Inesaren balada
Hasier Etxeberria

Elkar, 2002

 

 

1. Naizena baino ez

 

      Inesa Indazubikoa, horixe naiz ni izatez. Gure etxe atariko lizar lodienak baino urte gehiago ditut gainean baina, hala ere, oroimena eta zentzuak oro, goizeroko lehen argiarekin esnarazten ditut beti. Mahaspasa zimelena bezain zimurra nago, bai. Nire gorputz eta aurpegiko azalak itsas mapa edo karta zaharkitua dirudi, mila eskuk erabili eta mila haizek astindutako oihal mehetua baizik ez da jada, edozein unetan kraskatu eta hauts bihur litekeela dirudi. Baina argi dauzkat oraindik ere adimena eta erne gorputzaren ahalmen guztiak. Berarentzat nahi lituzke ni baino arras gazteago denak ere, zerbait baldin badut eskertzekoa beste ezer baino gehiago, horixe baita: osasun ona.

      Gaur egunean ere neu izaten naiz itsas mugako horizontean ontziak agertzen ikusten dituen lehenengoa: hara goleta bat, edo bapore bat, edo bi mastako bergantin bat. Eta neu izaten naiz, halaber, urrutiko trumoiaren orroa entzuten duena inguruko guztien aurretik. Neu, udazkeneko lehen kurriloa iparraldetik eta udaberriko lehen amiamokoa hegoaldetik bistaratzen ikusten dituena. Oraindik ere.

      Inesa Indazubikoa, bai, horixe naiz ni izenez eta izatez. Zazpigarrena, zazpi alabako gurasoen etxean. Onerako eta txarrerako, zazpigarrena. 1789garren urteko Santa Ines egunean sortutakoa. Hala ere, ez harritu baten-baten ahotan Inesa ez den beste izenen batekin ezagutzen banauzue inoiz, izan ere, izenak eta izanak asko eduki ditut nik gaurdaino, katuen antzera.

      Batez ere bi izan dira Kantauri guztian, eta urrunagoko itsasoetan ere bai, jarri dizkidaten gizonezkoen izenak: Beñat Mutua eta Nikolas Pozoin. Bi izen aldrebes horiek biltzen dute egiazko Inesa Indazubikoa baizik ez naizen emakume xahar honen oihartzuna eta itzala.

      Gaztainaren antzera, oskol askoduna naiz ni, kanpotik zorrotz eta barrutik ezti, arantzazko morkotsa erakusten dakit batzutan eta mami azukrezkoaren gozoa bestetan. Batean hala eta bestean hola, nola esnatzen naizen neronek ere ez dut jakiten segur. Haizea mendien atzetik etorri ohi den bezain aldakor, halaxe agertzen naiz batzuetan musker eta bestetan urre, noiznahi bare eta bestetzuetan anker. Haizea kontra dabilenean, mamu beldurgarri bihur daitekeen ardi otzana naiz ni, edota mila eta bi aurpegi erakuts ditzakeen deabru maltzurra ala aingeru maitagarria. Neronek ere ez dut askotan jakiten xuxen nor naizen, hainbeste izaeraren artetik.

      “Zazpigarrena, sorgina fina” esan zioten gure amari jaio nintzen egunean eta hark entzundakoa sinistu egin zuen itsu-itsuan.

      “Zazpi alabatatik zazpigarrenak, derrigorrez behar du sorgin” esan zioten gure aita alproja eta mozkorriloari eta hark ere sinistu egin zuen, goitik behera, inguruko mihi zorrotzek ziotena.

      “Zazpi ahizparen artean zazpigarrenak marka dakar” esan zieten nire sei ahizpei, eta haiek ere ez zuten esan kontrakorik, esamesei men eginez eta betiko geratuko zitzaidan ospea irentsiz.

