Inesaren balada
Hasier Etxeberria

Elkar, 2002

 

 

6. Hiribarren medikua

 

      Ez dago esaterik nola aldatu ziren gauzak niretzat Zubernoa auzoko Prioreniara iritsi nintzen egunetik. Han ezagutu nuen harrerak eta aurrerantzean eskaini zidaten arretak, oso noizean behin baizik ez zioten uzten agertzen Indazubiko nire familiaren oroitzapenari. Gure ama laztana ez nuen ahazten ez, baina gainerako guztiak, ahizpak, aita eta ingurukoak, egunetik egunera ezkutatzenago zitzaizkidan laino itsu baten atzean. Gero eta urrunago, putzu sakonera jaurtitako harria bezala. Gezurra litzateke hori horrela ez zela izan esatea, hemen, neure bizitza kontatzeko erabiltzen ari naizen paperezko orri hauetan.

      Prioreniako argiak urrezkoa zirudien arratsaldeetan, Aiako Harriaren gainetik etorri eta Bidasoaren uretan ispilatuta. Etxea eta inguruko parajea ikaragarri ederrak ziren, eta halakoxeak dira oraindik ere: ezki ederrez hornitutako bide zabal batek egiten dizu lehenik harrera eta azken arbolen ostean, hortxe duzu etxea, apal bezain sendo eta eder, ibai aldera salto egin nahi balu bezala.

      Uretaraino sartzen den eskailera baten ondotik, kai txiki bat dago, hiruzpalau ontzi handizka lotzeko adinakoa eta potxinak eta txintxorroak ur gainean kulunkan. Etxe nagusiaren alboan, etxe umilago bat, eta harantzago beste bat eta beste bat. Atarian haurrak eta zakurtto batzuk jolas etengabean. Izan ere, ni hara agertu nintzen garaian, etxea barik gehiago, auzoa zen, edo herri baten barneko beste herri ttipiagoa, Zubernoako Priorenia. Hango iturri garbira ur bila joatea ez zitzaion inori nahigabeko egiten eta asko ziren Hendaiako kaskotik bertatik ere, haraino ur bila etortzen zirenak. Erratzeko arriskurik gabe esan liteke Hendaiaren bihotzetako bat zegoela hantxe, eta bizi-bizirik gainera, Bidasoaren iparraldeko ibarrean, Priorenian.

      Gozaleku hartan nola oroitu Indazubiko gure zoko umel eta beltzarekin?. Nola gorde txarragoaren oroimina bihotzean? Gizakia ez da horretarakoa: berehala ohitzen da hobeagora eta, zinez, hobea zen Priorenian patuak ekarri zidana, Indazubian sortzez zegokidana baino. Askoz ere hobea.

      Gainera, oraindik ez dut esan, Pellot bera zen Prioreniako Jauna. Gerora jakin nuen nik hori, bertara iritsi nintzenean hilabeteak baitzeramatzan etxean agertu gabe Kapitainak. Ingelesek preso hartuta zeukatela esaten zen, kartzela-gaztelu edo gotorleku batean. Beste batzuek, espainolen esku zegoela esaten zuten, ziegarik ilunenetan esku-hanka lotuta. Baina Priorenian ez zuten inor kezkatzen kontu horiek guztiek. Denek esaten baitzuten sekulako segurantziaz:

      — Gutxien uste duzunean agertuko da Pelloten ontzia ibaian gora Prioreniaraino. Festa egunak ekarriko ditu berarekin orduan. Hori noiz izanen den jakiterik ez da xuxen, baina txarrentxarrenean, hemen izanen da Bixintxo egunerako. Hori segur da, beti izan baita hala.

      Era horretan ikasi nuen Bizente deunari, Bixintxo erraten diotela Hendaian eta Urruņako partean. Horixe dela urteroko festa handiaren eguna, Ilbeltza edo Urtarrilaren hogeita batgarren egunean.

      Ez nuen, hala ere, pixka batean Etienne Pellot Kapitaina begien aurrean ikusteko aukerarik izan. Urtebete, bi eta hiru ere pasatu ziren haren aztarnarik batere gabe. Indazubiko gertakarietan ezagutu nituen Akuilu eta Pepin, haren laguntzaileak, agertzen ziren noiz edo noiz Andere Mariaren aitzinera betikoa esateko: preso zegoela oraindik Plymoutheko gazteluan eta eginen zutela bidea, haren askatzeko. Egoteko lasai.

      — Inork ez du Etienne askatzen ahal —erantzuten zien beti—, berak behar du lehenik bere burua askatu.

