Inesaren balada
2. Goizean goiz
Soldadu espainiar andana gure etxera etorri zen egunetik entzute handikoa izan da Indazubiko gertakizuna mugaz bi aldetako bazter orotan. Garai hartan ez zen ezagutzen gaur egungo antzerkien modukorik eta edozein kontu edo gertaera izaten zen aski egunerokotik nabarmentzeko. Egia esan behar bada, urte askotan han inguruan ez zen ezagutu halako gertaera lazgarririk. Hala ere, zorioneko izan ginela aitortu beharrean nago lehendabizi, soldaduak etorri zireneko egun hartan ez baitzen izan behintzat hildakorik hainbeste arma zorrotz ikusi arren airean dantzan, eta hainbeste pistola eta eskopeta sutautsez kargaturik ibili arren gure etxeko bazter guztietan. Hirurogeita hamar urte inguru igaro dira egun hartatik gaurdaino eta dagoeneko ahaztuak ditut hitzik gehienak, baina bertsoak ere jarri zizkioten egun hartan gure ostatuan gertatutakoari. Lehenengo bertsetaz eta azkenaz baizik ez naiz oroitzen eta oraindik ere, dela sukaldeko lanetan ari naizenetan, edo dela beste zernahi eginkizun bakartitan, gogora ekartzen ditut, haurtzaroko garai haien oroitzapenetan.
Indazubiko etxian, soldaduak arratsian, zaldi azkarrez agertu ziren, inork ez ustian. Kapitainaren atzian, udazken egun batian, alfer-alferrik ibili ziren hainbeste bidian ...Zaldiak azkarrak baņa Pellot bazen haiek aņa ilunabarrez pasatu zuen mugarako gaņa. Ez dadin inor engaņa esango dut alajaņa gorroto handiz geratu zela teniente Patraņa.
Egun hartan ikusi genituen ankerkeria guztiak ez dago hemen denak eta bat-banaka kontatzerik baina bi hitzetan esateko, aipa dezadan, behinik behin, Pellot eta bere lagunak bilatzeko aitzakian gure ostatua hankaz goratua izan zela erabat eta guztiz. Aulki, alasa, pitxer eta edalontzirik ez zela geratu osorik, ez eta ere zahagirik zulatu gabekorik. Soldadu haiek ekarritako gorrotozko oldarra mila aldiz biderkatu zen gure tabernan Pellotik ez zegoela egiaztatu zutenean. Beste guztien artean, gizona dela animaliarik beldurgarriena ikasi nuen eskailerapeko nire ezkutaleku txiki hartatik begira, gurbitzaren pinportak bezala bi begiak jarrita. Zarataka eta zirzartaka sartu ziren ostatura, pistolak tiroka, ezpatak eta azoteak airean, aiztoak eskutan, ezker-eskuin aurkitzen zuten oro txikituz eta bertan zeuden bezero guztiak zoko batean presotuz. Pellot non zegoen nahi zuten jakin eta hasera batean inork zipitzik esan ez bazien ere, gure aita alproja izan zen erantzun ziena, soldaduetan buru egiten zuen Patraņa izeneko teniente, liutenanta, edo dena delako gizon mikatz hura, gure ama adatsetatik oratuta sukaldetik tatarrazka eta itxuragabeki zekarrela ikusi zuenean. Ordura arte sekula erakutsi ez zigun arren, gure aitak ere bazeukan bere gorputzeko ertz edo ezkutuko axal tolesturen baten azpian ondo gordetako bihotz txiki-txiki bat, antza, eta ezin ikusi zuen gure ama era hartan katakumearen gisara makurrarazia. — Etxe gaineko pagadian gora abiatu dira, Frantzia aldera —esan zuen—. Lau gizon ziren, euretako bat Pellot hendaiarra, zalantzarik gabe. Zaldi bana zeukaten hor atzeko bordan ezkutatuta. Soldaduek ez zioten sinetsi nahi izan. Haien aburuz, Pellotek eta bere lagunek derrigorrez behar zuten gure etxean ezkutatuta. Ihes egiteko astirik ez zutela ukan pentsatzen zuten eta ez ziren aspertu goi eta behe arakatu arte, goi eta behe erabat suntsitu arte. Guztiz amorraturik zeuden. Geroago adierazi zigutenez, hiru egun baino gehiago baziren Pelloten atzetik zihardutela. Iruņean hasiak ziren bere arrastoari segika eta egun hartan bezain gertu ez zuten eduki sekula Hendaiako Kapitaina. Gure etxean haren aztarnarik ez zegoela egiaztatu zuenean, Patraņa liutenanta oinen parean aurkitutako edozeri hasi zitzaion ostikoka: ogi zatiak, edalontziak, pitxerrak, platerak eta aulkiak, zernahik egiten zuen hega han ginen guztion buruen gainetik, tabernako hormen kontra lehertu