      Izan ala ez izan, sorgin izendatu ninduten guzti-guztiek jaiotze beretik. Begi orotan niganako begiramenduen seinaleak ikusi izan ditut sehaskatik bertatik. Izuz eta espantuzko urruntasunean hazi eta hezi ninduten etxekoek eta kanpokoek, nola hazten duen birigarroak kukuaren kumea: bertakoa izan arren, beti arrotz.

      Alabaina, sorginarena barik, beste lan bat ezarri nion umetan nire buruari handitzen nintzenerako eta, alajinkoa, zinez egina dut eta frogatua. Sorgin gabe, mutil izan nahi nuen nik txiki-txikitandik. Zehatzago esanda, itsasmutil, marinela, alegia.

      Kurritu eta ibili nahi nituen itsasoak eta mundua bere borobiltasun finigaitzean. Haizeak eta ekaitzak ezagutu, desertuetan kiskali, urik hotzenetan garbitu. Urrutiko banderak ikusi nahi nituen kordokatzen, palazio eta gazteluetan ibili gora eta behera. Eta horretarako, ni haurra baizik ez nintzen garai hartan, mutila izan beharra zegoen, derrigorrez. Ez zen beste biderik ni bezalako neskatoarentzat.

      Erabaki aldrebesa zen hura, zalantzarik gabe, nire garaiko haur batentzat, aldrebesa eta ia ezinezkoa ni ez besteko inorentzat, ez baitago harria bihurtzerik lore, edo igela ardi, ipuinik gabeko mundu honetan behinik behin. Norberaren bizitza ez da sekula izaten ipuin. Egiazko gauza bakarra da bizitza, baldin eta zerbait bada benetakorik.

      Mutil bihurtuko nintzen bai, baita horretarako, naturaren agindua iraultzeko moduko indarrak sortu behar banituen ere, handik edo hemendik. Oldartuko nintzen baita patua beraren kontra ere nire helburua betetzeko, eta irauli egingo nuen bizitzak sehaska beretik niretzako erabakita zekarrena.

      Ez nuen mutila izateaz besteko desiorik eduki Pellot izeneko gizon ikusgarri hura gure Indazubiko etxeko ataritik sartzen ikusi nuen egunetik eta, batez ere, bere inguru-buelta guztian argi horizko uztaiamoduko bat nabaritu nionetik. Seinale nabaria izan zen niretzat gizon hark botatzen zuen argi edo lurrun moduko hura ikusi ahal izatea.

      Beste ezertan ez dut arretarik jarri sekula harrez gero, beste ezerk ez nau okertu nire bidetik. Nire bi begiak beti egon dira gizon hari so. Eta nire bizitzan dena urre izan ez bada ere, ez naiz sekula damutu gizon haren pausoen atzetik ibili izanaz. Bere itzala eta geriza izana naiz zenbaitetan, bera ukitzen zuen haizeak ukitu nau ni ere, bere argiak argitu, bere euriak busti eta bere eguzkiak lehortu. Bere zorigaitzak goibeldu izan nau ni eta haren pozak alaitu. Elkarren ondoan ibiltzearen poderioz, bere usaina hartu zuen nire azalak azkenerako. Bere keinuetako anitz bizi dira oraindik ere nigan eta askotan, neure ahotsa zernahi esaten entzuten dudanean, gizon haren ahotik irtendako hitz eta hizkera berberak gordetzen ditudala konturatzen naiz, oraindik ere.

      Gizon hura ez baitzen nornahi. Gizon hura ez baitzen zernahi. Giharra zen baina dotorea. Hitz bakarrekoa eta doilorra. Hendaiakoa zen, Pellot esaten zioten arren, izen osoa zeukan Etienne Pellot Monvieux.

