Inesaren balada
Hasier Etxeberria

Elkar, 2002

 

 

12. Kantu bat eztarrian

 

      Biharamun goizean, zahar eta gazte, handi eta txiki, har eta eme, Prioreniako biztanle guztiak, bildu gintuen Andere Mariak atari aurrean. Etxeko jaunaren zain ginen denok, Pellot noiz agertuko. Egia esan behar badut, Pellot eta bere gizonak gure etxean agertu ziren egun hartatik, asalduraren menpe bizi nintzen. Gizon haren hurbiltasun hutsa, aski zen ene barneko zaldi eta behor guztiak galopan jartzeko. Nire antzera ziren gainerako guztiak ere. Gutxi edo asko, denek zuten gurtzen eta loriatzen etxeko jauna. Ezagutzen zutenek, haren adiskidantzaren mesedea zeukatelako eta, ni bezala, azken denboraldian Priorenian txertatu ginenok, izan zerbitzari, bisitari edo gonbidatu, haren mesedea eta begi ona nahi genuelako ezagutu.

      Bat banaka hasi zen Pellot denak agurtzen. Bati diosal, besteari besarkada, guztientzat bazuen hitzen bat gorderik. Nigana iritsi zenean, ordea, mutu geratu zen, bi begiak neuri so zorrozki.

      Isiltasuna ikaragarria zen. Jasan ezina.

      — Egunon jauna, Nikolas erizaina nauzu. Hiribarren medikuaren laguntzaile ibilitakoa —ausartu nintzen, egoera aldatze aldera—.

      Ez zuen baina Pellotek deus ihardetsi. Niri beha jarraitzen zuen, zomorro harrigarri bat kausitu bailuen bere parean. Andere Mariak eten zuen, zorionez, isiltasun pisuegia.

      — Hauxe duzu, Etienne, aipatu dizudan mutiko nafarra. Ibaitik atera genuen ia itota baina gero berak atera gaitu geu, behin baino gehiagotan gainera, zorigaitzetik.

      Deus ere ez. Pellotek ez zuen fitsik esaten. Oinak lurrean sartuta zeuzkala zirudien, nire aurrean arbola mardul bat bezain josia. Bereak ez ezik, gainerakoen begiak ere geuri so zeuden, han gertatzen zena ulertu ezinik. Isiltasun hartan, zozo eta birigarroen kantuak eta Bidasoaren uraren zarata egiten zitzaizkigun inoiz baino hurbilagoko. Eguzkia tentetu gabe, goiz zelako anartean, bestenaz, eulien hegada ere entzungo zen han, ororen gainetik. Halako batean esan zuen, ordea, esatekoa.

      — Handik edo hemendik ezagutzen haut lehenagotik. Nonbait ikusia haut gaur baino lehenago, mutikoa.

      Zerua geratu zen niretzat lurrarekin berdindurik. Ez nuen sekula usteko halakorik. Nork pentsatu behar zuen gizon hark, hainbeste denbora iragan eta gero, ezagutu nindezakeenik? Zer egin behar nuen? Nola irtengo nintzen Martin ez besteko mundu guztiari erakutsia nion gezur korapilatu hartatik? Zer usteko zuen Andere Mariak, bat batean, berak uretatik ateratako Nikolas, Inesa izeneko neskatila baizik ez zela jakitean?

      — Ez jauna. Gaur arte ez nauzu sekula ikusi —ihardetsi nion, ahal izan nuen besteko ahots lodia jarriz—.

      — Gezurra diozu. Ez dut nehoiz ahazten aurpegirik. Erradazu, non eta noiz ikusi zaitut gaur baino lehenago mutikoa?

      — Inon ere ez jauna —nik berriro—.

      — Azkar edo berant, jakinen dugu hori. Berriro diotsut ez dudala nehoiz ahazten, ez dudala ahazten ahal, behin ikusitako bisaiarik.

      Andere Maria izan nuen beste behin ere ataka hartan bidelagun.

      — Tira, Etienne. Nahastu egingo zara. Ezinezkoa da zuk Nikolas ezagutzea.

