Inesaren balada
5. Zubernoako Priorenia
Eztul handi batek eta erraien erdian sortutako beste min zorrotz eta ikaragarri batek esnatu ninduten. Belar bustiaren gainean nengoen etzanda baina hori nik ez nuen nabaritzen ahal, neu bainengoen belarreko ihintza baino bustiago. Ur gainean etzandako ur zakua baizik ez nintzen. Ahozkora nengoen luze eta zabal neure txikitasunean, ezki handi eta eder baten hostoen artetik zeru goibela ikusi nuen begiak zabaldutakoan eta ezetz, ez nengoela egiazki hilda hasi nintzen konturatzen. Bidasoan itotzen direnek, ezin dietela ortziko hodei beltzei zuhaitzetako hostoen artetik erreparatu, horixe izan zen nire lehen gogoeta. Eguraldia eta ortziko hodei beltzen gora beherak ez direla izaten, alegia, hilda daudenen kezka eta kontua. Egia esan behar bada, poza barik, pena eragin zidan horrek kolkoan. Heriotzak horixe baitauka: behin bere besoetan izan zarelarik, ez duzu handik alde egin nahi izaten inola. Loaren gozotasun bakezkoak harrapatzen zaitu betiko. Hiltzea eta lo egitea, gauza bat eta bera direla ohartzen zara. Alde bakarra, batean amets egiten dela da, eta bestean ez. Handiagoa izaten da, zinez, berriro jaio beharraren mina, hiltzearena berarena baino. Behin argirik eta zaratarik batere gabeko lurraldea dastatu baduzu, ez zaizu nehoiz ahantziko haren oihartzun barea. Konprenituko duzu mapa zaharretatik kanpo lurralde eder askoak ere badirela eta ezerk eta nehork ez zaitu izutuko lehenago bezala. Behin hil eta gero, gainera, beste bat zara. Ez hobea, ez txarragoa. Beste bat, soil soilik. Urrea ikusi duen meatzaria bezalakoa. Gauzek eta neurriek, benetako tamaina hartzen dute harrez gero: minutu bat ez da sekula gehiago luze ala motz izaten, minutu bat minutu bakar soil bat baizik ez da izaten heriotza ezagututakoan, hirurogei segundo. Ordubetearen hirurogeigarrena. Bi lagun ikusi nituen nire ondoan belaunikatuta. Bata gizonezko buru-zuria zen eta bestea, gure amaren adin bertsuko emakume ederra, nik sekula ikusi dudan ederrena iruditu zitzaidana. Irriz zeuden biak, Herioren atzaparretatik ni bezalako ume koskorra lapurtu izanak poztuta. — Nola duzu izena, mutiko? —galdegin zidan emakumeak. — Nikolas —erantzun nion, eztul txiki eta karkaxen artean. — Ongi etorria, Nikolas —esan zuen orduan gizonak eta besotan hartuta, jaso egin ninduten belartza busti hartatik ondoko etxera. Eztul artean eta heriotzatik ihes egitearen minaren menpe egon arren, etxe hura ez zela gurea bezalakoa ohartu nintzen berehala. Egia esan, etxea barik, jauregi moduko bat zen, ezker-eskuin beste zenbait etxetxo txikiago zituena. Ibaiaren gain-gainean zegoen eraikia, bertako ur ilunetara salto egin nahi balu bezala, eta handik, ibaiaren aldetik, etorri ziren korrika neska-mutiko zenbait eta emakume batzuk ere bai, itotzetik bizirik irtendakoa nintzen hau ezagutzera. Sutondora eraman ninduten zuzen eta soinean neramatzan arropak kentzeko agindu zidaten segidan. Ezetz esan nien nik, ez nituela kenduko. Alferrik izan zen, ordea, beste bi emakumek ere heldu baininduten besoetatik eta guztien artean hasi baitziren nire arropak eranzten. Zaldiko edo behor aztoratu bat bezain indartsu mugitu nintzen . Edo basurdearen antzera. Eta indar guztiak erabiliz, ihes egin nuen emakume haien esku artetik, sukalde handi hartako beste zoko batera. Heriotzaren orduak makaldu ninduen bai, baina ez inoren aurrean kikiltzeko beste. — Arroparik ez dudala kenduko esan dut eta ez dut kenduko. — Zer duzu maitea? —esan zidan emakume ederrak—. Gaixotu nahi ez baduzu, tori jantzi lehor hauek eta sar zaitez horko gela horretan. Alda itzazu lehenbailehen arropa bustiak eta etorri berriz sutondora. Men egin nuen eta arropak aldatu nituen ezkutuan, gela hartako bakardade seguruan. Gainean nituen hotzikara etengabeak baretzen hasi ziren atorra lehorrak jantzi ahala. Izanak izan, ordea, ezezagun haiek guztiek ez zuten izanen Inesa Indazubikoaren berririk. Nikolas izango nintzen ni, Nikolas Urtubi, Elizondo aldekoa. Halaxe esan nien behin sukaldera itzuli nintzenean, ahotsa ahal nuena gizendurik. — Elizondo aldekoa? —galdegin zidaten— nola iritsi zara honaino hain urrutitik? Bideak ez daude errazak aspaldian. Gezur bat bestearen ondotik, horixe ihardetsi nion jende bihozbera hari: Elizondoko otargile baten semea nintzela eta bata eta bestea. Patraņa izeneko gizon anker batek, gure etxeko guztiak, aita, ama eta familia osoa akabatu ondoren, bahiturik ninderamala bere jaunaren zerbitzura morrontzan jarduteko. Ihes egin niola Pausuko bidegurutzean eta zaldi aztoratu batek bota ninduela ibaira. Inork ez zuen arnasotsik ere egin neure kontu haiek guztiak amaitu bitartean, baldin eta ez bazen izan Patraņaren izena entzundakoan izua euren aurpegira ekartzeko. — Patraņa! —esan zuen batek— ez al zen izan hori Landarbasoko ama-alabak bortxatu ondoren akabatu zituena? — Bai, Patraņa izan zen Justizeko jauregia erre zuena ere, biztanle guztiak barruan zirela. — Urde espainiar zikina! —ihardetsi zuen, azkenean, han guztietan zen andere zaharrenak. Nik bat esan eta denek atxikitzenago zizkidaten belarriak. Bestea esan eta are zorrotzago entzumena, nik zer esango. Dozena bat lagunetik gora banituen azkenerako neure inguruan arretaz bilduta. Malkotan ikusi nuen emakume ederra nire kontakizunak hunkiturik eta gezurtiaren lotsa sentitu nuen haginka sabelaren erdian. Baina ez nuen eduki beste irtenbiderik: ni mutikoa nintzen, Nikolas Urtubi, eta ez neukan inongo lekutan inor nire zain, ez aitarik, ez amarik eta ez bestelakorik. Bakar-bakarrik nengoen munduan, neure bidea egiten. Zurtzetan zurtz nintzen erabat. Urrikalgarrietan urrikalgarri nintzen eta on egingo zidala esan nien, su gainean jarrita ikusten nuen lapikotik ateratako okela egosi pusketa batek. Jaun buruzuriak eskuak jarri zizkidan begietan eta gora begiratzeko agindu zidan, eta gero behera. Ateratzeko mihia eta egiteko eztul. Ondoren turuta txiki batez miatu zuen nire bi belarrietan. — Zorte handia izan duk mutikoa, ez dituk asko irteten bizirik hi egon haizen leku horretatik. Hiribarren jauna nauk, Hendaia eta Urruņa parteko medikua. Andere Maria eta biok ibai ertzean ginen, bestaldeko ibarrean jendea orroka sumatu dugunean. Geuk atera haugu ur hotzegi horietatik. — Eskerrik asko —erantzun nion— baina kasik nahiago nuen bertan hilda. — Hago isilik baboa! —egin zidan oihu