      Gure etxeko atetik sartu bezain laster, gorputzaren jira-buelta guztian ikusi nion lehenago ere aipatutako argizko uztai moduko hura, eguzki gorriak iraileko laino artean edukitzen duenaren antzekoa zena: leuna eta barea izan arren, begiratuz gero begiak erretzen zekiena. Itzalaren modukoa eta, aldi berean itzalaren guztiz kontrakoa zen. Gizonezko hari jarraitzen zitzaion argizko dardara hura edonora, gorputz guztiko arroparen gainetik zegoen beste geruza bat bailitzan, eta nik gure etxeko tabernan zorioneko egun hartan zeuden gainerako bezeroei begiratu nien, beti bezala karta-jokoan zebilen gure aita hordi musugorriari ere bai, eurek ere argi hura ikusten ote zutenentz, baina bai zera, argi hura nik bakarrik ikusten nion, beste inork ez baitzuen espantu edo lilura aurpegirik jarri gure amarengana pauso azkarrez hurbildu zenean.

      — Goseak gatoz emakumea. Izanen duzu xingar eta arraultzerik hiru gizon hauentzat. Eta pitxer bat sagarno, fite.

      Argizko uztaia zeukan inguru guztian, elizetan ikusitako sainduen antzera, Martitzek eta Saturnok bezala, eta bi begi biziak guztiz arreak, sutondoan lizarrak uzten dakien errautsarena bezalakoak. Gure katu guztienak motz, haien aldean. Ez zen txikia eta ez garaiegia ere, bazeukan zerbait lehen begiratuan goratasun bat ematen ziona.

      Berarekin batera etorritako beste bi gizonak eserita ziren jada leiho ondoko mahaian baina bera ez zen atsedendu gure tabernako zoko-bazterrei eta jende guztiari behatu artega bat egin gabe lehenik. Ematen zuen bere bi begi zorrotz haiek, begiratzen zuten lekura gabe, haratago zekitela eramaten ikusmena, ezkutuko zerbaiten bila zebiltzala etengabean. Ikusteko barik, aztertzeko zeudela jarrita bere aurpegiaren erdian. Zapelatzaren antza hartu nion hasieran, neuri ere irribarre batez parez pare behatu zidanean eta ustekabean estreinako dardara bat igoarazi zidanean, —edo jaitsi, orain ez dakit segur—, bederatzi urteko neskatilaren nire gorputz guztian zehar.

      — Zertan hago hor ahozabalik? —egin zidan oihu amak— Hator lehenbailehen sukaldean laguntzera.

      Egun hartan ere niri egokitu zitzaidan ostatuan geratzea. Nire sei ahizpek beti bazuten aitzakia beharrezkoak ziren lekuan ez egoteko. Elizako lanetan ez zebilena, auzoko gaixoren baten laguntzan ibiliko zen seguru, edota Elizondoko azokan edo beste edonon, batek jakin zertan. Kontua gure etxeko sukaldean ez egotea zen. Hori niri zegokidan lana izaten zen beti, sekula aipatu gabeko tratu ezkutukoren baten kariaz. Neu nintzen txikiena etxean eta neuri egokitu behar, hala ere, lanik handienak.

      Behin baino gehiagotan pentsatua neukan egunen batean hartuko nuela mendeku eta irauli egingo nuela egoera hura taloa bailitzan, etorriko zela itzulerakoa, alegia. Gure benta zaharreko lan haiek ez ziren niretzako asmatutakoak, ez horixe.

      Aizto handi batez hasi nintzen, bada, ogia ebakitzen sukaldeko mahai gainean, eta irin lehorraren usaina bazter guztietara zabaltzearekin batera, amari hiru gizon haiek nortzuk ziren ba ote zekien galdegin nion, gizonaren gorputz inguruan ikusitako argi uztaiaren seinalearenik aipatzeke.

      — Pellot Kapitaina dun hori tuntuna, eta bere bi lagunak, jendeak Akuilu eta Pepin deitzen dituenak. Hiruak itsasgizonak. Mundu guztiak ezagutzen ditin hemendik hasi eta Erromara bitartean eta harantzago ere bai. Beti ibiltzen ditun elkarrekin, idiak eta gurdia bezala.

