www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mireio
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mireio, Frederic Mistral / Nikolas Ormaetxea Orixe. Verdes Atxirika, 1930

 

aurrekoa hurrengoa

I
BASAKA-BORDA

 

Gaia.— Artzai-tartean yaiotako Yesuri laguntza-eskea. Aita-seme saskigileak.

 

        Provenzako nexka bat dut kanta-gai. Bere gaztetango maite-miñetan, Crautik itsasaldera gari-alorretan barna yarrai gogo diot Omertar onek. Mendi-neska baitzen, Crautik ozta barreiatu da aren izena.

        Gaztetasun uts bekokian; urre-buruntzarik ez, Damasko-eunik ez yauntzi arren, Erregiñ-antzo aipatu bezat, eta gure mintzo nardatu onek gora dezala ta laztan dezala; zueri bainago, artzai ta bordarieri.

        Artzai artean yaiotako nire erriaren Yauna, sutu nire itzok, eta idazu arnas. Badakizu: belarrekoan, eguzkiak eta intzak pikuak eldu ditunean, an da gizona otso-antzo, ta erauzten ditio igaliak oro. Alere Zuk gordetzen duzu gizon iresleak atzeman eziñiko abartxoren bat, Madalenetako igali elduaren urtume eder, aratz, usaiduna. Artara doa egaztia, gosea berdintzera.

        Badakusat abartxo ori, ta aren ezoak ozkamin dagit; aize biguinaren dardaraz badakusat zeru urdin-aurrean orri ta igali betikorrakin. Yainko eder, Yainko lagun, gure Provenza-izkera onen egaz, egizu abartxo ori atzi dezadan.

        Rodano-ertzean, ugaldeko zuntzundi ta saraitzuetan urak milikatzen dun txabola batean saskigille bat bizi zen. Semea lagun, bordaz borda zabillen, saski zarrak eta otzare zulatuak berritzen. Beinola, zumadietan, saskigiteko zuma-sorta luze banarekin aldapa gora zioazela, Bikendik aitari diotsa. —Aita, ara eguzkia. Ez al ikusten an beian Magalona-gaiñean zutikai dituen odei-pillak? Mordo aiek pillera balediz, bordara baño len bustiko ote garan nago, aita. —Ez, ez: ostoak itsasaldetik dite aizea. «Rau» aizeak eman arte ez diat sumatzen euririk, esan zuen zarrak. —Zenbat uztarri ditu Basaka-bordak, aita, dio Bikendik. —Sei, erantzun zion saskigilleak, eta Crauen den aberaskirik aundiena duk. Ara an oliodia. Oliondo tartean begira nabari, matsondo ta gingillurritz lerroak. Ederrenik ordea, esan zion mutillak, aldapa ortan berdinik ez duenik, urteak egun adiña zugatz-inda (zugatz-kale) izaki, ta lerro bakoitzean beste oinbeste ondo. —Arranoa! zenbat biltzaile bear ote dire ainbeste zugatzen olioak biltzeko? esan zuen Bikendik. —Biltzen dituk oro, esan zion aitak. Omiasainduz asten dituk Bausko neskatxak zaku ta zorro, oliaran gorrixka ta gingilkara betetzen. Geiago izanik ere, kantu-bitartean pozik bilduko likete.

        Yaun Ambrusi izketan ari zela, ta eguzkiak mendi-gain beera itzalita odeitxoak ñabar, eder, margozten zitularik, itzaiak uztarrien atzetik geldi geldi zatozen, akulluak gora ta beerago, larre gazietan, illuntzen asi zun.

