Inesaren balada
Hasier Etxeberria

Elkar, 2002

 

 

3. Ibaian behera

 

      Ez dago zertan exageratzen eta gauzak neurririk gabe kontatzen ibili beharrik baina Indazubitik itsaso aldera ihes egin nueneko egun haiez oroitzen naizen bakoitzean, orain, ia laurogei urteko amona-xahartuta nagoen honetan, gure garaiko neskatilak gaur egungoak baino azkarragoak eta gogorragoak ginela ez dago zalantzarik.

      Orain har ezazu hamar urteko neskato bat eta ikusiko duzu ez duela ez gatz eta ez piperrik deusetarako. Ume-umea dela oraindik. Gure garaian hamaika lan egin behar izaten genuen adin horretarako. Lehenago ere esan dut sukaldean aritzen nintzela ni lanean, eta halaxe oroitzen dudala nire burua jaio nintzen unetik, lanean. Oraingo neskatilek bizimodu erraza eta gozoa daukate gurearen aldean, zorionez gainera.

      Batzutan lixiba egin beharra egoten zen errekan, bestetan oilo edo abereak gobernatzeko lanetan ibili behar edo bazkarako belarra mozten, azpiak egiteko iratzea garraiatzen, noiznahi josten edo etxea goitik behera garbitzen. guretzat ez zen egoten atsedenik. Eguna esnatzerako erne egon behar izaten genuen guk eta ilargiak bide handia egindakoan bakarrik hartzen genuen atseden apur bat ohean. Ez zegoen ez jairik eta ez bestelakorik. Infernua zen gure orduango bizitza, baldin eta infernurik baldin bada nonbait mundu honetan.

      Gogoan dut, esaterako, zazpi urteko haurra baizik ez nintzenean, amak nola bidali ninduen zaldi bila mendira. Ez dut egun hura hil artean ahaztuko, neu nor eta nolakoa naizen egun hartantxe hasi bainintzen konturatzen.

      Dozena bat zaldi genituen guk garai hartan eta haietatik bakarra zen mantsoa: ipurdi handiko potoka adats luze eta gorri bat. Huraxe behar zen biharamunean, kartolak jantzi eta Elizondora sagardo bila joateko. Goizeko laurak aldera esnatu ninduen amak.

      — Ekar ezan mantsoa menditik eguerdirako —besterik ez zidan esan.

      Eta ni poztu egin nintzen enkarguaz, goiz osoa edukiko bainuen neuretzat mendian gora eta behera ibiltzeko. Etxeko lanetatik libro behingoagatik bazen ere. Ez nintzen jabetu, gaizoa halakoa, gure zaldi mantsoa edonon egon zitekeela mendian: Zorrozpeko zelaietan edo Lepoko basoaren barnean, Maripotzuko ibarrean edo Kapelingo malkarretan. Zabala eta handia zen gero mendia gurean, itsasoa bera baino gehiago.

      Ibaian behera edo aldapan gora, nondik hasi ez nekien nik zaldi bila abiatu nintzeneko goiztirian. Zazpi urteko haurra baizik ez eta mendi bazter guztiak neuzkan arakatzeko, Turko esaten genion txakur txiki baten konpainia hutsean. Ezin nuen itzuli, inola, mantsorik gabe etxera eguerdian.

      Garai hartan erabiltzen genituen oinetakoak ere ez ziren izaten oraingoen antzekoak, asko aurreratu da horretan ere. Oraingo abarka eta oinetakoek oin guztia biltzen eta gordetzen dute ederki. Orduan ez, orduan larru zati gordinez egindako zola bat baizik ez zen izaten, oinaren azpian lokarriekin ahal bezala lotuta. Horixe izaten genuen guk zapata kontu guztia. Aski zen putzu bat edo gaizki emandako pausoa, oinutsik geratzeko ustekabean.

      Berdin zitzaidalarik norantz jo, gailurrik gorenerako bidea hartu nuen, pentsatuz han gaineko ikuspegitik begiztatuko nituela ibarren batean zaldiak bazkatzen. Alferrik izan zen baina Eztenbegiko gailur hartara igotzea. Goizeko behe-lainoak estaltzen zuen ibar guztia, izarak ohea bezalaxe, eta haren gainetik urrutiko ardien txintxarri hotsa baizik ez zen pasatzen ahal, noizik eta behin.