      Erromaren izena entzun bezain azkar, mundu-bazter guztietako oihartzuna etorri zitzaidan niri. Itsaso eta lur eremu zabal ororena. Gure ibar estu eta hezea baizik ez nuen ezagutzen nik eta aski izan nuen Hiri Santuaren izena belarrietan, ene irudimena Afrika urrineraino, Etiopia, Madagaskar eta askoz harantzago eramateko. Goizeko behe-lainoa bezala sortu zitzaidan ametsa buruan eta kosta zitzaion eguzkitan desegitea. Ia moztu nuen hatzaren muturra aiztoaren ahoaz.

      — Hobe dun ogi hori eta pitxer hau tximista baino lehen eramatea euren mahaira— gaineratu zidan amak.

      — Ez ninake nahi atsekaberik gizon horiekin. Seguru asko ez ditun gaiztoak izanen baina itsasgizonekin ez zagon nehoiz fidatzerik. Borroka eta trumoi txarrenetara ohitutakoak izaten ditun, deabruak ere beldurtu ezin dituen horietakoak. Habil beti urrun halakoengandik!

      Txakurkume bati bezala egin zidan hazka buruan hiru gizonetan lodienak, Akuilu esaten ziotenak, sagardoa eta ogiarekin hurbildu nintzaienean. Esku handi bezain gozo batez egin zidan fereka adatsetan. Nik sekula ikusi gabe neukan anartean halako gizon borobilik eta neurri gabekorik. Kupelik ere ez halakorik sekula nire begi-bistan. Gure aitaren sabela bezalako bi zituen hark gutxienez, gure basoko pagorik zaharrena baino lodiagoa zen, zalantzarik gabe, eta istant batez bere jostunarekin jarri nintzen pentsatzen eta halako gizon ikaragarriarentzat galtzak egiteko oihal hain zabalik nongo azoka edo dendatan ote zuen kausitzen galdetu nion neure buruari.

      — Nungua dozue sagardaua? —egin zidan galde Bizkaiko kutsuarekin— Etxekua bertakua?

      — Ez, guk ez dugu sagastirik zaintzen —erantzun nion— eta ondo jakin beharko zenukeenez, sagarrik gabe ezin egin sagardorik, jauna. Elizondoko Patrinetik ekartzen dugu urtean birritan, zahagietan sarturik.

      — Hauxe neska xarmanta eta aldi berean lotsagabea, ez da Etienne? —galdetu zion orduan hirugarrenak, sudur ikaragarri handiko gizon kankailuak Kapitainari, pitxerretik edalontziak betetzen ziharduenean. Kapitainak bezala, Iparraldekoa zeukan beste honek ere doinua. Sudurtzar hura bere aurpegian hain harroki agintzen ikusi bezain azkar jabetu nintzen zergatik esaten zioten Pepin. Ikaragarria zeukan sudurra pipermorro kakodun baten antzekoa.

      Baina Kapitainak ez zuen deus ihardetsi eta beha segitu zuen begi harrigarri haiekin ate alderantz, zurezko pasabide hartatik bertatik mila deabruk edo dozena bat herensuge izugarrik agertu behar balu bezala supituan. Irribarrerik ez zuen galtzen ezpainetatik baina, hala ere, erne ikusten zitzaizkion begiak eta bi belarriak xut, arratoi-txakurrak bezala.

      Niri ez zidan erreparatu ere egin, eta hobe horrela, guztiz bainengoen gizon haien etorreraz kitzikaturik eta asaldaturik. Zekarten usainean ere antzematen zitzaien haiek ez zirela gure auzokoak. Nik ez nuen sekula usaindu Kapitainarena bezalako lurrin gozorik. Ematen zuen munduko jasmin lore guztiak zekartzala patriketan gorderik. Gurean emakumeen gauza izaten zen hori eta urtean behingo jai nagusirako bakarrik.

      Xingarrarekin bigarrenez hurbildu nintzaienean egin zidan kasu estreinakoz.

