Inesaren balada
Hasier Etxeberria

Elkar, 2002

 

 

11. Iritsi zen eguna

 

      Bai iritsi zen egiazki. Azkenean. Pellot agertu zen Zubernoako Prioreniara. Bere etxera. Ez apalki gainera. Berarekin etorri ziren dozena pare bat gizon eta marinel, zalapartan eta kantuka. Gora Pellot! eta hauxe da gure Kapitain bakarra! oihukatzen zuten gurdien gainetatik. Kapeluak eta pistoleten tiroak airera, turuta zahardun bat ere gehitu zitzaien bidean. Passpartout, Akuilu eta Pepin ezagutu nituen multzo hartan, hiruak Pelloten inguruan baina pausu bat atzerago.

      Egun hartan Hendaia eta Urruņako jende guztia irten zen kalera. Haurrak eta gazteak, errazki bildu ziren festara eta neuk ere asaldaturik neukan barrena ikuskizunarekin. Gora Pellot! Esaten genuen denok, Prioreniara bidean gindoazela, Biba Kapitaina!

      Zarata eta buila guztia, ehunka eztarriren algara eroa, supituan eten zen, ordea, Prioreniako ate aitzinean. Andere Maria agertu zen, bere laguntzako bi damaren erdian atarira. Zurbil zegoen eta haren begietan tristura luze bat baino ezin zen ikusi. Hitzik egin gabe, etxe barnera abiatu zen guztioi bizkar emanez eta haren ondotik joan zen Pellot ere, bere gurditik eta gizonen artetik jaitsita.

      Mundu guztiak kapeluak kendu zituen burutik eta elkarri beha jarri ginen denok zer egin eta zer esan asmatu ezinda. Festaren erreka oldartsua bat batean geratu zuen harrizko presa izan zen guretzat Andere Mariaren aurpegia.

      Pepin sudur handiaren ahotsa gailendu zen isiltasunean eta harexek esandakoei esker jarraitu zuen jaiak.

      — Pellot Kapitainak agindu du, asetzeko hendaiar ororen egarria, baita horretarako hustu behar bada ere, herriko ostatuetako arno guztia!

      Berriro piztu ziren builak eta algarak. Ibilitako bidean atzera egin zuen jende guztiak, herri kaskorantz. Gora Pellot eta Biba Kapitaina!, han ez zen besterik entzuten ahal.

      Hasia zen ordurako ezagutzen, mila ahok eta mihik ehunka aldiz handitu eta biderkaturik, Pellotek nola egin zuen ihes ingelesen atzaparretatik. Nola utzi zituen Plymouth-eko gazteluko almirantea eta agintari ingeles guztiak lotsaturik, harriturik eta umiliaturik. Denek ala denek zekiten han, beste inork baino hobekiago, Pelloten azken ihesaldiaren berri. Izan ere, bizitza geza eta kolorgea daukan orok behar izaten du, urrutiko ametsean fede. Baita amets horiek beste batzuenak badira ere. Kontua, norberarena baino bizitza biziagoak egiazki egon badaudela sinestea da. Mundu honetako pasabidea, ezin litekeela mugatu, gaur bai eta bihar ere bai, gizaki guztiak berdindu eta ikusmena lausotzen digun laino arruntaren menpe bizitze soilera. Inorena izan arren, irudimenezko ihesa behar du pertsonak, beti ere.

      Hala bada, Pellot preso hartu zuten arren, haren ospea ezagutzen zuten ordurako ingelesek. Kapitain euskaldunaren balentriak aski entzutetsuak ziren garai hartako portu guztietan, izan Espainiako, Portugalgo edo Ingalaterrako. Zer esanik ez, Frantzia eta Euskal Herrikoetan. Mila itsasotan ibilitako nabigante azkarra, Frantziaren alde jardundako kortsario gupidagabea, antzezlari bikaina eta dantzari iaioa, ezpatarekin aparta, pistolarekin onena. zertzuk ez ziren zabaltzen Azeri Euskaldunaz.