      Hitz haiek nik ez nituen garai hartan ulertzen. Bizitzak aurrera eginda ere, nekez ulertu ditut gerora. Ozta-ozta. Adinak ez baitu derrigorrez ekartzen gauza guztietarako balio duen argia.

      Gaur da eguna oraindik ere ez naizela segur Andere Mariak esan nahi izan zuenaz. Ene baitarako, hitz haiek Pellotek berak baizik ezin zituen endelegatzen ahal. Hitz haiek, nolabait esateko, airera jaurtikitzen zituen Pellot hobekien ezagutzen pertsonak, Andere Mariak, noizbait eta nolabait Kapitainaren belarrietara irits zitezen.

      Etorri bezala egiten zuten alde, beraz, Pelloten gizonek. Burumakur eta Frantziako Errepublika berria gaitzetsiz. Antza, ez zuten aski laguntza izaten Pellot kartzelatik nola atera asmatzeko eta horretarako egin behar zirenak egin ahal izateko.

      Antza, kortsarioak diru-iturri soil ziren agintarientzat. Hortik aitzinera deus ere ez, ez eta Errepublikaren mesedea merezi zuten soldadu ere. Zenbat aberastasun ekarri, etsaiari zenbat ontzi harrapatu, hainbeste balio zuen kortsarioaren bizitzak. Ez besterik.

      — Parisek beti dio berdina, kortsarioak ez direla bere soldaduak —entzun nuen behin Pepinen ahotan—, Itsasoko Legea dela nagusi eta Errepublikak ez duela sekula emaiten gu bezalakoentzat babesik. Ez dute halakorik erraten Pellotek ingelesei edo espainolei urrez betetako ontziak harrapatzen dizkienean. Koldar halakoak!

      Itxura guztien arabera, nire bidea eta patua, beste leku batean zeuden. Nire pausoak ez ziren pixka batean kortsarioenekin nahasiko. Hiribarren medikuak edukiko zuen horretan zerikusirik franko.

      Egun batean, gaitz ezezagun batek jota, Andere xahar bat hil zen gure auzoan. Prioreniako guztiok, zahar eta gazte, joan ginen gorpua ikusi eta azken agurra egitera. Etxe hartan sartu ginenean, ordea, heriotzaz gaineko beste tristura bat ere bazuten senitartekoek eta ahaide guztiek: ezin zuten gorpua hilkutxan sartu inola.

      Hil bezain azkar, neurriak hartu zizkion zurginak hildakoari eta neurrira egin zuen gaztainondo zurez hilkutxa. Baina, harrigarrietan harrigarri, hildakoa puzten eta puzten hasi zen handik ordu gutxira, bere gorputzaren tamaina bikoizteraino. Lehenago emakume argal eta lehorra izandakoa, erraldoi bihurtua zegoen. Zahagi handi bat zen, sabela puztu-puztu eginda, eta eginahalak eginda ere, ezin zuten inola egokitu hilkutxaren barnean.

      Hiribarren medikuari behatzen zioten denek erantzunaren bila. Hark ez zekien, ordea, zer egin eta zer esan. Atzera eta aurrera zebilen hildakoaren gelan, arazoa konpontzeko irtenbidea nondik etorriko zitzaion zain.

      Baionatik Bidasoara bitarteko lurraldean, jainko ttipi bat zen Hiribarren medikua, denek zioten begiramendua eta hark sendatuko ez zuen sendatzeko modukorik, ez zen ezagutu egundo. Itsuki zioten fedea Priorenia eta Hendaia guztiko biztanleek. Baita Urruņa eta harantzagokoek ere. Egun hartan zaputz, ordea.

      — Ez dut nehoiz ikusi halakorik nire bizitza guztian —esaten zuen—.

      Hil eta gero urez puztu da . Horrelakorik ez dut sekula irakurtu liburuetan. Bordelen ere ez ziguten antzekorik erakutsi Unibertsitatean. Hil eta gero azkazalak eta ilea hazten direla bai, hori badakit, baina tamaina honetan gorputza puztea, berria da enetzat. Ez dakit zer egin. Bi irtenbide baizik ez zait otutzen: hilkutxa berria egitea edo egun batzuk itxarotea, ea gorpua berezko neurrira etortzen den —esan zuen etsituta—.

