Inesaren balada
9. Sekretu bat
Denboralea zen Pellot preso zela eta urte hartan ere, 1803 edo 1804garrena izango zen, ez zen agertu herriko jaietarako. Urduritasuna nabaritzen zen hendaiar guztien begietan eta Pellot falta zenetik ez omen ziren Bixintxo egunaren inguruko festak antzinakoak bezalakoak. Pellotek, antza, bazituen beregan itsaso guztietan ibilitako kortsarioa izateaz gaineko dohainak. — Festak ez dituk gauza bera Kapitaina gabe —erraten zuten gehienek—. Haren dantzak ez dauka munduan berdinik. — Haren umorea eta zalapartarako gogoa ere ez dituk beste nehorengan ediren —esaten zuten beste batzuek. — Kapitaina gabe, musika ere ez duk berdin entzuten —entzun nion eskuetan pandero bat zeukan amona xahar bati. Jai nagusia baino egun batzuk lehenago miraria bezala agertu zena, Passpartout ipotxa izan zen. Zaldi pinto baten gainean etorri zen eta bera ipotxa zelako edo zaldia berez ikaragarri handia zelako, ematen zuen ezinezkoa zela gizon nimiņo hark mendean har zezakeenik halako animalia erraldoirik. Baina bai, ziztuan agertu zen ipotxa beltza Prioreniara, inguruetako haur guztiak bere ondoren oihuka eta korrika zekartzala. — Bonjour madame Pellot —esan zion andere Mariari, begirunezko makurtze bat eginez—. J’ai une lettre du Capitaine pour vous, madame. Eta soinean zekartzan urre eta zilar guztien azpiko arropa artean hasi zen arakatzen. Atorraren barruan sartu zuen eskua eta une batez begitandu zitzaidan, eskua baino, karramarroa zela ipotxak arropen artetik barrura zeramana. Karramarro bel-beltza alde batetik, eta zuriagoa bestetik, eguzkiak jo gabeko mahats-hostoa bailitzan. Bordeletik zetorrela jakin genuen gero, eta zaldiaren muturretik ufaka irteten zen arnasari eta bizkarreko izerdiari erreparaturik, pentsa zitekeen, gainean pisu handirik ekarri ez arren, abereak ez zuela ukan atseden handirik bide guztian. Neu naiz horren guztiaren testigu, Prioreniako erizaina izaki, neuri egokitu baitzitzaidan beranduago ipotxaren ipur-masailak osin-urez eta ukenduz garbitzea eta sendatzea. Erre-erre zeukan azal guztia, haragi bizitan ia, zaldi gaineko lauhazka luzean ibili izanaren kariaz. Txikia baina burdinazkoa zen Passpartout ipotxa beltza, edo diamanta gogorrenaz egindakoa. Etxe barnera sarrarazi zuen andere Mariak, freskagarri bat ekar ziezaioten aginduz batera. Luzaroan egon ziren biak liburutegian gorderik. Bitartean, gero eta handiagoa egin zen Prioreniako atarian bildutako jende saldoa, Hendaia guztira barreiatua baitzen ordurako iritsiak zirela Pelloti buruzko albisteak. Halako batean, guztien aurrera irten zen andere Maria, jakin-mina asetzera, eta guztiak han egotea eskertu ondoren, — Pellot ongi dago. Preso dute ingelesek Plymoutheko gazteluan. Gutunean eskatzen du, urtero bezala egin dezagula festa Bixintxo egunean eta edalontziak gora jasota egiteko topa bere izenean. Aurki izanen dela berriro gure artean. Hitz haiek esan ostean, bere gelan sartu zen andere Maria. Bakarrik eta uzkur. Etxeko inork ez zuen ikusi ondorengo hiru egunetan, ez eta jai egunak iragan artean, denok baikenekien bihotza zeukala pitzaturik eta umorea tristaturik. Denok genekien emakume handi eta sentibera haren atsekabearen berri: Pellot ingelesen esku baldin bazen, ongi eskuloturik egonen zen, ziega beltzenean, urkamendira eramanen zuen epaiketaren zain, zalantzarik gabe. Behin eta berriz aitortua baitzuten ingelesek Pellot harrapatzeko grina. Alde batetik goretsi egiten zuten Kapitainaren adorea. Halako itsasgizonik ez zutela nehoiz ezagutu aitortzen zuten era garbian, baina bestetik ez zeuden prest barkatzeko