Inesaren balada
4. Gatzaren usaina
Endarlatsatik aurrera, ibaiaren norabidean behera egiten zuen zalbide bakarra hautatu nuen jarraitzeko eta bertan apur bat ibili ahala ohartu nintzen, ibaia gero eta zabaltzenago zen bezala, jendea ere ugariago zela bazterretan. Zalgurdiek, oinezkoek eta ezker-eskuineko mendi eta muinoetako arboladien artetik jaisten ziren bidaiariek, inurritegi bihurtzen zuten ordura artean basamortu bakarti eta soila iruditu zitzaidan parajea. Itsasoranzko bideak inbutua ematen zuen, mota guztietako pertsona, animalia, gauza eta gailuak biltzen zituen bilgunea eta, aldi berean, lepo estua. Bidean aurrera egin ahala, hizkuntza guztietan mintzatzen zen jendea entzuteko aukera eduki nuen. Frantsesa eta euskara ziren nagusi baina baita espainola eta erromintxela ere. Guztiak egiten zitzaizkidan ezagun belarrietara eta guztiak arrotz aldi berean, euskaraz mintzo zirenak ere ez baitziren gure Indazubi ingurukoak. Ekialderagotik, Hegoalderagotik edo Mendebalderagotik ziren etorriak eta ni orduan ez nengoen aski ohitua etxean jasotakoaz besteko mintzabideetara. Ustekabean jende-uholde batean sartua aurkitu nuen neure burua. Ilara luzeetan, non hasi eta non bukatzen zen argi ikusten ez zen jendetzaren zati nintzela ikusi nuen eta bi egunetako nire goseak azkar baino lehen konpondu beharreko premia handia zeukala esaten bazidan ere, hutsa zen nire ezbeharra inguruan biltzen ziren beste asko eta askorenaren ondoan. Betondoetan, aurpegiaren zurbilean eta isilpeka egiten zituzten eztul minberetan sumatzen zitzaion askori, goseak ez-ezik, gaixorik ere bazetorrela, batek jakin nongo irtenbidearen itxaropenetan. Erromes gaixotuek osatzen zuten prozesio finigaitza ematen zuen, eta guztien artetik urrikalgarrietan urrikalgarri, besoetan haurrak negarrez zeramatzaten emazteak egin zitzaizkidan. Malkorik ere ez zuten sortzen jada begietan ama haiek, haurrei jateko ezer eman ezinik, bularrak lehor edukitzera ohituak. Ezker-eskuin, soldaduak zeuden zelatan jendea agindutako erretenean eusten. Han-hemenka, kea eta sua ikusten ahal zen haien eskuak eta janak berotzeko. Zaldiak irrintzika eta txakur txikiren bat ere bai zaunka, noizean behin. Gurdi bat ere ikusi nuen pasatzen, hilotzez beteta, bata bestearen gainean, zaku zaharren antzera jarrita. Inon infernurik bada, hantxe zegoen nire begien aurrean eta neu ere bertan nengoen harrapatuta, usoa sarean bezala. Hasieran makurtu eta jende eria laguntzen hasi nintzen nola-hala. Denetarik zegoen han errukarririk. Zaurituak eta oinak leherturik zeuzkatenak ziren ugarienak. Gerraren batetik ihesi zetozela ematen zuen. Baina ez ziren bakarrak: kukurruku eztula ez zeukanak, bide luzearen nekea, hotza eta akitua zeukan gorputzaren erdira sartuta. Legendunak ere ikusi nituen, bidetik aparte, mundu guztiaren pasalekutik urrun eta uzkur, zakur gaixoen antzera baztertuta. Eskua zabaltzen zuten limosna eske baina inork ez zeukan errukiari jaten emateko deusik jendetza haren artean: nork bere zorigaitzarekin aski zeukan izugarrikeria dohakabean. Itsasoa ez zen egongo handik urrun baina ez zen anartean bistaratzen. Ordura arte pentsatua nuen itsasoa askatasun leku izanen zela niretzat. Itsaso zabalak eta bere muga finiezinek munduko zorigaitz oro deuseztatuko zutela handitasunaren gatzetan. Horren lekuan, ostera, itsasorako bide hartan ikasi nuen ez dela eduki behar esperantzarik norberaren mugetatik