www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritar nekezaleentzako eskolia
Juan Jose Mogel
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritar nequezaleentzaco escolia, edo icasbidiac guraso justu ta jaquitun familija ondo azi ebeeneen exemplu ta eracutsijetan, Juan Jose Mogel. Apraiz, 1816

 

aurrekoa hurrengoa

HISTORIJAREN JARRAIPEN
TA ERAKUSTE ALDI IX

 

        Ez ebeen etxe onetako seme alabaak aitatu diran fiesta ta okasinoetara juateko asmorik artuten, Jangoikuaren billdur santu, ta mundubaren gorrotuan azi ziralako. Egiija da, nai izan balebee bere, alperrik izango ebeela eureen gurasuakaz. Krijau, edo otseinik artuten ebeenian, ajustau orduko esan oi eutseen, gero murrijarik izan ez zedin, etxe atan ez zala izango libertaderik alako ibillereetarako. Osteruntzian ziran txito errukior, ta prestubak mendekuakaz. Zuzen, ta zekentasun baga pageetan eutseen soldata ona, ta zerbait agillandoz; Alan alkarren leijaan oi ziran serbitzarijak etxe onetarako. Krijada bati baño geijagori, ta auzuetako neskatilla askori erakutsi eutseen Jaijegunetan eskolia baseerri onetako alabaak. Eskolarako modurik ez eukeen askok, astegunetako biarra galdu baga, ikasten ebeen ondo irakurten, ta doktriñia. Batzuk ikasi, ta beste batzuk poztuten ziran, ta afizinoia geiturik ugarituten ziran frutu onak. Oh karidadia! Ez ebiltzan etxe onetan serbitzarijak beti arrastaka, ta tatarras, esklaba batzuk balira legez. Emoten jakeen lekuba eureen erropaak astegunetan adobeetako, ta sarri etxeko alabaak luari zerbait kenduta adobeetan eutseezan, jakiñik Jesusek ondo pagauko ebala karidadia. Beti zan etxe onetako doktrinia, pobriago jaijo arren batzuk, ez zirala desprezijau biar, ta bai izan beragaitik bigun, ta errukiorrago eurakaz. Oh doktriña askok ikasi biar leukiana! Ugazaba zeken askok, al baleijee odola izerditan emon eragingo leuskijuee otseinei. Erruki geijago daukee eureen txaalakaz, projimo triste oneekaz baño. Ez deutsee itxi gura eureen erropa pobriak konpontzen astegunetan; Jaijegunetan meza bat arrastaka entzun, edo ikusi, ta ez sermoe, ez konfesinoe, ta ez eleisako gauzarik, banakatan baño; bakarrik emoten deutsee libertadia emon biar ez leuskijueen batzaar geisto ta okasinoietarako. Oh kodizija, iños aseetan ez dana, baña munduban bere gitxi medrau oi dana!

        AITAK: Okasinoe batzubeen gañian berba egiñ ezkero, ondo izango da aztertutia beste erokerija, ta lazu asko bere, zeintzubetan jausten diran arima asko. Mutil batzubeen pasinoerik bizijeena oi da ez beste bat baño gitxiago izatia. Emendik ainbeste desapijo, burruka, ta makillaka. Diñuee, ez dau gizonak gizonaren billdur izan biar. Gizonik kaskarreenari sarrijeen entzungo jako, batez bere tabernaan izan bada; ez nas ni baten billdur. Panparrerija utsa. Ez dago gizonik gizonaren billdur ez danik; sendueentzat dagozanak billatuko ditubee senduaguak, ta sarri indar gitxiago daukeenak ateraten dabee biktorija burruka, ta okasinoe txatxarretan. Alako erokerija arruak, dira bada tontueen engañagarrijak. Astuetan indarra txito da estima-garrija, gizonetan leenago da juizijua, ta Jangoikuak emon badeutsa indar, ta baloria, enpliau biar ditu, bere, ta projimuaren onian. Gizonari billdurrik ezpajako bere, izan biar jako Jangoikuari, zeñek kastigauko dituban ondo gizaseme arro, ta burrukarijak. Jesu Kristoren doktriña txikitatik ikasi doguna da parkatuteko projimuari egiten deuskuzan injurijaak. Balore geijago da au egitia, goitu biar dalako geure biotzeko pasinoe bengau naija, atzamarka aldi bat egitia baño. Onetan balego baloria, esan lei, itxas alde askotako atsuak baño ez daukala iñok balore geijago, zerren ez daguan iñor prestago eurak baño burrukarako, ta eskuban daukeena edozeñi jaurtigiteko. Ez da bada emon biar iñori okasinoerik, ta emoten badabee, alde egizu andik, tontuakaz buruba bat egin baga; alabauko zaitubee juizijua daukeen personaak, ta zoruak esan daijeela nai dabeena. Soldaubeen artian ezpada kobardija erretireetia jeneralak aginduten dabenian, zegaitik izan biar dau kristinaubeen artian, okasinoiari alde egitia, Jesusek agindu ezkero? Oh fediaren oztasuna! Mundubaren lege zorigaistokuak! Badira benetako okasinoiak, zeintsubetan gizonak agertu biar daben bere baloria, Jangoikuaren honriak eskatuten dabenian: gerra justubetan. Baña zer jazo oi da geijeenez? Plaza, taberna, ta bazterretan arrokerijaak botaten ditubeenak, leleengo espaldaak erakustia batalla, ta okasinoe andijetan; agertuten dala onetan, biotz zital, ta ernegaubak dirala egokijak burruka, ta okasinoe txatxarretarako, baña ez balore egiijazkua biar danerako.

