Inesaren balada
Hasier Etxeberria

Elkar, 2002

 

 

10. Mendekuaren gozoa

 

      Bizi-bizi dauzkat memorian gordeta, Hendaiako lehorrean, itsasorako zain egin nituen lehenengo garai eder bezain atsekabe haiek. Atzo bertan gertatuak balira bezala oroitzen ditut, gainera. Oso maiz gertatzen zait hori, biziago sentitzen ditudala orduko gogoramenak iazkoak edo atzokoak bertakoak baino. Biziagoak askozaz ere orduko bizipenak, hurbilekoak baino. Zaharren patu ezinbestekoa omen da hori: istant bat lehenagoko gertaerak ez du lekurik aurkitzen jada memoriaren zelaian, beteta baitago aspaldiagoko lorez eta osinez.

      Baina egia, ez nahiz ohitzen zahar izate honetara, sutondoan zimurtzen den amona xarmangarriaren planta inozoak egitera. Odola fite dabilkit oraindik zainetan. Nahiago dut goizean goizez Loiako hondartzara jaitsi eta hango harriren batean eseri, karramarroei edo putzuan gordeta dauden izkirei beha. Etxeko supazter gozoa ez da niretzakoa, alajinkoa. Haragi astunez baino, gehiago naiz haize azkarrez egindako piztia.

      Erran bezala, oroitzen ditut orduko etxeak, orduko lagunak eta ezagunak. Gertaera guztiak ere bai. Txakurren izenak ere gogoratzen ditut, taberna eta ostatuenak, kale, hondartza eta badian kulunkan egoten ziren txalupa eta ontzi guztienak. Jada ez da ezer geratzen, ordea, guzti haietarik. Horixe ekartzen du beti bizitzak: lapak bezala, memorian itsatsirik baizik ez direla geratzen gauzak, lekuak eta lagunak. Norberaren oroimenean baizik ez dutela jada lekurik, lehenagoko bizimodua osatzen zuten haiek beraiek. Lehengo garaiei atxikirik bizi nahi izatea, ordea, kearen gainean etzan nahi izatea bezalakoa da. Ezinezkoa. Edo okerragoa: alferrikakoa.

      Gaztea nintzen orduan, umea ia. Itsasora joateko nire asmo irmoa izan ezik, beste ezer ez neukan garbirik nire baitan. Itsasora joateko asmoa eta Martin bihotzekoa, jakina. Arnasarik gabe geratzen nintzela iruditzen zitzaidan bere ondotik bi pauso urruntzen nintzen bakoitzean. Airea agortzen zitzaidan beragandik aldendutako bakoitzean. Haren alboan ikasi nuen, bakarrik baino hobe duela pertsonak lagundurik. Lagunak lagundurik, prefosta. Ezbeharrean eta zorionean, bietan. Baita ezer nabarmenik gertatzen ez deneko bizimodu arrunt eta aspergarrienean ere. Laguna ona denean, beti izaten dela lagun, alegia.

      Martinengan aurkitu nuen nik beste batzuek euren maiteengan aurkitzen dutena baino gehiago eta, berarekin nenbilen batean, uste gabean eta horretarako batere arrazoi berezik ez zela, gure amaz oroitu nintzen. Indazubiko etxe hezean laga nuen amaz. Ama maiteaz. Haren bizimodua nuen irudikatzen eta gure aita tripazorroari zer ikusi ote zion jarri nintzen pentsatzen. Gizon hordia, alferra eta hitz eder bat bera ere gabea. Zer ote zion aurkituko gure ama eztiak halako astamando kirtenari?

      Bizitzak bere erreten ezkutuak dituela hasi nintzen pentsatzen horrela. Badirela bide sekretu eta zeharrekoak, beste inortxok ezagutzen ez dituenak. Ez duela norberarenak beste inorentzat balio. Guztiok garela bakarrak eta ezberdinak, ez dagoela, azken finean, denentzat balio duen neurri bakarreko zapatarik.

      Amak gure aita hautatu bazuen berarentzat, nik ezagutzen ez nuen zerbaitengatik izanen zen. Ikusi eta irudika ez nezakeen arrazoi ezkutukoren bategatik. Ala, aitzitik, hartara derrigortua ikusi ote zuen bere burua gure ama gaixoak? Gizon harekin nahi eta nahi ez esposatzera derrigortu ote zuen bizimoduak?

      Bigarren pentsamendu honek, estreinakoz jarri zizkidan malkoak begietan, Martinen aurrean.

      — Zer dun Inesa —erran zidan—, ez haut nehoiz ikusi hala.

      — Gure ama diat gogoan, Martin —erantzun nion—, azken urte hauetan nire albisterik gabe dagoen gure ama gaizoa.