hark Ingalaterrako Erret Ontziterian eragindako hondamendiak. Ez, urte hartan, Hendaiako Bixintxo jaiak ez ziren besteetan bezalakoak izan. Aurrerantzean ere, urtero gertatu zen festa egun haiek ilunduko zituen zerbait. Gogoan dut, esaterako, handik bizpahiru urtera, 1807garreneko urritik, hurrengo urtarrilera bitartean, lau hilabeteko epe motzean, alegia, nola iragan ziren Hendaian barrena 78.000 soldadu, 12.000 zaldi eta ehun kanoi baino gehiago Donostia alderantz. Napoleon Bonapartek bidaliak ziren. Ustez, Portugal aldean piztuta zegoen gerlan borrokatzera. Geroago jakin genuen, Donostia eta donostiarrak menpe hartu eta, azkenean, hiria kiskali ondoren alde egin zutela bertatik. Handik gutxira, gauza bera egin zuten Wellington jeneralaren gudaroste ingelesek ere Napoleonen gerlarien ostetik. Orduko hartan, ordea, denbora eta astia ukan zuten hendaiarrek herria hustu eta sorterritik urruntzeko, ahal izan zuten beste. Milaka eta milaka gizonen joan-etorriak, hankazgoratu egiten du beti herria. Aztoramena barreiatzen da alde guztietara. Liskarra eta zalaparta bihurtzen dira eguneroko arau. Bolboraren usaina jabetzen da bazter orotan eta odolaren gorria gainditzen zaio soldaduen uniforme guztietako koloreari. Gerrak ez baitakar galtzailearen hondamendia eta irabazlearen zorigaitza baizik. Ederki ikasia daukat nik hori. Priorenia ondoko kanposantu ederrean, hogeiren bat herritar ehorzten genituen urtero. Sekula ez dut nik inon ezagutu leku hain ederrik: oroitarri xume bat han, gurutze garbi bat hemen, lore sorta bat hango bazterrean. Alaia zen gure hilerria eta noiznahi biltzen ginen bertara herritar guztiak, hildakoei agur esatera eta, zergatik ez, baita egurastera ere. Hainbeste soldaduren joan-etorriarekin, ordea, nahasten hasi ziren hildakoak, geureak eta besteenak. Edonola ehorzten zituzten bidean eroritakoak, baita hirunaka edo launaka ere, denak zulo berean. Harrez gero ez zen gehiago betiko leku eder bera izan kanposantu hura. Hildakoak nahasten direnean, bizidunak nahastuago diren seinale. Beste leku batean hasi ginen herritarrak ehorzten, itsasora begira dagoen muino koskor batean. Eta lehenagoko hilerriko harresia osatzen zuten harri guztiak joan ziren zeuden lekutik poliki-poliki desagertzen, gaur etxe edo zubi koxkor bat jasotzen laguntzeko, bihar bide baten egiteko edo baratze baten mugak ezartzeko. Mendeetan hildakoak gorde zituen lekuaren arrastorik ez zen geratu azkenean eta segur eta fio naiz, gaurko hendaiar gazte bati Prioreniako hilerri dotorea non zegoen galdetu ezkero, hurrik ere ez lukeela emango. Baina Passpartoutek gutuna ekarri zuen egun hartan, egia bestelakoa zen oso. Egoera ez zen, inola ere, gutun hartan adierazten zen bezalakoa. Bai, gutunean Pellotek Plymoutheko gazteluan preso zegoela zihoen. Eta halaxe zen hori gutuna izkiriatu zuenean. Ez, ordea, gutuna Hendaiara iritsi zenean. Ordurako Pellot beste leku batean zegoen, Hasting-eko kaian. Garai hartan posta ez zen gaur egungoa bezain azkarra. Orain igortzen duzularik zeinahi gutun postaz, hilabete baino lehen daukakezu Parisa iritsita. Orduan, baina, gauzak oso ziren bestela. Plymoutheko gazteluan nola egin ote zuen Pellotek tinta eta papera lortzeko? Nola, berak idatzitako gutuna esku ziurretara iritzarazteko? Zenbat urre behar zen, zenbat neke, esku eta bide ezkutuko gutun xume hura Andere Mariarenganaino iristeko? Eta, batez ere, zenbat denbora behar zen horretarako? Dataren arabera, urtebete bazen Pellotek gutun hura idatzi zuela eta urtebetea tarte handia zen Pellot geldik egoteko. Guk orduan ez genekien baina