        LUISEK: Errazoe argi, ta ziurrak dira orreek, baña nai neunke entzun exenpluren bat, obato aituteko.

        AITAK: Ara bada Eskritura Santaan daukazuna. Filisteo gogorrak artu ebeen gerria Israeltarreen kontra. Exerzitu bijak aurkituten ziran alkarri begira, baña eskubetara eldu baga. Denpora onetan Goliat esaten eutseen filisteuen arteko jigante ikaragarri bat agertuten jakeen egunoro israeltarrei eureen aurrera, zirautseela desapijo, ta burla andijak egiñik, urten egijola berari nai ebanak, ta baldin israeltaar batek goituten beeban, filisteuak menderatuko zirala; baña berak goituten beeban, Israelek izan biarko ebala filisteuen mendian. Saul Israelgo Erregiak egiñ zituban eskintsari andijak, agiñduten ebala bere alabia emaztetzat, Goliat goituten ebanarentzat; baña, ez exerzituban, ez andik kanpora aurkituten eban, billdurtuten ez ebeenik Goliaten anditasun, inadar, ta armaak. Askoren eretxijan, bere armaak piseetan ebeen berreun, ta irurogeta amabi libra sendo. Dabid pastore gaztiak, jakiñik zer jazoten zan, ezin sufridu eban filisteo arro, ta Jangoikuaren arerijuak, Israel, ta bere erlijinoe santiari egin gura eutseen burlia. Eskini zan bada bera bakarrik urtetera Goliaten kontra; ta animeetako, esan eutsan Erregeri. Jazo jat nosbait, ardijak zainduten nenguala etortia artza, edo leoia, ta oraturik itotia neure besuen artian; zegaitik egingo ez dot beste arenbeste Jigante orregaz? Arturik bada makilla bat, ta bost arri, urten eban desapijoko lekura. Ikusi ebanian Goliatek Dabid mutill gazte, gorri, ta aiñ ederra, gerra usaiñeko arma baga, burlazko erruki modu bategaz esan eutsan. Uste dozu, nasala txakurren bat makilla orregaz joteko? Erdu ona; laster prestauko dira zure aragijak txorijeen janari izateko. Baña Dabidek ikaratu baga, imiñirik konfiantza Jangoikuagan, bere ondiagaz jaurtigi eutsan arri bat, ta bekokijaren erdijan jota ezarri eban luurrera, ta azkenik bere ezpatiagaz ebagi eutsan buruba. Aillagiñako alabantzaak emon eutsazan Israel guztijak Dabidi, zeinda Erregia sartu zan bere kontra enbidija andi baten. Ez eutsazan kunplidu bere berbaak, ta imiñi eban soldau batzubei aginduten peligrurik andijeenetan illgo ebeelako ustiaz. Ikusirik, beti urteten ebala ondo Dabiden balore bardiñik ez eukanak, esan eutsan, baldin gura beeban bere alabia emaztetzat, ekarri biarko eutsazala eun filisteo illdakueen señale ziurrak. Kunplidu eban Dabidek aginduba, ta goguaz kontra bere Saulek emon eutsan alabia esposatzat. Ez jakon bizitza guztijan gitxitu baloria Dabidi, ta irabazi zituban batalla andijetako biktorijaak, beti izango dira munduko soldaurik sendueneentzat exenplu animagarrijaak. Ete da oraiñ iñor esan daikianik, Dabid zala billdurti, edo kobardia? Begira bada zelan ekijan projimuaren injurijaak parkatu, ta okasinoe txatxarrei alde egiten. bein baño geijagotan Saulek bere eskubakaz ill gura izan eban, ta jaurtigi eutsan lantziagaz, baña Dabid ez zan balijeetan bere indar ta baloriagaz jarkiteko Sauli, ta bai bere oiñakaz iges egiteko okasinoetik. Igesi ebillen bada Dabid geisua, ta Saul ondorik persegietan, ta igaroten zala bein Dabid ezkutauta eguan leku batetik, ezpatiagaz ebagi eutsan erropiaren puska bat, ta aituten emon eutsan gero Sauli bere biotzeko prestutasuna, ez ebalako bengau gura izan beragaz, eukirik okasinoe ezin obia. Beste okasinoe baten Saul ebillela Dabid persegietan iru milla soldaugaz, euki eban onek moduba gau illun baten sartuteko Abisai bere lobiagaz, Saul lotan eguan gelara. Asi zan Abisai ebagi nairik buruba Sauli, baña galerazo eutsan Dabidek, ta bakarrik artu eutsazan Sauli señaletzat bere almuadiaren onduan eukazan lantzia, ta basua: urten eban gero mendi batera, ta asi jakon esaten Abner Saulen jeneralari; zegaitik ez eban obato egiten Erregeren guardija, bada bere ardurarik eza gaitik artu eutseezala lantzia ta basua; diadar egiñ eutsan Sauli bere, zirautsala: ez dakit Errege, zegaitik persegietan dozun gizon aiñ leijala, baña Jangoikuak mobietan bazaitu nire kontra, kunplidu ditiala zure guraarijak, ez dot gura, ezpada bere gustokua izatia nire bizitziaren sakrifizijua. Orregaitik, erregututen deutsut, ez daizuzala loitu zeure eskubak nire odolagaz, zerren Jangoikuak, zeiñ imiñten dodan neure inozenzijaren testigutzat, artuko daben bere bengantzia; bialdu egizu ona norbait, zeure lantza, ta basuaren eske. Beste beiñ semei esaten jakon gizon zital batek, injurija, ta lotsabagakerijaz bete eban Dabid, azkenik arrika egitera agiño; Abisaik bengau gura izan eban bere ezpatiagaz, baña atzeratu eban Dabidek zirautsala: itxi egijozu bakian; Jangoikuak alan permitietan dau, ta berak biar bada emongo deust bendizinoia maldizinoe orreek gatik. Beste jazoera asko oneen irudikuak irakurten dira bere bizitzako Historija, ta beste gizon andi askorenetan. Onenbestegaz ezagutu deiteke, nosko dan baloria, ta projimuari parkatu, ta bere okasinoetik alde egitiak, ez dabela galduten, ezpada geitu, gizon sendo, ta biotz andikueen honria.