harantzago. Heriotza eta bizitza, gaua eta eguna bezala, biak borrokatzen direla norberaren baitan egunero. Txindurri bat nintzen uholde hartan. Txindurri pentsakor bat. Egoeraren gordina ezin nuen nik aldatu eta, azkenerako etsita, beherantz eta lurrerantz begira jarri begiak eta inguruko zorigaitzari ez erreparatzea erabaki nuen. Noizik eta behinka, gizonen artean pizten zen kalapitaren zaratak edo soldaduen zaldi gaineko ibilerek ateratzen ninduten nire baitatik baina, gainerakoan, neu ere patu zantar batek harrapatuta nengoela ikusteak, halako tristura negargarri baten menpe jarri ninduen. Pellot Kapitainarenganako mirak eragiten zidan aurrera eta, zergatik ez esan, gorrotoak ere bai. Gorrotoak, bai. Ezin nuen ulertu inola ere Patraņa liutenantak egin zizkidanentzat arrazoirik. Zein zio eduki zezakeen ni bezalako umea batere arrazoirik gabe, jolaste hutsez, era hartan hartzen zuen gizakiak? Zein erokeria anker eta argigaitz bizi zitekeen haren bihotzean? — Urde alua, sugerik gaiztoena, mamorrorik ilunena. Haize txar batek eramaten ahal hau hegaka infernura —esan nuen, eta lehenago eginiko hitzarmena berritu nuen neurekiko: aukera ikusitakoan, bere barrenki guztiak eta bakoitza jarriko nizkion eguzkitara. Gibela, hesteak, giltzurrunak eta bihotza, piztia eta zomorroen bazkatan. Etorriko zen mendekuaren eguna, bai horixe. Egun hartan ikasi nuen nik mugak egiazki zer izaten diren. Bai gizakiak sortzez bere baitan edukitzen dituen muga berezkoak, eta baita herrien arteko hesi zantarrak zeintzuk izaten diren ere. Ikasi nuen handitzea, ume izateari laga eta pertsona izaten hastea dela, hain zuzen ere, barne-muga oro apurtzera behartzen duena. Etxetik jasotako oskola pitzatu beharra egoten dela aurrera egiteko adina adore nonbaitetik ateratzeko. Norberaren bakartasuna eta bakardadearen balioaz ohartuz soilik jasan litekeela familia eta etxekoak atzean laga izanaren mina eta dolorea. Herrien artean ezarritako mugak zeintzuk diren ere egun hartan hasi nintzen ezagutzen. Esan bezala, asko ikasi nuen, zinez, Bidasoaren ertzean, Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoaren arteko bidegurutze eta guruzpide hartan, gaur egungo Espainia eta Frantziako Erreinuak banatzen dituen Pausuko muga-inguruan. Gezurra badirudi ere, egoera negargarriaren erdian, laket zitzaidan nire barneko muga haiek bat-banaka birrintzen joatea eta gertaera horretaz konturatzea. Iruditzen zitzaidan, ahalmen eta gaitasun berriak neureganatzen nituela haietako barne-hesietako bat apurtzen nuen bakoitzero. Onerako eta txarrerako, handitzen eta hazten ari nintzela erakusten zidan horrek. Azkar gainera. Eta horixe nahi nuen nik: lehenbailehen hazi eta handitu. Jende galdu hura guztia ikusi arte, emazte, haur eta gizon eri haiek nire alboan eduki arte, ez nuen sekula sentitu benetako tristurarik. Ordura arteko nire haur-goibeltasunak, hutsalak ziren. Erabateko txikikeriak iruditzen zitzaizkidan, nire barnean ezagutzen niharduen neurri berri eta ikaragarri haien aldean. Hurkoari lagundu ezinak ematen duen tristezia berria zen niretzat. Guztiz samina izan arren, ordea, berri izate horrek esaten zidan atsekabean behar nuela hartu atsegin. Nire patua eta etorkizuna benetan bizitzen hasia nintzela une harexetatik. Gauza bertsua erran dezaket gorrotoari buruz. Patraņa Liutenanta eta ankerki erabili ninduten soldadu haienganako gorrotoa ere berria zen niretzat. Ordura