        —Ots, larraiñean ageri da gari-ale tontorra, esan zun Bikendik: ez dugu euririk. —Toki au aukerakoa duk ardientzat, esan zun saskigilleak; udatean lerdia (piñudia) dite, ta negutean zabaldi arrizua. Emen ez dituk deusen eskas, ta toki zoragarria duk au: etxegaina itzalpetzen duten zugatzak, muntegi-tarteko iturria, udatzenean ustutzen diren erle-eultzeak, eta Maiatzak irri egitean basakaetan eratxikitzen diren erlekumeak... —Ene! Ta au zait atsegiñenik erri ontan, aita: bordako alaba. Yoan den udan, gogoan baduzu, bi bil-saski egiñarazi ta esku-saskiari belarriak yarriazi zitiguna.

 

 

Aita-semeak Basaka-bordara.— Mireiok atsegiñez artzen ditu.— Afaria ta afal-ondoko kanta.

 

        Yarduki ontan eldu ziren bordako atarira. Nexka, seda-arrari ostoak orduntxe eman eta atal-aurrean asi zen, egurastu orde, ardatzean. —Gabon lagun guzieri, esan zun saskigilleak, zume-sorta lurrean utzita. —Yaun Anbrusi, Yainkoak dizula, erantzun zion nexkak: emen ari nauzu lilai-estalkia yartzen. Eta zuek? Berandu zatozte. Valabregatik edo? —Baiki, esan zuen saskigilleak, eta Basaka-borda bidean dugula ta, goazen ara, esan dugu, agozpillean lo egiñen dugu ta.

        Oinbestez, maisu Anbrusi ta semea, erbil-alper baten gañean eserita beste izketarik bage, asitako saski bati ekin zioten. Xorta askatutik zume biguinak artu ta biurritzen eta gurutzatzen zituten.

        Bikendik etzitun arteraño amasei urte, baño mutil ederra zen, lerdena, ta aurpegiz atsegiña. Mataila beltz askia, egitan, baño lur beltzak gari obea ta mas-mordo beltzak ardo biziagoa. Ongi zekin zumeak gaitzen, eta antzez lantzen zituen. Lan txukunetan etzen ari izaten; geienez zamarientzat bastak egiten eta landa-lanetan. Lusaski gorriak, eskusaskiak, laister saltzen diren seska-saskiak, añar-isatsak eta abar, usu ta arin eta txukun eta egoki ta bikain egiñ ere. Lur etzetik eta sasitik etxeratuak ziren landako langileak lanaldia eginda, ta Mireiok, Basakaetako neska liraiñak, arrizko mai-gañean aparitarako eltzaria aize goxotara zedukan. Eta erratilu moskorretik gañezka, aundia baitzen, mutil bakoitzak ezpel-xaliz babak aterata bere txaliña beteaz ari zen. Saskigile ta semea, orde, saskia eotzen yarraiki.

        —Ots, bazatozte aparitara ala ez, yaun Anbrusi? esan zuen yaun Erraimun bordanagusiak erre-antzean. Ots, utzi saski ori, izarrak agertu dire ta! Mireio, ekatzu katillu bat, eta zuek arin maiera, nekaturik egonen zarate ta. —Ots bada, dio saskigileak, eta aita-semeak zutituta arrizko maiaren ertzera arrimatu ziren eta ogia ebaki zuten. Mireio erne ta esku-atsegiñak, olioz txaliñ-baba ondu ta laisterka eraman zien bere eskuz.

        Amabost urte zitun Mireiok. Iturri zarreko aldapa urdiñak, Bausko muñoak, ez duzute egundaño ikusi olako neskatxa liraiñik! Eguzki alaiak zabaldutako lore-kusku zen. Aren aurpegi xalo ta guriak, matail bakoitzetan xuloa; aren begiratu, izarra baño garbigo ta legunagoak, edozein naigabe uxa zezaken. Ille kizkur dizditsua zerion bizkarretik, eta aren bular biribila mertxika-aralde eldugabea zen. Yostalari, ekurugaitz, basazi samarra. Ainbesteko grazia ur-kotxoan ikusi baziñute, itxirikian edan zentzaketen.