aitzinetik. Gauza bat jakin nahi izan zuen orduan: nork eman zion abisu Pelloti euren etorreraz. Salataria gure artean zegoela erabakita zeukan eta ez zuen etsiko traidorea bertan zintzurretik oinetaraino bizirik larrutu gabe. Inork ez zuen deus ihardetsi nahi izan. Bezeroak ere isilik geratu ziren euren zokoan, izuak eta espantuak harrapaturik. Behera begira jarritako txakurkume otzanak ziruditen, arnasotsik ere batere gabe. Okerreko hitzen bat nahikoa izango zen zintzurrik gabe geratzeko. Keinu bat, begirada bat... zeinahi izan zitekeen aitzakia soldadu haiek lepoa bihurritzeko edo ustekabeko bala batek gibela edo hesteak zulatzeko. Aski izan zen, ordea, Patraņaren ezpataren ahoa gure aitaren sabel handira hurbiltzea, jakin beharrekoak jakiteko. — Ipotxa beltz bat etorri da oihuka. Harexek eman die zuen etorreraren berri Pelloti. — Passepartout madarikatua! Ikatzezko ipotxa alaena! Sorginkume urdea! —egin zuen oihu gaztelaniaz Patraņak eta orduantxe entzun nuen arratsaldean sasi artetik agertu zitzaidan gizon txiki eta harrigarriari zegokion izen are harrigarriagoa: Passepartout, leku guztietatik pasatzen ahal dena, frantsesez esanda, alegia. Etorri bezala egin zuten alde azkenean soldaduek, zarataka eta zutik geratzen ziren gauza apur guztiak hondatuz. Atarian utzi zituzten hilik gure zakurretatik bi eta egun hartatik ez genuen gehiago ikusi hirugarrena, Argi izeneko erbi-zakur fin bat. Zalaparta hark izututa, ospa joango zen ihesi, batek jakin nora. Oraindik ere gogoratzen naiz —eta badira handik hona urteak pare bat gurdi handi adinez betetzeko lain— soldaduek alde egin eta denok geratu ginela geldirik eta isilik, geunden lekuetan bertan josirik. Nire ume-oroitzapenean, mundua geratu balitz bezala gogoratzen dut unea: ibaiko uraren joana baizik ez zen entzuten ahal zurrunbiloaren osteko isiltasun erabateko hartan. Abere eta animaliek ez zuten pixka batean atera zirkinik. Halaxe egon ginen denok denbora luzez, pauso bat emateko ausardiarik inondik atera ezinda. Soldaduak berriro itzuliko ote ziren, horixe zen orduango ikara. Gure ama izan zen denbora iragandakoan hizketan hasten ausartu zen lehena. — Eskerrak alabak ez ziren etxean —esan zuen, ezer gertatu izan ez balitz bezala, eta bere oinetara eroritako jesarleku bat jarri zuen zutinik berriro. — Ni zer naiz, bada? —galdegin nion protestaka ordura arte elbarrituta eduki ninduen kizkurdura lotsagarritik zutituz. — Hi umea haiz oraindik, tuntuna —erantzun zidan—. Egunen batean ulertuko ditun nire hitzak. Esan bezala, egun seinalatu hartatik ez dut besterik izan buruan Etienne Pellot Monvieux Kapitaina baizik. Gizon haren berri galdetzen nion gurean agertzen zen edonori, berdin zitzaidalarik izan bertakoa ala kanpokoa albisteak zekartzana. Batez ere Frantzia aldetik etortzen zitzaizkigun bidaiariei egiten nien itaun. Hainbeste soldadu atzetik edukitzeko, Pellot izango zen norbait eta gizon hark egindako guztiak ezagutu nahi nituen ņabardura guztiekin: non zen sortua, non ibilitakoa, zergatik zeuzkan soldadu espainiarrak ondoren, nolakoa zen bere bizimodua, familiarik ba ote zeukan... xehetasunez ase nahi izaten nuen nire jakin-min erabatekoa. Hari bati eta besteari tiraka, poliki-poliki jabetzen hasi nintzen Hendaiakoaren izaeraz eta aiurriaz, eta tabernan txanpona airera bota zidan gizon dotore hura, nire izena gogoko zuen huraxe bera, handitzen eta handitzen joan zen nire baitan, belar bakarrarekin hasi arren, hazi eta hazi, menditurik amaitzen duen metaren antzera. Kontatzen zizkidatenak gertaera zoragarriak izaten ziren, itsaso urrunetako ibilerak gehien-gehienak. Inor ez nuen aurkitu Pelloten aurkako esamesetan ibili zenik. Denek zuten gizon harenganako mira eta ikusten zen egundokoak egindakoa zela Hendaiako kortsarioa. Beste konturik ez zuten edukitzen: nola Pellotek berak bakar-bakarrik hondoratu zien goleta-ontzi bat