      — Milesker aingerutxoa, nola duzu izena?

      — Inesa jauna, Inesa Indazubikoa —erantzun nion nik ahal izan nuen moduan, errautsezko bi begi haiek eragiten zidaten dardara ezkutatu ezinda.

      — Ederra izena, alajinkoa. Nehoiz alabarik ukaten badut halaxe jarriko diot neuk ere izena: Inesa.

      Nor bere tamainan, dotoreak ziren hiruak ere. Gurean ez zen sekula ikusi halako atorra ederrik, halako zapata larruzkorik, halako ezpata zilarrezkorik zintzilik, halako pistoleta urrez landutakorik. Gurean abarkak eta simaur usaina izan ohi ziren nagusi ostatura etortzen zitzaizkigun bezeroen artean. Haien ahoetan, hitzik goxoenak zaunka ematen zuen gehienetan, edo idiren baten marrua. Ohituagoak ginen zaputzetara eta purrustadetara, gozora baino.

      Irribarretxo bat egin nahi izan nien, beraz, hiru gizon haiei euren hitz polit eta ohigabeak eskertu nahian, baina horren ordetan sukar handi batek harrapatu zizkidan matrailak eta ustekabeko gorritze hartaz lotsaturik eta deus ganorazkorik esan ezinik egin nuen alde korrika sukaldera. Oraindik umea izaki, amak berehala antzeman zidan beroaldia eta aztoramena.

      — Zer dun tuntuna? Ez haut sekula ikusi hala gorriturik. Hi ez haiz hire ahizpa zozanga horiek bezala errazki sukartzen haizena. Zer esan dinate, bada, hiru gizon horiek?

      — Izen polita daukadala. Besterik ez.

      — Eta horrek aztoratu al hau horrenbeste?

      — Utzi bakean ama —esan nion egoera hura laster batean amaitu nahian, baina berak, irria ezkutatu ezinda gaineratu zidan hura ez zela nik bezalako ume moko batek amari hitz egiteko era. Hori baino errespetu gehiago merezi zuela ni mundura ekartzeko sekulako minak jasan behar izan zituen emakumezkoak.

      — Egunen batean jakingo dun zer den haurgintza minetan ibiltzea eta oroituko haiz, bai, nirekin —gaineratu zidan.

      Ez nion esan nik ez nuela sekula edukiko umerik. Emakumea barik, mutila izan nahi nuela handitzen nintzenean. Haurrak ez zirela niretzat asmatutakoak. Noizbait amona izateko itxaropena gordetzen bazuen, nire ahizpek bete beharko zutela itxaropen hori, ez nik. Mundu eta itsaso zabaletako ibilerak nituela amets ere, ez nion inondik aipatu.

      Konturatu ere ez zen egiten ama une hartako nire gogoetez eta bereari eutsi zion algaratxo txorrotx eta txoro artean.

      — Ni ohartu gabetan ari haiz handitzen Inesa, neska mozten, tuntun alaena! Aurki izango ditun bi titi eder eta borobil bularrean zintzilik, pertzak bezalakoak! —bota zidan deblauki.

      Zapia askatu nuen bortizki gerriko korapilotik, eskuak garbitzeko imintzioa egin eta mahai gainera jaurti nuen indarrez. Han geratu zen zapia, ogiaren azaletik eroritako irinetan zuriturik. Katua baino azkarrago irten nintzen sukaldetik ama irribarrez eta iji-ajaka utzita atzean.

      — Hoa, hoa tuntuna —esan zidan— eta hartu freskatu eder bat atariko iturrian.

      Dozena erdi gizon baino gehiago ibiliko ziren gure ostatuan egun hartan baina inori begiratu gabe igaro nintzen guztien artetik atarirantz. Bi oilo ere aztoratu nituen nire arrapaladaz eta haiek kokorikoka eta nire hanketan trabatuta, ia erori egin nintzen ahuspez guztien agerian.