        Oi denez, mutillek elkarren ondozka bakoitza bere lanaz mintza ondoren (bordan bezala ene Yainkoa, gure aitaren denboran bezala!) —Ots, yaun Anbrusi, esan zioten, gaur gabean zerbait kantatu bear diguzu. Apari onek amets-aparia dirudi. —Ixo, adiskideak, maxiolaria Yainkoak zigorkatzen dik, eta ezpain-uxtu batekin txantxaria bezala dantzarazten. Kanta ezazue zeurok, sasoeko gazteak zarate ta. —Yaun Anbrusi, ez dugu maxiorik, erantzun zuten mutillak. Ikus, Crauko ardoa gañezka dago edontzian; ots, topa dezagun, aiton! —Ene! esan zuen aitonak, denbora batean kantari ederra ninduan, baño orain zer nai duzue? martiñarra zartu duk eta llarruak autsiak ditik. —Bai, yaun Anbrusi, atseginen digu; kanta zerbait, esan zun Mireiok. —Neskatx ederra, esan zun agureak, ene mintzoa, yaulkitako galburuaren bizarra dun, baño iri atsegiteagatik gai zegon beti. Au esan, ardo-ontzia ustu, ta kantu au asi zuen:

 

 

Sufren mutila.

 

        I. Ontzi-nagusi den Sufren mutillak, Tolondik aldegiteko zantzua egin du; bosteun seme goaz Provenzatik. Inglesa atzemateko irrika aundia giñun; ez gara etxerako ingelesa autsi arte.

        II. Baño lenbiziko ilabetean ez giñun iñor ikusi, ontzi-tantaietan eundaka zabiltzen itsas-txoriak besterik. Eta bi ilabete ezkero, ekaitza izan giñun, gau ta egun ontzia ustutzen alegiteko.

        III. Irugarren ilabetean asarreak artu giñuzen, odolak ba-zirakigun, kañoez txautzeko iñor arkitzen ez ta. Sufrenek orduan: Yeiki mutillak! esaten du, ta berela, begirariak, kuzkurtuta, Arabiko itsasegira begia zorrozten du.

        IV. —Arraioa, dio, iru ontzi larri onontza, erne! Kañoeak tegira! Laister agindua eman zigun itsas-nagusiak. Orain murtxa ditzatela Antibesko pikuak: gero beste yanaririk emanen ziegu.

        V. Au esan orduko, su-galda: berrogei bala, tximista bezala yaurti ditiagu ire erregeontziak zulatzeko, ingelesa! Ontzi bati arima utsa gelditu; kañoe-orroa soillik entzuten; ol-karraska ta itxas-marrua.

        VI. Ankarte bat etsaiengandik, au poza! au atsegiña!

Sufren nagusia izukaitz eta zurbil, ta zubi-gañean geldi. —Mutillak dio: geldi sua, ta igortzi itzazue Exko olioz.

        VII. Esan orduko, ontzigizonak, iskillu, aiotz, aizkora, ta Provenzatar gizajoak eskuan gapirioa. Ontzira! oiu egiten du. Ingelesarenean sartu giñan yauzi batean, eta an zen eriotza!

        VIII. Zenbat ukaldi, ua sarraskia, ua zalaparta ontzi-tantai autsiak, eta zubia oiñenpean lertu! Ingeles batzu batzuk pulunpatu, ta Provenzatar batzu batzuk ingelesari eldu, besoetan estutu ta aiekin murgildu!

        Emen eten zun kanta agureak. —Gezurra zirudik e? esan zien entzuleeri; alere, kantak dion bezala gertatu. Ez duk au gezurtatuko dunik. Ni an ninduan endaizlari, ta mila urtez banirau, mila urtez yosirik legokek nere buruan gertaera au. —Zu sarraski artan? galdegin zion mutiletako batek. Iru batentzat izanik, maztaildu bear zinduzten, mailluak sega bezala. —Nork-eta, ingelesak? erantzun zun agureak asarre bizitan. Baño bere baitaratuz, asarrea par-irri billakatu zun, eta arrandiro yarraiki bere kanta.

