Inesaren balada
7. Deabrua auzoan
Garai hartako Hendaia hura ez zen, inondik, gaurkoa bezalakoa. Trenaren etorrerak eta geltoki nagusienetako bat bertan edukitzeak dena aldatu du hemen azken urteetan. Bakea eta lasaitasuna amaituak dira betiko. Parisetik eta Frantzia guztitik ere bai, hegoaldera nahi dutenek orain hemendik dute derrigorrezko pasabidea. Alderantziz ere, hegoaldetik Europara nahi duenak, hemendik behar du, nahi eta ez. Kanpotar asko ekarri digu trenaren aurrerapen horrek, trenbideetako langileak, jendarmeak eta ostalariak, batez ere. Gehien gehienak Biarno eta Bordele aldekoak. Nik ezagutu nuen Hendaia hura, ordea, ezerezetik ernetzen ari zen herrixka baizik ez zen. Espainia aldetik etorritako soldaduek, etxe eta soro, ontzi eta lantegi, guztia suntsitu zuten eta kiskali 1793garreneko urte lazgarrian. Iraultza frantsesaren beldur, soldadu espainiarrek Baionara bitarteko lurraldea hartu zuten mendean, handik pixka batera berriro ere Bidasoaren beste aldera erretiratzeko. Joanean eta etorrian, haranzkoan eta honanzkoan, bietan, suntsitu zuten bidean aurkitutako guztia. Batzuen eta besteren hankapean zapaldutako belarra baizik ez da izan beti Hendaiako lurralde hau. Muga izateak beti dauka galera horixe, bateko eta besteko borrokak, gerlak, kalapitak eta liskarrak, beti bertatik hasten direla: mugatik. Abiapuntua eta helburua, biak baititu berarekin aldi berean mugaren berezko izaerak. Auzoen arteko gorrotoa zeharkatzen duen marra ikusezin eta mehea baizik ez da izaten ia beti muga. Izan alde bateko edo besteko, marra horrexek egiten ditu arrotz guztiak guztientzat. Marra horrexek, bere ezerezean, pizten ditu gorrotoak, eragiten haserreak. Eta hori hala dela jakinik, nehoiz ez dut konprenitu ahal, zergatik ez dituen inork marra idurizko horiek dauden lekuetatik kentzen eta zergatik ez diren eraikitzen kartak eta mapak, elurrezko zelai garbi bat balira bezala, edo hondartza zapaldu gabeko baten antzera, garbi-garbi. Neurri oro gizonek egindako marretara makurtu beharra ez dut egundaino konprenitzen ahal. Agian horregatik maite dut honenbeste itsasoa: ertza eta lurra ukitu arte ez daukalako marrarik, ez daukalako jaberik ez eta ere agintaririk, itsasoaren beraren lege nagusia idazten duten haizea eta ekaitza baino. Erran bezala, Hendaiara iritsi nintzen urtean, oraindik ere ikus zitezkeen soldadu espainiarrek eragindako sarraskiaren hondarrak: lehenago gotorleku harro izandako Gaztelu Zaharra, harri erori mordo eta pilatu bat baizik ez zen, suaren keak oraindik ere belztua, eta etxe guztiak berri-berriak ziren edo, gutxienez, hala ematen zuten teila gorri jarri berriei behatutakoan. Esan zidatenez gainera, urte batzuk lehenago, ia hutsik geratu zen jendez Hendaia, lau mila inguru lapurtar, deserrira kondenatu zituenean Parisek. Batzuek eta besteek, menpeko zuten beti gure inguru hau eta mendekua ere bertako jendearen bizkarrean asetzen zen, antza. Horretan gauzak ez dira anitz aldatu handik hona. Hendaia berez ez zen deus garai hartan. Urruņako auzo bat, izatekotan. Hogeiren bat etxe eta baserri han-hemenka hedatuta, kasko