arte nire ahizparen bati, edo aitari berari, eduki izan nion gorroto apurren bat, baina etorri bezala egiten zuen alde sentipen hark eta azkar baino lehen geratzen zen ahaztuta eguneroko gertaeretan katramilatuta. Egun hartan nabaritutako gorrotoa, ordea, beste ezpal batekoa zen. Egiazkoa zen. Itsatsita neukan bihotzaren barneko geruza guztietan. Eta gorrotoa goratzen ibiltzea ondo ez dagoela badakidan arren, esan dezadan, indarra ekarri zidala. Indar eta kemen ikaragarria, bidean aurkituko nituen oro gainditu eta egindako guztiak soldadu haiei eta, batez ere, bibote oker eta pitzatua zeukan liutenanta hari, mila aldiz biderkatuta itzultzeko asmoan gotortzeko. Bai, laket nuen nire barnean sumatu ere egiten ez nituen muga estreinako haiek guztiak antzematea eta gainditzea. Sentipen berriak bizitzen hasia nintzen, beren sasi, osin, ozpin eta guzti. Indazubitik alde egin izana ez zela pauso aldrebesa izan erakusten zidaten. Pauso bakoitzarekin nintzela handiagotzen. Hazten. Beste motako mugak, ostera, ez nituen batere gogoko. Soldaduek ixten zituzten bide eta pasaleku haiek gogaikarri egin zitzaizkidan lehenengo begiratutik. Gerlarietako batzuk hesiaren edo zubiaren alde batean eta beste hainbeste, edo gehiago, beste aldean. Goitik behera armaturik guztiak. Elkar hainbeste gorrotatzen bazuten, nola ez ziren, bada, hantxe bertan hasten elkarri tiroka eta zintzurra ebakitzen? Ni mendi bazter batean jaioa naiz eta ez nuen ulertzen zergatik eta nola, pertsonak ez zeukan alde batetik bestera ibiltzeko libertaterik. Hegazti eta abereei zilegi zitzaiena, debekatu egiten zitzaigun gizakioi Bidasoaren ertzetan. Libro izateko jaioak ez ginen, bada? Bizitzak aurrera egin ahala eta gerora bakarrik ikasi ahal izan dut halako eta antzeko galdera funtsezkoak, haur garaian bakarrik egiten dituela pertsonak. Handitu ahala ohitu egiten garela bizitzaren arau ganoragabekoetara, eta makurtu, sahatsa edo zumea haizetan bezala. Umetan bakarrik izaten dela egiazki aske eta jakintsu gizakumea. Behin handitutakoan, alferrik dela arrazoiari leku egiten saiatzea. Haur garaian soilik izaten da garbia pertsona. Muga inguruetako beltzune hartan ez atzera eta ez aurrera egin ezinda geratu nintzen, beraz, egoera lazgarri eta saminak harrapatuta. Beste bat baizik ez nintzen, ehunka, milaka lagunen artean. Ibaiaren beste aldera pasatu nahi nuen nik, inguruko beste guztiek bezala. Ihes egin nahi nuen hainbeste miseria alboan edukitzeak sortzen zidan itolarritik. — Ibaiaren beste aldea Frantzia da eta frantsesak gerran daude gurekin. Ezin da beste aldera igaro —esan zigun espainolez zaldi gainetik soldaduetako batek— eta horretan saiatzen denari, bi tiro sartuko dizkiot neronek gibelean. Era hartan hitz egin zigun gizon harexen zaldiak eduki zuen geroxeago gertatutakoaren errua. Izutu egin zen aberea hainbeste jenderen oihuaz eta bere aztoramenean lurrera irauli zuen zalduna. Ondoren apatxak airera bota zituen indarrez abereak eta hurbilean ziren lauzpabost pertsonari apurtu zizkien burua eta saihetsak. Gero, arrapalada oldartsuan, bularrarekin jo ninduen bortizki neu ere eta alde bateko maldan behera jaurti ninduen, zaku betea banintz bezala, zilipurdika, ibairantz. Uraren hotza nabaritu nuen supituan gorputz guztian. Bat-bateko hotzak elbarritu egin ninduen ustekabean: apur bat banekien igeri egiten baina ez beso eta ez zangoek ez zidaten erantzun nahi izan hainbeste