      — Baietz diotsut, emaztea. Mutiko hau ikusia dut lehenagotik eta aurki oroituko naiz non eta nola. Ez dit oraino sekula ihes egin oroitzapen batek ere.

      Hartantxe geratu zen guztia, beste batzuk ere agurtu behar baitzituen Pellotek nire ostetik. Badaezpadan, hala ere, pareta gaineko oilarra baino gehiago izan nintzen, bizpahiru egunetan, sasi arteko txepetx. Gordean eta apal ibili nintzen. Ez nion gizon hari aukerarik eman nahi, Indazubiko Inesaz oroit zedin. Halakorik gertatuko balitz, akabo ene desirak, akabo betiko ene ametsak.

      Nola bihurtuko nintzen, baina, Augereau Jeneralaren eskifaiako? Zer egin, nola bideratu ene desira handi hura? Andere Mariari egin nion berriro eskakizuna. Bere senarrari ontzian onar nindezala eskatzeko erregutu nion apalki. Ezetz eta ezetz, ordea. Gehiegi maite ninduela horrelako bide batean laguntzeko. Hobe nuela lehorrean mediku, itsasoan hankamotz edo begi bakar baino. Uxatzeko halako gauzak ene burutik.

      — Gainera, Nikolas, kortsarioen garai onenak joanak dira jada —erran zidan amultsuki—. Lehen bai bazuten ospea eta zeregina. Gero eta baztertuago dira orain, ordea. Orbainez jositako gorputz eta arima baizik ez zaie jada gelditzen. Parisen eta Londresen, bietan, ari dira aztertzen itsasoko lapurretak debekatuko dituzten legeak. Kortsarioen aroa finitua da.

      Arratsalde batez leihotik begira nengoela, Pellot ikusi nuen ezki arteko bidean behera etxerantz zetorrela. Zaldi gorrista zekarren eta huraxe heltzera irten nintzaion atarira.

      — Egun batean erranen didak egia, ez duk hala, Nikolas? —esan zidan—.

      — Zer jauna?

      — Non eta noiz ezagutu diagun elkar.

      — Jauna, lehengoan eta hementxe bertan ikusi ninduzun estreinakoz. Bestela balitz, esango nizuke.

      — Baduk zerbait, Nikolas, niri ezkutatzekoa —erran zuen, erdi barrezka eta ume arraio batek sortutako kezka konpondu ezinda zebilela jabetuta—. Egunen batean jakingo diat hire sekretua eta orduan hitz eginen diagu, gizon batetik bestera.

      — Nahi duzun bezala, jauna, baina egun hori baino lehen ere mintzatu nahi nuke zurekin.

      — Aitortzen duzu, beraz, sekretu bat duzula barnean gordea?

      — Ez dut nik erran halakorik, jauna.

      — Hire hitzetan halaxe irakurtu uste diat.

      — Bada, ez, jauna, beste kontu bat zen erran nahi nizuna.

      — Zer dea, bada?

      — Hurrengo itsasaldian zurekin nahiko nuke joan Augereau Jeneralean.

      — Bai, emazteak erran zidak horretaz zerbait. Hire desiraren berri bazakiat baina Andere Mariaren ustea duk, hobea haizela Bordelerako, han medikuntza ikasketak egiteko.

      — Ez jauna, ez dut nahi halakorik. Ni itsasorakoa naiz.

      — Andere Mariak esana duk lehorrean beharrezkoa haizela, batez ere Hiribarren medikuak alde egin zuenetik. Gizon handia zen hura guretzat. Badaukak nahikoa zeregin harenak betetzen.

      — Baina jauna, itsasora ezean, alde eginen dut Hendaiatik.

      Erabakita nago itsasorako.

      — Egin nahi duana baina nik agindua zaukaat nire emazteak emana. Inola ere ezin haut onartu nire eskifaian. Gainera, zer dakik ontziko lanetatik egiten?

      — Baina jauna.

      — Orai ixo. Finitu dira kontuak. Hartu zaldia eta eraman ukuilura fite. Lehortu izerdia eta eman oloa erruz, bihar goizean goiz gaituk eta Baionarat bidean.

      — Jauna, erregutu egiten dizut.