        LUISEK: Izanik Jesu Kristoren agiñduba arerijuak maitetuteko, deungaro egiten deuskubenei ondo egiteko, zelan ikusten da Kristinaubeen artian ainbeste errieta, alkar ikusi ezin, auzi temazko, ta enbidija, etxian, auzuan, senide, ta osteruntzekueen artian? Ez da asko Jangoikuak agiñdutia, obligauta egoteko gu edozer gauza egitera? Jangoikuak, ez ete deusku guri geijago parkatu biarko, salbauko bagara? Ez ete deutsagu egiñ iños injurijarik? Ta parkatuten ezpadeutsagu projimuari; zelan esan ginaijo, parkatu egiguzuz geure zorrak, geuk geure zordunei parkatuten deuseegun legez?

        AITAK: Ori da txito premiña andiko doktriña, txikitatik ikasi, ta biotzian ondo sartuten ezpada, gero nekez gordeko dana. Zenbat familija, ta persona daukaz lazauta Diabrubak zorigaistoko benganzako kateiakaz? Au egiñ deust, bestia esan dau ni gaitik, ta onelako atxakijaakaz, edo guzurrezko kleituba asmo artuta, sartuten dira kristinau argalak benganzako, ta gorrotoko sarian. Sentimentuba artutia, txaarto egiten deuskubeenian, naturala da, ta ez da berez pekatu. Goitutia sentimentu au, errazoe, fede, ta grazijaren laguntasunagaz, da merezimendu andiko gauzia. Onetarako da txito ona orazinoia, batez bere arerijuak gaitik erregututia; geure pekatubakiñ, ta Jangoikuaren pazienziagaz akordetia; konsidereetia zetarako dan pazienzija, baldin gustijak ondo esan, ta egiñgo baleuskubee; guk baño obiak bere izan ditubeela persekuzinoe, ta arerijuak; alan egiten ezpada, sentimentuba errazto igaroten da projimuaren amodijo borondatekua galdu, ta gorroto egiijazkora; ta oneek beti dira pekatubak. Oh Jesus, gure amorez, ta gure pekatubak gaitik kurutzian josija! Zer egin leigu projimuak, zure izenian parkatuko ez deutsagun gauzarik? Ta alan egiten ezpadogu, zer kontu emongo deutsagu bere odol garbijari? Eriotzako horduban gustijak asi oi dira esaten, betor urlija, edo berendija, bakiak egiñ gura ditut, parka eske naoka mundu gustiari; zetarako bada egon kristiñaubak, eurak dakijeen estadu txaar gorrotokuan eriozara artian, ez instante baten bertan? Baña begiraturik beste alde batetik gauza oni, erreparau egizu, zelan aserratuten danari berotuten jakon odola, mudau koloria, ta illundu errazoia, ta alan aserriak tontotuten dau gizona, beintzat koleriak dirauban arteko. Orregaitik, filisofo jentillak eurak, ezaguturik egiija au, itxi deuskubeez exenplu guretzat lotsagarrijak. Aenadoro filosofuak emon eutsan konseju Augusto Emperadoriari, ez iños ezer agiñduteko, aserre, edo koleraan eguala. Ondo ekijan, aserriaren bizitasunak okertu, ta laiñotuten ebala errazoia. Legiak imiñi, ta juizijo osua eskatuten dabeen gauzaak egiteko. Baña Sokratesen exenpluba da txito egokija aituteko, zelan persona juiziozkueena dan gordeetia biotzeko bakia, ta pazienzija, aserratu baga esa mesa, ta injurijeetan. Errazoez esan oi da, personarik urkuenaren injurijaak dirala gatxeenak eruaten; ta ara zelan portau zan jakitun au bere urkuenagaz. Eukan emazte bat, luurrak biar bada eukan zitaleena, ta sugiaren eztena baño miiñ zorrotzagokua. Ezin azertau eban, ta egiñ ala gustia, ditiana zan okerra emakume onentzat. Beti zirauntsan Sokratesi, asmau alako esakunerik deungeenakaz; baña onen biotzeko pazienziak ez eban zirkiñik egiten. Egun baten, berak esan, ta berak ernegau, ikusirirk senarrak jaramonik egiten ez eutsala, artu eban txarra bete ur zikiñ, ta bota eusan burutik beera; Orduban Sokratesek, ura erijola, ta barre egiñda, esan eban: banekijan, ainbeste trumoeren ondoren, laster jausi biar ebana euri zaparradiak. Ara Juan Abatak dirauskun beste exenplu bat. Mutill gazte bat jarri zan filosofo baten mendian jakitun izateko guraarijagaz. Iru urtian euki eban agiñdu, ta eragiten gauzarik baju, ta humilldeenak. Beste iru urtian agiñdu eutsan, ez bakarrik pazienzijaz igaroteko egiten eutseezan injurijaak, ezpada emoteko sariren bat injurija egiten eutsan gustijari. Ikusirik kunplidu ebala, esan eutsan: oraintxe zagoz prest jakiturija ikasteko, ta erdu neugaz Atenasko Eskolara; ziudade onen sarreraan eguan filosofo zaar bat probeetako estudijora juazanak, ta au oi zan injurijaz beteetia. Urreratu zaneko bada mutill gaztia, asi jakon aguria burla, ta desprezijo andijak egiten, ta mutillak, bat bere aserratu baga, egiñ eutsan barre; aguriak geitu zituban asmau alako injurijaak, ta mutillak beti egiten eban barre; horduban dirautso aguriak: adiskidia, zer da ori? Nik zuri ainbeste burla, ta desprezijo, ta zuk beti barre? Erantzun eutsan: Iru urtian oituta nago injurija egin deustan guztijari zerbait emoten, zuk dugarik egiñ deustazuz? ta zelan egiñgo ez neban barre? Oraiñ bada diñot nik: filosofuak jakiturijaren amorez ainbeste pazienzija, ta mansotasun erakusten beebeen guk Jesusen amorez, ta zeruko betiko atsegiñeen pozez, zer egiñ biar ez genduke? Pazienzija biarra da, diño San Pablok, Jangoikuaren agiñdubak gorde ta bere betiko eskintsarijak irabazteko.

        LUISEK: Irakurri ditut neuk bere pazienzija, ta parkazinoeko exenplu txito asko, ta andijak, San Krisostomo, Atanasio, Marino, ta beste askoren Historijeetan, baña ez nas oraiñ zurtuten, ikusirik, ze ispillu ederrak itxi deuskubeezan filosofuak, errazoiaren argijagaz balijauta. Zer izango zan, euki balebee oneek fediaren argitasuna? Oh zeiñ testigu gogorrak izango diran gure kontra eguneen baten!

