|
Hunik arrats artean
HILTZEA MUNDUKO GAUZA ERREZENA DUK
«Pandemonium. Lurra daldarrez, dago ikusleen oinpean.
Jacques Audiberti «Théâtre»
Gaur da lehendibiziko aldia hila nabaitzen naizena. Lo dauzkat oinetako behatzak, eta belaunak eta txilborra (amagandik askatu zitzaidan soka lotu egin zait berriro bainan gaur heriotza dut nere soka-kideko) eta begiak.
Beste askotan, oraindik hil ez nintzenean, hila egoten nintzen, sarritan naiz-ta gorputz bizi batean sartuta egon. Eta barrendik hilda egoteak nere gorputz bizia ere nolabait hil egiten zuen. Hiriko kaleetan zehar, autobus, auto, polizi, gizon eta emakumez inguratuta nengoenean ere hilda egoten nintzen. Froga onena autobus, auto, polizi, gizon eta emakumeak nirekiko geldirik hilda zeudela. Hilda nengoen egun haietan emaztea, Remedios eta mundu hunetan gehienbat maite nuen izakia, katua alegia, pixkabat nirekin batera hiltzen ziren.
Gaur goizeko hiruretan hil naiz. Emaztea bostetan jeiki denean, bere ezpainak nereekin batu dira beti bezala. Orain direla urte asko ezpain txiki hoiek laborriz, daldarrik inguratzen zitzaizkidan bainan azken garaietan hotz, oso hotzak iruditzen zitzaizkidan. Dena dela, gaurko nere ezpainak emaztearenak baino hotzagoak ziren eta beldurtu egin da eta karraxika ohetik jeiki eta Remediosi hotsegin. «Nere senarra hil-zorian dago». Ez, ez, emazte tuntuna: Ondo hilda nengoen. Hori ere ukatu egin behar al didazu?
Asteazkena da. Nere jai eguna. Hobe bihar hil banintz, horrela gauko eguna pintaketan jarraituko nuen. Nere jai eguna, tabernariek ezin bai dugu jairik egin. Eta azteazkenetan emazteak trajez, korbataz eta batere gustatu ez zaizkidan oinetako marroiez jazten nau: «tabernera etortzen direnak zer pentsatu behar dute?». Ezin dut asmatu zelan aukeratu nuen emazte tuntun hau.
Tabernera etortzen direnak trajez, korbataz eta oinetako marroiez ikusten banaute beraien kontura aberastu naizela pentsatuko dute. Gainera, eta behinere aitortu ez dudan hau orain aitortzen badut nere hilkutxan oso seguru aurkitzen naizelako da, arrazoin guztia daukate ni beraien kontura aberastu naizela esateko. Bainan nik nahiago ditut alpargatak. Dirua ez zait behinere burura igo. Gaur asteazkena da eta asteazkenetan bezala jantzi naute. Trajez, korbataz bainan oinetako beltzez: «Ez da itxurazkoa marroiez jaztea». Ez hilda nagoelako, tuntuna, min ematen didatelako baizik.
Emaztea eta ni noiz elkartu ote ginen ohean azkeneko aldiz? Bi urte, gutxienez. Bai, bai: Azken garaietan «Play boy»ko argazkiek baino goxamen gutxiago ematen zidan bateko. Besteko, asko gizendu da eta ba dakakizute gizentzeak zer ekarri ohi duen. Lehendabizi haserretu egiten zen bainan azkenean, ezer ez zuela lortuko ulertu zuenean, lehortu egin nintzela esaten zien bere adiskideei. Ni lehortu? Gizarajoa, ez ditu ondo ezagutzen nere ibilaldiak. Azkeneko aldiz gaur astebete Bilboraino joan behar izan nuenean, «Eskozia-ko whiskya erosi nahi dut eta itsas-ontzi bat etorri da; kajatxo batzuk izanen ditudala baieztatu dit Bilboko lagun batek». Orain direla hamar urte ez zidan bakarrik joaten utziko bainan egun bai. «Nere senarra Gernika-ko zuhaitza baino lehorrago dago». Isabelek emanen lioke nere lehorraren berri. Bainan betiere neri Remediosen semea aurpegira botatzen saiatu. «Pax mulieribus malae voluntatis». Aspertuta nengoen beti ni aldatu egin nintzela eta zoratzen hasia nengoela leloarekin hasten bait ziren. Hunen zergaitia baino gauza farregarriagorik... Erotzen hasia pintaketari ekin diotelako. Txikitatik maite izan dudan gauza bat duzute pintura eta egun batez, orain direla zortzi hilebete, margo-tubo, olio, margozki, paleta eta zaldino batez etorri nintzen etxera. Nere emazteak ez zidan diru handirik ematen bainan zertxobat aurreratzea lortu nuenean, margo-dendara joan nintzen eta pintaketarako behar nuen guztia erosi. Arrezkeroztik hamar bat kuadro margotuko nituen. Jakina, asteazkenetan bakarrik pinta nezakean. Esposizio bat antolatuko zidala agindu zidan herriko alkateak. Aker arrania! Neri hilea hartzen ari zela jakinen ez banu bezala. Bainan hamar kuadro margotu ditut eta Zabiaurrek esan zidanez, bi oso onak dira. Ez da nik esaten dudalako bainan Zubiaurre ez da txantxetako gizona pintura hauzietan. Orain dela urtebete Paristik hotsegin zioten euskaldunen esposizio batera eta zilarrezko medaila bat irabazi zuen.