      Denak ez ziren egia borobilak izanen baina horiexek ziren Pelloten loriak guztien begietarako. Ingelesentzat etsaia zen bai, ez nolanahikoa gainera, baina itsasoko animaliarik ospetsu eta bitxiena ere bazen Pellot garai hartan. Nolabait esateko, etsaiengan ere lilura edo, gutxienik, jakin mina pizten zuen gizona zen Hendaiako Kapitaina. Horregatik deitu zion Plymouth-eko Almiranteak bere aitzinera, gazteluko ziegetan denboraldi luzea zeraman hura Pellot kortsarioa zela jakin bezain azkar eta horregatik kausitu zuen Pellotek ihesbidea, Almirantearen etxetik bertatik Hasting-eko porturaino.

      Handik etxera nola itzuli asmatu ezinik zebilela, kaiaren erdian ainguraturik zegoen bergantin eder bati erreparatu omen zion. Hamabi kanoiduna zen, gerrarako ederki hornitua, beraz, eta itsasoratzeko ziharduten prestatzen. Haren berri galdegin zuen Pellotek eta berehala esan zioten Jersey-ko kapitain gazte eta ausart bat zela ontzi hartako buru. Itsasoratu aurretik ezkon ezteiak egin behar zituela Hasting-eko katedralean bertan eta ondoren Jersey-ra itzuli emaztea bere etxean uztera.

      Azkar atera zituen Pellotek azeri zaharraren kontuak eta berehala pentsatu zuen bihozbera izanen zela egun batetik bestera esposatzekotan zebilen kapitain gazte bat. Haren aurrera agertzea deliberatu zuen, beraz, eta kontu urrikalgarri bat antzeztea, opera handietan ikusitako antzezle onenak baino hobeto jokatuz bere papera.

      Ahal zuen bezala, Altuna izeneko arrantzale euskalduna zela esan zion Pellotek ingelesez Kapitain gazteari. Orioko kaian zeukala langintza, zoritxarreko ekaitz batek bere ontzitik Ingalaterrako itsas bazterrera jaurti zuen egunera arte. Harrez gero nagusi krudel baten morroi zela ere, esan zion Pellotek. Beste inolako ordainik gabe, makilakadak jasotzen zituela egunero bizkarrean eta isilpean saltzen zuen te apur haren diruagatik izango ez balitz, ogirik ere ez leukakeela ahora eramatekorik. Zakurrik zorritsuenak ere bera baino hobea zuela bizimodua eta atarramentua. Zoritxar baten gainean, beste bat pilatzen zitzaiola. Egin ziezaiola Jerseyra berarekin eramateko mesedea eta ez zela damutuko sekula horretaz. Inoiz ezagututako zerbitzaririk zintzoena eta azkarrena izango zela, bidaiak iraun bitarteko janariaren truke soilean.

      Baietz erantzun zion kapitain gazteak eta gau hartan bertan aterpetu zen Pellot bergantinean. Halaxe iragan ziren ezkontza bitarteko egunak, Pellotek irabazten zituelarik ontziko guztien bihotzak: sukaldariaren laguntzaile onena, esku-makilarekin ezpata erakusle iaioa, mastan gorako bidean muxarra bezain azkarra, dantzari dotorea, marinel trebea, zerbitzaririk fidelena, kontalari aparta. Ez zion inork hartzen ahal aurrerik, ezkerreko oinean soka batez zintzilikaturik, oihalak askatu edo lotzeko tenorean.

      Sekula halakorik ezagutu gabekoak ziren. Mila aurpegiko gizon haren izaerak liluraturik zeuzkan ontziko guzti-guztiak, kapitain gaztearengandik hasita.

      — Ondo dakizun bezala —esan zion ezkontzaren bezpera egunean—, bihar naiz esposatzekoa. Eskifaia nirekin etorriko da katedraleko elizkizunetara. Festa handi bat nahi dut eta ez edonolakoa. Egun handia da biharkoa eta denentzat nahi nuke zoriona eta poza.