      Senitartekoek, ordea, ez zuten ez bide bat eta ez bestea nahi. Ez zuten onartu nahi Hiribarrenek esanikoa. Bigarren hilkutxa bat egiteko, eta hain handia behar zuena gainera, ez zeukatela aski dirurik zioten eta egun batzuk itxarotearena ere ez zuten begi onekoa: gorpua usteltzera emanda zegoen eta haren usain nabarmena etxe guztira zabaltzen hasia zen. Ez zegoen, bada, itxaroterik. Irtenbide bakarra desohoretsua zen: ohitura eta arau guztien kontra, zapi zuri batean bilduta, hilkutxarik gabe lurperatzea hildakoa. Ez zuten besterik ikusten.

      Ikuskizuna ikaragarria zen: ohearen gainean hilkutxa eta hilkutxaren gainean emakumearen gorpua, kaxaren ertz eta erpinen gainean tinko, bertan sartu ezinda. Oinetako ttipi batean gizonezko garau baten hanka handia sartu nahi deneko irudia eman zidan niri. Edo lurrezko ontzi tiki batean, haritz handi baten sustraiak sartu nahi izaten direnekoa.

      Zerbait egin behar zela deliberatu nuen. Ez dakit nola eta zergatik, ez galdetu niri halakorik, etxe hartako sukaldera abiatu eta plater handi bat bete nuen gatzez. Ondoren, jendea eta hildakoa zeuden gelara itzuli eta gorpuari jarri nion platerkada gatz hura sabelaren gainean.

      — Zer egiten duk Nikolas? —galdegin zidan Hiribarrenek eta galdegin zidaten denek.

      — Ez dakit —erantzun nien, arrapostu egokirik asmatu ezinda.

      Istant hartan gertatu zen gertatzekoa. Miraria. Sekula, inoiz eta inon ikusi gabekoa. Gorpua poliki-poliki despuzten hasi zen zahagi zulatua bailitzan, eta bere neurrira itzuli ahala, kaxaren barruan egokitu zen emakumearen gorpua, neurriko eskularruan behatzak bezala. Polikipoliki eta berez-berez.

      Denek jarri zituzten begiak niregana baina nik ez nekien zer esan eta zer egin. Lotsak gorriturik geratu nintzen apur batez. Senitarteko batek orduan, gatz platerkada kendu zion gorpuari sabelaren gainetik, eta itxi egin zuen, zurginaren laguntzaz, hildakoaren kutxa, berriro puzten hasiko ote zen beldurrez.

      — Milesker Nikolas —esan zidan— orai ehorzten ahal diagu izeba.

      Haren begietan, ordea, esker on garbia baino gehiago nabaritu nuen. Handik aurrera beste guztien begietan ikusi dudan zantzu berbera ikusi nuen estreinakoz: beldurrarena. Indazubin sorginetarako jaioa nintzela uste zuten guztien begirada ilun berbera.

      Bai, zergatik ez esan, egun hartan hasi zen hendaiarren artean niganako errespetua, niganako begiramendua eta, aldi berean, mesfidantza. Beti izan da horrela harrez geroztik. Denek naute maite baina denek dute gordetzen niganako izu ttipi moduko bat, beste mundu batetik etorritako izaki arraroa banintz bezala.

      Hiribarren medikua aho zabal-zabalik geratu zen gela hartan ikusitakoaz. Aparte hartu ninduen halako batean eta bere etxera lagundu behar nuela agindu zidan. Mediku kutxatila jarri zidan eskuetan eta han joan nintzen, bera baino bi pausu atzerago, herri kaskorantz, bere etxerantz.

      Ordu erdiko bidea zegoen hildakoaren etxetik sendagilearenera baina, hala ere, bide guztian ez zidan fitsik esan Hiribarrenek. Gogoetek harrapatuta egin zuen bide guztia. Noizean behin, abiada ustekabean geratu, atzera jiratu eta zorrotz begiratzen zidan. Ni ere geldirik geratzen nintzen, kutxatila eskuetan, zer egin eta nora begiratu asmatu ezinda. Gizon hark buruan zerabilena ez zegoen asmatzerik baina errezeloa neukan, bazuela zerikusirik nik hildakoaren sabelean jarritako gatz platerkadarekin.

      Bere etxera sartu ginenean, ez zien hitzik ere esan emazte eta seme-alabei. Arratsaldeonik ere ez. Gogoetak harrapatuta jarraitzen zuen. Jaka kendu eta zuzen abiatu zen beheko solairuko gela handi batera. Ni, ondoren. Bazter batean zegoen aulki batean esertzeko agindu ostean, beste ezer gaineratu gabe irten egin zen gela hartatik eta atea itxiz bakar-bakarrik utzi ninduen bertan, leku arrotz bezain harrigarri hartan.