moduko bat elizaren inguruan eraikia eta Zubernoako Priorenia auzoa, ibaira bertara salto egin behar zuela ematen zuen etxea eta parajea. Han igaro nuen denborari zor diot nik, gaur egunera arte izan naizena eta hil arteko geratzen zaidan denbora apurrean ere izango naizena. Priorenia da enetzat aberri txiki baten antzekoa, mundu honetan jarritako zeruaren neurria, Paradisuaren antzirudia. Hiribarren medikuak beti esaten zidan Priorenia utzi eta bere etxean jartzeko bizitzen, bazegoela lekurik aski horretarako. Nik, ordea, ez nuen sekula halakorik onartu eta Maria Anderearen altzoan segitzea jarri nuen baldintza, honek ere medikuaren laguntzaile izatea iragaiten utzi ezinezko aukera zela esan, eta Hiribarrenen zerbitzura jartzeko agindu zidanean. Ordurako ederki nekien nik, Maria Anderea, esposatu aitzin Marie Larroulet deitzen zena, Pelloten emaztea zela eta erabakita neukan, Pellotengana eraman nintzakeen sarbide hartatik ez ninduela apartatuko ezerk eta inork. Maria Anderea zen niretzat itsasorako maratila, Pellot kapitainaren eskifaiakoa izateko neukan aukerarik behinena, zerutik bertatik eroria. Aldi hartan, ordea, Andere Mariak ez zuen itsaso konturik entzun ere nahi. Ni bezalako batentzat, Hiribarrenen eskaintza zen onena. — Zein etorkizun duk, bestela Nikolas? —erran zidan Maria Andereak— Auzoan morroi, fortuna kaskarreko soldadu, arrantzale beti behartsu... ? Hiribarren medikuarekin ez duk sabela betetzeko kezkarik izanen. Ez hau beharrak lan txarrenetara makurraraziko. Aukera profitatu behar duk Nikolas, gainera, Priorenian lehendik ere bagaituk nahikoa eta gehiegi. Hemen ez zagok beste aho-gose baten beharrik. — Pellot Kapitainarekin nahi dut nik —esaten nion behin eta berriz— harekin itsasoratu. — Lehendik ere bazaukaagu aski eta gehiegi bolbora eta zaurietatik. Gazteegia haiz, gainera, horretarako. Etienne non den ere ez zakiagu, ez eta noiz etorriko den edo haren asmoen berririk ere. Nahikoa nauk ni haren zain, esperoan eta desesperoan egoiteko. Hoa Hiribarren medikuarekin eta ken burutik beste kontu horiek guztiak. Itsasoko bizimodua ez duk gozoa eta Pelloten alboan, are mikatzagoa. Ezin egin izan nion kontra hain eztiki hartu ninduen Andere Mariari eta halaxe hasi nintzen Hiribarrenekin lanean, 1802garren urteko udazken egun batean. Hari itsatsitako itzala izan nintzen leku batetik bestera, etxe batetik bestera, heriotza batetik bestera, jaiotze batetik bestera. Hiribarren medikua bezainbesteko gizaseme handirik eta bihozberarik gutxi ditut nik ezagutu nire bizitza luzean. Hark zeukan hurkoarenganako mirarik ez dut nik ikusi ibili naizen paraje guztietan, izan hurreko edo urrutiko. Hark beti aurkitzen zuen hitz ederrik, inoren sufrimendua eztitzeko. Eta haren ondoan ibili nintzelako erran dezaket, ikusia naizela bat baino gehiago, irribarrea ezpainetan duela hiltzen. Inor ez hura bezalakorik, zorigaitza uxatzeko tenore gaitzenean. — Hiltzea ez duk deus, Nikolas —erraten zidan sarritan— hik ere badakik hori. Bakardadearen samina duk txarrena gizakiarentzat. Bakarrik hil beharra duk gaitzena. Horregatik ez ahantzi