ingelesei eta nola egin zuen hanka zazpi aldiz baino gehiagotan ziega beltzenetatik. Espainiako Armadaren aurka egindakoak ere egundokoak ziren entzuteko. Garai hartan ez omen zegoen beste gizonik ingeles eta espainiarrek hainbeste gorrotatzen zutenik. Saria eta prezioa jarrita zioten haren lepoari Londresen eta Madrilen: Pelloten burua aurkezten zuenak, aski dukat eta libera edukiko zuen sekula gehiago lanik egin gabe bizitzeko. Kontu haiek guztiak ez ziren makalak izaten, handituta etortzen baitziren gertaerak bidaiarien ahotan. Hala ere, neuk asmatutakoak eransten nizkien entzundakoei eta hala bilakatu zen behin bakarrik ikusitako gizon hura nire barneko biztanle nagusi. Egiazki esan liteke bederatzi urteko neskatila baizik ez nintzen garai hartan, beste ezerk ez zuela merezi izan nire arretarik. Nire adimena oro gizon haren eguzkitara baizik ez zela higitzen, nire nahiak haren itzalera zirela makurtzen. Entzundako kontu guztien artetik, bat nuen gogokoen. Baiona aldetik ihesi etorritako merkatari gaskoi batek esan zidan, Pellot hamahiru urte zituenean hasi zela itsasoan lanean. Ordura arte ibilia zela eskolak hartzen baina ahal zuen guztietan egiten zuela ihes itsasora, baten bati txalupa koskorren bat kenduta. Bere arbasoak ere itsasgizon handiak izandakoak zirela eta txiki-txikitandik zetorkiola itsasorako grina hura. Beste batean Baigorriko ardo saltzaile batek esan zidanez, oso umetan geratu zen zurtz Pellot, aita itsasoko borroka batean galduta. Domina eta guzti eman omen zioten horregatik umezurtzari. Etienne Pellot txikiaren ardura osaba merkatari batek hartu zuela ere esan zidan, baina ezin izan ziola eutsi umeari lehorrean eta azkenean men egin beharra ukan zuela mutikoaren itsaso eta mentura gosearen tamaina ikusitakoan. Pellot haurraren gogoan ez omen zen besterik itsasoa baizik. Nire antzera, uhinetan eta ez beste inon, zeuzkala ametsak. Harrez gero ez dela egon itsasorik, esan zidan, Pelloten arrastoa eta ubera ezagutu ez duenik, ez eta galeoi edo fragatarik, ingeles edo espainiarrik, haren erasoari aurre egin dionik. Le Renard Basque, Azeri Euskalduna, frantsesez deitzen ziotela ere esan zidan. Ez nuen besterik entzun behar izan: gizon harexen pausoak jarraituko nituen neuk ere. Bera edukiko nuen eredu bakarra. Kosta ahala kosta, hamahiru urterekin hartuko nuen itsasorako bidea neuk ere. Hori baino lehen, ordea, entzutez baizik ezagutzen ez nuen itsaso zabala ezagutu behar nuen, itsasoko lanetan trebatu, ur gazitan ohitu, igeri egiten behar bezala ikasi, portuko bizimodua ezagutu, mugagabeko neurrietan trebatu. Esana zidatenez itsasoan ez baitzegoen ez mendi eta ez mugarririk inongo bidean lagunduko zizunik. Izarrez baizik ez omen zegoen fidatzerik itsasoan, arrats garbiak hala uzten zuenean. Epe bat jarri nion neure buruari: hamar urte beteko nituen egunean egingo nuen alde Indazubitik. Erabaki horretan ezerk eta inork ez ninduen bigunduko, ez amaren akorduak eta are gutxiago ahizpen edo aita ustelaren oroitzapen epelek. Ezerk ez zidan debekatuko hegadarik, ezerk ez ninduen lotuko ibai gaineko benta zahar hartara. Han ez neukan atarramentu onik, auzoko gizonen baten baserriko sukaldean eta beso artean amaituko nuen nire ahizpa guztiek bezala. Patu hura ez zen ni bezalako hegazti urruti-gose batentzat asmatutakoa, zinez. Luzeak egin zitzaizkidan egunak, eta batez ere gauak. Besterik ez baineukan buruan: Indazubiko gure benta zaharra atzean laga eta itsasora iristea. Munduko bazterrak ezagutzea. Irudimenetan joaten zitzaizkidan ordurik gehienak, egin beharreko zeregin guztiak burutu ezinda. Eta ahizpa guztiak bezala, gure ama ere kezkatzen hasita zegoen nire jarrera isil eta bat-batekoarekin. — Ez niri zorigaitzik sortu, maitea —esaten zidan behin eta berriz, gertatu beharrekoari susmoa hartuko baziokeen bezala— ez niri malkorik eragin, bihotza.
Inesaren balada |