      Ez zidan fitsik gaineratu. Bake-bakean utzi ninduen nire minean, jakin baitzekien pertsonak bere baitan dituen arranguretako batzuk, erne bizi beharrekoak direla, pozak bezainbestean.

      Isila zen Martin, eta umila beste inor ez bezala. Begi onez ikusten zuen, hala ere, nire geldik egon ezin hura. Bera baldin bazen enbor, ni nintzen hosto, edozein haizek mugiarazten zuena. Bera baldin bazen itsaso, ni nintzen uhin, beti mugitzen egon beharrekoa. Zazpikia eta ipurterrea, halakoxea nire izaera, lehen, gero eta orain ere bai.

      Eta ederra zen Martin beste inor baino gehiago. Haren esku finek, indarra ezkutatzen zuten dotore. Haren adats horiak, kresalak soilik orraztuak, lasto garbia ziren eguzkitara jarriak. Haren bularra eta bizkarra, lurralde eztia eta haren ahotsa, ai haren ahotsa, nik ez dakit nondik behera eroritako musika zorabiagarria.

      Hitz bat ez zeukan sekula bestea baino azkarragorik. Dena pausatuki, dena gozo, esaten zekien hark. Une oro guztiz garrantzitsua balitz bezala sentitzen zuen, tentuz bizi beharrekoa balitz bezala gauzarik txikiena ere.

      — Hi eta ni, bi gaitun Inesa —erran zidan txalupa uretara bota genuen egunean—. Bi zati gauza beraren. Bakarra osatzen duten bi erdi.

      — Bai, Martin —erantzun nion nik—. Baina noiz arte izanen da hala?

      — Heuk nahi artean, Inesa. Ni hirekin baino lehenago aspertuko haiz hi nirekin. Itsasora joateko amets hori uxatzen ez badun hire barnetik, eta noizbait Pellot Kapitainarekin joaten bahaiz, azkar ahaztuko naun ni, lehorrean geratuko den zurgin xume hau.

      — Hori ez, Martin, hori sekula ere ez. Munduaren beste muturrera joan arren, beti izanen haut bihotzean eta hire albora itzultzea gogoan.

      — Hori ezinezkoa dun, Inesa. Itsasoan urak handi ditun eta lehorreko ororen oroitzapena irensten dinate, berunezko zati baten antzera.

      — Entzuna zaukaat kontrakoa ere: beti lehorrekoaren ametsetan dabilela marinela. Hazi eta hazi egiten zaiola lehorrean utzitako guztiaren oroimena eta antsia.

      Mutu geratu ginen biok istant batez. Ezer esan gabe asko esaten zidala iruditzen zitzaidan. Esan gabe esaten zidala itsasora ez joateko, Pellotengana ez hurbiltzeko. Kortsarioen ameskeria hura ene baitatik uxatzeko. Sakon-sakonean ez zuela nahi urrun nendin, nahi nuena egiteko libre nintzen arren, bere alboan nahi ninduela.

      — Ez Martin —erran nion halako batean, arraun egiteari utzita—, horretan ez diat sekula etsiko. Ni itsasorakoa nauk. Horrek ekarri naik hona. Hala ezagutu haut hi. Itsasorakoa nauk eta lehenengo aukeran, Pelloten ontzian itsasoratuko nauk.

      — Bazekinat hori, Inesa. Ez haiz hartutako erabakia merke saltzen duen horietakoa. Bazekinat bai, ederki asko jakin ere, nire ondoko apaltasunean baino, beste nonbaiten dela hiretzat idatzirik patua.

      — Ez esan halakorik, Martin. Nagoen lekuan nagoela, beti izanen haut gogoan.

      Berriro ekin genion arraunari. Martinen ezpainetan eta begietan, argi aparteko bat piztu zen orduan. Nik ez nuen ulertu irribarre zabal haren jatorria bizitzan oso aurrera egin nuen arte. Gerora bakarrik konturatu nintzen Martinen keinu hartan, nire izaeraren onarpen erabatekoa zegoela gordeta. Nintzen bezalakoxea maite ninduela berak, eta ez edonolakoa.

      — Pentsatu dinat txalupari zer izen jarri, Inesa.

      — Bai, esan hidan lehenago ere: Kulunka.

      — Ez, Inesa. Beste bat jarriko zionagu.

      — Nola, bada?

      — Beti Biok. Horrelaxe deituko dun, Beti Biok.

      Arrauna utzi nuen bertan behera eta besarkada batean bildu nintzaion. Itsasoa laņo zegoen, bare-bare. Arratsaldea gorritua zen ia eta epel egiten zuen, uda urruti bazegoen ere.

      Beti Biok-en kulunka geldoak lagundu zigun elkarren ferekan, eta musu handi batean urtu ginen, azukrea uretan bezala. Bi zati ginen bai. Gauza bakarraren bi erdi. Bi zati guztiz ezberdin baina, aldi berean, bata bestearentzakoak, nik bizitza guztian besterik ezagutu ez ditudan bezalakoak.