behar izan nituen unean. Bizirik irauteko ahaleginaren erditik ematen nizkien aginduak ez zitzaizkien heltzen, antza. Hotzaren eraginez eten egin zen zerbait nire barneko hari eta giharren artean eta laguntzeko baino gehiago ematen zuten ni hondoratzeko zeudela jarrita zango-besoak gorputzeko lau ertzetan. Bizirik irauten lagundu ordez, itotzen laguntzen zidaten, uraren azpira tiratuz. Arraunak barik, berunezko aingurak ziren, ni Bidasoan hondoratzeko benetako ahaleginean jarrita. Gorputz guztiak egiten zidan tira hondorantz. Arropak ere galgarri gertatu zitzaizkidan euren pisuaz. Heriotzaren eskutan abandonatu ninduten nire gorputzaren atal eta tresna guztiek. Begiek, belarriek eta adimenak bakarrik jarraitu zuten euren lana egiten. Elbarri nengoen gainerakoan. Begiek jende andana ikusi zuten neuri begira maldaren gorenetik eta espantu keinuak egiten besoekin. Oroitzen naiz kolore guztietako atorrak eta arropa motak egin zitzaizkidala deigarri eta emakume batek begiak ezkutatzeko erabiltzen zuen zapi baten horia gailendu zela kolore guztien artetik. Txikiagotzen joan ziren irudi haiek poliki-poliki, lurrun arraro batean erabat deuseztatu ziren arte. Nire belarriek ere zarata handia entzun zuten hizkuntza guztietan. Itotzen ari nintzela esaten zuten garrasika, zerbait egin behar zela azkar baino lehen. Emazteek zerbait egiteko eskatzen zieten soldaduei eta inguruko gizonezkoei, ito egingo nintzela bestela. Euskaraz, erromintxelaz, frantsesez eta espainolez, hizkuntza guztietan esan zuten ito egingo nintzela. Haur bat uretan itotzen zegoela eta egiteko zerbait, berandu baino lehen. Nahasmendu hartan, gero eta apalago entzun nuen zurrunbiloa baizik ez zen izan hura guztia. Horixe izan zen egiazki entzundako azkena, bai, itota nengoela erremediorik gabe, Bidasoaren ur hotz-hotzetan. Adimena ere bat etorri zen horretan: hilda nengoen, erabat itota. Bidasoaren ur lohiez beteta birikak eta arnasbide guzti-guztiak. Huraxe izango zen Inesa txikiaren azken hatsa. Alferrik Indazubitik haraino eginiko bidea. Egun hartakoa izan zen estreinakoz Heriori hortz zikinak ikusi nizkion aldia eta dakidalako esan dezaket ez dela hainbesterako kontua hiltzearena. Ez zaiola eduki behar beldurrik arnasa galtzeari. Azken finean, begiak itxi eta lo geratzearen oso antzekoa baizik ez baita izaten hiltzea. Azken tenoreko hil ala biziko denbora motzean gainera, tartea ematen du ezagututako orori agur esateko. Hauze azkar batek hegaka balekartza bezala biziberritzen dira ezagututako une eta gertakari guztiak, garrantzizkoak eta txikiak, eta bizitza uztearen atsekabea baino gehiago sentitzen da, behingoz dena atzean laga eta atsedentzeko gogoa. Ez, ez da hain aldrebesa heriotza. Dakidalako diot. Une hartako nire damu bakarra Pellot Kapitaina hurbiletik berriro ikusi gabe hil beharra izan zen. Pausuko ur haietara eraman ninduen indarra izan zen bera. Iman bortitza izan zen Kapitaina niretzat eta hura berriz ere ikustera iritsi gabe, guztia hantxe amaitu beharrak atsekabetzen ninduen beste ezerk baino gehiago. Esan bezala, ordea, sentipen hori ere ez zen hainbesterakoa izan. Heriok dena goxatzen baitaki, eta dena berdintzen, elurrak mendia bezala. Azken hatseko logura gozoan lehenbailehen murgiltzea baizik ez du nahi izaten pertsonak, hilzoria iristen denean. Eta hala, neuk ere uko egin nion bizitzeari eta atseden hartu nuen, Herioren altzoan. Itota.
Inesaren balada |