      Lotsak gorrituta baino gehiago, nire amaren hitzekin sututa nengoen, larazpeko txingarra bezala. Egurrik hezeena ere iziotuko zen nire masailetako beroarekin, apur bat hurbilduz gero behintzat. Purrustadaka eta nire biriketatik irten nahi zuen aire guztiari eztarrian lekurik egin ezinda, atariko enbor lodi batean geratu nintzen jesarrita eta gure etxe aurreko ibaian behera zihoan uretan galdu nituen begiak. Egunen batean, inori deus esan gabe, alde egingo nuen handik. Atzean utziko nituen ama, aita mozkorra, sei ahizpa zozoak eta tabernako lan txoroa.

      Ni ez nintzen jaioa Indazubiko zuhaitza izateko. Ez nintzen besteak bezalakoa. Ez nintzen sorgin baina ez eta ere mirabe. Ez nintzen printzesa jaio baina jopu ere ez. Ez nintzen ugaztun, hegaztia nintzen ezer izatekotan. Hegoak neuzkan nik eta unea iritsitakoan ausartuko nintzen Elizondo baino harantzago hegan egitera. Baita hilko banintzen ere ahalegin hartan.

      Pentsamendu aztoratu haietan nenbilela, ibai barreneko sasien artetik sekula ikusi gabekoa antzeman nuen bistaratzen. Hasieran, galdutako basurderen bat ote zen pentsatu nuen edota nik izendatzen ez nekien beste animalia izugarriren bat, baina, bai zera, izaki hura bi zango txikiren gainean zetorren zutik saltaka.

      Oiloen, ahateen edo antzaren tartekoa izan ezean, nire begien aurrean neukana ez zen aberea. Nolabaiteko gizakia zen hura. Izututa geratu nintzen berari begira. Sekula ez nuen pentsatuko halakorik egon ere egin zitekeenik zeruko geruzaren azpian. Begi biak zabal-zabalik eta ipurdia atariko enborretik jaso ezinda geratu nintzen, harrizko bihurturik, nengoeneko lekuari itsatsita.

      Entzunda neukan ipotxak egon bazirela munduan, Iruñean ere izan omen zen behin horietako gizon nimiño bat, inguruko guztien jostagarri, baina ez nuen sekula pentsatuko ene begiek halakorik ikusi behar zutenik. Are gutxiago geure etxean bertan.

      Ipotxa zen bai, ni baino txikiagoa garaieran, baina, gainera, ikatza bezain beltza ere bazen sasi artetik irtendako deabru moduko hura. Sudurrean urrezko uztaia zeukan jarrita eta bi belarrietatik, gurutzeak baino gehiago, aizto txikiak ziruditen belarritako luzeak zekartzan zintzilik.

      Arineketan zetorren gure etxerantz eta nik ez nuen asmatzen ahal korrika ihes egin ala garrasika hasi behar nuenentz. Ez nekien makila bat eskuan hartu ala zakurra xaxatu behar ote nion mamu ezezagun eta beldurgarri hari. Ez nekien zer egin, eta jakin izan banu ere alferrik izango zen: aho zabalik geratu nintzen eta tinko enborrari itsatsirik, goroldioa bezala, mugitu ere egin ezinda.

      Arnasestuka hurbildu zen nire parera zomorro edo dena delako hura, eta lehenago aipatutakoez gain, paparrean, behatzetan eta eskuturretan ere bai, bazekartzan urre eta zilarrak, burdin distirantez eginiko hornidura ezezagunak. Begiak ere, ilunperik beltzena baino beltzagoak zituen eta ileak arkume kizkurrenak baino kizkurrago. Erdia abere eta erdia gizon, ametsa zirudien egiazkoa baino gehiago. Gure etxean entzuten ziren ipuin zaharretan ez zen sekula aipatu halako izaki beldurgarririk.