      — Hala bedi nire kapitaina —erantzun zion Pellotek—. Egun handia behar duzu, zinez, zure esposatze egun hori.

      — Ontzian sei soldadu, zeu eta marinel austriarra geratuko zarete bakarrik. Zortzi gizon, beraz. Barkatu baina norbaitek gelditu behar du bergantinaren zelatan.

      — Ulertzen dut, nire kapitaina.

      — Alabaina, zuek ere festan nahi zaituztet ikusi, goza dezazuela zati bat bederen nire biharko zorionaz.

      — Zer nahi duzu, bada, nik egitea kapitaina?

      — Sukaldaria ere gurekin lehorrean izango denez, zeu arduratuko zara ontzikoentzat oturuntza egiteaz. Ez dadila ezer falta, ez jatekorik eta ez edatekorik.

      — Zaude lasai kapitaina, nire kontu.

      Gau hartan bertan hartu zuen Pellotek erabakia, kosta ahala kosta, biharamuna zen iheserako eguna. Nola, ordea?

      Goizean goizik jaitsi zen Pellot oturuntzarako erosketak egitera. Behar zituenak eta gehiago erosi zituen kapitainaren zorrotik. Tartean Turkiatik ekarritako opio apur bat ere bai.

      Eta iritsi zen bazkariko unea. Soldadu britainiar haien arabera, ez zuten halako oturuntza ederraren akordurik. Entzutea bazuten baina sekula ez zuten pentsatzen ahal, buillabesa deituriko zopa hain gozoa zitekeenik bere legatz, lupi, otarrain eta bestelako arrain zati ederrez horniturik.

      Bazkariaren ondotik, pastiza. Eta pastizaren ostean, pontxe gozoa eta pontxearen ondotik, nola ez, bada, tea. Ingelesen edari derrigorrezkoa. Eta tearekin, azukrea eta azukretan, opioa. Hara, horixe izan zen Pellotek egin zuena.

      Salbuespen txiki batekin. Marinel austriarrari esana zion Pellotek ez harritzeko batere soldaduak mahaipera lotan erortzen ikusten bazituen. Jolas bat zela hura eta har zezala tearentzako azukrea Pelloten ontzitik eta ez soldaduenetik.

      Austriarrak dena sinetsi gaizoak. Soldadu guztiak mahaipean seko lotaratutakoan, pistoleta bat ezarri zion Pellotek garunetan eta orduantxe jabetu zen austriarra han gertatzen zenaz.

      — Austriar kaikua, zer egiten dik hik bezalako batek bergantin ingeles batean?

      — Zer egin behar duzu? —erantzun zion austriarrak—.

      — Ontzi honekin ihes Frantziako itsasertzera.

      — Hori ezinezkoa da. Gizon batek bakarrik ez dezake egin halakorik.

      — Ez al dakik zenbatzen? Ez gaituk bat, hemen bi gaituk esna gaudenak.

      — Ez, ez dizut lagunduko horretan.

      Pellotek gorantz egin zuen tiro orduan eta austriarraren begietara jarri zuen pistoleta berriro, bolboraren kea erabat desagertu baino lehen.

      — Hik nik esandakoa egingo duk, eta fite gainera.

      Hortxe amaitu ziren austriarraren zalantza guztiak. Gizon haren begietan ikusten zen hurkoa hiltzera ohituta zegoenaren argi goibela. Hil ala biziko erabakia irmo hartuta daukanaren zantzua, horixe ikusi zuen Pelloten bi begi zulatzaileetan, soldadu austriarrak.

      Hastingo portua zelatatzen zuten soldaduek, dei egin zuten lehorretik bergantina mugitzen ikusi zuten bezain azkar. Ontziak irteteko beharrezkoa zuen baimena eskatu zuten oihuka. Hura gaberik debekatua zela ontziarekin maniobrak egitea.