        IX. Oinak odoletan, eraso genien guduan, goizeko bi orduetatik illunabarreraño: alegia, keiak begieri utzi zieño.

        Eun gizon galdu zituzten gure ontziek, baño zulora yoan ziren iru ontzi aiek, Ingalaterrako erregearen iru ontzi eder aiek.

        X. Erri maiterakoan, eun bala genkartzen itzuleran; aize-oiala zarpil, aga ezpal. Nagusi adiskideak, Sufrenek xaloki esan zigun: aupa lagunak! Parisko erregeak zuen berri izanen dik.

        XI. —Nagusi martzala! itz arraiak dituzu —esan genion—, erregeak ongi artuko ditu; baño zer balioko digute itxas-gizonoeri? Guzia utzi ginun, etxea, itsas-larraina, ua gordetzeko gudura yoaki, ta badakusazu orain ogia eskas dugula.

        XII. Gorarik zaudenean, Sufren, aurretik aundizkiak gur egiten dizutenean, gogoemazu iñork etzaitula maite zure itxas-gizonok ainbat. Al balute, Sufren, erri maitera baño len, besoetan, erregetzat artuko ziñuzkete.

        Martegatar batek asmatu omen zuen kantu au, sareak eda-ala. Sufren, nagusia, Parisa itzuli zen. Eta inguru guzietako aundizkiak aren izenaren irrika zeuden, ta itxas-gizonak ez dute ordu ezkeroz ikusi.

        Saskigile zarrak doi doi kantua eman zun, nigarrak mintzoa moteltzen ziolarik; baño morroeak nai baño len bukatu. Oraino ere itzik esan bage, ari begira, ezpainak zirrikatuz, kantua bukatuta ere, erne zegozkion. —Ikus, esan zun yaun Anbrusik, nolako kantak emaiten ziren Martak iruten zuen egunetan. Ederrak ituan, mutillak, eta denbora atsegiñez eramaten ziten. Soñua aspaldietakoa duk, baño zer ziok? Badituk berrigoak prantsesez, itz piñagoekin; baño nork ulertu?

        Zarraren itzok entzunda, itzaiak maietik altxa ziren, eta sei uztarriak iturrira eraman zituten, eta idiak edan-bitartean, maats-aienpean, Valabregako agurearen kanta zerabilten ezpainetan.

 

 

Mireio ta Bikendi izketan.

 

        Mireio ordea, bakarrik eta ortzargi gelditua zen yaun Anbrusiren seme Bikendirekin; eta biek aldamenka zeuden, buruak gurka, aize goxoak eragiten dioten bi larranbillu bezala. —Adi zak, Bikendi, dio Mireiok, sortak bizkarrean, andik onata saski-berritzen abillela, ikusiko dituk, naski, gaztelu zarrak, erriak aunitz, baso gaitzak, eta yai ta pestaburu. Gu beti usategi-ondoan usakume antzo. —Egia, neska, erantzun zion Bikendik, arakatzak ematen duen ozkamiñak egarria kentzen din ibai-aboan edateak ainbat; eta lana billatzekoan ekaitzak egari bear badire ere, ibiltzeak atsegiñak baditin, eta bideko itzalak beroa aantzarazten din. Laister, uda datorrenean, oliondoak lore-mordoz bete daitezenean, oliodi zurailetan eta lizar adaburuetan usainka, eguzki beroan dirdir egiten duten errauliak atzematera giñoazen. Gero botikaetara eraman eta an erosten zizkigunate. Beste iñoiz, txapartegietan moxorro gorriak eta aintziraetan izainak atzematen ditinagu. Bai eize atsegiña! Ez bear sarerik, ez amuzkirik. Uretan sartzea aski, ta izaina zangoetan itsasten.

