|
Hunik arrats artean
HITZEZ HITZ
antzezlariak:
LUM.— Hogei eta hamar urteko mutila.
MILIA.— Hogei eta hamar urteko neska.
LUK.— Polizia.
KILIA.— Poliziaren emaztea, polizia.
Antzez-tokia. Alde batean biribil zahar bat. Bestean, moto zahar bat.
LUM.— (Biribil zaharretik) Milia, atoz! Arratoi bat ikusi dut biribilean!
MILIA.— (Motoaren gainean pizkortasun handian joanen balitz bezala. Ahoarekin motorraren burrunda antzeztuko du) Bruuuu... Bruuuu... Bota ezazu kanpora eta nik bereala zapalduko dut nere motoarekin. Bruuuu... Bruuuu...
LUM.— Atoz, mesedez. Ezin dut biribiletik at jaurti. Zure beharra dut. Gainera... beldurra ematen dit.
MILIA.— Bruuuu... Bruuuu... Zaude ixilik nik motoa gelditu arte. Frenoak oso txarrak dauzka. (Gelditu balitz bezala) Ba noa. (Biribilean sartzen da. Lum-ek besoetan hartu eta muxuka bizian hasiko da). E, e. Ni arratoia hiltzera etorri naiz. (Lum-ek muxuka jarraitzen du) Ongi dago. Ez naiz zure arratoiak hiltzera gehiago etorriko. (Milia ere muxuka hasten da).
(LUK eta KILIA esker-eskubitik azalduko dira. Biak eskuetan makil bat dutelarik. Autora hurbiltzen dira)
LUK.— Ez al zekizuten
KILIA.— muxuak eta besarkadak
LUK.— hiri hunetan
KILIA.— galerazita daudela?
LUM eta MILIA.— (Biak batera) ez genekien.
LUK.— Ez al zekizuten
KILIA.— hori jakitera
LUK.— behartuta zaudetela?
LUM eta MILIA.— (Lehen bezala) ez genekien.
LUK.— Lehendabiziko legea:
KILIA.— behar beharrezkoa da.
LUK. gaur emanen ditugun
KILIA.— lege guztiak
LUK.— jakitea. Bigarren legea:
KILIA.— Debekatuak daude
LUK.— bai alde batetik
KILIA.— bai bestetik
LUK.— muxu eta besarkada guztiak. Hirugarren legea:
KILIA.— Bi lehenengo legeak
LUK.— betetzen ez dituena
KILIA.— behartuta dago
LUK.— emakume bada, gizon polizi batekin
KILIA.— gizon ba da, emakume polizi batekin
LUK eta KILIA.— (Biak batera) egin behar diren gauzak egitera.
(Luk eta Kilia-k hauek denak esaten zituzten bitartean Lum eta Milia negarrez eta zotinka hasiko dira. Bainan negar eta zotinak hobe mimo-itxuran badira.)
LUK.— (Paper batean zerbait idazten du eta Milia-ri ematen dio) Huna hemen nire zuzenbidea. Zai egonen naiz gaueko hamarretan. Etortzen ez bazera zigor hau izanen duzu: Alegia, ez duzula gehiago gizonik ikusiko.
KILIA.— (Paper batean zerbait idazten du eta Lum-i ematen dio). Huna hemen nire zuzenbidea. Zai egonen naiz gaueko hamarretan. Zigor hau izanen duzu etortzen ez bazera: Alegia, ez duzula gehiago emakumerik ikusiko.
LUM.— Arratoiak arrapatzen ari ginen. Bai, arratoiak arrapatzen.
MILIA.— (Lum besotik helduta). Arrazoi du Lum-ek Ni hor bizi naiz (motoa seinalatzen du) Lum hemen. Arratoi bat azaldu zaiola eta horregatik hotsegin nau. Eta arratoiak arrapatzen ari ginela... taup!... bata bestearen gainera erori gera.
LUK.— Nahiko da
KI LIA.— ikusitakoa.
LUK.— Entzundakoa nahikoago.
LUM.— (Milia-ren aztalak ukituaz) Zergatik pentsatzen duzute gaizki? Aztal oso itsusiak dauzka (Gonak jasoko dizkio) Iztarrak ez dira beste munduko gauzarik eta ni oso exijentea naiz hunelako gauzetan. Zerbait atsegin bazait ez dut zerbait horren beharrik.
MILIA.— Berdin gertatzen zait neri ere. Lum niretzat anaia bat bezala da eta gauza jakina: Anaiarekin ez dira...
LUK.— Nahiko da. Gaur gaueko hamarretan.
KILIA.— Bai, horixe. Gaur gaueko hamarretan. (Biak irtetzen dira)
LUM.— Goazen hemendik. Izanen da beste toki bat mundu hunetan horrelako legerik gabea.
MILIA.— Alferrik da. Mundu hunetan zu eta ni bakarrik gera polizi ez geranak.
(Biak negarrez. Mimoan lehen bezala. Zapia eror dedila biak besarkatuta daudenean).
Hunik arrats artean |