Inesaren balada
Hasier Etxeberria

Elkar, 2002

 

 

8. Egunak eta gauak

 

      Ezin esan liteke mediku-lana egunero berdina eta aspertzeko modukoa denik. Beti bada zerbait aztoratzen zaituena, izan gaixotasun edo izan zauri. Ez denean hil zorian den norbait, bada erditze minetan dabilen emazteren bat. Eta nolako mirariak biak ala biak, hiltzea eta jaiotzea. Zer handiagorik gizakiaren hastapena eta finiera mugatzen dituzten bi gertaera ikaragarri horiek baino.

      Errana dudanez, hiltzea lotaratzea baino ez da. Betiko. Berarekin finitzen dira bizitza honetako atseginak oro, baina baita saminak eta nahigabeak ere. Heriotza da bizitzari atsedena eta balioa ematen diona. Heriotzarik ez balitz, bizitzak ez luke balioko fitsik. Denborak ez luke zentzurik batere, finiezina eta dohainekoa balitz. Azken finean, hiltzeko sortu ginela jakiteak bizi gaitu, soilik.

      Jada zahartua naizelarik, ez dut nehor ezagutzen neuk baino urte gehiago duenik inguruan. Neu naiz, bada, guztietan zaharrena. Atarian dut, beraz, zain Herio bere atzaparrekin. Aurki da enegana. Betor, hala ere, ahalik eta beranten. Baina, eman zaidan denbora guztiaren amaiera hain hurbileko ikuste hutsa, izan bedi bermea izkiriatu berri ditudan hitz hauek neurri egokian sinesteko.

      Bizitzeak atzetik hiltzea dakarren neurri berean du hiltzeak jaiotzearen beharra aitzinetik. Eta hori ere ikusia dut nik anitzetan, Hiribarren medikuaren alboan. Hortxe izaten nuen nik lanik gehien, oihal garbiak ekartzen, ur beroa garraiatzen. Erditze bakoitzaren ostetik geratu ohi ginen biok, Hiribarren eta ni, ahituak eta unatuak. Baina gutitan halako pozik gure bizitzetan.

      Haur jaio berria eta amaren arteko zilbor-hestea ebaki ostean, niri eman ohi zidan haurra Hiribarrenek zapi garbi artean bil nezan, betiere uros eta barru-barruko pozari eutsi ezinik.

      — To Nikolas ume tiki hau, eta garbitu urrezko altxorrik preziatuena balitz bezala. Ez baita munduan ez zilar eta ez urrerik, halako erregalia ordaintzeko balioko dizunik. Ez da munduan besterik, sortutako haurra bezain ederrik.

      Bizitza berri bati atea zabaltzen ari nintzela sentitzen nuen eta mila eta bi zorigaitz ezagutu eta jasandakoa banaiz ere, zinez erran dezaket, erditze haietako bakoitzean Hiribarreni lagundu izanaz oroitzen naizenero, lausotu egiten dela nire baitan, gaur bertan ere bai, gizakiak hurkoari sortzen dakien samin eta kaltearen oroimena.

      Hiribarrenen laguntzailea izan nintzen urte haietan, sei edo hamar aldiz egokitu zitzaidan, gainera, medikurik gabe bakarrik aritzea, neu izatea, alegia, haur haiek mundura ekartzeko arduradun nagusi eta bakar. Halakoetan Bordelen izaten zen Hiribarren gehienetan, edo Baiona aldeko bere lagun mediku bati ebakuntza zailen batean laguntzera joana.

      — Hago lasai Nikolas —esan ohi zidan— Hik ez duk deus egin beharrik. Amarena eta haurrarena izanen duk langintzarik handiena. Garbitasuna zaintzea eta naturari laguntzea baizik ez duk hire zeregina.

      Ordura arte ikusia nintzen gure Indazubiko sorlekuan, etxaldeko abereak mundura etortzen. Izan behi, behor, zakur edo zerrama; ardi, katu edo astama. Egun batean sagarroia edo trikua ere ikusi nuen erditzen. Haiek lanak amarenak, trikutxoen arantzak ekiditen!

      Gure ahizpa zaharrenak ere bazekien zerbait horretaz. Ez alferrik, amaren sei erditze bizi izan zituen berak txiki-txikitatik. Ni, ordea, zazpiren artean azkena izaki, halakorik ikusteke nengoen Hiribarrenekin jarri artean. Gero usu ibilia naiz langintza horretan, baita oraindik ere baten bat aurkituko balitz beharretan. Beti egin diot kasu nire maisuari: garbitasuna zaindu, eta lagundu izadiari.

