko liburu hartan, azalean marrazki beltz bat: Tortuga. Liburuaren izena ere hizki beltzetan: «Hemen jaio da behin betiko nere lokatz hunen arnasa». Gaur arte. Eta gaur, bere olerki batean:
«Mundua hain arestikoa zelarik,
gauza askok ez zuen izenik
eta behatzarekin bereizi behar izaten ziren.
Eskuetan hamar egiak
eta behatzetan luma bat eduki dut
nire gorputza pixkanaka zulatzen joateko,
arestiko mundu hori aurkitzeko».
Ugartean hasi nintzen pintatzen. Eta bere bizkar zurian egiten nituen boligrafoz nere lehendabiziko apunteak. Itsasoak garbituko zituen gero ere bizkarreko apunte haiek. Nemek esaten zidanez «zure apunteak ez dute oraindik, eta ez ditut ikusten, sentitzen baizik, oinarririk aurkitu. Nere bertebraren zuzena pintatzen duzunean bakarrik iritsiko zera oinarrira. Hor, goitik behera, edo, espirituak geranez, behetik gorako zuzen hortan haseko gera». Bainan bere atzoko liburuan ez da zuzen hortara iritsi. Eta Ikortaren marrazkietan oker gehiago daude zuzenak baino. Eta zergatik ez nau deitu? Iritsi naiz pinturaren funtsera eta nere apunteak ezin zuzenagoak dira, behetik gorakoak, margo xinple batean. Eta bere bizkarrean edo itsas zabalaren hildoan daude nere bihotz eta apunteak. Apunte zuzenetan ote dago oinarria? Neme konturatu egin da. Estetika berri batera dijoa. Picasso bezala: begi galduak, alde batean biak, begia da bihotza eta bihotza alpargataz erabili behar litzaken gauza.
Eta gaur, Ustaritz edo Angiozahar-en, zuhaitzak senartzat harturik dago Neme gizaldiaren erdia atzoko eguzkiaren irteran jaio zenean, edo hil zenean, hutsetik berrogei eta hamarrera jotzen badugu. Hil zenean. Bai ezean eta ezin bestean.
Hunik arrats artean |