      — Hara, Nikolas, nirekin nahi izango bahindut ere, haur soila haiz oraino itsasorako eta lehenik beharko genitizkek lau edo bortz urte iragaiten utzi. Gainera, lotsagabearen tankera hartua diat dagoeneko. Etxeko jaunak isiltzeko agintzen duenean, isilik behar dute bertzeek.

      — Baina jauna.

      — Ixo. Azkenik beste gauza bat. Nire emazteak errana du nehola eta nehoiz ez onartzeko hi nire ontzian. Konprenituko duk ez dudala nireganatu nahi Andere Mariaren betozkoa. Bego, bada, dagoenean. Hi ez haiz etorriko nirekin hurrengo itsasaldian, mila deabruk baietz esanda ere ez, Nikolas. Eta orai, txintik gabe, hoa ukuilura.

      Amorruaren amorruz, osinak nahastu nizkion zaldi gaixoari olo artean. Batzuetan inolako errurik ez daukanak ordaintzen du gizakiaren amorrua eta egun hartan Pelloten zaldi ederrari egokitu zitzaion berak egin gabekoak ordaintzea. Halaxe izaten da hori.

      Ederki baino hobeto ulertzen nuen Pellotek esaten zuena. Ni haren lekuan egonda, hark bezala jokatuko nuen seguruenera. Ehunetik gora edukiko zituen ni baino hobeak berarekin itsasoratzeko. Prestuagoak, zailduagoak, itsasoan mila gertakari bizi izandakoak ageri ziren edonondik etorrita. Euskaldunak gehien gehienak, baina baziren tartean frantsesak eta ihesi etorritako espainiar Errepublikazaleak ere.

      Hala ere, hori ez zen kontua. Inesa Indazubikoak erabakita zeukan bergantin hartan itsasoratzea eta baita mundua hankaz gora jarriko banuen ere, bergantin hartan itsasoratuko nintzen, kosta ahala kosta.

      Pellot Baionara zelarik Prioreniako ate nagusitik sartu zen konponbidea. Ithurrya izeneko medikua zen, urte askoan Pelloten ontzietan ibilitakoa. Mediku tabernazale, mozkor eta eroa baina sendatzeko orduan fina. Esaten zutenez, inor ez zen inguruetan hark bezala itsasgizonengan beldurrik handiena pizten duen gaitzari, pasmoari, aurre egiten zionik. Bera arduratzen zen eskifaiakoen osasunaz, berak sendatzen zituen ebakiak, zauriak, sukarrak eta hezueriak. Ezinbestekoa zuen gizon hura Pellotek bere ibileretan.

      Gizon hura izanen nuen, beraz, ate eta sarbide. Gizon hura niretzako zubi, lehorretik itsasorako bidean.

      Egunen joan-etorrian ez nuen kausitu aukerarik berriro Pellotekin mintzatzeko. Aski lan bazuen Kapitainak ontzian beharrezko izango zituen guztiak atontzen eta prestatzen. Akuilu, Pepin eta Passpartout txikia ere, ez nituen denbora hartan guztian ikusi. Errana zidatenez, Donibanen zuten bizilekua, Agereau Jeneralean bertan. Han egiten zuten lo eta hantxe zuten aterpe. Haiek hiruak ziren egin beharreko gehienez arduratzen zirenak.

      — Zer egin behar dun, Inesa? —galdegin zidan Martinek, Beti Biok hartu eta arraunean genbiltzan arratsalde gozo batean—.

      — Badakik erantzuna, Martin.

      — Nola, ordea? Nola egingo haiz Pelloten eskifaiako?

      — Hori Martin, nahiago diat inori ezer esanda.

      — Niri ere ez?

      — Ez eta hiri ere, Martin bihotzekoa.

      Arratsalde hartatik aurrera hotzago agertu zitzaidan Martin, bion arteko katearen begi bat pitzatu izan balitz bezala. Ohartua zen ez zegoela ezer nire erabakitik aldenduko ninduenik. Ez eta bere nahia ere.