      — Zaudete lasai —esan zien Pellotek—. Kapitaina eta eskifaia lehorrean dira egun osoko festan. Ez goaz inora. Bergantina luzeago lotzeko agindu digu kapitainak. Gero ekarriko dizuet baimen agiria.

      Mantso-mantso baina aurrera zihoan bergantina portuko baretasunean. Lehenbizi bela bat eta ondoren bestea, oihal txikienen atzetik etorri ziren handienak. Azkenik oihal nagusia. Bistakoa zen bergantinak ez zeukala inon geratzeko asmorik. Ez luze eta ez motz, ihesi zihoan hura.

      Lehorreko soldaduek maniobra luzatzen ari zela ikusi zutenean, alarma kanoikada bat jaurti zuten lehenbizi eta ondoren beste bat. Bazter guztietan harrotu ziren tiro hotsak. Portuko elizan ere kanpai oro jarri zen dunbalaka eta euren zereginak utzita, portuaren kanpoko aldean ihesi zihoan bergantinari so jarri zitzaizkion begi guztiak. Aduanetako zaintzaileek bost cutter jarri zituzten abiadan baina beranduegi zen ordurako.

      Egun hartako Mendebalaren laguntzaz, ez zegoen Pelloten bergantina harrapatuko zuenik. Gainera, haizearen laguntza gutxi bailitzan, maniobra sinesgaitza eginez, portuko sarreratik harantzagoko hondar lepoaren gainetik iragan zen Pellot zuzen, ondoren zetozkienei lau legoa irabaziz. Ez, ez zegoen inor, ez britainiar eta ez bestelakorik, uhin gaineko tximista hura harrapatuko zuenik.

      Hendaiako ostatuetan, eliza aurreko plazan, Portu Zaharreko kalean, edonon entzun zitezkeen Pelloten balentrien kontakizunak. Batek entzuten bazuen lau, gero kontatzen zuen hamalau. Hazten eta hazten zihoan Pellotek ingelesei egindako azken balentria, euritean urmaela bezala. Halako batean, gainezka egingo zuela ematen zuen baina ez, inori ez zion horrek axola, antza. Ospakizuna eta festa nahi zuen jendeak egun hartan, Pelloten itzuleraz gozatzeaz bestelakorik ez gogoan. Egia esan behar bada, eguneroko bizimodua gauza gutxik aztoratzen zuen garai haietan eta beste ezerk ez Pelloten ibilerek beste. Ez Hendaiako partean, behinik behin.

      Kontua da, ordu batzuen buruan, Pellot Frantziako itsasertzean zela ingelesei ostutako bergantina menpe zuela. Boulogne-ko kaira iritsitakoan, soldadu britainiarrak mahaipean lo ziren anartean, eta aduana frantsesekoek lagundu behar izan zieten Pelloti eta marinel austriarrari, ontzia amarratu eta oihal guztiak biltzen, hura ez baitzen bi gizonek bakarrik egin zezaketen langintza, inondik inora.

      Augereau Jenerala zen Boulogne-ko hiri eta portuko buru egun haietan eta harexen aitzinera agertu zen Pellot. Hantxe ziren denak, Augereau Jenerala eta baita bere aginte gorena osatzen zuten gainerako guztiak ere.

      — Ikusten dut lehorreko soldaduok kide bulartsuak ditugula itsasoan ere —esan zuen Jeneralak—. Ez zaitut ahantziko Pariseko gobernuaren aurrean eginen ditudan aipamenetan. Izanen da saririk ingelesei kendutako bergantina Frantziako Errepublikaren eskutan jarri duen kapitainarentzat. Zaude segur horretaz.

      — Ez dut nahi ez urre eta ez zilarrik, ene Jenerala. Are gutiago dominarik. Beste bat da ene desira —erantzun zion Pellotek—.