      Gela argitsua zen. Hormak ia ez ziren ikusten ahal, dena baitzegoen apalategiz, gauzaz eta gailuz beterik. Eta apaletan, liburuak, kolore guztietako hautsak, neurri orotako kristalezko ontziak, tramankuluak eta belarrak. Han denetarik zen. Baita gizonezko baten hezurdura osoa ere zoko batean zintzilik. Ez nintzen aulkitik jaikitzen ausartu, baina gustura begiratuko nion hezur hutsezko izaki hari hurbilagotik.

      Hiribarren berriro sartu zenean gelan, atorra hutsez agertu zen eta bera ere nire ondoan eseri zen, ondoko jesarlekuan. Biok egon ginen horrela tarte batean, isilik eta gelan zeuden milaka gauzei beha.

      — Galdera batzuk egin nahi dizkiat, Nikolas —esan zidan, halako batean.

      — Berorrek nahi duena, jauna —erantzun nion, larritasun apur batez.

      — Zer ikusten duk gela honetan, Nikolas?

      — Medikuen tresnak, liburuak eta gauzak, jauna. Hezurrak, kristalezko ontziak, hautsak eta belarrak: mihurak, espantu belarrak, azeri buztanak, osinak, otaloreak, zumitzak, kamamilak, ezki loreak, ezkurrak, basaranak.

      — Belar gehienak ezagutzen dituk, beraz. Nork irakatsi dizkik horien guztien izenak?

      — Inork ere ez, jauna.

      — Orduan nola ezagutzen dituk?

      — Ez dakit, jauna. Mendian bertan ikasita edo amari entzunda, izatekotan. Mendikoa bainaiz ni, izan ere.

      — Eta gatzarena? Nori ikusi diok hori egiten lehenago?

      — Inori ez, jauna.

      — Orduan, nola asmatu duk hori egin behar zela?

      — Ez dakit, jauna.

      — Zergatik jarri duk gatza hildakoaren gainean?

      — Ez dakit, jauna.

      — Nola ez duk, bada, jakingo?

      — Ez, ez dakit, jauna. Iruditu egin zitzaidan.

      — Iruditu? Zer iruditu?

      — Bada, horixe, gatzak ura zupatuko zuela. Berorri entzun nion esaten hildakoa urez puztuta zegoela.

      — Gauza bat duk gatzak ura zupatzeko bertutea daukala jakitea eta bestea, gatz platerkada bat puztuta dagoen hildakoaren sabel gainean jartzen asmatzea.

      — Ez dakit, jauna. Laguntzeko asmotan egin nuen hori. Jakin ez nekien ezer baina iruditu egin zitzaidan, begira geratu ordez, hobe nuela zerbait egitea. Ez al zitzaion berorri ondo iruditu nik egindakoa, jauna?

      — Bai Nikolas, ondo egin huen —esan zidan. Zegoen lekutik jaiki, eta ezkerrera zeukan apalategitik kristalezko bi botila ekarri zituen eskuetan. Barnean, animaliak zeuden ur lohi moduko batean gordeta—. Erradak orai, nola du izena hemengo honek?

      — Urre-muskerra, jauna.

      — Eta beste honek?

      — Hori azkonarkumea da, jauna.

      Nik orduan ez nekien oso ondo galdeketa luze haren helburua zein zen, baina egia, galdetzen zizkidanak guztiz galdera errazak egin zitzaizkidan gehienak. Denbora iragan ahala gainera, gero eta galdetuzaleago ikusten nuen Hiribarren medikua, nire erantzun bakoitzak galdera berri bat sortuko balio bezala.

      Gela hartan zeuden landare eta piztia idortu guztien izenak esan nizkionean, gaixotasunei buruz egin zidan galde: elgorria nola sendatzen den, sukarra nola baretu, legena nola uxatu, hezurrak nola lotu.

      Halako batean, inondik inora espero ez nuen galdera egin zidan:

      — Nola sendatuko hukek kukurruku eztula?

      Hori niri galdetzea edo atariko zakurrari bi eta bi zenbat diren galdetzea berdintsua zen. Ez nekien galdera hari zegokion erantzunik. Nola jakingo nuen, bada? Ni ez nintzen mediku. Egia esan, kukurruku eztula zer zen ere ez nekien xuxen. Entzutez baizik ez nekien garai hartan ia haurrik gehienak itotzen zituen gaitz haren berri. Isilik geratu nintzen, bada, tarte batean, zer erantzun asmatu ezinik.

      Isiltasun hartan, ezerk ez zuen hartzen arnasarik. Kanpoko txoriak ere ez ziren entzuten. Hiribarrenek ere han jarraitu zuen neuri begira, ezer esan gabe, arnasotsik ere egin gabe.