      Inguruko beste bizpahiru mendi ere igo nituen erabat akitu eta lehertu baino lehen. Sorginiturri deitzen diogun paraje batean hartu nuen atseden azkenean, eguzkia goratua baitzen ordurako eta eguerdia ere ez zen urruti ibiliko. Gain-gainean neukan amak emandako epe atzeraezina.

      Nire adimen xumearekin zer egin pentsatzen jarri nintzen. Bost egun ere ibil nintekeen horrela, edo mila eta bostehun, mendian gora eta behera, eta alferrik izango zen ahalegina. Zaldiak aurkitzeko beste bide azkarragoren bat egon behar zuen, segur. Seinaleak behar nituen begiratu, arrastoak ezagutzen ikasi. Haizeak ekartzen zituen aztarnak, hotsak eta usainak ulertzen hasi.

      Harro esan dezaket orain, egun hartan ikasi nuela mendia nola irakurri behar izaten den. Liburu edo izkribu zahar bat bezala, berdinberdin. Ez dauka batere alderik.

      Bide eta bazter guztietara arretaz eta adi begiratuz gero, mendiak hitz egiten daki. Dena kontatzen du. Ustekabean, arte eta urkien azaletan hasi nintzen basurdearen ileak ikusten, sasi beltzenetan txepetxaren lumak aurkitzen eta gaztainondoen inguruan azkonarraren ibilerak sumatzen. Tortola, birigarro, untxi eta azeri, guztien arrastoak zeuden agerian begiratzen zekienarentzat. Lehenago mutua zen mendia, berritsu bilakatu zitzaidan. Ez zen isiltzen. Edo bestela esanda, neu izan nintzen itsua eta gorra une hartara arte.

      Bideetako zaldi-apatxen arrastoei behatzen nien eta noizkoak ziren antzematen ikasi nuen: ura eta hezetasuna baldin bazeukaten barnean gordeta, ez ziren berriak. Aldiz, goizeko ihintza baizik erakusten ez bazuten, egunean bertakoak ziren. Aurkitutako zaldi gorotzak ere lurretik jaso eta apurtu egiten nituen eskuetan. Lehorrak baziren, ez zuten balio: aspaldikoak ziren. Baina ederki erakusten zidaten, hala ere, gure zaldiak nondik nora ziren ibiliak bazkatzen, ibarretako belar gozoa ala mendi gainetako sustrai lehorrak jandakoak ote ziren.

      Ordura arte guztiz ezjakina eta ezgauza nintzela esan dezaket, eta supituan ikasi nuela izadia bere neurrian ikusten. Harrez gero ez naiz galdu sekula inongo parajetan. Beti bada seinale bat, arrasto nimiñoren bat, xehetasun sotilen bat, begiratzen baino gehiago, ikusten ikasi duenarentzat.

      Gezurrik esan gabe aipa dezaket orain, zazpi urtekoa baizik ez zen Inesa txikiak, pauso bat bera ez zuela egin alferrik mendian Sorginiturrin atsedendu nintzeneko une hartatik aurrera. Zuzen-zuzen joan nintzen gure zaldiak zeuden lekura eta hantxe aurkitu nituen, lauzpabost ordu lehenago igarotako bide gurutze baten ondoan.

      Inori ez nion ikasia baina zaldietako batzuk etzanda zeudela erreparatutakoan, nire barnean gordeta bizi izan zen urrutiko ahots batek esan zidan aurki euria etorriko zela egun garbi eta eguzkitsua bete-betean egon arren.

      Zein parajetan eta non nengoen ez nekien xuxen baina behin zaldi gainean jarri nintzelarik, ez nuen eduki etxerako bidearen kezkarik: zaldi mantsoak berak ederki zekien non zebilen eta zein bide edo aldapatan egin behar zuen gora edo behera, eskuin edo ezkerrera, Indazubira iristeko.