      Eragin zidan lehen zirrara edo dena delako ikara hartaz oroitzen naizenean, barre egiten dut orain, hainbeste urteren buruan, baina orduan urdea kakoan bezala hasiko nintzen txilioka baldin eta ez banuen eduki eztarria erabat lehor, batere txisturik gabe, nola gatzetan jarritako bakailaoak edukitzen duen mamia.

      Kontua da Jainkoaren edo Deabruaren gogo gaiztoak sortutako kume ikaragarri hark, nire parean iragan zenean elurrezko hortzik zurienak erakutsi zizkidala irribarrez.

      — Bonjour, mademoiselle —esan zidan arraiki, eta ni pandero zurbilenaren aurpegiarekin utzita, tabernako atetik egin zuen barnera —¡Les soldats, mon Capitaine, les soldats!* —behin eta berriz oihukatuz.

      Ibaian behera behatu nuen haren hitz frantsesak entzundakoan eta hantxe ikusi nituen bi dozena soldadu espainiar, zaldi gaineko trosta azkarrean, gure etxeari izena ematen dion Indako zubia iragaiten.

      Ezpatak airean zekartzaten eta zinez esan dezaket gure etxe inguruko parajeetan sekula ez zela ordura arte ezagutu egun hartakoa bezalako lurrikara eta zalapartarik: zakur guztiak hasi ziren zaunka, oilo, antzar eta ahateak zarataka, zelaietako behiak marruka, zaldiak irrintzika, astakumeak arrantzaka eta gure dozena erdi katu beltx eta pinto guztiak espantuka.

      Soroetako artaburuak eta arbiloreak ere makurtu egiten ziren gizon haien zaldien apatx-hotsaren dantzara. Bideko lizarren eta urkien hostoetan ere nabaritu ahal izan nuen kizkurdurarik franko, gizon haiek jantzita zekartzaten kapen haizeak eraginda. Neu ere Norteko haizea bezala sartu nintzen etxera ziztu bizian eta Pellot Kapitaina ikusi nuen amari zorrak presaka baina portaera dotorea batere galdu gabe ordaintzen. Ondoren txanpon bat jaurti zuen jiraka nik airean harrapa nezan.

      — Agur Inesa —esan zidan— Ederki jan dugu eta hurrengoan ere etorriko gara, itsasoko haizea lagun.

      Sukaldeko ate txikitik irten ziren pauso presatuz eta nik ordura arte erreparatu gabeko zaldietan igota, etxe goeneko pagadian barneratu ziren mendian gora.

      Lau gizon zihoazen trumoi eta tximistatik ihesi, lau gizon mugaz gaindi: Pellot Kapitaina, bere bi lagunak, Akuilu eta Pepin, eta nik ez dakit nondik agertutako ipotx beltz harrigarri hura.

      Iluntzeak berarekin ekarritako laino artean galdu baino lehen, berriz ere ikusi ahal izan nion gorputz inguruko argizko uztaia Pellot Kapitainari eta oso hurbil entzundako tortola baten kantuari esker jakin nuen noizbait ikusiko genuela berriro elkar.

      Nire barneko ahots txiki batek esaten zidan, hasiera baizik ez zela izan hura, Pellot Kapitaina, Ettiene Pellot Monvieux deituriko kortsario hendaiarra ezagutu nueneko eguna baizik ez zela izan astearte zorabiagarri hura.

      Hala esanda nahiago bada, lehorte luzean euria izan zen niretzat Pellot eta bere gizonen agerraldia. Eguzkia gauaren beltzean edo altxorrik ederrena miseria negargarriaren erdian.

      Azken finean, ordura arteko nire bizimodu geldo, asper eta geza, zaldirik biziena beste azkartu zuen gizona ezagutu nueneko egun gogoangarria baizik ez zela izan, orain letra kaskar hauen bidez eta nire memoria amondutako honetan arakatuz, zela edo hala izkiriatzen saiatu naizen hau.

 

Inesaren balada
Hasier Etxeberria

Elkar, 2002