www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mireio
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mireio, Frederic Mistral / Nikolas Ormaetxea Orixe. Verdes Atxirika, 1930

 

aurrekoa hurrengoa

X
CAMARGA

 

Mireiok Andderen ontzixkan igarotzen du Rodano ibaia.

 

        Entzuidazute Arlestik Venzarañoko provenzarrak. Beroak yotzen bazaituzte, goazen guziok Duranzoletako ertzera, elkarrekin atsedetera. Marsellatik Valenzola bitartean orde, kantuz eder zagun Mireio, ta erruki diogun Bikendiri.

        Ontzixka ura ebakiz zoaien, mihi-arraina bezain ixil. Andder zen ontzizai, ta nik kantatu dudan maitea Andderekin oldartu zen Rodano zabalera, ta eseririk ugiñeri begira zegon begiratu ilunez. Muttil arraunlariak ziotsan Mireiori:

        Begira zein zabal dagon Rodanoren uberka! Camarga ta Crau bitartean ze zaldi-guduka eder egin daiteken! Ugarte au Camarga dun, nexka, ta zabalean, Arlesko ibaiaren zazpi aboak ikusi-ala. Muttila mintzo zelarik, Rodano goizeko argi gorriz dirdirka ari zen, eta ontzixka bakar batzuk bare bare zoazin ibaia barrena. Itsas-aizeak, zut-oialak aizatuki, aurrera zeramatzin, artzainak axuritaldea bezala. Itzal bikainak! Lizar eta lertxun luze ikaragarrien gerri zurailak ertzean erraiñu egiten zuten. Aien-belar zar biurriak zintzilikariz gerrikatzen zituten, eta adar lodietatik egozten zituten beren altxuma kozkortsuak. Rodano, bere ugin nekatuekin, aundikien ibilkeraz, Aviñongo yauregia uruñatuz, eta yolasak eta musikak gutxietsiz zoaien eta zaar eriorakoa bezain uzkur ta ilun zegoen, bere urak eta izena itsasoan galtzera zoalakoz. Baño nik kantatu dutan maitea, ertzera yauzi egiña zen. Oa, esan zion mutikoak, abil, bidea dunaño. Santak beren Elizatxora zuzen zuzen eramango aunate. Au esanarekin, bira egin zuen arraun-indarka. Garagarrillaren suen pean badabil Mireio, badabil. Eguzki yeikialdetik etziñaldera, ta iparretik egoara ez dakusa zabaldi neurribage bat baño, begiek ikus-ala guzian, eta azkenean itsasoa. Noizpin belar-izpi batzuk, milazka, belar-latxa, sabi, zumarika ta sarobe-belar, itsasaldeko zelai gazi aien yantzigarri. An dabiltza aron zezen beltz eta zaldi zuri, itsas-aize ezoa pozez arnastuki.

        Eguzkiaren sapai urdiñak sabel eta dirdaitsu besarkatzen zitun zingiradi aiek. Arteka, urrutiko oxezki argitsuan zirlingaren bat egan doa; edota egazti aundi zangaluzeak, urmaeletik aterata, egaz erraiñu egiten du legorrean. Edota zaldun zango gorria edota egazti-urdin begi-iluna, bere iru lumazko galdorra arrandiz eraikitzen dularik.

Eguzki kixkalgarriak kordebage uzten du.

Eltxoak bere baitara biurtzen dute.