      Nire txikitasunean, zaldi-maldi haren gainean jarrita, erregina edo jainkosa sentitu nintzen. Eta hala, eguerdia pasatxo baizik ez zenean, eta juxtu zaparrada handi bat erauntsika eta ufalka hasi baino apur bat lehenago, agertu ginen hirurok, zaldia, txakurtxoa eta erregina txikia, etxeko atarian. Ama neukan bertan zain, urdurituta.

      — Hire ahizpa zozanga horien aldean, fina haiz Inesa. Beti jakin dinat nik hori. Hor zaldi gainean hala jarrita printzesa ematen dun, maitea —esan zidan nire etorreraz poztuta. Eta musu eta estutu amultsu bat eman zizkidan, aspaldiko partez.

      Halakoxea zen gure ama, harekin ere ez zegoen sekula asmatzerik nondik etorriko zen eta nola. Batzutan esnegaina baino gozoagoa izaten zekien eta beste batzutan, ostera, ozpinik garratzena baino gaziagoa izaten zen. Nire aiurri aldakor honen ezpalak badaki zein enborretatik sortutakoa den.

      Dena den, hori ez zen nik hemen agertu nahi nuen kontua. Nik esan nahi nuena da, orain ikusten ditudanean hamar urteko neskatilak beren zapata eta atorra politekin jantzita, gehienetan adatsak buru gainetan amak txirikordatuta, nire garaitik hona asko aurreratu dela. Gure garaiko haurrak hurbilago ginela basoko animalietatik, elizako aingeruetatik baino. Salbaiak ginela zeharo, gaurkoen aldean, alegia.

      Horrexek lagundu zidan, seguruenera, itsasoraino bizirik heltzen Indazubi atzean laga eta neure erabakia hartu nuenean.

      Gure etxea ez zegoen berez urruti Hendaiatik, hogeita hamarren bat milia baizik ez, baina bide hartan ikusi eta pairatu behar izan nituen guztiak ez lituzke ez gaurko neskatila txolin batek nik adina kemenez gaindituko.

      Ezerk ez ninduen ni izutzen orduan, bai bainekien, nire patua, etorkizuna, geroa, edo dena delakoa, Pellot izeneko Kapitain haren pauso eta ibilerekin trabatuko zela noizbait. Nire barneko errotaren harria mugituko zuena, Hendaiako kortsarioaren ura izango zela. Bera eguzki eta ni haren itzulinguruko ilargi izango ginela noizbait. Oin azpian lurra zapaltzen nuen bezain segur nekien nik hori orduan. Ez galdetu zergatik eta nola.

      Ibaian behera hartu nuen, bada, itsasorantz, eta tarte luze batean ezer aipagarririk gertatu ez bazitzaidan ere, Endarlatsako bidegurutzera iritsitakoan asko aldatu ziren gauzak. Une hartara arte bizpahiru zalgurdi baizik ez ziren pauso azkarrez gurutzatu nire bidean.

      Endarlatsara iritsi nintzen ordurako neka-neka eginda eta gosetuta nengoen, ordea, eta gaua ere etorria zen gainera bere izarrezko teilatuarekin. Ez nuen gauza handirik ikusten ahal baina su baten inguruan gizon askoren ahotsa entzun nuenez, handik hurbil geratu nintzen pago zahar baten ipurdian etzanda. Gainean jarri nuen altzoan neraman zapi handi bat eta nire urdaileko gose-zaratei gehiegi erreparatu gabe, lo geratu nintzen, txita txiki bat oilo lokaren altzoan bezala.

      Goizeko ihintz hezeak esnatu ninduen hotz dardarez eta begiak zabaldu nituenean lau gizon ikusi nituen neure inguruan eta neuri so, erne. Euretako baten musker muturra eta bibotetxo ganora gabeko hura berehalakoan ezagutu nuen: Patraña liutenanta zen, urtebete lehenago gure etxea hankaz gora jarri zuena berbera.

      — ¿Nor zara mutikoa, eta zer zabiltza hemen? —galdegin zidan espainolez, ezpataren puntaz albo batean ziztatzen ninduen bitartean.

      Gaztelania apur bat jakin banekien, gure tabernako bidaiariei entzunez ikasita, eta ederki ulertu nion galdetzen zuena, baina ez nintzen ausartu ezer erantzutera. Muga inguruetan sortu garenok ederki dakigu nori bere hizkuntzan erantzun behar izaten zaiola eta egoki gainera. Hala ez izatekotan, hobe dela isilik geratzea. Arrotzak errazago sortarazten duela gorrotoa. Gainera beldur nintzen nire neskatilaahotsak salduko ote ninduen.