      Esan dezadan, alabaina, ezkutukoak izaten zirela beti elkarren arteko harreman haiek. Ni Nikolas nintzela beste guztientzat eta Martinek ere bere adineko mutiko bat banintz bezalaxe hartzen ninduela besteen agerian. Harrigarria egiten zitzaigun hori bioi eta korapilatsua zenbaitetan. Ez zen erraza izaten antzerki hura bere finiera eta hari guztietan behar bezala antzeztea. Egon zen pentsatu zuenik, Martinek ez zuela oraindik egoki ikasi hizketan, izan ere, nahi baino gehiagotan ihes egiten zion nire izaeraren markak, lagunartean genbiltzanean.

      — Nikolas, nahi al dun etorri plazara —edo antzeko zerbaitek egiten zion ihes noiznahi.

      — Mutiko kaikua —erraten zioten orduan— mutilari hitz egien diok neskari bezala. Noiz ikasi behar duk ongi mintzatzen?

      Eta orduan barre sekretu batek biltzen gintuen biok, Martin eta biok, beste guztien artean. Gure sekretua zen. Gure lurralde isilpekoa. Are lagunago egiten eta are harrotzenago gintuena geure barrenetan.

      Beste sekretu bat ere bagenuen, Martinek eta biok. Behin bere osaba erretoreaz galdegin nion. Nolakoa zen gizon hura, etxekoentzat. Nola jokatzen zuen etxe barnean bere amarekin eta berarekin.

      Martin lotsaturik zen osabaren kariaz. Ikusten zitzaion derrigorrez behar zuela maite, eta ez berezko gauza bezala. Ez zuen gogoko gizon anker haren izaera baina, hala ere, ongi hezia izaki, ezinezkoa zitzaion etxekorik edo senitartekorik gorrotatzea.

      — Utzi kontu horiek Inesa —erran zidan—. Gure osaba ez dun santu bat baina osaba dun azken finean, amaren neba. Ez dun ohorezkoa etxe barruko kontuak inoren aitzinean erakusten ibiltzea.

      Ez nuen baina etsi sekula eta aukera ikusten nuen bakoitzean profitatzen nuen gizon hari buruz galdegiteko. Zeharka eta kiribilka bazen ere, azkenean nahi nuen guztia eta gehiago jakin nuen gizon beltz hari zegokionean. Bere ohiturak, desioak eta pitzadurak, ahultasunak oro, denak eta guztiak jakitera iritsi nintzen. Martinen hitzei esker eta, batez ere, esan nahi gabe esaten zizkidan kontakizunei galbahea pasatuz, gizon hari buruzko albiste bakoitza jasotzen nuen urrezko pipita bailitzan eta gordetzen nuen altxorren zakutoan.

      Martini esker jakin nuen, bere osabak ez zuela gogoko denok berdinak egiten gintuen Iraultzaren osteko agintaritza berria, Iraultza baino lehenagoko garaiak zituela amets, alegia. Berdintasuna baino, gizon eta emakumeen arteko mailaketak zituela gogokoago. Legeek denok berdinak ginela agintzen bazuten ere, zain egoten zela beste garai batean zegozkion ohore eta loriak eskuratzeko itxaropenean. Haren ustez, umiliagarria zen herriko erretore jauna, auzapez edo alkatearen menpe egon behar berria. Gaitza zen eta jasan ezinezkoa eliza herri-agintarien menera egon beharra.

      Era berean jakin nuen, Haizpuru andrea eta inguruan euliak bezala biltzen zitzaizkion emakume haiek guztiak ere bere ezpalekoak zirela. Iraultza baino lehenagoko egoera zutela amets eta euren sosetik ordaintzen zituztela erretoreak Bordelera, Pauera eta baita Parisa ere egiten zituen joan-etorri guztiak. Mugaren beste aldera egiten zituenak ere bai. Isilpeko elkarte baten antzeko zerbait osatzen zutela, eta zenbait frantses eta espainiarren laguntzaz, Iraultzak ekarritako berdintasuna ahal zen lekutik pitzatu eta kraskatzeko asmotan, prest zirela zernahitarako.

      Nire jakin mina handia zen. Ezin handiagoa. Hala ere, ikusi nuen ezin handituzkoa nola den handitzenago. Haietako batean erran baitzidan Martinek, beldurrez egoten zela bere osabak muga gurutzatzen zuen bakoitzean. Ez zela fio han, beste aldean, lagun zuen soldadu espainiar batekin. Behin, gauez eta mozorroturik, hartu zuela gizon hark estalpe euren etxean eta harrez gero, osabarekiko kezkak bizi zuela. Gizon hura ez zitzaiola iruditzen, inondik inora, fidagarri.