nehoiz hitz eder bat, edo fereka gozo bat, hilzorian dagoenarentzat. Bakean eta lagun artean hiltzea duk mundu hau uzteko erarik ederrena. Gizon handia zen, zinez, Hiribarren medikua. Hamabi-hamahiru urteko neskato mutildua baizik ez nintzen arren, klarki ikusten nuen jakite izugarrikoa, zintzoa eta gizatasunez betea zela. Parerik gabea Hendaia inguruan. Haren eredua izan dut nik beti gogoan, bizitzako bidegurutze sarrietan, norabidea erabakitzeko orduan. Haren hitzak eta jakintzak beti egin izan didate xuxurlio belarriaren atzean. Haren argia ukan dut bidelagun, gaurik beltzenean. Haren berotasuna ahaide, negurik hotzenean. Berarekin hasi nintzen egun harexetatik, ordea, zeruarekin batera ezagutu nuen infernua. Ustekabean etorri zitzaidan gainera, neuk hala eskatu eta merezi gabe, etsaitzar handi eta anker bat, sekulakoa. Maltzurra eta zitala, zekena, handinahia eta krudela. Handik aurrerako nire egun eta gauak ozpintzen eta garrazten saiatuko zen gizonezko bihozgabe eta doilorra. Azti poderos, urguilos eta mila eta bi aurpegikoa. Zikoitz guztien arteko errege makurra. Gizon hura zen Jean Daspilcouette, edo nahiago baduzue, Jean Azpilikueta jauna. Hendaiako Erretorea bera. Gordetzen ahal du infernuko suak bere txingarretan! Egun euritsu batean, neronek zabaldu nion Hiribarren medikuaren etxeko atea apezari. Kapelu beltz zabal bat zekarren jantzita eta haren azpitik behera ere dena zen beltz: kapa, oinetakoak eta aurpegia bera. Oliba zaharraren azal ilunkara zeukan Azpilikueta jaunak aurpegian, eta urdintzen hasita zeuzkan ile apurrengatik izan ez balitz, katuak ere ez zuen nabarituko hura gauaren erdian. — Non da Hiribarren medikua? —galdegin zidan zirt-zart, pausoa etxe barnerat luzatuz batera. — Beheko sotoan da, oraintxe erranen diot berori etorria dela. — Hago geldik bertan, mutiko kaikua. Ez zaukaat itsulagunaren beharrik etxe honetan ibiltzeko. Hi jaiotzerako, besteok hemen ginen geure zereginetan. Eskaileretan behera hartu zuen, pauso tente eta azkarrez Hiribarrenengana. Airean osinek eta pikondoek udan eduki ohi duten usainaren antzekoa zabaldu zen Jaun Erretorearen pasaeran. Usain lodi eta sarkorra, galtzarbeak hilabetetan garbitu ez dituenarena. Ate hotsa eta zalaparta piztua entzun nuen behetik gora. Nahigabe iritsi ziren oihu haiek nigana. — Ez zen hori niri hitzemandakoa! —zioen Erretoreak. — Arrazoia du berorrek, On Jean, baina aldatu egin dut neure erabakia. — Eta zer eginen dut orai nire iloba Martinekin? — Berorrek aurkituko du beste bide egokiagorik harentzat. — Baina Martinek mediku behar du izan eta Hendaian ez da horretarako beste aukerarik zeurekin ibiltzea baino. — Berorrek bidal beza Bordelera, nik erraztuko diot Unibertsitaterako bidea. — Asko falta da horretarako, ordea. Gaztea da Martin oraindik. Bitartean zurekin baduke zer ikasirik franko. Zure laguntzailea izango zela hitzemanda nion, gainera, nire arrebari, Martinen amari. — Desenkusatu nahi nuke berorren aitzinean. Enea izan da errua lehenengo istantetik ez aitortzeagatik berorri, Martin ez dela gauza ene laguntzailetarako. Mutil ona da, zinez, baina ez