gutuna idatzi eta hilabete batzuetara, Plymoutheko Almiranteak Pellot bere aitzinera eraman zezaten eman zuen agindua. Hilabete osoak eman zituen gizon hark, bere gazteluko ziegetan itsas gizon ospetsuenetako bat gorderik zeukala jakin gabe. Hala aurkitu zuen Pellotek bere burua gazteluko ziegetatik kanpo, gela handi batean, ingeles agintari gorenak noiz artatuko zuen zain. Horma lodi eta garaiz eraikitako gela bat zen, leihoak oso goian zituena eta, gainera, burdinazko hodiz hertsiak guzti guztiak. Ihesbide bat bera ere gabekoa, alegia. Pellotek bazekien ondo gorderik zirela bazterrak, atearen beste aldean zirela bera lagundu zuten soldaduak, belarrietaraino armatuak. Zer ote zegoen, ordea, gelaren beste aldeko atearen atzean? Pellotek ez zuen gauza handirik ulertu baina emakume baten ahotsa ere garbiki entzun zuenez, Almirantea bere emaztearekin ariko zela pentsatu zuen. Zarataka ziharduten biek ala biek, batak besteari nork sutsuago erantzungo. Pellot zegoeneko gelaren ertz batean, Almirantearen arropa batzuk zeuden zintzilik, beste gauza askoren artean. Ez luze eta ez motz, arropa haiek denak eta burukoa jantzi zituen Pellotek. Almirantearen ohorezko ezpata gerrian eta Indiatik ekarritako zapi fin bat aurpegiaren gainean, marranta edo haginetako mina bailuen, halaxe irten zen Pellot Plymoutheko gaztelutik, guardia guztiak diosal egiten ziola ate handiren bat gurutzatzen zuen bakoitzean. Pausoa irmo eta bizkarra tinko, marmarka erantzuten zien soldaduei pasaeran. Ihesa ez zen hartan bukatzen, ordea. Lehenbailehen behar zituen almirantearen arropa deigarri haiek gainetik kendu. Begi guztiak zeuden berari so Plymoutheko kaleetan. Ez zen ohikoa, antza, Almirantea oinez eta kaleetan era hartan ikustea. Kartzelaldian ikasitako ingelesezko marru batzuk jaurtikitzen zituen soilik, soldadu edo bestelakoren batek, tinko jarri eta diosala zuzentzen zion bakoitzean. Herritarren aitzinean, ostera, eztul egiten zuen, eta uju, zeharo gaixorik eta haserre balego bezala. Kalezulo batean, balantzaka zebilen marinel mozkor bat kausitu zuen Pellotek. Ez zuen asko behar izan gizon hura zeharo etzanda uzteko. Harixe kendu zizkion arropa apalagoak, atorra zaharkitu bat, abarketa moduko oinetako batzuk eta mila eta bat adabakiz osatutako galtza zaharrak. Ondoren, eta soldadu ingelesak bere bila txindurri presatiak bezala hedatu zirenean hiri guztian, Hasting-eko bidea hartua zuen, harantz zihoazen erremintari batzuen gurdi gainean igota. Behin Hasting-en zelarik, te mota ezberdinak biltzen zituen kaxa bat lapurtu zuen merkatarien auzoan eta kalez kale hasi zen gora eta behera. Te saltzailearen mozorroak eman zion babesa, ogi zatiren bat jateko sosa eta egun batzuetarako arnasa askea. Aurkituko zuen bidea, aurkitu beharko, portu ingeles hartatik eta soldadu guztiak ondoren zituela, alde egiteko. Nola, ordea? Ingelesez gutxi zekien Pellotek eta ahoa zabaltzen zuen bakoitzean, frantsesaren susmoa hartzen zioten guztiek. Frantsesa esatea edo etsaia deitzea, gauza bat eta bera ziren orduan, eta gaur ere bai, ingelesentzat. — Ni frantsesa? Bai, zera —erantzuten zien— bakailaotan aritzen den arrantzale euskalduna baizik ez naiz ni. Ekaitz txar batek zuen itsasertzera kareletik goiti botatakoa. Agi denez, bada, zorigaitza ez da etortzen beti bakarrik. Egoera beltzenean ere pitzatu bat edo leiho txikiren bat aurkitzen jakiten dute zorionak eta bizipozak. Hala gertatu zitzaidan niri ere, Pellot Hasting-eko kaitik nola irten erabaki ezinik ibili zen sasoi gorabeheratsu hartan. 