      Orain, zahartzaro honetatik begiratuta, konturatzen naiz emanda etorria zaidala izaera aski gotor hau. Beti izan naizela gaur bertan naizen honen oso antzekoa. Funtsean, eta bizi izan ditudan guztiak ezagutu ditudan arren, beti izan naizela sortze beretik ezpal berekoa. Pertsona batzuek ezin diogula ihes egin berezkoa dugun aldarte eta izaerari. Ezerk eta inork ez gaituela aldarazten. Eta txarrerako eta onerako, nahiago izaten dugula geure baitakoa bizi, besteek erranda bezala baino. Erbia eta untxia, ez direla denboren finieran ere berdinak izango.

      Ez dut, bada, zehatz eta mehatz agertuko zertzuk egin nizkion Ithurrya medikuari. Aski bedi jakitea, mota belarra, kuku-praka, apo belarra eta boskoitza behar diren tamainan nahasten badira, ez dagoela itzulbiderik. Gaurko letra hauek izkiriatu ditudan arte ez du nehork jakin ahal nik orduan egin nuena, gauza batzuk hobeto baitaude isilpean gordeta.

      Tabernetan egiten zuen zurrutada bakoitzarekin, gaiztotu egiten zitzaion gibela eta osasuna osorik Ithurryari. Lehenik hotzikara itzel bat nagusitzen zitzaion sabeletik gorputz osora. Ondoren goragalea eutsi ezinik, hustu egiten zitzaizkion hesteak oro. Azkenik ikusmena lausotzen zitzaion eta zitroin helduegiaren kolorea ezartzen gorputzeko azal guztian.

      Ez, ez nuen hil nahi eta ez nuen hilko. Baina egun haietatik aitzina, Ithurrya ez zen gehiago lehengoa bera izan. Zaharraren zaharrez hil zen handik urte askotara, Ezpeletako bere etxean. Hori bai, sekula gehiago ura ez besteko ezer edan ezinik geratu zen gaixoa, belar haiek pattarretan nahastu nizkionetik. Izan ardo edo bestelako alkohol edari, hiltzeko zorian jartzen zen Ithurrya hogei egunez, ez zelarik gauza izaten bere buruaz gupidatzeko baizik.

      Ankerkeria horretaraino makurrarazi zidan nire itsaso goseak. Eta gaur da eguna, oker jokatu nuela badakidan arren, apurrik ere damutzen ez naizena. Ezinbestea pozoitu nuen Ithurrya eta, behingoagatik, emana zidaten izenari egina nion ohore: Nikolas Pozoin.

      Eta ez. Esaten hasia naizen bezala, ez naiz sekula damutu Ithurryarei egindakoaz. Ekintza harexek aldaraziko baitzuen ene bizitza, neuk erabakitako eran, gainera.

      Damuturik ibiltzea baino askozaz ere hobe du gizakiak, nork bere bizitza mendean hartzea, zaldia bailitzan, eta batzuetan uhalak eztituz eta bestetzuetan tinkatuz, nork bere desira jazartzea. Lortu artean.

      Augereau Jenerala itsasoratzeko prest zegoelarik, bada, arras zabaldua zen Ithurrya ohean zetzala, hil ala biziko borrokan, bere gibelak eta urdailak ematen zioten lanarekin. Ezdeusa zela zutik egoteko ere. Horregatik ez nintzen harritu batere, Passpartout agertu zitzaidanean Donibane Lohitzunera joateko aginduarekin. Pellotek nirekin hitz egin nahi zuen biharamuneko eguzkiak irten baino lehenago.

      Agur esan, nion, beraz, Andere Mariari eta agur esan nion Martin bihotzekoari. Gehien maite dena baztertzeko adina tiratzen du askotan, ezagutzen ez dena ezagutzeko desira eroak. Ederki ikasia daukat nik hori. Ama eta Indazubiko sorlekua lehendabizi, Andere Maria, Priorenia eta Martin bihotzekoa gero. Zer ez ote dut nik harrez gero utzi atzean?

      Aldentze bakoitzean txintxarretan zatitzen zitzaidan harrizko bihotz hau baina banekien alferrik zela, hala ere, nire baitako oldarrari aurka egitea. Amildegiaren ahoa izan dut beti gogoko. Egarri horrexek ekarri nau nire azken egun hauetaraino bizirik. Eta gaur da eguna, oraindik ere gogokoago dudana urrutiko edozein haize bortitz, eguraldi eder eta bare hau baino. Maiteago askozaz ikusten ez dudana, begien bistakoa baino.

