Inesaren balada
Hasier Etxeberria

Elkar, 2002

 

 

Aitzin solasa

 

      Zoriona edozein zirrikitutatik sar daitekeen haizea baizik ez da izaten. Batere uste ez duzunean agertzen da gutxien pentsatzen duzun lekuan. Eta hartzen zaitu bere indarraz eta jaso zaitzake airean, aldaraziz daukazun astuntasuna, aldartea eta begirada. Zurruna bihurtzen du ezti, gogorra bare eta hitsa alai. Dena hankazgoratzen dakien haizea izaten da zoriona, edozein bazterretatik iristen denean. Luma arin bihur dezake ni bezalako gizonkote astuna edo zaldi arabiar, astorik baldarrena. Halako zerbait gertatu zitzaidan niri, behintzat, 1998garren urteko uda betean.

      Abuztua zen Hendaian. Pariseko Zientzia Akademiaren baimen berezia eskuratua nuen Antoine Abbadiakoaren gazteluan hilabete osoa iragaiteko. Ez da erraza izaten halako etxe ikaragarri ederrean egoteko aukera lortzea. Lagun frantziar batzuen ahaleginaz eta Hendaiako auzapezaren beraren setakeriari esker, salbuespena egin zuten nirekin Akademia Txit Gorenekoek. Zoratzen nengoen aukerarekin. Egunkari batentzat lan egitera joan nintzen hara nire familia osoarekin: emazte Jaquelinne, seme Jean Phillip, eta Kali eta Motxo, gure bi zakurrekin. Anartean jaio gabea zen gure alaba txikia.

      Hilabete gorabeheratsua izan zen hura, nire familiakoek ez baitzuten, inola ere, leku hartan hainbeste denboran bizitzerik nahi. Abuztuan turistaz betetzen da Abbadiaren gaztelua eta ez da bakerik aurkitzen ahal, gauean izan ezik. Leku eder eta paregabea izan arren, lilura guztia galtzen du praka motxetan eta izozkia eskutan dakartela etortzen diren arrotzen ibilerekin, haur eta autobus andanarekin. Ez zen giro, bada, gure senitartean. Emazteak eta biok, gai honen eztabaidan supizturik, muturrak afaltzen genituen ia iluntzero gazteluko jangela dotoreenean. Entsaladek kea ateratzen zuten mahaiaren gainean, hainbestekoa baitzen gure arteko eztabaida, eta arnoa ez genuen lurrindu aurretik edatea lortzen.

      Udaren sargorian, beheko suak baino bero handiagoa pizten genuen gu biok geure arteko eztabaidekin eta jakina, ezer baldin bada alferrikako udan, horixe izaten da: esnatzetik oheratzera arteko kalapita eta saltsa beroa. Udan lasaitu beharra egoten da, gauzak beste patxada batez ikusteko abildadea garatu behar da, antxetek, kuliskek eta kaioek egiten dakitenaren antzera. Guk ez. Emaztea eta biok, jo eta fuego katramila berberaren korapiloetan harrapatuta. Batak handia esandakoan, besteak handiagoak asmatzen xahutzen genituen atseginerako gordeta behar genituzkeen indar guztiak. Halakoak izaten gara gizakiak, batez ere, udako eroaldiak harrapatzen gaituenean.

      Hala ere, biok elkarrekin konpontzea lortu genuen aldi bakarretako batean, astia eta gustua eman genion elkarri, gerora gure alaba izango zena enkargatzeko.

      Halakoxea izaten da sarritan nire antzeko idazle-kazetariaren bizitza. Lanak derrigortzen zaitu bestela sekula ibiliko ez zinatekeen bideetan ibiltzera: gaur ur, bihar hondar. Nire emazteak ez bezala, oso gogoko dut ziurgabetasun hori, inoiz ez baituzu jakiten ahal zer ekarriko dizun biharamunak, atsegina ala nekea, zerua ala infernua.

      Turista gehien etortzen zen tenorea hartzen nuen nik lotarako eta gainerakoan han ibiltzen nintzen mamu galdu baten antzera jauregiko gela ederretan gora eta behera, Anton Abbadiakoaren astronomitramunkulu eta liburu zaharren artean.

      Gutxi da gurean halako liburutegi ederrik: bi estaiatan jarririk, zurezko eskailera eta korridore eta guzti, milaka eta milioika liburu eta paper usain zaharreko biltzen dira han. Eskuizkribuak, Gutenbergen garaiko inprimakiak eta baita beranduagoko lan harrigarriak ere. Asko eta asko eskuz eginiko marrazkiz eta oharrez osatutakoak dira, hitzak berez dena esan ezingo balu bezala.

      Han biltzen diren liburu ia guztiak zientziaren ingurukoak dira: izar, eklipse eta lurrikara; geografia, natur zientzia eta munduko hizkuntzei buruzkoak, ia den-denak.

      Gizon handia izan zen Abbadiakoa. “Ez ikusi, ez ikasi” izan zen haren goiburua eta bizitzeko akuilu nagusia. Ikusi gabe ez dagoela ikasterik, alegia. Hargatik saiatzen zen ezagutu gabeko oro ikusten eta aztertzen. Haren garaiko kezka eta zalantza guztiak egin zituen bere. Hargatik egin zituen sekulakoak eta bi Etiopia zaharrean Nilo ibaiaren iturburuak aurkitzen eta eklipse ikusgarrien nondik norakoak aztertzen Brasil urrunean. Gizon jakintsua eta adoretsua izan zen Abbadiakoa, menturazale ausart eta ernea. Zientzia eta jakituriaren alde eman zituen bere indar eta diru guztiak.