sendagileak— hiltzeko edukiko duk gero ere tenore. Berez etortzen duk hori, gutxien uste denean. Bai, heure alde ukan duk zortea. Minutu bat atzeratu izan bagina, ibai aldean beste norabait egon bagina beha, orai ez hintzake hemen. Lehenengo begiratuan ikusten zen leku onean eroria nintzela ustekabean. Ez nekien ondo non nengoen eta norena zen etxetzar hura baina, alajinkoa, hango bazterretan agertzen zen erridau landurik eta alasa horniturik nire begiek ez zuten ikusi sekula. Sukalde hartako epeltasun eta usain onak berriak ziren niretzat. Hango sutan ez zen falta egurrik, eta sabaian, edozein bazterretan zintzilikatutako hestebeterik. Denetarik zen agerian, izan jateko, edateko edo janzteko. Etxe hura ez zen, ez, Indako gure benta zaharra. Ez eta antzik ere. — Non nago? Zein leku da hau? —galdegin nuen halako batean. Inguruko guztiek egin zuten irri nire galderak entzundakoan. Baita neu baino umeagoak zirenek ere. Antza, edozer galde daiteke mundu honetan, non gauden izan ezean. — Zaude lasai Nikolas —erantzun zidan eztiki Andere Mariak— geure etxean zaude, Priorenia Baitan, Hendaiako herrian. Hemen ez dukezu zertaz kezkaturik. Ez nuen fitsik ulertzen, ez nekien ziur nola iritsia nintzen haraino ez eta zer gertatuko zitzaidan hurrengo unean ere, baina Andere Mariari entzuniko ele haiek izan dira nik neure bizitza luzean entzundako ederrenetakoak. Haren ahotsaren gozoak, haren gauzak esateko era dotoreak, haren aho eta begiek, lasaitu egiten naute oraindik ere oroimenaren zulotik bistarazten ditudan bakoitzean. Egun hartatik aitzina, babesekotzat izan ninduen beti Andere Mariak. Etxekotzat, bere haragi eta odolekotzat. Munduan aingerurik sekula izan bada, huraxe izan zen bat. Bego orain betirako dagoen bake gozoan. Haren hitzekin lasaitu ahala, beste okela zati bat eskatu nuen eltze goxo hartatik eta berarekin batera ekarri zidaten ur antosinkada bat ere. Edaten hasi nintzenean, ordura arte sekula dastatu gabeko zoriona aurkitu nuen bertan: azukrea. Irriak eta trufak itzuli ziren berriro nire begietako poza ikusi zutenean. Oso urrutitik etorritako izakiari behatzen zaion bezala begiratzen zidaten gehienek, batez ere nire adineko ume koskorrek. Beste antosinkada bat eskatu nuenean, argibideak ematen hasi nintzaien atrebentzia barka ziezadaten. — Entzutea baneukan azukrearena, baina eztia izan ezean, ez dut nik sekula dastatu gauza hain gozorik. Siropa, ur eta azukre pitxerkada handi bat mahai gainera ekartzearekin eta nik zurrutada handiz nola edaten nuen begiratzearekin batera, festa moduko bat piztu zen sukalde bero hartan. Gutxi edo asko, denek edan zuten nirekin pitxer hartatik. Nikolas Urtubi bezalako ume ezezagun bati nahi beste urazukre garesti ematen bazioten, ez zegoen batere zalantzarik: ito ez nintzen ito, hil ere ez nintzen hil, baina iritsita nengoen zerura. Mundu honetakoa ez zitekeela benetan izan pentsatu nuen zeruaren erdi-erdira. Egotea zeukan pixka batean zain Heriok, ni bere besoetan harrapatu eta paradisu hartatik urrundu gabe inora. Egotea zeukan bai, pixka batean zain, bere hortz zikinak berriro niri erakutsi gabe. Edukiko zuen eta, horretarako aukera.
Inesaren balada |