      Heriotzako orduan kontua bestelakoa izaten da. Zeharo ezberdina. Hor ere garbia behar da izan eta naturaren lagungarri, baina hilzorian ni nintzen bezalako haurra edo umea alboan ez da izaten atsegingarri. Hilzorian dagoen pertsonak, heldua behar du alboan, izpirituaren euskarri. Etxekoa behar du hurbil.

      Norbait hiltzear delarik, urrun iezazkiozu haurrak eta zarata oro ingurutik. Utzi medikuaren eskutan eta fedeko bada, apaiza ere jar iezaiozu alboan. Baina ez ahantzi gauza printzipalik: etxeko maiteena eskutik oraturik.

      Azken hatsaren atarian delarik, pertsonak badaki ez dagoela atzera egiterik. Eta haurra horixe izaten da batez ere: denbora guztia aurretik duen izakiaren irudia. Hiltzeko tenorean ezer ez dago mingarriagorik dena bizitzeko daukanaren irudia baizik. Hilzorian dagoenak desira dezakeen guztia eduki ohi du gazteak eta sarritan, gozatzen baino, samintzen laguntzen dio heriotzari haren presentziak. Baretu ordez, kitzikatu eta ernegatu egiten dute haurrek eta umeek, hilzorian dagoena.

      Horregatik egon ohi nintzen beti ezkutuan bezala, Hiribarrenen atzean gorderik. Gainera, zergatik ez esan egiarik, hil kanpaiek Azpilikueta Erretorea ekarri ohi zuten ondotik eta ez zen giro izaten gela berean, medikua, Erretorea eta ni, hilzorian zegoenaren inguruan batzen ginenean.

      — Ez hadi kezka Nikolas —esaten zidan Hiribarrenek beti— Gaur egungo eliza ez duk atzokoa bera. Erretoreak ez dik aginpiderik. Ez genian alferrik egin erreboluzionea! Jauntxoek, aristokratek eta apezek, galdu zizkiaten mesedeak eta ohoreak. Azpilikueta Erretoreak ez dik beste garai bateko ahalbiderik. Liberté, Egalité, Fraternité.

      — Nahi duzuna esanen duzu, baina ez erran niri Egalité hori egia denik. Azpilikuetak oraindik ere badu aginterik eta ahoa zabaltzen duen orotan nabaritzen zaio hori. Hitz bakoitzean, agindua irteten da harenetik. Halako batean zitalkeriaren bat etorriko zaigu, bere purrustaden ondotik.

      Askotan gauzak aipatze hutsa aski izaten da, lehenago edo berantago, egiazko gerta daitezen. Batzutan, gainera, deabru gaiztoenaren laguntzarekin.

      Egun batez, bolo-boloka hasi zen jendea marmarrean sorgina, aztia edo deabrukumea nintzela bazterrik bazter hedatzen. Azpilikueta bera zegoen, jakina, esamesa lau haizetara zabaltzeaz arduraturik. Antza, ez zuen ahaztekoen artekoa nik gatz platerkadarekin Prioreniara etorri berritan egin nuen asmazio hura eta, egia, jendeak ere ez zuen asko behar izan nire aurkako aurpegiak eta jarrerak erakusten hasteko.

      Gerora jakin ditut orduan nire kontra esan zirenak zertzuk eta zenbaterainokoak izan ziren baina ez dut, hala ere, lerro hauetan haiek guztiak errepikatzen ibiltzeko asmorik. Esan dezadan soilki Hendaian eta inguruetan gertatzen zen gaiztakeria eta zorigaitz orok, izan zuela aurrerantzean bere arduradun eta erantzule bakarrik: ni neu.

      Azpilikueta eta bere sokako seizpazazpi dama, aski izan ziren tribunal nagusia eratzeko eta kalte guztientzat balio zuen erruduna aurkitzeko. Hiribarrenentzat ere handitxo gertatu zen nire defentsan etengabe ibili beharraren lana eta zama, batez ere, Pazko igande batez, elizako irudietako bat, San Juan Bataiatzailearena hain juxtu, lurrera erorita eta bi besoak eta burua apurtuta aurkitu zutenean.

      — Bart oso-osorik eta bere lekuan zegoen San Juan Bataiatzailea —esan omen zuen erretoreak— norbait ibili da hemen gaur goizean goiz.

      — Neronek ikusi dut Nikolas Pozoin, Hiribarrenen laguntzaile sorgindu hori, lehen argiarekin elizatik isilka irteten —esan zuen Ana Haizpuru deituriko andreak, erretorearen lagunetako batek.

      Begi guztiak jarri ziren neuri so. Bereziki haietako biri erreparatu nien, Maria Anderearenei, eta haiei zerien malkoetan ikusi ahal izan nuen, beldurraren eta espantuaren amildegia tupustean zetorkigula gainera. Handik aitzina, zeharo aldatuko zela ene bizia, maite ninduten guztiena bezainbat. Hendaian geratu ezkero, ez zela izanen atsedenik ez enetzat ez eta ene ingurukoentzat.