      — ¿Mutua, beraz,? —esan zuen jarraian eta nengoen lekutik zutitzera behartu ninduen ezpataren muturraz. Bitartean irri egiten zuten berarekin zeuden hiru soldaduek.

      Zutik jarri orduko zaplastako ikaragarri bat eman zidan eta lurrean geratu nintzen berriro lehengo lekuan etzanda. Zaldi baten ostikoa baino bortitzagoa egin zitzaidan gizon haren indarra. Belar mehe baten gisara bota ninduen airean. Neure txikitasunean, deuseztatu egin ninduen ustekabeko zaplada ikaragarriak, eta era hartan ni bezalako ume errugabe bat jotzen ibiltzeko, Patraña hark erabat izan behar zuela nardagarria pentsatu nuen. Gizon ankerra eta txarra, derrigorrez. Sugerik gaiztoenen artekoa.

      Hantxe hartu nuen erabakia: mutua izango nintzen, bai, guztiz mutu geratuko gizon harentzat eta bere soldaduentzat. Ez zidaten hitz bat ere aterako ezpainetatik. Ez erregurik eta ez bestelakorik. Mutuaren keinuak egingo nituen eta ez nien emango nire malkoak ikustearen atseginik. Ez horixe. Indazubiko Inesa txikiak bazeukan horretarako baino adore gehiago bere baitan.

      Belarritik tiraka zutitu ninduen lurretik Patraña liutenantak baina, hala ere, nire ahotik ez zen irten fitsik: ez kexurik, ez zirkinik. Min egiten zidan, bai, baina nahiago nuen min ikaragarri hura, erabakitakoari kontra egin eta neure buruarekin lotsagarri geratu barik. Gorrotoz begiratzen nion gizon zarpailari, piztia gaiztoari, eta nire bi begiak sutautsez kargatuak izan balira, hantxe egingo zioten tiro, bularraren erdira.

      — Nola begiratzen dizun Liutenanta! —esan zuen soldaduetako batek—. Ematen du begiradarekin izutu nahi zaituela. Uuuuh!

      Algaraka hasi ziren guztiak, iji eta ajaka, batetik bestera bultzatuz, trapu zaharraren antzera erabiltzen ninduten bitartean. Gizon haien jostailu bihurtua nintzen eta ez ninduten bakean laga pixka batean. Euren sagua ehizatua zuten basakatu anker haiek eta profitatu egingo zuten, aspertu arte jolasteko.

      — Nondik zatoz mututxo, eta nora zoaz? —galdegin zidan soldaduetako beste batek.

      Behatzak ezpainetan jarrita adierazi nien mutua nintzela, ez nekiela hizketan. Ondoren ibaian gora seinalatu nuen, handik nentorrela, alegia, eta gero ibaian behera jarri nuen behatza, norantz nindoan erakusteko.

      — Zeren bila zabiltza? —galdegin zidaten gero eta nik jatekoaren seinalea egin nuen ezker eskuko hatz guztiak bildu eta ahora eramanez.

      — Harriak jaten ikasi ez baldin baduzu, behintzat, beste ezer ez duzu aurkituko gure artean —gaineratu zidaten.

      Halako batean aspertu egin ziren nitaz. Kito jolasa. Hasi bezala bukatu zen amesgaiztoa, tupustean. Lurretik jaso nituen nire ondasun eskasak, lau korapilotako zapian gorde eta inori behatu gabe ekin nion Itsasoranzko bideari.

      Etorriko zela eguna pentsatu nuen, etorriko zela garaia eta unea, aurrez aurre topatzeko berriro liutenanta Patraña. Etorriko zela mendekuaren tenorea. Eta labankada batez, urdeari bezala, irekiko niola sabela behetik gora, edo goitik behera, piztia eta zomorroen bazkatarako lur gainean eguzkitara zabalduz bere errai guztiak eta denak. Alafede!

 

Inesaren balada
Hasier Etxeberria

Elkar, 2002