 

        Sargori da, ta nexkak beroa astantzeko, gerrian zeramatzin eskuzapiak askatzen ditu. Beroa gerogo ta miñago, kixkalgarrigo, ta eguzki aundiaren arnasa ta izpiak yasan datoz ekaitz-zurrunbiloa bezalla. Olaxe, gosek amorratzen dagon leoe batek begiz iresten ditu Abisiniko basarteak, Eder bai litzake pagopean etzitea! Eguzki-izpi urreek dizdizka, erlemulko aserrea, liztormulko aserrea dirudite goraka ta beraka, ta zorrozten arri den galtzairu dirdaitsua dirudite. Akituta beroak uko eraginda doan maite-bideztiak, gorontzetik orratza atera du, ta aren bularte atsandituak, iturri garbian ugin bikia dirudi, ta itsasertzean zuri zuri nabari den akara-aiena. Goxo goxo begien aurrean zedukan zabaldi arek galtzen du bere illuntasuna, ta urrutira aintzira aundi bat agertzen da zirkinka, ta lizarrak eta saratsak ur-zabaldi inguruak, erañu ta itzalpe aundia botatzen dute. Zeruko ikuskarria zen; lur itzemanaren amets gozoa.

        Ur urdiñaren ertzean, laster, urrutixko, uri bat ageri da bere alderriekin, arresiz inguratua, iturri, eleiz, tellatu, ta ezkildorre txirinakin, eguzkitara aziko bailiran. Ontzi aundi ta ontzixka, zutoial zuriekin, kai-larrainera sartzen ari ziren, eta aize lasaia yostetan ari zen zutoin-ezurretan zintekin eta banderatxoekin. Ikuskarri aren aurrean Mireiok izerdi ugaria idoki zun bere esku meez.

        Yainkoa, esan zun berekiko; au arrigarri da; ta laister ta laister, ara yo zun zuzen, iru Donamarien il-etxea an bai legon. Laister egiñala, ordea, iduritu liluragarria itzaltzen zoakion, urrutiagoka. Amets utsa, izukari utsa; aize yostalariak irazki zun eguzki-izpiz eta odei-margoz. Aren irazki meia lañoa antzo urtu zen. Mireio bakar gelditu zen eta burtzoraturik zabaldi artako beroaren beroz. Berriz ekiten dio bideari, are-pil gori, uster, zango-nekagarri aietan barna, eguzkiak dizdizatzen ditun gatz-lapatxetan barna, aintzirabelar eta zumadietan barna, eltxo tartetik. Buruan Bikendi, aldi bat bazen Vacarresko itsasegi sakona atzeman zula. Itsaso urrutian, laztuan, ikusten zun Santa aundien eliza gorrixta, legorrera datorren ontzi oial-aizatua bezala aundituz. Alako batean, orde, eguzki-izpi kiskalgarriak bekokia artzen diote. An dago, gaixoa itsasegian il-agian, ondarrean etziña. Ene Crau, zure lorea makurtu da! Nigar egizue gazteak! Eiztariak ibai-ertzean uso-talde gaixo bat edaten eta lumak leguntzen ikuski, zakardian barna laisterka yoan ta iskiloz beti ederrena zauritzen dun bezala, alaxe egin zun artan eguzki errukibageak. Gaixoa ondarpillean zetzan kordebage. Ustekabean eltxo-talde bat zoaien bidez, eta asperenka zegoala ta bular zuria pilpiraka ta epuru-abar bat ere itzaltako etzedukala ikustean, eguzki kiskalgarriaren tartean pirurika asi ziren furrundan, eta belarrira musika au eman-iduri zioten: «No, eder, gora! ots, yeiki adi, zingiradi gazietako beroa gaiztoa dun eta». Anartean, aznai ematen zioten buru makurtuan, eta itsasoan orobat, aren matail-arroseri iintza xeia ta minkatxa zirtatzen zion. Mireio oñazez ta zizpuruka yeiki zen, au nere burua! ziolarik. Eta geldi geldiro, belargazietan gaindi, Santaetara iritxi zen belaun-ikaraz. Ta nigarra zariola, itsasoak ezotzen dun balizaren solairuan auspez yarri zen, Gaixoa! Ikus zer otoitz bialtzen zun zerura, aizearen egoetan:

        Gure nigarrak lore biur ditzakezuen Mari doneok, entzuizute nire oñazea! Nire oñaze zorrotza dakusazunean, ene Yainkoa, urrukituko zakizkit!