13-14 urteko mutikoaren azpian gordetzen zen neska koskorra baizik ez nintzen Martinen laguna egin nintzenean. Martin bihotzekoa, Martin maite-maitea. Lehenagotik ere erreparatua nion mutil umil hari. Ederra zen eta zolia. Urrezko adatsez josia, begietan erakusten zuen beti goizaldeko argia. Ezpainetan noiznahi antzematen zitzaion irria eta hitzak ere urri bezain garbiak, bakoitza bere neurri egokian jarriak. Hiribarren kanpoan zebilen egunetako batean egokitu zitzaidan hura sendatzea. Iltze handi bat sartu zitzaion, lanean ziharduela, oinaren azpian. Oharkabean zapaldu omen zuen eta konturatu baino lehen, labanak bezalaxe, egina zuen iltzeak haragian barnerako bidea. Larria zen oso, zekarren zauria. Hiribarrenek erranda nekien, gaitzik txarrena izaten dela tetanoa. Zauria bera baino gehiago, ondorengoa izan ohi dela kaltegarria. Hamaikatxo ikusiak nituen ordurako, min artean hiltzen, zauri txiki batetik hasita, gorputz osoak usteltzen. Bai, Hiribarrenek esanda nekien, Nicolaier izeneko zomorro txiki bat sartzen dela askotan zaurietan barrena, herdoildutako burdinekin batera. Inguruko gihar eta nerbioak usteltzen dituela ondoren eta mina zabaltzen dela etengabe gorputz guztira. Pariseko lagun bati esker zekiela hori guztia eta oraindik ez zegoela ezer halako gaitzari aurre egingo zionik. Gaitzetan gaitzena. Tenore hartan neu Nikolas deitzen nintzelako erreparatu nion arretaz tetanoa eragiten zuen zomorroaren izen harrigarriari: Nicolaier. — Min egingo dizut Martin —esan nion, bere oina nire eskuen artean hartuta— baina ez dugu aski zauri sakon hau ongi garbitzearekin. Hemen beste zerbait ere behar da. — Lasai Nikolas, egin ezazu egin behar duzuna. Hobe dugu oraingo min laburra, ondorengo gaitz luzea baino. Halako egoera batean Hiribarrenek zer egingo ote zukeen jarri nintzen pentsatzen: alkoholez igurtziko zuen zauria, edo iodoz garbituko barne eta kanpo guztia. Gero zain geratu behar, tetanoa ez agertzeko itxaropenean. Ezin egin besterik. Begiak itxi eta zer egin edo nola jokatu pentsatzen jarri nintzen. Eta gatzaren egunean gertatu zitzaidan bezala, ez dakit nondik eta ez dakit nola, asmo bat etorri zitzaidan eta hartu nuen erabakia: Zartagin bat, oliba-olioa eta baratxuria ekar zitzaten eskatu nuen. Olioa sutan berotzen jarri ondoren, zauria iodoz garbitzeari ekin nion. Ez zen odoltsua, sakona bai, ordea, hatz txikiaren luzerakoa beste. Olioa irakiten zelarik, bertara bota nituen baratxuriak eta hantxe utzi nituen erabat belztu arte erretzen. Bitartean egurrezko zotz batzuen muturrak bildu nituen kotoi garbiz, pospolo luzeen antzeko zerbait eginez. Gero, kotoi haiek olio irakinetan busti eta zauri guztia garbitu nuen. Garbitu eta erre. Zeharo. Intziriren bat edo beste irten zen Martinen eztarritik. Ez zen batere gozoa egiten ari nintzaion hura, baina, egia, ez zitzaidan otu beste biderik mutilari sendaketa egokia egiteko. Haragi errearen usaina barreiatu zen salan. Irudipena neukan, ez zegoela ez Nicolaier zomorrorik eta ez bestelakorik, olio irakin hartatik bizirik irtengo zenik. — Nola erabaki duk hori egitea, Nikolas? —galdegin zidan Hiribarrenek, egindakoaren berri egun batzuk beranduago eman nionean. — Ez dakit, jauna. Halaxe iruditu. — Iruditu, iruditu. beti iruditzen zaik hiri zerbait. Ez zagok gaizki, hala ere, Nikolas —gaineratu eta bere liburuan idatzi zuen nik egindakoa: Nikolas versus Nicolaier, jarri zion idazpurua, latinez. Eta halaxe izan zen, zinez. Egun batzuen buruan, nik erretako haragiak bere onera itzuli zirenean, elkarri itsatsi, azal berria bota eta Martinen oinpean ez zen geratu ez eta zauriaren seinalerik ere. Zulatua sekula