      Eliza aurrean ziren berrogeita hamarren bat herritarrek inguratuta nindukaten erretoreak berriro hartu zuenean hitza.

      — Zer eginen dugu deabruaren sasiko kreatura honekin? Zer ez ote du merezi gure Eliza Sainduaren aurka lehiatzen den munstro txiki honek?

      Jendea oihuka hasi zen ene kontra. Herritik bota nindezatela eskatu zuten batzuek, Baionako kartzelara eraman behar nindutela erran zuten bestetzuek eta egon zen zuzenean gillotina ezarri behar zitzaidala eskatu zuenik ere.

      Arnasestuka iritsi zen une hartan Hiribarren medikua eta jende artetik zela edo hala pasatuz, ene alboan jarri zen, jendeak osatutako zirkuluaren erdi-erdian.

      — Zin dagizuet Nikolas ez dela gauza halakorik egiteko. Mutil ona eta zintzoa da. Nik sekula eduki dudan laguntzailerik onena. Ederki dakizue hori bere eskuetan egon zaretenek. Lepoa jokatuko nuke berak ez duela egin halakorik.

      — Medikua ere lagun du deabruak! —esan zuen oihuka erretoreak.

      Handik aurrera dena izan zen buila eta kalapita, sukar eroa eta zalaparta. Hiribarren izan zen ostikada bat jaso zuen lehenengoa. Azkar ginduzkaten biok ala biok, eskuak bizkarrean loturik preso eta lurrean etzanda, hankapean.

      — Ni ez naiz izan. Ez dut nik apurtu Bataiatzailearen irudirik —esan nuen ahal bezala.

      — Non zinen gaur goizean? —galdegin zuen jendartetik Larralde harakinak.

      — Ez naiz hemen izan. Beste leku batean ibilia naiz.

      — Non eta norekin? —galdetu zuten denek.

      — Ezin dizuet esan.

      — Neuk ikusi zaitut lehenengo argiarekin elizatik irteten —Ana Haizpuruk berriro.

      — Hori gezurra da —nik.

      Berriz ere builak eta kolpeak, ostikoak eta zaplaztekoak. Trapu zaharrak lez, medikua eta biok, eliza atariko enparantzan, plaza nagusian bertan, lurrean botata. Aztoramena haziz eta haziz zihoan, otsoen artean ehiza harrapatutakoan bezala. Gero eta gehiago ziren plazan gertatzen zena ikustera hurbiltzen zirenak eta gero eta gehiago, Hiribarren eta biok, harri handi bati lepotik loturik, itsasora botatzeko prest agertzen zirenak.

      Izugarria zen jendea era hartan aztoraturik ikustea. Hutsa behar izaten du gizakiak bere kondizione bihozbera bazterrean utzi eta zakur amorratuaren ankerkeriaz jabetzeko.

      Halako batean, ordea,

      — Nikolas neurekin izan da gaur goizean! —egin zuen oihu baten batek jendearen artetik ozen—. Ezin zuen elizan egon neurekin baldin bazegoen. Beste norbait izanen zen zuk elizatik irteten ikusi duzuna, Haizpurua anderea —gaineratu zuen azkenean.

      Jende guztiaren begiak harixe so geratu ziren, ekiloreek eguzkiari behatzen dakiten lez. Eta ekaitz handien ondorengo barealdietan bezala, entzun egin zitekeen isiltasunaren ezerez ozena. Orduantxe hasi ginen Hiribarren eta biok arnasa apur bat bere onera ekartzen.

      — Loiako hondartzan izan gara biok. Hango koban egiten ari garen txalupan lanean, igandero bezala —jarraitu du—. Eguna zabaldu aitzinetik abiatu gara Nikolas eta biok hara. Ezin, bada, aldi berean egon bi lekutan, Loiako koban eta elizan. Neu naiz testigu eta zin dagit.

      Hitz haiek entzunda, erretorearen begiei gorrotozko argia zerien aurpegi beltzaren erdian. Haizpurua anderea eta bere sokakoak, denak, Azpilikuetari begira geratu ziren, hark zer esan edo aginduko. Larralde harakina eta beste guztiak ere bai, erantzun baten zain. Gure aurka hartua zuten abiada bizian, gehiegizkoa zitzaien bat bateko gelditasun hura. Ez zekiten zer egin eta nola jarraitu aurrera.

      Deus ihardetsi eta esan gabe, gorroto-begiak ezkutatu ezinda, bira eman eta elizako atetik barrura sartu zen erretorea pauso azkarrez, ohi zuen usain likitsa atzean utzita.