        AITAK: Neskatilleen artian pasinoerik bizijeena oi da burubak erakutsi naija, ta onetarako lagundu oi dabeen apaiñdurija, ta banidadia. Banidadiaren izenak esan gura dau, ezerbere-ezkerija, ta emen esan deiteke engañuba. Ta egiijaz, banidadia da, edo ezaintasunak eztalduteko, edo dan baño edertasun andijagoko bat begitandu eragiteko. Ta zer da au ezpada engañuba? Jangoikuak emondako itxuriak ez dau apaiñdurija biarrik, dezenzija baño. Baña ez izanik bardiñak itxura gustijak, emakume itxura txaarrekuak, ta enbidiosaak, asmau biar ebeen zerbait, bestiak baño ezainagotzat iñok euki ez egizan; zaar, edo naustubak bere, ez dabee gura iñok aintzat eukitia, ta gustirako dauka tranpia banidadiak. Daigun kontu: ulia zuritu bada, imiñi peluka gorri bat; murrija badago, arrotu irrime, edo sartu beste baten ule-zati bat ta alan beste gauzeetan. Emakumeen kondizinoia da, ardijeena legez, bat igaroten dan lekutik bestiak igaroteko. Batek imiñi dau onelako modako jantzija, diño bestiak, neuk bere biar dot ak beste. Alan dua zabaldubaz banidadia, ta sarri indezenzija. Diabrubak ez dau lorik egiten, putz emoten deutsee, bata baño bestia arruago jarteko, ta eurak atarako prest egonik, egiten dau sarri nai dabena eurakaz, ta eureen bitaartez beste askogaz. Señora apaindurijaz beteriko bat juan zan beiñ konfeseetara erlijioso on bategana; esan eutsan onek; andria, bitxi, ta jantzi arro orreek dira lazu batzuk, zeintzubekin Diabrubak ostuten deutsazan arimaak Jesusi. Zurturik emakumia berba oneekaz, erantzun eutsan: Jauna, aurkituten bada nigan Diabrubaren gustoko gauzarik, itxi beit oraintxe kendu daidan, ta au esanda jausi zan luurrera. Agertu zan beriala keriza baltz, ta ikaragarri bat, ta ikusten ez zan esku modu bategaz, kendu eutsazan apaiñdurija laarregijak, isten ebala dezenzija utsagaz, ta entzun zan diadar andi bat ziñuana; oneetxek dira lazu, ta sariak, zeintzubekin lotuten ditudan arimaak neuriak izan ditian. (Aitu biar da apaindurija laarregi, ta dezenzijaren kontrakua gaitik). Eta egiijaz, ze kaltiak egiten ez ditubee Jesusen arimeen artian emakume arro oneek? Ez dira apaiñduten ezkutuban egote arren, ta bai gizasemeen artian ibilli, edo eureen begijei eskintze arren ikusgarritzat. Neure begijak ostu deust neure arimia, ziñuan Jeremiasek, beste gauza baten gañian. Ta ahi, zenbati jazoten jakon egiijaz, baldin, Salomonek dirautseen legez, iges egiten ezpadabee alako emakumiak ganik! Moabgo Erregiak, israeltarrak ezin goiturik, Balaan profeta deungiaren konsejuz, bialdu zituban emakume arro ta apaiñdubak Israelgo exerzitubeen artera, soñu, dantza, ta asmuakaz, okasinoe emotera; ta nok esan, negar egiñ baga, indar geijago euki ebeela emakume arruak israeltarrak engañau, ta galduteko, Moabgo exerzitu gustijak baño! Banidadia da soñu, erreklamu, ta señale bat legez, batuteko alkarregana mundubagaz gozatu nai dabeenak. Emen gomunteetan jat jakiturijako liburuban irakurten dana. Erdu, esan eutseen pekatarijak alkarri, erdu ta gozatu gaitian luurreko atsegiñetan, ez dekigula igaro denporiaren loria. Imiñi daiguzan larrosasko koroiak sikatu baño leenago. Ez dedilla gelditu zelairik zeñetara igaroko ez dan gure lujurija. Ez dedilla gure artian iñor izan lujurijatik libre; itxi daiguzan leku gustietan geure alegrijaren señaliak. Geure indarra izan dedilla justizija. Azpiratu daigun justuba, geure egitadeen arerijua dalako, ta emoten deuskuzalako arpegijan geure pekatubak. Alan pensau, ta uts egiñ ebeen, itxutu zitubalako eureen malizijak. Ahi zenbat emakume arro, ta eurakaz dabiltzan mutillakaz jazoten dan au berau gaurko egunian! Ez dago begiratu baño eureen ibillera, ta bizi modubari. Ara azkenik, zer dirautseen Jangoikuak, Isaias profeta santubaren aoz, emakume banoseei; jagi ziralako laarregi Siongo alabaak, ostikopetuba izango da eureen soberbija, billostuba apaiñdurija, ta izango ditubee tormentubak bitxi, ta usaiñ gozueen ordiaz.

        AGEDAK: Baldiñ emakumeetan eureen arintasunaren señalia bada moda ta banidadiari jarraitutia, txito burlagarrijak izan biar leuke gizonezkuentzat. Baña oraiñ, euretatik asko, ikusten dira emetuta legez jantzijan. Soñekuak josi, edo ebagi biar diranian, ezin azertau leiz mutill batzuk. Ez dabee ezer gura leenagoko usuban, ta naijago dabee franzes modura jantzi, guraso Bizkaitaarreen modura baño. Nik ikusi ditut emakume asko, burla ta barre atzetik egiten alako mutill dotoreei. Alan ezagutuko bagenduz geure argaltasunak, zeiñda iñorenak! Baña esakunia da, bakotxa bere zoruak bizi dabela.