      Ni neu bizi nintzen gaztelu, jauregi edo dena delako hartan bertan, nik neuk zapaltzen nituen oholtza eta baldosa haien gainean bertan, Europa guztiko jaunik eta andererik gorenenak ibiliak ziren ehun eta berrogeita hamar urte lehenago. Hizkuntzalari, politikari, zientzialari eta idazle ospetsuenak, entzutetsuenak denak ziren handik pasatuak, garaiko kroniken arabera.

      Emazteak eta biok lo egiten genuen ohe berean, esaterako, Pierre Loti idazle eta menturazale handiak egiten zuen lo. Askotan iruditzen zitzaidan, hark pipatutako ke guztiaren usaina, itsatsita zegoela hormetan, gortina edo erridauetan, ohe gaineko tapakietan.

      Alabaina, gehientsuenak, idazleak ez ezik, zientzia gizonak izan ziren Abbadiaren ingurura bildutakoak. Haietako aurreratuenei ematen baitzien Abbadiakoak sos eta diru, euren ikerketetan aurrera egin zezaten.

      Aitor dezadan, ordea, neu ez naizela sekula izan hain zientzia zalea. Horregatik desbideratu zitzaizkidan begiak, bazter batean erdi erorita zeuden kaiera edo koaderno apal batzuetara. Elkarri jositako paper zaharrak ziren, eskuz eta letra garbiz idatzitakoak. Azalean ez zeukaten deus idatzita, eta lehenengo orrian, “Naizena baino ez” esaldia. Esango nuke, kaiera zahar haiei neuk erreparatu izan ez banie, hantxe segituko zutela ahazturik sekulorum sekulotan.

      Kaierak irakurtzen hasi nintzen, beraz, eta zein poza nirea, hainbeste liburu frantses, ingeles eta arabiarren artean, euskaraz idatzitakoak zirela egiaztatu ahal izan nuenean. Koaderno haiek amona xahar batek idatzitakoak ziren, Inesa Indazubikoa deitzen zenak, hain zuzen ere. Alabaina, letra haietan ez zen esku eta bihotz zaharraren dardararik edo ikararik ikusten ahal. Aitzitik, noiznahi gaztearen oldarra erakusten zuen kaligrafia indartsuak, bere egikeran. Oraindik ere gogoratzen naiz, nola idatzirik ageri ziren T letra guztiek, gurutze edo ezpata motzaren antzirudia ematen zuten. Z letra idatzirik zegoen leku bakoitzean, ematen zuen papera pitzatu egiten zela, tintaren indarraz eta harexetatik egin nahi zutela ihes, inguruan zeuden letra guztiak. Idatzita baino gehiago, zizelkatua zegoen han adierazten zen guztia.

      Koaderno haiek zabaltzearekin batera sartu zen zoriona ene bizitzan. Zorion erabatekoa. Ni bezalako erdi-idazle batentzat ez baitago paradisu ederragorik galzorian dena biziberritu eta ezagutaraztea baino. Idazteko orduan ez dago, eta ez da inoiz egongo, material, mami eta gai hoberik beste norbaiten bizitzaren historia egiazkoa baino. Irudimen hutsezkoak baino mila bider indar gehiago izaten baitu askotan egiazkoak. Eta Inesa Indazubikoarena ez da edonolako historia. Hala begitantzen zait niri, behintzat.

      Gaur egungo gure kontu xume hauek, aieneka iragaiten ditugun garai gorabeheratsu hauek guztiak, hutsalak dira hark bizi izan zituenen aldean. Aldi berezi baten lekuko aparta izan zen Inesa Indazubikoa: Frantziako Iraultzaren ondorengoarena.

      Emakume ausart eta sen handikoa izan zen. Erabaki tinkoduna. Debekatua zioten mundu bateko partaide izatea erabaki zuen berak. Kortsario eta itsasgizonen artean ibiltzea deliberatu zuen, eta erabaki horretan ez zuen atzera sekula egingo, izanak izan. Baina hobeto jabetuko zara diodan guztiaz, irakurle, baldin eta haren kaieretatik ateratako letretan murgiltzen bazara luzamendu handiagotan ibili gabe.

      Buka dezadan, bada, bidenabar aitortuz, erdipurdiko idazlearen lana baino ez dudala egin nik liburu honetan. Apailatze soila, alegia. Esan beharrekoak, ez nik, Inesak kontatuak baizik ez direla lerrootan agertuko direnak. Harena da indarra, harenak bizipenak eta gogoetak. Koaderno haiek gaur egunean errazki irakurtzeko moduan jarri izana baizik ez dela nire meritua, ezer izatekotan. Hortik aurrerakoa, dena da Inesa berarena. Zorionez, gainera.

      Esku artean duzun lehenengo kaiera honetan, Inesak itsasora bidean eginiko pausoak aurkituko dituzu batez ere. Neska txiki bat zein izan litekeen handi ikusiko duzu. Bizitzaren kinka eta korapiloetan, norberaren arnasak baizik ez duela ematen haize ikasiko.

      Inesaren gora beherak ezagutu izanak 1998garren urteko abuztu hartan niri ekarri zidan bizipoz berbera, zeuri ere ekartzea nahiko nuke, irakurle. Zorionaren haizea liburu honen leihotik irits dadila zugana. Zeure esku dago hori. Badakizu bidea. Gainera, esan gabe doa, errazki asma dezakezula dagoeneko, zein izen jarri genion gure alabari, Abbadiaren gazteluan izan ginenetik bederatzi hilabetera, 1999ko maiatzean, jaio zenean.

Egileak

 

Inesaren balada
Hasier Etxeberria

Elkar, 2002