        Baño ez al zarate beñere Santak ikustera yoan, Mireio? An mundu guziak iru Marien kanta kantatzen din; nondinai ara zeramaztene eriak. Gu andik pestaburuz igaroak gaitun. Eliza txikia dun, baño zenbat ziñ-emai! «Santa aundiak, erruki zakizkigute!» Urte artan izan unan mirakulua, bai arrigarria! Mutiko gaixo bat etzanda zegonan nigarrez. Yondone Batiste bezain ederra unan eta mintzo illun negargarriz zionan: «Ene Santak: ekatzute begietako argia, ta ekarriko dizuet arkumea!» Begira zeudenan ingurukoek nigarrez. Bere artan gorpuzki-kutxak astiro zetozenan sapaietik erri-mordoarengana, ta soka askatu-ala, aize-burrunbak bezala oiu zegitenan: Santa aundiak, el zakizkigute! Mutikoa amabitxiaren besoetan zegonan, eta eskutxoakin gorpuzkikutxak atzeman al zituneko, itsatsi zitzaienan gapirioa bezala, itsasoan galdua olari itsasten zaion eran: eta Santaen ezurrak ukitu-orduko, nik ikusia, Mireio! esan zinan itxuak siñeste biziz: ikusten ditut kutxak; ikusten dut amandrea nigarrez... goazen, goazen arkume adaxkadunaren eske.

        Bai, neska, Yainkoak aunala beti eder eta zorioneko; bañon iñoiz zakur, musker, otso, edo beste pistiren batek ozkatzen bai aun, oa Santa aiengana ta bertan duken aringarria.

        Onela zeramaten gau-yarduna. Ondoantsu, gurdi askatuaren gurpil aundiek errainu egiten zuten. Noizpenka txilin-otsa aintziradietan; ontzaren urubia urretxindorraren xintarekin. Gaur ilargiak zugatzak eta aintzirak argitzen baititu, zion Bikendik, azalduko al diñat bein batez laisterka saria irabazixe nuela? Pozik, esan zuen neskak. Eta neska xaloa, zoritsu baño zoritsuago, arnas-geldika Bikendiren ondoratu zen.

 

 

Nimesko laister-apustua. Mireioren maite-ernetzea.

 