        AITAK: Ez bakarrik laarregiz uts egiten dabee emakumiak jantzijan, leen esan dan moduban, baita gitxiegijaz bere nosbait. Ez diñot ezer arako neskatilla nasai, beso gustijak billostuta, idunak edegita, eureen zikiñtasuna zabaldu nairik dabiltzaneen gañian. Oba da ez aitatuteko eureen lotsabagakerija. Bakarrik bai, arako neskatilla, ta ez gitxiago emakume ezkondubak gaitik, zeintzubak etxian, edo biar gintzeetan agertuten daben askatutasun andi bat eureen jantzi, ta oni jaokazan gauzeetan. Ezin esan lei gustija, ta ez dot uste malizijaz askok egingo dabela, baña bai ardura-bagetasunaz. Jakiñ biar da bada, emakumiak euki biar dabeela ardura andija, biarrian, nai etxian egon arren, erabillteko pañuelo albait osuena, ta orraatzagaz ondo eztalija. Alan beste erropa gustija bere, zaarrago izan arren, adobauba, edo eztalgarrija. Zaarrak ez dauka lotsaaririk. Konponduba da emakumiaren honragarrija; aiñ bagiak agertuten dau emakumeen alpertasun, ez jakin, ta ardura bagetasuna. Ez dabee erabilli biar erropa laburregirik, ta koloria, bastuago izango bada bere soñekua, izan dedilla honestua. Onenbestegaz aitu daike nai dabenak. Emakume, seiñtxubei bularra emoten dagozanak, imiñi biar dabee beraarizko kuidadua ondo estaldutian.

        LUISEK: Gauza askori eragiten deutsazu. Aita, zuk jakiñgo dozu guk baño obato, zeren premiñia daguan, ta orregaiti gurako gaituzu kontuban imiñi.

        AITAK: Oraiñdik gauza asko legoke zeri eragiñ, baña zubentzat askoko da iraitzian legez ikututia. Baseerritaarreen artian bere oi dira tratu, ta artu emonak. Tratu asko dagoz, zeintzubak lizito diran, edo ez diran erabagiteko, gizon aitu, ta letra andijetakuak bere, zer pensau asko oi daukeen. Alan emoten deutsut konseju, tratuba, klaru klaru garbija ez danian, itunduteko konfesore jakitun, edo beste persona aitu, ta konszienzija onekoren bategaz, ta bere esana egiteko. Au da, ez jakiñ, ta utsegitiak erremedijeetako modurik oneena. Interesak asko darua engañauta Infernura. Tratuba garbija bada, esango deutsubee egiñ daikezula, ta ez dozu ezer galduten itandubagaz; ezpada garbija, libreetan zara Diabrubaren lazu andi batetik. Batzuk ez oi dabee ezer itandu gura, ta emoten dabee onetan eureen kodizijaren señale ziurra. Zenbat usurerija, edo logrerija ikusten ez da, ezin egin leijeezanak kondenazinoiaren beian? Zenbat atxakija asmeetan ez dau kodizijak, ontzat emoteko tratu geisto oneek? Itanduko balitz jakitun, ta interesik ez daukanari, errazto jakingo litzaate. Baña batzuk ez dabee jakiñ gura, ta beste batzuk engañeetan ditu irabazijak. Beste tranpa, ta lapurreta modu asko dago, edozeñek dazauzanak. Ganadubak salduten diranian sartuten diran engañubak; ikatzaren lekuban ilintxaak eruatia, oleetara, nai edonora; neurri, ta pisubak ez kunplietia; ikatz examiñeetan, konzienzijak aginduten daben baño geijago esatia, konbit, edo amistadia gaitik; examiñau zan baño arbola geijago ebagi, edo iñaustia; batian soluan, bestian bedarrian, orrijan, frutaan, auzo, edo