gertatu izan ez balitz bezala geratu zitzaion oinpea. Egun hartan zulatuta gelditu zen gauza bakarra, nire bihotza izan zen eta horrek ez zeukan erremediorik. Mutil harexen hitzetan kulunkatzen hasia nintzela sumatu bainuen hitz egiten zuen bakoitzean, haren begiradapean pizten eta pozten nintzela tximeleta eguzkitan beste. Bizitza ere emango nukeen esku sendo haien fereka bakarraren trukean, bular sendo haren estutu baten ordainetan galduko nukeen hatsa. Geroago gertatuko zen hori, handik hilabete batzuen buruan, Loiako hondartzan zegoen harpe batean, hendaiarrek Sorginzilo deitzen duten hartan eta historiak dioenez, Pierre de Lancre inkisidore frantsesak, bi milatik gora sorgin akelarrean ikusi zituen lekuan berean. Martini, harpe hartan egiten ziharduen txalupan laguntzea erabaki bainuen horretarako aukera ikusi nuenean. Ez zen egoten jai egunik edo lanik gabeko tarterik, hara joan gabe geratzen nintzenik. Haraxe iristea eta Martinen alboan egotea nituen xede, txaluparen aitzakian. Kobazulo hartan ikasi nuen nik, zorionaren neurriak ez duela mugarik, pertsonak berak ezar ditzakeenak baino. Aski dela hitz gozo bat edo lagunaren hurbiltasuna edo usaina bera, zerua ezagutzeko lurrean. Maitemina pizten denean, ez baita egoten pertsonaren baitan beste gauzarik, bazter guztietara hedatzen den lurrikara gozo bat baizik. Uhinek zarata galdu eta musika egiten dute orduan, kaioen intziriak bilakatzen dira kantu eta haizeak, nahastu ordez, orraztu egiten ditu adatsak. Sorginzilon ginen haietako egun batean, Martinen eskua nabaritu nuen nire gerritik zintzilik. Ondoren haren arnasa beroa belarri ondoan eta haren ezpainak ene lepoko azalaren ferekan. Azkenik, berea nirean eta nirea berean, bi ahorekin egin genuen bakar bat. Horixe izan zen guztia. Ondoren mutu geratu biok, egindako izugarrikeria gozo hark lotsarazi gintuelarik biok, odolaren kolorea adina gorritzeraino. Ez dago hitzik eta, beraz, ezin kontatuko dut nik orduan sentitu nuenik. Esan dezadan, ordea, sukar handi batek harrapatuta bezala jarri nintzen arren, konturatu egin nintzela Hego haizeak epeldu zuela supituan arratsaldea eta Loiako hondartzaren ingurua jarri zela Tonbarrietatik iragaiten zen eguzki gorriak argiturik, ederretan eder, zinez. Ilunabarrean handik etxera bidean gindoazela, lotsaturik eta beldurturik zegoela aitortu zidan Martinek. Kezkaturik zegoela esan zidan, ez baitzuen inoiz pentsatuko, mutil bati sekula musu emango zionik. Are gutxiago ordura arte gordeta eta beste inori eman gabe edukitako bere lehenengo musua. — Eta hi mutila haiz, Nikolas —gaineratu zidan—, ni neu bezalako mutil arraioa. Egindakoagatik aztoraturik zegoela aitortu zuen. Arratsaldean gertatutakoa ez zela normala izan, ulertu ezin zuen sukarraldi baten ondorioa baizik ez zela izan, eta ikaragarri atsegin ninduen arren, ez zela bidezkoa ni gehiago berarekin Loiara joatea. Mutilak ezin duela mutila maite. Ez dela normala. Kosta ahala kosta, ez genuela elkarren lagun izaten jarraitu behar inola. Irri artetik, ederki kosta zitzaidan hari erantzuteko moduko hitzak topatzea. Mutikoaren urduritasunak, berarenganako nabaritzen nuen gogo hura handitu eta areagotu baizik ez zidan egiten. Gauzak hain argi eta garbi esan izanak, bere barne-barneko kezka haietan partaide egiteak, beti lagun izango nuenaren alboan nengoela erakutsi zidan. Horregatik esan nion, Hendaiako lehen etxeetako argietara iritsi ginenean, beste inori sekula esango ez niona. — Martin maitea, zaude lasai. Ondo gorde beharko duzun isilpeko bat kontatuko dizut. Sekretu handi-handi bat.
Inesaren balada |