      Ez dut ene desira asetzen ikasi oraino. Gorputzak aurki ez dit lagunduko, badakit hori, badakit bere legeetara makurraraziko nauela naturak, baina, hala ere, ene irudimena joango da bazter hauetatik saltoka edo igeri, urrutiko itsasoetaraino.

      Ez, ez naiz ezagutu dudan ezertaz damutzen. Kurritutakoek ez dagidate oroiminik. Ezagutu ez dudanak soilik nau damutzen eta hamaika aldiz bizi ezinak mintzen, jakin dakidan arren, hamaika aldiz bizi izanda ere, ez litzatekeela aseko nire gogoaren lekuan bizi den mamutzar asegaitz hau.

      Biak geratu ziren, bada, malkotan, Andere Maria eta Martin. Neuk ere halaxe egin nuen, malkotan, Donibane Lohitzunerako bide guztia, ipotxa beltzaren zaldi gainean, haren atzean jarrita. Alde batetik neraman ene desira zaharra betetzearen poza baina bestetik ohartzen nintzen gehien maite nindutenak geratu zirela atzean. Akaso ez nituela berriro ikusiko.

      Heltzeko gogor esaten zidan Passpartoutek, heltzeko irmo bere gerriari. Gaua zela eta bazitekeela zaldiak pauso txarren bat ematea kostaldeko bide hartan.

      Ez nuen baina halakorik egin bide guztian. Bi besoez babesturik egin nuen bidaia, Passpartoutengana gehiegi hurbildu gabe. Ez nion nire bi bular hazi berrien albisterik eman nahi ipotxaren bizkarrari. Nikolas nintzen ni orduan. Nikolas Pozoin, zenbaitek ahapeka Nikolas Pozoin ere deitzen zutena. Eta mutilek ez dute izaten neskek adinako bularrik. Nire neskatasunak gal nindezakeen eta ez nion inori emanen horretarako aukerarik. Are gutxiago Pelloten oso hurbilekoa zen ipotxa beltzari.

      Hendaiatik Donibanerako bidaian, atzera gabe, gora begiratzen nion zeruari, izarrarteari. Banekien, berandu baino lehen, han goian hain nabari agertzen ziren haien guztien izenak eta izanak behar nituela ikasi. Haiek bakarrik izanen nituela bide erakusle itsaso zabalean.

      Gauerdia iragana zen Donibaneko kaira iritsi ginenerako. Hantxe zegoen erdian amarraturik Augereau Jenerala. Ontzi bikaina, zinez. Nik inoiz ikusitako ederrena. Txindurriak zituela gainera igota ematen zuen, han antzematen zen argi eta zuzien joan-etorriarekin.

      Potin edo txalupa txiki bat geneukan zain, arraun bakarraz eramaten den horietakoa. Hantxe joan ginen Passpartout eta biok Pelloten aitzinera.

      — Nikolas, ezetz agindu nian baina ez diagu kausitu beste irtenbiderik. Ithurrya medikua ez duk zutik egoteko gauza eta ezin diagu itsasoratu eskifaia zainduko duen medikurik gabe.

      Horko gelan dituk Ithurryaren tresnak eta gauzak. Hireak dituk gaurdanik.

      — Baina jauna, ni ez naiz mediku —erantzun nion—.

      — Bazakiat hori. Erran diat, ordea, ez diagula kausitu beste biderik. Ezin diagu gehiago atzeratu irteerarik eta ez zagok hi baino hoberik beste inon aurkitzeko.

      — Ahal dudana eginen dudala hitz ematen dizut.

      — Ingelesekin talka egindakoan, ahal ez duana ere egin beharko duk geure alde. Hago ordura arte lasai.

      Eta halaxe gertatu nintzen Pelloten ontziko erizain bilakaturik. Egun batetik bestera, ametsa gauzaturik.

      Zalantza oro bazterturik, neure esku zegoen handik aurrerako bizimodua. Itsasoa nahi nuen eta itsasoa edukiko nuen. Pellot nahi nuen, kortsarioak nahi nituen eta denak jarri zitzaizkidan eskura, ez ahaleginik gabe. Neure mende neukan patua edo, behintzat, hala uste nuen nik orduan.