bestelakuei beti txitximurka egotia; errenterubak, ugazabeen ikatzak, edo arbola, ta aziendako gauzaak eureentzat saltzeia; eureen arduragabetasunez aziendaan kaltiak egitia, edo iñori egiten istia; ugazabaak, aziendari jaokan baño errenta geijago pagau eragitia, edo errenta justubaz ostian, obligeetia errenterubak, dugaik egitera, alogera biar leukeen gauzaak, balijeetan dirala sarri errenterubaren pobreziagaz, ez daukalako nora urten, geijago kargeetako. Oneek gustijok dira konszienzijako karga errestituzinoia eskatuten dabeenak. Ugazabaak ez dabee pensau biar, eskintsen deutseen errenta guztija artu leijeela, ezpada gizon aitu, ta konszienzija onekuen eretxijan haziendiak merezi dabena. Ez da asko esatia, etorri jataz onenbeste eskintzera. Usurerubari bere eskintzen jako geijago premiñia gaitik, baña ezin eruan lei. Nora ezeko eskintsarijak dira, ta justizijaren kontra da artutia. Errenteru batek, edonun sartu ez daukalako, edo aziendia obia dalako ustez, edo etxetik ez urtete arren, eskiniko dau edozer gauza. Beste batek eskiniko dau errenta geijago, auzo, edo norbaiti lapurretan egiñda pageetako; edo amarren primizijei gitxiago emonda. Alan errenta andijegijak dira, ugazaba, ta errenteru askorentzat, kondenazinoeko bidia. Errenterubak begiratu biar dabee ondo, pagau ete daikeen garbiro errentia, ta erantzun obligazinoiei, ta ezin badabee tranpa baga, ez sartu alako etxian. Euki konfianzia Jangoikuagan. Oba da eskian, edo aldan moduban garbiro bizi, arimaak galdu baño. Ugazaba Infernura juanagaz ez dabee probetxurik izango, eurak bere ara baduaz. Ugazabaak aitatu ditudan ezkero, berba gitxitan adierazo nai neuke, zelako arduria euki biar dabeen, eureen etxeetan egon dedin familijak eskatuten daben moduko errepartimentuba. Negar egiteko gauzia da ikustia gela baten, edo baten legez, azitxu egiñdako naasteko personaak. Diabrubak ez dau lorik egiten; naturaleza argalak adiña baño leenagotik agertuten ditu bere okertasunak, ta emendik etorten dira ainbeste loikerija, pensamentuz, ta ostian, ez dakijeenak zurtuko litzaatezan edade txito laburrian, sarri bost urtekuetan bere (alan esan eustan, munduko barri ondo ekijan sazerdote batek) andik aurrera geitubaz dua peligruba. Ta zer esan matrimonijoko personaak dagozanian? Zelako kuidadua biar ez da euki, oneek al bait aparteen, ta erretiraubeen egon ditian? Ez neuke aitatuko onako gauzarik, ezpaneki zenbat arima doian Infernura, onetan ardurarik ez iminija gaitik. Odolezko malkuakaz negar egitekua da, ezkondu askoren askatutasuna, ta honestidadiaren kuidadorik eza. Baña sarri ugazabeena bere kulpa andija; errentia artu, ta osteruntzekuari ez begiratuba gaitik; etxia biar daben, ta familijari jaokan gela, edo errepartimentubakiñ ez eukija gaitik. Eta uts egite txito asko dago onetan. Errenteru askok bere ez dau begiratuten korta, ta ganbara onak eukitera baño; beste enparauba utsa da eureentzat. Oh itxutasun, ikusiko ezpalitz, kristinau errijetan sinistu ezin leijana!