        —Nimesko zelaiean unan laisterketa, eratxiki zun. Nimesen, ene Mireio, buruko illea baño yende ugariago zegonan yaialdia ikustearren. Buru-as, oin-utsik eta soingañeko gabe an zeudenan batzuk zuinean. Ontan Lalagante etorki, lasterkarien nagusi zena (Marsellako Lalaganteren entzutea bai bide dun) Provenzako gizonik bizkorrenak ikaratu zitinan; bai Italikoak ere. Aren zango ta iztarrak, Yon Costa errege-seinarenak ziruditenan. Apala bete txalin zeduzkanan lasterraldien idazkuntzakin, eta abeetan dilindan zeuden mendelak ikusita, ziñ egiñen unan, Mireio, ostilika zabaldu zela sapaiean. Lasterkariek bertan burua apaldu ziñetenean eta soingañekoak eskatu. Ez unan iñor Lalaganterekin leia-nairik. Gazte xingil bat, kozkortsua alere, Cri izena zuna, egun artan beizai gertatu Nimesen, eta onek bakarrik izan biotza arekin gudukatzeko. Ni ere an egokitu nindunan. —Deabrua! Nik ere bazekiat laisterkan! Baño zer esan ninan, zozo onek? Guziek inguratu nindinaten. Ots! ekiok laisterrari, oiu egin zidatenan. Ua estutasuna, Mireio! Nik eperkumeen atzetik laister egin ninan, aritzak beste yakillerik gabe. Tira, sartu bear izan ninan. Ni ikustean, Lalagante bidera zitzaidanan eta esan zidanan: «mutil, oiñetako orien edeak estu ditzak ongi». Ta au esan bitartean, iztar lodiak sedazko galtzetan izkuta zitinan. Urrezko amar kaskabilo zitiñenan inguruan galtz oriek. Arnasa bakantzeko, agoan sarats-arbaxta sartu giñenan. Irurok adiskide-antzo esku-estutze bat egin ta, odola irakiten, eziñegonez ta ikaraz, oina zuinean yarrita, zantzuaren begira geundenan. Egin zutenean, tximistak arturik zabaldira irurok. Iri!... Neri!... Ta laisterraldian auts-lañoak izkutatzen gure yauziak. Aizeak garamatzinan; kea zerionan gure illeari. Ua sua! ua laisterketa zoroa! Irurok batera iritxiko giñala uste izan ziñaten luzaro: ain bizkor giñoazenan! Ontan nik aurrea artu, zorigaitzez ordea; ero eroan oldartu nindunan, eta atzean nituelaxe, arnasa galdu, ta zurbil, kordegabe, aurpegiz lur yo ninan. Aiek ordea, neurriz zoazinan, beti neurkiro, Ex-en dantzatzen diren xaldikoak bezala. Marsellatar aipatuak irabazi uste zinan: ez omen zinan barerik. Lalagantek ordea, bera betekoa arkitu zinan, Muriesko Cri. Laisterketa bukatzer unan, errian yende-pilla barna zoazila. Ara Cri-ren yauziak! Mendian ez baserrian ez dun erbi ez basauntz ain zailurik. Lalagantek igesegin zinan orroka, otso-antzo. Cri ospez beteak, besarkatu zinan sarien zutabea. Nimestarrak gaiñera zitzazkionan nongo erritarra zen yakin-miñez. Eztañuzko txaliñari dirdir zeragionan eguzkiak; soiñugailuak asi itunan, eta Cri txaliñaren yabe. —Ta Lalagante? galdegin zion Mireiok. —Erriak arrotzen zuen auts-laño-tartean kuzkurturik, belaunak bi eskuen tartean, eta lotsagarriro garaitu izanaren naigabea barnen, bekoki-izardia malkoz nasten zuela. Aren bila Cri yoaki, ta agur egin zionan. Yatetxe baten maats-itzalpean eserita, «mustu dezagun lenbailen, lagun», esan zionan. «Gaur egun alaia duk: utzi ditzagun nigarrak biarko, an beiko Ondartza aundietan ire ta nire zorionari argiegiteko adin bat eguzki oraino baduk eta». Lalagantek ordea, aragi ikaretan, altxa zinan aurpegia, ta urre-kaskabilodun galtzak idokiz erantzun zionan: «urteak eraman ditie ene indarrok, eta toitzik. Gaztetasunak beltxarga bezain zailutzat aduka; ik eraman dezakek ederrez bizkorrenaren ezaugarria». Onela mintzo unan. Ta lasterkari txapeldun bizkor ark, lizar moarratua bezain murri, aldegin zinan yendartetik, eta arrezkero ez Yondone Yonez ez Yondone Petiriz ez dun ez dun iñon azaldu, ez ta zagi puztu-gañean yauzika ere.

        Basaka-bordako atarian onela yaulkitzen zituan Bikendik zekizkianak oro aren mataillak gorri biurtzen zirelarik eta begi beltzeri sugarra zeritelarik. Mintzabitartean esku-aurpegieri biziro zeragiten, eta aren itz-etorri ugariak, Maiatzeko belardi batera yausten den zaparrada zirudien.

        Zoi-tartean xir-xirka ari ziren kirkirrak, bein baño geiagoten ixildu ziren ari entzuteko; urretxindorra ta gau-txoria ere ixildu ziren basoetan, eta nexka, biotz barrenerako erasoa, orbelean eserita egonen zen argi-urratzera arte, begirik itxi gabe.

        —Saskigilekume izan arren, izketa atsegiña du, esan zion amari. Negutean lotara yoatea on da, ama; baño oraingo gaba argiegia da. Entzuiogun, entzun oraiño... Nik gaualdiak eta bizialdi osoa ere emanen nituke orri entzunean.

 

aurrekoa hurrengoa