      Gizonak zebiltzan bergantinaren mastetan gora eta behera, orain soka, gero lokarria eta oihalak azkenik. Bergantina mugitzen hasia zen Ziburuko ahorantz, itsasorantz. Bagindoazen.

      Itsasoa bare zegoen, laino-laino, sekula baino gehiago. Hegoaldetik zetorren haize bareak emeki harrotzen zituen belak oro. Gizonak alegera ziren kareletan eskuez eta oihuez agurtzen zituztelarik portuan geratzen ziren guztiak.

      Lehen argi printzetarako, portutik kanpora ginen jada, itsaso zabalaren ahoan. Bare eta ezti.

      Itsaso zabal eta finiezina. Herri urrunak. Jende berria. Portu ezezagunak. Bandera desberdinak. Denak edukiko nituen aukeran. Ametsa geratu zen azkenean gauzaturik. Bizitza berriaren kitzikadura neukan erraietaraino sarturik.

      Une batez pentsatu nuen, ordea, ezagutu berri nituen gizon haietako asko ez zela etxera itzuliko sekula. Bidean galduko zutela bizitza. Agian neu ere geratuko nintzela guda edo olatu txar baten zorigaitzean harrapaturik. Ingelesen edo espainiarren kartzela batean buka zitekeela hasi berria nuen ibilera hura.

      Ezerk ez ninduen, ordea, izutzen. Gaztea izaki, ez nekien geroago ikasiko nituen malura handien berri. Horretarako hazten baita pertsona, horretarako egiten da handi. Andere Mariaren hitzekin esateko, haurtzaroan eta gaztaroan ezagutzen ez diren zoritxarren orbain eta arrastoak, jasotzeko soinean eta ariman.

      Pelloti behatu nion. Tinko zegoen brankako masprezean agindu guztiak Akuiluren eskuetan utzirik. Passpartout lo zerraldo zegoen, ababorreko estalkien gainean etzanda, eta Pepin, pipakada bat ahoan dastatzen. Ni neu paradisuan bezala nengoen, zubiaren alde batera igota. Handik dena ikusten ahal nuen, ontzian gertatzen ziren joan-etorri eta langintzak, izarrartea eta anartean eguzkiak ezabatu ezin zuen ilargiaren ur gaineko distira zuria. Huraxe zen zerua niretzat, inon zerurik bada.

      Min bakarra neraman bihotzaren erdian: maitea atzean laga izanaren damua. Martin, ama eta Andere Maria, hiruak nahasten zitzaizkidan barnean. Baita Priorenia eta Hiribarrenen oroitzapena ere. Guztiak ezberdinak izan arren, denak ziren enetzat maitasun bakar. Haien irudiak nahasten zitzaizkidan zurrunbiloan eta halako ezinegona pizten. Pertsonak, parajeak eta gauzak baino, maitasuna bera utzia neukan atzean. Ene pozaren pozari, zulo beltz eta sakon bat jarri zitzaion alboan. Erraiak erretzen zizkidan handik zetorkidan haize izoztuak.

      Maitasunaren galerak sortu zidan orduan, bat bateko bertseta eztarrian, gerora beste askori ere kantuan entzun izan diodana hemen eta han. Gaur ere entzuten dut sarri eta nonahi, baina inork gutxik daki nire maiteminak sortua dela kantu hori. Inesa Indazubikoaren bihotzak eztarriraino eramandakoa dela abesti hori.

      Ordurako, Baiona parean ginen jada, iparralderantz, ingeles ankerren itsasorantz, kanoiak, pistoletak eta fusilak sutautsez kargaturik, ezpata eta aizto guztien ahoak, lepo britainiar gogorrena golpe bakarrean mozteko bezainbeste zorrozturik.

 

Itsasoa laņo dago

Baionako barraraino

Nik zu zaitut maiteago

Arraintxoak ura baino.

 

Hasier Etxeberria

Hendaian. 2001-11-09

 

Inesaren balada
Hasier Etxeberria

Elkar, 2002