Gehiago margotu ez ba dut, tabernak asko eta asko lotzen minuelako izan da. Eguna leher eginda amaitzen nuen: ankak handituta, burua ler-zorian eta egun guztia nere emaztea jasan beharrez. Tabernatik mozkor bat bidali behar dela, kantari hasten direla, tximaluze hark ez duela banderila ordaindu, gau-zaia etortzen dela eta alditan Guardia Zibilak ere... Inpuestoak, ardoaren garestia, neskame tuntunak, emaztea, Remedios, goiz jaiki, berandu oheratu... Zer izan zen sendagailea mozkor-mozkor eginda «Gora Erregea» lehen, «puten gainean k...» gero eta azkenean, Jainko eta Birjin guztiekin hasi zeneko egun hura... Lagunek, nik sendagailea asko ixtimatzen nuela eta horregatik ez niola gau-zaiari hotsegin. Egun gogorrak izan ziren: ez zen tabernan inor sartzen. Emazteak «nik gripea nuenean zaindu ez ninuen sendagile alu horren gauza behar zuen izan» eta nik «sendagilea bezain gizon onik ez duzu gure herrian aurkituko. Gainera nortzuek ematen diote taberna huni dirua? Nortzuek erantzun». Ezin dut sendagailea begien aurrean ikusi bainan emaztea gutxiago eta urrea ordainduko nuke emazteari arrazoiarik ez ematearren.
Nere askatasuna izanen da gehienbat min emanen didana. Adibidez, taberna Aste Santuan ideki eta Paskotan itxi egiten nuen. Behin ez nuela Isabel ahaztu nahi eta apaizak ez zidan benedikaziorik eman. Hobe. Horixe izan da nik arrezkeroztik egin dudana: Aste Santuan ideki eta Paskotan itxi. Eta elizako santutristeak gehiago ikusi gabe gelditu. Nere emaztea oso elizakoia izan da beti bainan azkenean konformatu egin zen Aste Santuan irabazten genduen dirutza ikustean.
Zorigaitzez, hemen nago hilkutxa beltz hunetan. Zorigaitza, elizara eramanen nautelako. Ez dute hilkutxa oso ondo neurtu: Belaunak kizkurtuta dauzkat. Huntan ere diruzaleak azaldu dira. Zenbat kostako ote zitzaien bost zentimetro luzeagoko hilkutxa bat?... Bainan ez zait axolarik. «Begiak erabat zabalduta dauzka» esan du Remediosek. Eta nere begiak zabalduta jarraituko dute nere inguruan gertatzen dena ikusi eta tarte pixka bat egiteko. Ezkerreko begia itxiko banu, harmarioa, aurreko horma, nere emaztea eta Remediosen erdia ikusito nituzke. Eta eskubikoa itxiaz gero, Remediosen beste erdia emaztearen sasi-lagun bi neska-zahar hoiek, Remediosen semea eta aulkiaren gaineko pizontzi horia. Orain nere egunerokoa jarri didate esku batean eta gurutzea bestean, bi eskuak elkartu eta bular-erdian utzi. Pintatzearekin batera hasi nuen egunerokoa nere pentsakizunak idatzi behar nituela-ta. Onuzkero dena irakurria daukate sorgin hoiek. A ze izualdia emaztearena nere lehorraren berri ezagutzean! Elizatik irtetzen ikusi nuenean, bere zerbaitek zoratu ninun. Bainan gaur ez nioke txakur txiki bat ere eskeiniko. Askotan ikusi izan ditut haren begiak baino politagoak eta haren aztalak ez ziren beste munduko gauzarik bainan ba zuen zerbait ni zoratu ninuna. «Egunon» eta hitzik ez. Beti gertatzen da. «Jakin dut lan bila zabiltzala». Lurrean josi zen bainan hitzik ez. «Tabernan neska bat behar dut». Gezurra zen bainan bi neskatsekin hobeto eramanen nuela taberna eta «zortzi mila peseta hileko». Ahoa zabaldu zuen bainan ez ziren bere ezpainak mugitzen. «Bai, bai, zortzi mila peseta eta astean egun bat jai izanen duzu». Hitzik esan gabe aldegin zuen. Hurrengo egunean, goizeko bederatzietan mantal bat eta maletatxo batez azaldu zen. Ez zitzaidan burutik pasa etorriko zenik ere. Eta emazteak «zertara etorri da sorgin hori». Ikaragarrizko burruka izan genduen biok bainan azkenean, tabernan geldituko zela erabaki gendunean, «Remedios naiz. Astean bi egunetan jai. Osterantzean, ba noa». Beste egoera batean farre eginen nion eta tabernatik ostikoka bidali. Bainan hauzi hartan nere nortasun eta nagusitza jokatzen ziren eta, «Konforme. Has zindezke lanean». Zortzi mila aldiz damutu naiz bainan Remedios sendiko bat bihurtu zen eta ni baino gehiago agintzera iritsi, eta etxea eramanen zuela bainan ez taberna, eta gero, urtean hilebeteko oporraldiak behar zituela, eta, geroaren geroan, hamar mila peseta eskatu zizkidan. Bainan soldataren sobrea eman nion batean «soldata fiantzaren falta da» eta ez zidan soldatarik hartu. Gaur etxeko dirua berak erabiltzen du eta berak agintzen gehiena nere-nerea behar luken bainan ez den etxean. Etxeko k... guztia bere bizkar gainean eror dedila. Nik espero nuen Remedios eta Remedios hunen artean santa eta emagaldu baten arteko aldia dago. Zenbat farre egin ote dit emazteak!
Emazteak semea eduki nahi zuela. Bere arrean eta nere soan, hark, elizak agintzen ziola eta nik, ez zegoela amaren alabarik nigandik semerik izanen zuenik. Zer izan zen Remediosek seme bat izan zuenean! Bainan Jainkoaren zigor guztia neri, seme asto horren aita ni banaiz! Remediosek ez zuen semearen aitaz hitzik esan. Eta isilak baietza zirudin, ni nintzela, alegia. Bainan etxeko jabea izatearren ez ninuen defenditu. Egun batzuk igaro zirenean, egia esan zion emazteari (orain dela gutxi aitortu zidan emazteak hainbat urte igaro ondoren) bainan ezer ez zekienarena egiten zuen eta egoera egokietan, Remediosena bainan nerea ez zen haurraz baliatzen zen neri nahi zuena aurpegira jaurtitzeko. Infernuko suak bularrak lehortu dizkizutelakoan nago uler ezina bait da zuen bularrak hain azkar lehortzea.
Hur benedikatuaz buzti naute erramu-ostro batez. «Ohitura jarraitu behar da». Eta bulak ipini dituzte mahaitxo baten gainean. Nere gorputza bulaz estali dute, duro batzuren ordainez. Apaiz hoiek dirua irabazi behar norbait hiltzen denean ere!
Ba datozti hilkutxaren estalkiarekin. Remediosen semeak eta apaizak jarri didate. Zirrikitu hortatik behinere niretzako hartuko ez nuken haur ergel hori ikusten dut. Emazteak muxu eman dio estalkiaren kristalari. Orain gutxiago ikusten dut emazteak kristalari eman dion laztanak dena lurrundu bait du. Koroi bat eta hau ere kristalaren gainean. Ea irakurtzen dudan zintan zer idatzi duten. Bai... «Bere... emaz... teak... J. I. L.» Ez «maitasunez», ez «minez», ez «gorrotoz». «Bere emazteak» huts hutsik.
Larrosa gorri eta zuriak. Eta ni behin betiko hiltzen naiz zuen lasaitasunerako. Biharko ahaztuko zaituztet. A ze lasaia nabaitzen dudan!
Hunik arrats artean |