      Luzeak iruditu zitzaizkidan minutu haiek, ikaragarri luzeak, baina, halako batean, nik ez dakit nola eta nik ez dakit nondik, ahots txiki bat igo zitzaidan urdailaren erditik, eztarrian gora. Suge txiki baten modukoa zen ahots hura eta eztarrian kosk egin gabe, nire ahotik hasi zen hizketan, ahokorda guztiak menpean hartuta.

      — Ez dakit, jauna, baina zerbait egitekotan, otalorea egosiko nuke nik eztia eta urarekin, eta lortutako edabea edanaraziko nioke gaixoari, egunean hiruzpalau alditan.

      Hiribarren medikuari begiak zabaldu zitzaizkion, bi arrautza handi beste. Poz-pozik zegoen eta deblauki esan zidan, handik aurrera bere laguntzailea izanen nintzela. Ni ikasle eta bera maisu ibiliko ginela inguruetako gaixo eta zauritu guztiak sendatzen. Aspalditik zeukala ni bezalako norbaiten beharra, gaitzak eta zorigaitzak ugari zirela Hendaia eta Urruņako partean eta ez kezkatzeko, aspertzeko asti handirik ez nuela edukiko aurrerantzean.

      — Eskertzen diot berorri eskaintza, baina, jauna, nik ez dut mediku izan nahi. Nik itsasmutil izan nahi dut eta Pellot Kapitainarekin eta haren gizonekin itsaso zabaletan ibili.

      — Kendu burutik pitokeria horiek! —esan zidan gordinki—. Hi nire laguntzailea izanen haiz eta ez zagok zertan gehiago hitz egin beharrik. Hegaztia ez duk sortu urperako ez eta ere arraina arbolarik arbola igota ibiltzeko. Hik medikuntzarako dohainak dauzkak eta nire laguntzailea izanen haiz hemendik aitzinerat.

      — Baina, jauna.

      — Ez zagok bainarik. Bihar bertan mintzatuko nauk Andere Mariarekin —esan zuen guztiz serios—. Orain hoa, etorritako bide beretik eta kendu burutik itsas kontu horiek guztiak. Nik laguntzailea behar diat eta ez zagok inguruetan hi baino hoberik. Itsasorako eta lapurretarako, ordea, zeinahi kaskajok balio zezakek.

      Alde bateko poza eta besteko zoritxarra nahasian eraman nituen Prioreniara bidean behera. Aukera ederra zen Hiribarrenen laguntzaile izatearena. Ibaian erdi itota ibilitako ni bezalako ume galdu eta ezdeus batentzat bereziki, aparta zen egokiera. Edonor pozteko modukoa zen hori. Edonor bai, baina ez Inesa Indazubikoa. Ez eta orduko egunetan nintzen Nikolas Urtubi ere.

      Patua patu, ni ez nintzen sorgina, eta ez nintzen medikua ere izango. Halaxe pentsatu nuen orduan. Belarren eta zomorroen izenak ezagutzeak ez zeukan batere baliorik nire antzera mendian sortu eta bizi izandakoarentzat. Nire ahizpetako batzuek ere ezagutuko zituzten izen guzti horiek, neuk bezalaxe edo hobeto eta horrek ez zituen libratuko mundu honetan alferrikako izatetik. Gure amak ere ezagutuko zituen haiek denak, baina baita basurdeak edo erbinudeak, zozoak eta birigarroak ere. Mendikoa, mendikoa izaten da beti, eta begiratzen dakien edonork ezagutzen ditu horiek guztiak. Berezkoa da hori, pottokak, ahuntzaren aldean, ez du osinik jango sekula edo landare arantzadunik. Sugegorriak beldur dio beleari, beleak gizakiari eta gizakiak sugegorriari. Hori horrelaxe da eta izango da beti. Gauaren ostean eguna den bezalaxe.

      Ni itsasmutila izango nintzen eta itsasokoak behar nituen ikusi eta ikasi. Halaxe neukan deliberatua eta halaxe egingo nuen, kosta ahala kosta. Botika artean harrapatuta eta kexu eta zorigaitzen artean amaitzeko ez nuen atzean laga Indazubi. Nire arimak itsasoko zabala soilik zuen amets. Pellot Kapitainarekin itsasoratzea nuen helburu eta ez zidan hori lortzea inortxok eragotziko, ez Hiribarren medikuak ez eta ere Maria Andere maitagarriak ere. Munduko haize guztiek ere ez ninduten makurtuko neuk erabaki gabeko bidean ibiltzera. Ez horixe.

 

Inesaren balada
Hasier Etxeberria

Elkar, 2002