      — Zer duzu, bada, Kapitain euskalduna?

      — Bergantina nahi dut niretzat eta oraintxe bertan gainera.

      — Hori ezinezkoa dela badakizu.

      — Bai badakit, baina sukarretan nago ingelesei itsaso zabalean berriz aurre egiteko. Gainera, ohorea egiten badidazu, zeure izena jarriko diogu ontziari. Bergantina nire esku uzten baduzu, Augereau Jeneralaren izen hutsaz dardaratuko dira ingelesak hemendik aitzina.

      Amarruan harrapaturik, hainbeste jenderen aitzinean ezetzik ezin ihardetsita, Pelloten eskuetan utzi zuen Jeneralak bergantina. Ondo hornitzeko agindu zuen gainera, lehenbailehen irten behar baitzuen Augereau Jenerala bergantinak itsaso zabaletara.

      — Barkatu Jenerala, baina ez dugu horniduren beharrik. Ongi horniturik zeukaten ingelesek ontzia Hasting-eko kaian. Beste gauza bat da, zugandik behar dudana.

      — Zer da, bada?

      — Zabal ezazu lau haizetara, gizonak behar dituela Pellot Kapitainak, Augereau Jenerala bergantineko eskifaia osatu eta ingelesen aurka abiatzeko.

      Ez zen izan, ordea, halakoren beharrik. Ordurako prest zen gizon olde bat Pelloten agindupean itsasoratzeko. Halako balentriak egindako Kapitainaren oihartzunak, ehunka hurbilarazi zituen marinelak eta Pellotek behar beste gizon hautatu baizik ez zuen egin beharrik izan, onenak ziruditenen artetik.

      Augereau Jeneralak haize oihal guztiak tinkatu zituen Boulogneko portutik irtetean. Jende multzo andana bildua zen ontziari agur esatera. Gora Pellot eta Vive la France! Ziren haien guztien eztarrietan gehientsu entzuten zirenak. Baina beste bat zen Pelloten asmoa: etxera nahi zuen lehenbailehen, Donibane Lohitzuneko porturako gogoa zuen, beste ezer baino gehiago, bihotzean sartuta. Eta handik, Hendaiara fite, Andere Mariarengana, Prioreniara eta zain zeuzkan lagun guztien artera.

      Mantxako itsas nahasian egiaztatu ahal izan zuen berriro, ingelesei ostutako bergantina ez zela nolanahikoa. Eskifaia behar bezala osatuta, dantza egiten zuen arinki ontziak uhinen gainean. Bizkorra zen, Pellotek sekula ezagututako beste edozein ontzi baino gehiago. Erosoa zen maniobrarako eta gizonek ziztu bizian jaitsi eta goratzen zituzten oihal guztiak. Sendoa ere bazen, aldi berean, bergantin paregabea.

      Arratsaldean, Mantxako itsasoaren ahora iristen ari zirela, brankan geratu zen pentsakor Pellot. Aurrean itsaso zabala zeukan, hogei bider baino gehiagotan ibilia zuen Indietarainoko bide luzea. Ez zuen ez berriro bide hura eginen. Nahiago zuen ontzi ingelesak eta espainiarrak, ezagutzen zuen itsaso hartan bertan harrapatzen saiatu. Aurrerantzean ez zion inongo ontzik ihes eginen. Augereau Jenerala zen azkarrena eta bera Kapitainik ausartena.

      Gogoeta horietan ziharduela, puntu txiki bat ikusi zuen ostertzean agertzen. Gero eta handitzenago zen puntu txiki bat. Bai, ontzi bat zen. Britainiarra, seguruenera. Berehala eman zuen agindua,

      — Altxa oihal guztiak eta adi gizonak! Iritsi zaigu ordua.