      Berehala askatu gintuzten Hiribarren eta biok eta egon zen barkamena umilki eta lotsaturik eskatu zigunik ere. Aztoramenak eta zorabioak harrapaturik egin zutela dena.

      Kaltea egina zegoen, ordea, beranduegi zen jada apurtutakoa konpontzeko, egindako kaltea ahazteko. Hiribarren mediku jauna era hartan hartu izana, batez ere, erabakigarria izanen zen, eta luze baino lehen hartuko zuen handik hilabete batzuetara Hendaia ahantzi eta beste leku batera sendagile joateko erabakia. Ez zuen bertan gelditzerik nahi, esker txarreko pertsona haien guztien artean.

      — Ez nuen hala uste Nikolas —erran zidan tristeki egun batzuk berantago— baina lurrean eskuloturik erabili gaituzten hendaiar hauek guztiak ez dira gizakiak. Animaliak dira. Eta ni ez naiz albaitari. Banoa Hendaiatik.

      Denak ez zirela berdinak esan nion nik. Hendaian ere bazela jende zintzo askorik. Azpilikueta erretorearen ardura izan zela gertatutako guztia, hark xaxatutako otsoak baizik ez zirela izan plazan hain estuki hartu gintuztenak. Ez hartzeko alde egiteko erabakirik. Ez uzteko, otoi, ni han bakar-bakarrik. gogora etorri zitzaidan oro erran nion, hain gelditzen bainintzen zurtz bera gabetan.

      Baina errandako orok ez zuen balio izan fitsik. Hiribarren deliberaturik zegoen handik alde egitera.

      — Badut lagun mediku bat Pauen —erran zidan—. Ezer behar duzularik, hiri horretan izanen nauzu hemendik aitzina. Ez izan zalantzarik, beharretan zarelarik, eneganat joaiteko Nikolas.

      Hiribarren bere familia guztiarekin ikusi nuen orga andana batean alde egiten. Kostako bidean gora galdu ziren ene begien aurrean, iparralderat.

      Zinez erran nezake, ordura artean beti izan nintzen haur bazterrekoak, negar egin zuela gogotik. Hiribarrenen alde egite hark enegan sortu zuela saminik eta irakaspenik ugari, ikasi bainuen bizitza honetan deus ez dela betikorik eta zorionak ondotik ekartzen duela zorigaitza, lehen edo berant. Lagunak lagun izanagatik, beti izanen dela etsairik, bidearen erdian jarriko zaizunik.

      Azpilikueta erretoreak irabazia zuen lehen borrokaldi hura eta Hiribarren eta biok ginen galtzaileak. Ordura arteko geure zoriona eman genuen ordainetan egun hartan. Inoren mesedetan baino, geure kalte hutsetan izan zen hori. Azpilikuetaren arima beltzak ez baitzuen sekula izango aski eta geroago ere oldartuko baitzitzaidan, zapelatza erbiaren gainera bezala.

      Egun hartan ikasi nuen, halaber, kuraia behar dela eduki barnean gorderik, zorigaitzari aurre egiteko. Ez direla aski lagunak, ez eta ere auzoak, norberak behar duela bere baitan sortu indarra, zulo beltzenetik irteteko argira eta etorkizun ilunaren hatzaparren aurrean ez izutzeko. Espantua gerta ez dadin galgarri.

      Hiribarrenek bezalaxe, neuk ere ez nituen nehoiz ahantziko eliza aurreko gertaera gordinak. Egun hartantxe berean hartu nuen erabakia eta egin nuen promes, ez niola itsasora joateko nire nahiari sekula uko eginen eta horrexetarako profitatuko nuela lehenengo aukera, noizbait agertzen baldin bazen. Lehenagotik ere irmoa zen erabakia geratu zen, hala, zeharo irmoturik eta ene baitako harkaitz tinko bilakaturik.

      Alabaina, lehenik eta behin esan dezadan, lurretik zutitu eta eskerrak eman nizkiola, jendetzaren artetik nire alde eta nire mesedetan hitz egin zuenari, infernutik bertatik atera ninduen aingeru salbatzaile bakar hari.

      — Eskerrik asko Martin —esan nion aurrez aurre.

      — Ez da ezer izan Nikolas, egia hutsa baizik ez —ihardetsi zidan zintzoki.

      Bai. Martin zen egia hutsa esanez jendarteko ataka larri hartatik atera ninduena. Martin, erretorearen iloba zurgina bera, medikuaren laguntzailetarako behar zuen mutikoa. Martin, nire lagun bihotzekoa. Bai, Martin, ene maite maitea.

 

Inesaren balada
Hasier Etxeberria

Elkar, 2002