      Gizon hura nor ote zen galdegin nionean, ez zuen asmatu garbi esaten. Bere izenaz ez zela oroitzen. Urrutiko doinua zuela haren espainierak, hori bai. Hitz egin baino gehiago, zaunka egiten zuela, ere bai. Baina gauzak asko argitu zitzaizkidan, bibote oker eta pitzatu bat ezpain gainean zeukala esan zidanean.

      — Patraņa tenientea! —egin nuen oihu—.

      — Bai. Horixe. Baina nola dakizu hori zuk?

      — Kontu zaharra da Martin, zahar zaharra.

      Ele horiek guztiak, tantoka esaten zizkidan Martinek edo, hobeto esanda, izerdia balitz bezala ateratzen nizkion nik. Gaur hau, bihar beste hura, erdizkako kontakizunak izaten ziren, gero nik bata bestearekin josiz osatzen nituenak. Zain eta zelatan egoten nintzen erretorea nire sarean eta oso-osorik noiz harrapatuko.

      Areago, Patraņa liutenanta, tenientea edo dena delako gizon urdekume hura bazkide zuela jakin nuen istantetik, ene bihotzetik ihesi joana zen gupidaren gaitasuna. Neu ere gogortzen eta ankertzen ari nintzen, adinean aurrera egin ahala. Ez zitzaidan batere ardura, ordea.

      Eta iritsi zen eguna. Urrezko pipita baino, uste gabean, harri kozkor galanta bildu zen nire galbahera. Ez nuen aukera galduko. Ez nion gozamenari uko egingo. Gertaera baten berri neukan nik eta erabili egingo nuen nekiena. Askotan, altxorrik preziatu eta garestiena izaten daki informazioneak.

      Ezkerreko eskua erabiliz zirriborratu nion ezkutuko gutun bat Hendaiako alkateari.

      “ Auzapez jauna, herritar bat nauzu, oraingoz bere izena gorderik nahi duen herritar soil bat. Nire betebeharra da oraintsu jakin dudan gertaera bat zuri jakitera ematea, egin beharreko guztiak zerorrek azter eta burutu ditzazun.

      Jakin ahal izan dudanez, Azpilikueta erretoreak, Hendaiako elizarena den zilarrezko Hirutasun Santua isilpean saldu du. Bai, sakristiako armairuan gordeta behar lukeen huraxe bera.

      Ez ditut zehazki ezagutzen erretoreak horretarako ukan dituen arrazoiak, baina nolanahi ere, eroslea Patraņa izeneko soldadu espainiar bat izan dela uste dut. Ez da bidezkoa herri guztiarena den zerbait, inori ezer esan gabe eta berak halaxe erabaki duelako, desagerraraztea.

      Segur naiz, gainera, salmentatik lortutako diruak, Hendaian zeuk ordezkatzen duzun Iraultzari eta Frantziako Lehen Errepublikaren agintaritzari aurre egiteko izanen direla erabiliak.

      Zeure esku geratzen da, bada, gertaeren ardura aztertzea eta dagokiona egitea.

      Era berean jakin ezazu, gutun hau idaztearekin batera, bere erantzukizunaz aske geratu dela herritar xume hau.

      Askatasunak, berdintasunak eta anaiartekotasunak lagun zaitzatela zeure zereginean”.

      Egun hartan bertan ikusi nuen auzapeza jendarmeez lagundurik elizara sartzen eta bazterrak arakatzen. Han ez zegoen Hirutasun Santuaren irudirik. San Jose bat eta Epifaniako Hiru Erregeak ere, denak zilar eta harribitxizkoak, falta zirela egiaztatu zutenean, Martinen etxera jo zuten erretoreaz galdezka. Ez zuten, ordea, erretorerik inon kausitu. Kukuturik egonen zen bere ezpalekoren baten etxean.

      Gau euritsu bezain haizetsu eta hotz hartan bertan ikusi nuen txalupa koskor bat ezinean zebilela Bidasoa gurutzatzen Hondarribirantz, mugaz bestalderantz.

      Pertsona bakarra zihoan barnean, arraunean eta euritan blai. Ezinean. Ilargirik batere gabeko gauaren ilunak are gehiago iluntzen zuen gizon haren bisaia beltza. Azpilikueta zen, mila demonioka ihesi.

      Ez zidan gertaera hark Hiribarren medikua berriro nire albora ekarriko. Ez zuen nik jasotako kalterik ordainduko. Baina izorra zedila Azpilikueta Erretorea. Ospa nire begien paretik, urde ahalena!.

      Inoren zorigaitzak norberarena berdintzen ez badu ere, zinez erran dezaket, mendekuaren gozoa benetan dela gozo, gozoetan gozorik baldin bada.

 

Inesaren balada
Hasier Etxeberria

Elkar, 2002