      Hurbildu ahala, ontzi handi bat zela ikusi zuten. Seiehun tona baino gehiagokoa. Kareletan hogei kanoi, guztiak aho zabalik. Gauza harrigarri bat hala ere: ontzi erraldoi hark ez zekarren banderarik mastaren muturrean. Ez zion horrek axola handirik Pelloti. Ingelesa behar zuen izan derrigorrez, Ingalaterrara bidean baitzihoan zuzen-zuzenean.

      Margo beltzaren ontzian sartu zituen Pellotek bi eskuak eta ondoren aurpegia zikindu zuen. Haren begiek suzko bi txingar ziruditen, beltzunearen erdian. Berdina egin zuten eskifaiako gizon guztiek. Kapitaina zuten eredu eta gidari bakar.

      — Tximinoak gara, edo hobeto, deabruak! Infernutik bertatik irtendako deabru ikaragarriak. Ez ahantzi hori eta moztu zintzurra edo zulatu bihotza, aurre egiten digun edonori! —egin zuen oihu, eskifaia oldartu eta gudarako gertu zedin.

      Masprezaren gainean zutik, harriturik zegoen, ordea, Pellot, ez baitzuen ontzitzarrak defendatzeko imintziorik ere egiten. Tiro bakar bat ere ez kanoi ugarietatik. Inoren arrastorik ez karelaren gainetik. Gertaera harrigarriak, lasaitu baino gehiago, larritu egiten zituen guztiak, ez baitzegoen jakiterik han zer gertatuko zen eta nola. Erabakia hartua zegoen, ordea, eta ez zen Pellot atzera egiten duen horietakoa.

      Abiadarik batere galtzeke aurrera egin zuen bergantinak, oihal guztiak lehertzeko zorian puztuta. Abordaia aurki zen. Kakoak, atxamartak, sokak eta armak eskutan zituzten ikatzetatik irten berriak ziruditen gizon haiek guztiek. Denak Hendaiako Kapitainari so.

      Augereau Jeneralak talka egin zuen ontzitzarraren kontra. Kirrinka eta marru egin zuten bi ontzietako saihetsek. Ez zuen haatik oinarririk galdu Pellotek zangoek eta bera izan zen, urtxintxa bezala, ontzi batetik bestera lehen saltoa egin zuena. Ondoren jarraiki zitzaizkion beste guztiak. Bat eta bakarra balira bezala geratu ziren lotuta bi ontziak, kakoz eta atxamartaz, hil ala biziko patua noren alde etzango zen aurrez jakin ezinda.

      Ezer ere ez. Inolako borrokarik ez. Ikuskizuna harrigarria zen: ontzi-bizkarrean hirurehun gizon belauniko jarririk, besoak airera, erregu bakarra ahotan,

      — Ez gaitzazue hil.

      Pellotek ontzi hartako kapitainaz egin zuen galde eta ertz batetik ikusi zuen agertzen gizon gorri, lodi eta burusoildu bat. Huraxe zen hango nagusi, itxura guztien arabera. Hatz muturretatik zintzilik zekarren, ahoz behera, pistoleta dotore bat.

      — Zer gertatzen da hemen, zer da hau? Erantzun azkar —agindu zuen Pellotek—.

      — Batere armarik gabeko ontzi britainiarra duzu hau. Hor karelean ageri diren hogei kanoi horiek ez dira egiazkoak, amarruzkoak baino. Gizon hauek guztiak presoak dira, Botany-Bay aldera eraman behar ditudanak. Horixe neukan agindua.

      — Ez dituzu, bada, hara eramango. Donibane Lohitzuneko portura joango gara, zu, zeure gizonak, ontzia eta preso guztiak.

      Esan bezain pronto, damutu egin zen Pellot esandakoaz. Zertarako behar zituzten hirurehun preso britainiar haiek Donibanen? Inon ez zen hainbesterentzako presondegirik eta aho asko ziren, arroz huts eta babarrunez betetzeko ere. Presoek eurek erakutsi zioten ataka haren irtenbidea zein zen.

      — Eraman gaitzazu Portugalera. Utz gaitzazu Lisboa parean edo Tajo ibaian, eta betiko izango gaituzu zordun.