        LUISEK: Aitatu dituzun ezkero leen amarren primizijaak, nai neuke zerbait entzun eureen gañian.

        AITAK: Amarren, ta primizijaak pageetako obligazinoia oraindik Jesu Kristo jaio baño askozaz leenagotik aurkituten dogu eskritura santeetan. Jangoikua izanik gauza gustijeen egilla, ta jaubia, ezin iñok ukatu lei, daukala eskubidia emoteko, gura badau, ta ez emoteko, nai ezpadau; baita bere iminteko nai dituban petxu, karga, edo errentaak, bere gauza gustijei. Ze munduko ugazaba aurkitu giñai bere eskubidiak daukazanik? Beraz Jangoikuak agindu ezkero, pagau biar dira Amarren, ta Primizijaak. Argiruago aituteko; egizu kontu, norbaitek emoten deutsuzala eun anega gari euretatik zati bat norbaiti emon, ta enparauba zeurezat izateko. Ez zenduke pozik kunpliduko agiñdu au? Alan bada, Jangoikuak emonik beretik, artuten dan gustija, imiñi eban obligazinoia pageetako euretatik Amarren, ta Primizijaak bere ministruei, isten euskula geuretzat enparauba. Jesu Kristok itxi eutsan eleisiari eskubidia bere ministrueen dezenzija, mantenimentu, ta tenplu, ta osteruntzeko gauza biarretarako, karga, ta obligazinoia bere mendeko kristinaubeei imiñteko. Begiraturik bada, leenago Jangoikuak agindu ebanari, ta biar zan gustijari, eleisa-ama santiak imiñi euskun obligazinoe estuba, Jesu Kristok emon eutsan eskubidiagaz balijauta, amarren, ta primizijaak zuzen pageetako, bere bostgarren mandamentuban ikasten dogun legez. Emendik ezagututen da, amarren ta primizijaak zuzen ez pageetia dala ukatutia legez Jangoikuari bere ministro, ta tenplu santubeentzat eskatuten deuskun zatija, berak emoten deuskun osotik; edo ezpageetia legez errentia bere herederu ministro, ta tenplubei. Berak egingo deutsee bada eguneen baten justizija, bere mesediakaz aaztuta dagozan pagatzalle txaar askori. Ez bada pensau amarren primizijaak dirala borondate utseko emokari batzuk, ezpada obligazinoe txito andi, ta estukuak. Wiclefek esan, edo eskribidu eban, amarrenak zirala limosna utsak, ta kondenauba izan zan Konstanziako Konzilijo santuban; azkenik au, ta beste utsegite asko gaitik, ill ta gero, agiñdu zan hereje onen azurrak eleisatik atera, ta kanpora botateko.

        AGEDAK: Eleisako mandamentu baten gañian neuk bere badaukat zer itandu gauza bat. Ikusi dot iños, jostun edadiak obligeetan ebana, juan bere biar modura baseerrira baru egunian, ta etxeko andriak esaten, ez egijala barurik egiñ, ta alan baruba austen; jakiñ gura neuke zer egiñ alakuan.