du laket medikuaren lana. Zurgin du nahiago eta segur naiz, gainera, ez dela nornahi izanen langintza horretan. — Zurgin nire iloba? Hala uste baduzu ez nauzu fitsik ezagutzen, Hiribarren jauna. — Hala erran zidan niri, zurgin nahi zuela. Etxeak, altzariak eta, batez ere, itsasontziak egitea zuela laket. Enegana hurbilduta bazebilen, osabak eta amak halaxe agindu ziotelako zela, ez bertzegatik. Espantu ematen ziotela inoren odolak eta zorigaitzak. — Ene iloba zurgindurik baino lehen ikusiko duzu itsasoa agorturik eta ekia itzalirik! — Ez luke berorrek horrela ito behar Martinen ametsik. — Ito, hor goiko beste mutiko espainiar sasiko hori itoko dut nik, lepoa bihurriturik. — Nikolasek ez du honetan ezer ikustekorik. Neronek behartu dut ene laguntzaile izaterat. — Hartua duzu, beraz, erabakia? — Bai, halaxe da, Jaun Erretorea. Nikolasek badu gaitasun aparteko bat medikuntzarako eta bera nahi dut eni laguntzeko. — Ez dago atzerabiderik? — Ez. Erabakia hartuta dago. Adiorik gabe etorri zen eskaileretan gora eta berriro hedatu zen usain pisu hura bazterretara. Ordurako Hiribarren medikuaren emaztea ere etorria zen atarira Erretore Jauna agurtzera, baina honek ez zion hitz eder bat bera ere eskaini. — Jakizu Andere Teresa, etxe honetakook etsai berria duzuela gaurgero nigan. Erraiozu hor behean dagoen zure senar faltsu horri, Jean D’Aspilcuette modu honetan isekatzen duenak, ez duela aurkitzen ahal hemendik Baionarat bitartean atseginik. Eta harantzago ere pertsekatzen ahal duela erretore zahar honen itzalak. — Berorrek nahi bezala, Erretore Jauna —gaineratu zuen Andere Teresak— baina ez luke horrela jarri behar. Aspalditik ezagutzen du berorrek nire senarra eta badaki mediku den bezain on, dela gizon zintzo eta zuzen. Ez dio berorri kalterik egin nahi izan. — Egin dit, ordea. —Eta niri behatuz, hatz erakuslea jarri zuen nigana, tiro egin beharreko pistoleta bailitzan— Sasitik etorritako urde atzerritar hau du nahiago nire iloba Martin baino. Halako trufa eta isekarik ez da geldituko ordainik gabe. Zin dagizut Andere Teresa. Isil-isilik geratu ginen emaztea eta biok gizon hark bizkarra eman eta indioilar baten harrotasunaz alde egin zuenean etxetik. Zer esan asma ezinda, biok ere. Behetik gora etorri zen Hiribarren medikua, irribarre batez Andere Teresa kontsolatzera. — Zaude lasai, Teresa —erran zion— badakizu zein duen hitza bero gure Jaun Erretoreak. — Ekintzak ere baditu horrek zorrotz askoak —erantzun zion emazteak izuturik. — Eta hi Nikolas —esan zidan— hago lasai. Ez duk zertaz kezkaturik nire babespeko haizen bitartean. Esandako guztiak sinesten nizkion nik Hiribarreni eta azken hitz haiei ere halaxe egin nien men. Alabaina, gutxi zekien hark eta gutxi nekien nik, zein gertatuko ziren gezurrezko hitz onbera haiek. Gutxi genekien orduan noraino haziko zen Erretorearen barruan bizi zen deabru asegaitz hura. Gutxi genekien orduan zenbateraino zizkigun gure bizitzak ernegatuko eta gutxi genekien orduan, gizakia noraino bilaka daitekeen piztia eta mamu, herra eta gorrotozko zaldi lauhazkan oldarturik etortzen denean.
Inesaren balada |