        Mutil bat dut maite, Bikendi ederra, biotz guziz maite ere, Mari doneak!

        Maite dut, maite; ibaiak igarotzea bezala, txoriak ega bezalla.

        Ta su irazeki eziñitzali au nik iltzea nai dute, ta arbendol loratsua autsi dezadala. Gure nigarrak lore biur ditzakezuen Mari doneok entzuizute nire oñazea!

        Eguzkiaren iltze zorrotzak, arantza ankerrak, burua zulatzen didate.

        Siñes idazute, ekatzute Bikendi, ta biok etorriko gaituzue berriz par-irritan.

        Bekokian oñazea kenduko zait eta nire begi nigarrez beteok, pozez dirdir egiñen dute. Aitak ez dit uzten arekin ezkontzea; uki iozute biotza, urrezko santa ederrak! Oliarana, gogor dagola ere, Gabonilleko aizeak ontzen du, bere garaiean. Otsalizar eta mizpira minkatzak, agotzak ontzen ditu.

        Gure nigarrak lore biur ditzakezuen Mari doneok, entzuizute nire oñazea.

 

 

Mari doneek agertzen zaizkio aien Elizatxora irixten denean.

 

        Lilluratzen ote naiz? zer da au? Paradisua? Eliza aunditzenago da; an goien izartalde bat ageri da zirrikutik.

        Zaindari ederrak, zuek al zaituet? Itzal itzazue buruntzaizpi oriek, bestela illen naiz. Zuen mintzoak egiten dit ots. Zergatik etzarate gordetzen odeitartean, begi nekatuontzat? Non dago elizatxoa? Itz egiten al didazute?

 

* * *

 

        Kordebage, atsanka, erdi-ilik, an zegoen Mireio belauniko baldosen gaiñean, besoak gora, burua atzera, ta Yondone Petriren ate-barnean, aren begi geldiak beste mundua zakusten aragi-estalkia urratuz. Mutu dago. Aurpegi ederra iduri-aldatzen zaio, ta gorputz ta arima, igeri dago Yainkoari begira.

        Zumar txurien burua urrez estutzen dun Argi-urratzekoan gizon galdu bati argi egiten ari ontzia, bereola zurbiltzen eta itzaltzen da.

        Iru andre Yainkozko eder, zeruti datoz izar argien bidexkatik. Eguntzean barratzen den artaldea bezala elizatxoaren zutabeak eta sapai-zubia leku eginka asi ziren aien aurrean. Eta iru Mari zuri dirdaitsuak an sartzen dire. Batak, bularraren kontra, kelagar-ontzi bat zekarren. Aren bekoki zerutarrak, gabez artzaiei argiegiten dien izarra gogoratzen digu. Bestea, soiñeko ta girgillak aizean iñarika, erabidez dator, eskuan aztapar-adarra. Irugarrena, gazteñoa, aurpegi beltxerana, soiñekoz izkutuka, beginini beltxetatik diamante-dirdaia zariolla. Gaixoarengana zoazin, eta ondoratu orduko itzegin zioten. Ain ezti, ain garbi mintzo ziren, ain irri goxoz, Mireioren arantza gogorrak lore ugari zoragarriak erne baitzituzten.

 

 

Donamariek poz-berritzen dute Mireio.

 

        Poztu zaite, Mireio gaixo, gu gaituzu Yudeako Mari aiek. Gu gara itsaso aserrean gal-zorian dabilen ontzixkaren zaindari, ta itsasoa gu ikusi orduko, baketu egiten da.