      Hemendik Lisboara, haizea lagun, hiruzpalau eguneko bidea dago, pentsatu zuen Pellotek. Zer galdurik ez zeukala hara joanda. Eta halaxe abiatu ziren bi ontziak elkarren ondoan, Lisboarantz, biak bat eta bakarra balira bezala.

      — Beste ezer baino lehen, ekar itzazue xaboiak eta urak. Tximino aurpegi hauek garbitu behar ditugu eta lehenbailehen.

      Ontzitzarraren kapitaina eta bere soldadu talde murritzak ezik, gogo onez egin zuten beste guztiek Lisboarako bidaia. Presoek bazekiten, Lisboa zela hauta zezaketen aukerarik seguruena eta inoiz libre izatekotan, hantxe hasiko zela euren ihesbidea. Pelloten eskifaiakoek ere ez zioten egin muzinik proposamenari, bai baitzekiten ontzitzar ingelesa, kapitain koldarra eta hirurehun preso haiek saldurik, urrea izanen zutela ordainetan. Ugari gainera. Portugalek begi onez jasoko zuen ontzi ingelesa, britainiarrekin trukean egiteko, besterik ez bazen ere.

      Eta halaxe itzuli zen Pellot Donibane Lohitzunera, Boulogne-tik irten eta hamar egun beranduago, Augereau Jenerala izena zeraman hamabi kanoiko bergantin azkarraren jabe zela, eta poltsikoak gainezka, portugaldarrei ateratako mozkinekin.

      Guztiak ez ziren izango egiak, lehenago ere erran dudan bezala, handitu eta hazi egiten baitziren aho batetik bestera kontu haiek guztiak hendaiarren artean. Baina entzun nituen bezalaxe jarri ditut nik hemen idatzita, neure aldetik gauzak eta gertaerak batere aldatu gabe.

      Festaren erdian, denok erotzen gintuen poz eta bat bateko sukar ikaragarri hartan, bi lagun ginen tristerik eta goibeldurik, gainerakoen tamaina hartu ezinik. Bata Martin zen eta bestea ni.

      Martinek nire itsasoratzeko eguna ikusten zuen hurbilagotzen eta horrek tristatzen zuela aitortu zidan. Behingoagatik nahiago zukeela Pellot itzuli izan ez balitz. Donibane Lohitzuneko portura joan eta gustura hondoratuko zuela ingelesen bergantina, gau hartan bertan.

      Ni, ostera, kitzikatua nengoen adina nengoen kezkaturik, bai bainekien inoiz baino zailagoa izanen zela Pelloten eskifaian onartua izatea, ez zela han marinel trebeen faltarik izanen. Bi Euskal Herrietako portuetatik etorriko zirela gizon zailduak, marinel iaio askoak, mila gudatan gogortutakoak, Pelloten meneko izateko desirak bultzatuta. Bai, banekien ni bezalako neskatila xume batentzat ez zela izanen lekurik Augereau Jeneralaren baitan.

      Baina hori ikusteko zegoen anartean, ez bainituen alferrik atzean laga ene ama eta sorlekua bera. Ez nuen alferrik egin Hendaiarainoko bide garratza. Herioa bera neukan atzean utzia, aurrez aurreko borrokan irabazia. Bazen zerbait, hori guztia.

      Garai hartan nintzen Nikolas haren azpian, Inesa Indazubikoa zegoen gorderik, eta mendian jaio garenok, ondo baino hobeto dakigu aldapa eta malkar zailenak ere igo daitezkeela. Bai behintzat, gailurrerako bide ona zein den erabaki eta pausoa behar bezala egokitzen asmatzen bada.

      Asmatuko ote nuen baina? Horixe zen pozezko zurrunbilo haren erdian, nik buruan jira eta bueltaka nerabilen kontua.

 

Inesaren balada
Hasier Etxeberria

Elkar, 2002