        AITAK: Edadian sartu zaitianian, lelengo konsultauko dozu zeure konfesoriagaz, zeñek esango deutsun nos, nun, ta zelan egin biar dan baru. Gauza jakiña da, iñoren esana gaitik ezin galdu leijala eleisiak aginduten daben baruba, osteruntzian obligazinoia euki ezkero; ta alakuan baruba galduteko konseju emoten dabeenak, eurak bere egiten dabela pekatu, baita galduten dabeenak bere. Leenago da arimia mundukueen esan gustijak baño. Orregaitik, baserri pobre batsubetan jazo deiteke alimentu aiñ gitxi egotia, ta indar bagia, zeiñda jostunak ez dituban obligauko barubak; ta orduban ez eurak galdubagaz, ta ez bestiak konseju emonagaz, egiñgo dabee pekaturik. Ez da izaten mantenimentu bardiña erri guztietan, ez da erri bateko etxeetan bere, alan gustientzako beste erregelarik eziñ emon nei, ezpada konsulteetia kura, edo konfesoriagaz, zeñek begiraturik erriko alimentu, ta etxeetako oi daguan gitxi gora beerako diferenzijari, emongo deutseen epai ziurra; ta gero zuzen jarraitu bere esanari. Sabelak asko engañeetan dau.

        LUISEK: Sabelaren engañubak aitatu ezkero, esan egizu zerbait ordikerijaren gañian.

        AITAK: Ordikerija da gizatasunaren lotsaarija, diño San Krisostomok. Ta zer gauza lotsagarrijagorik, Jangoikuak emon deuskun errazoia galdu, ta animalijaak baño bajubago legez jartia baño? Animalijaak eureen moduban dabiltz, ta gizon ordija alboruzka, begijak gorrituta, buruba illunduta, sustanzijarik ezetan ez daukala. Batari emoten deutsa ordikerijak aserrera, bestiari lujurijara, bestiari jokora, tratura alperrerijara. Zenbat eskandalu emendik, etxe barrurako, ta kanporako? Juizijo puska bategaz begiratutia ordi bati, izan biar leuke beste gustieen eskarmentu, ta erremedijua. Ez dituzu iños ikusi honra, fiesta, eztegu, erija, ta eureen debozinoeko batzaarretatik doiazanian, bideetan kabiu ezin dirala, prakaak jaso ezinik, berba bakotxian txistu urtika, keetatik urtenda lako begijakaz, ume gustijak bere burla egiten deutseela? Ahi! ta gizonak ekartia atara bere buruba! Baña deungeena da, ordijak geijeenez ez ezagututia eureen pekatuba. Akordeetan nas, diñuee, orduko gauzaakaz, ez jatan galdu errazoia. Baña ume bost urtekuak bere akordeetan dira eureen gauzaakaz, errazoe argirik euki ez arren. Amesetan bere akordau oi da gauza askogaz, ta ez dago zentzunik. Konfesinoe bat egiñ biar balitz alakuan, zelan egiñ ondo examiñia? Zelan ezagutu pekatubaren kaltiak, ta prestau ondo egiteko? Beste batzuk esango dabee, deskuiduan ardauak igaro zitubala. Jazo dekijo norbaiti, uste baga, gorputz aldi txaarreen bat gaitik, ardauak galdutia, baña alakua ondo eskarmentauta geldituko da. Barriz ez, ekanduz daukana. Alan deskuido oneek geijeenian batzubei jazoten jakeez, ta beste batzubei iños bere ez. Eta zelan deskuidauko ez dira, baldin, asko lekutan sartu ditianian, ezpadakijee zenbat edaaten dabeen? Zuk nire eskutik, ta nik zuretik, darueez edaaten hordu osuak, ta azkenik aparteetan dira alkar ordituta. Ordikerijaren beste zirkunstanzija bat da, zaarrago, ta naijago izatia. Zaarrak estamangu otza oi daukee, ta agaitik nai dabee berogarrija; baña zertxubait igaro ezkero, estamangu otzak ez daukan legez iñdarrik, beriala igaroten jakee burura ardauaren lañua; ta au ez dau askok ezagutu gura. Edanagaz berotuta, aaztuten dira urtiakaz, ta aurrera daruee sailla, baita panparrerija bere ugari. Ikusiko dituzu agura makar, iños ezetako abilidaderik izan ez dabeenak, edan samartu ezkero, konteetan amesezko egitada, ta parrasterija gustijak. Oh ardaua! Zelan burla egiten dozun zeugana zaleegi egiten diranakaz! Oh itxutasuna! Ordikerijak kanseetan dau naturalezia, ta laburtu bizitzia, asko itoten dira ibaijetan, beste batzuk kolpeka amaitu bideetan, ta orregaitik ez dago eskarmenturik, ta emiendarik, Infernura artian.

 

aurrekoa hurrengoa