        Begira orde, ara gora. Bai al dakusazu Yondone Yakueren bidea? Aitzintxe an geunden beiko muturrean, eta izarretatik ikusten giñuzen Compostelara gure seme ta illobaren il-obian otoitz egitera doazin bidezkoak. Andik entzuten giñuzen letariak. Iturrien txirristotsak eta ezkillen kulunkak eta ilunabarrak eta bidezkoen txangoak, orok aunditzen zuten gure seme ta iloba Yakue aundia. Ta aren oroitzapena ola edertzen zuten bidezkoen bekokietan iintza goxoa ixurtzen genun, eta aien gogoan poza ta bakea. Tximista bezain zorrotz igo dire guregana zure zinkurinak. Nexka, siñeste aundia duzu, baña zure eskariak biozmin egiten digu. Zoro orrek, maite-iturri garbian edan nai duzu; il baño len, zoro orrek, Yainkoarengana garamatzin bizitza bizkorra murtxatu nai dun.

        Noizdanik arkitu dun emen beian zoriona? Bai al du aberatsak? Aizatua, etzana, garaile-surrean, Yainkoa ukatzen du ta bide guzia betetzen. Izaina, ordea, beterik dagonean, erortzen da. Ta zer egiñen du arrandi aundi ark, Yerusalemen asto gaiñean sartu zen Epaikari aurrean yartzen delarik?

        Bai al du amaren bekokiak, len-seme yaioberriari pozikaraz ugatza ematen ari delarik? Titialdi kaltekor bat aski. An ikusiko dun seaska agertura makurtua, gaxo ila musuz yaten dularik.

        Bai al du emaztegaiaren bekokiak, senargaiaz batera elizara geldiro dioalarik? Bidexka au dabillenari, arantzabeltza baño latzagoa zaio.

        Emen beiko au, guzia neke ta lana baño ez da. Emen, beialde ontan, ugiñik garbiena ere, edan-ala mindu egiten da. Emen beian, igali berriaren ondotik arra sortzen da, ta guzia igatzen, guzia usteltzen. Alperrik aukeratu saskian: urre-sagarra, yatekoan eztisu dena, arian arian beazun biurtuko. Ta arnas ori aditu-usteko dun mundu ontan, eta ene! esan. Baño agortzen eta mintzen ez den iturburutik edan nai dunak, erosi dezake, gorriak ikusita. Arri kozkoa zati zati egin bear da, barnean daukan zillar-txilista ateratzeko.

        Zorioneko bada, naigabeak etsian eramaten dituna, ta eriotzak ongi egiten arkitzen duna, ta anaiek nigarrez ikusita nigar dagina, ta bere soingaiñekoa larru gorrian dagon beartsu zimel bati egozten diona, ta otzak dagonarentzat etxean su aundia pizten duna, ta txikiarekin txiki egiten dena. Au da gizonak aazten dun itz ederra: «eriotza bizitzea da». Ta otzanak, eta onak, eta errukiorrak, zorioneko! Aize mei baten ufakoaz zerura lasai sartuko dire, ta lilia bezain zuri direlarik, utziko dute, saindueri beti arrika ari zaizkien mundu au.

        Bazenekusa, Mireio zein kaxkarra dirudigun zeru goienetik mundu au, ta zein zoroki irrika dituzuten ukitzen diren gauzak, eta zueñ illerrirako beldurra, oiuka eskatuko zinuke eriotza ta barkapena. Baño garia burutu baño len, lur barnean irakin bear du. Lege da. Gu ere zeruko argi-izpiak baño len, edari miñ ori arturik gaude. Ta zure kemena indartu dedin, yalkiko ditizugu gure bideko elorrioak eta estuasunak.

        Au esanda ixildu egin ziren, eta ondarra legunkatzen duten ugiñak laisterka zoazin itsas-ertza ainbat zabal, Santak esanena entzutera. Piñudiak keiñu egin zion altzadiari, ta antxitak eta zirlingak ikusi zuten Vacarés izugarria bere ugiñak baretzen. Eguzki-illargiak urrutiko aintziradietatik agur egin zuten bekoki zabal gorria apalduz, eta Camarga gazia ikaratu zen. Zorioneko Andere aiek, nexka maitalea bizkortzearren, ola asi ziren izketan:

 

aurrekoa hurrengoa