www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritar nekezaleentzako eskolia
Juan Jose Mogel
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritar nequezaleentzaco escolia, edo icasbidiac guraso justu ta jaquitun familija ondo azi ebeeneen exemplu ta eracutsijetan, Juan Jose Mogel. Apraiz, 1816

 

aurrekoa hurrengoa

HISTORIJAREN JARRAIPEN
TA ERAKUSTE ALDI V

 

        Ezin esan lei, zelako pozagaz, biurtu ziranian etxera neba arreba oneek, konteetan eutseezan Amari, eleisaan ikusi zitubeen gauzaak, ta Aitaren lekzinoiak. Ahi! ziñuen: eta eleisara juan arren, zeiñ gitxi pensau oi dan, an aurkituten diran ondasunetan! Alabauak izan ditiala Jangoikuaren miserikordijaak. Iraatsirik eureen biotzetan Aitaren berbaak, artu zitubeen gurari bizijak konfesau, ta Komulgeetako. Orduko sarri egiñda egozan nausijaguak, baña ez gazteena, bada ez eukazan zazpi urte baño. Agiñdu eutsan Aitak gazteen oni bijaramonian konfeseetako, ta besteei urreengo egunetarako. Ikustiak orduban, zelan presteetan zan ume aiñ gaztia, zurtu eukian personarik Santeena. Santo Kristo baten aurrian belauniko jarrita, Jangoikuari argitasuna eskatuta, Maria Santixima bitaarteko imiñita, egiñ eban examiña ziatz bat, ta negarrez eskaturik Jesus Kurutzian josijari, bere utsegite txikarreen parkazinoia, akto fede, esperantza, ta karidadekuak egiñda, Aitak erakutsi eutsazan moduban, prestaera osuagaz juan zan konfeseetara. Konfesoriak, ikusirik bere argitasuna, agindu eutsan komulgeetako. Biurturik pozez zoraturik etxera, mun egiñ eutseen eskubetan gurasuei, ta dirautsee. Oh! zeiñ andija dan nire gaurko biotzaren atsegiña! Konfesau nas kura zaarragaz, ta aiñ artu nau bigun, zeiñda kenduko eustan lotsa gustija, euki banitu pekaturik andijeenak, konfeseetako. Konseju on asko emonda, azkenik esan deust, maite izateko arren bizitza gustijan arimako inozenzija. Zein biotzetik esan deustan: Oh zeiñ andija dan, iños bautismoko grazija galdu baga, eriotzako instantian Jangoikuari arima garbija entregeetan deutseeneen zorijontasuna! Euki bada ardura andi bat, pekatubak ostu, ta desegiñ ez deizun Jangoikuak emoniko arimako edertasuna. Komulgau, ta beriala, eskini zakijuez Jesus, ta Mariari eureen alabatzat, artuten dituzula pozik zeure Jaube, ta Gurasotzat; entregau eijeezuz zeure arima, ta biotzeko giltzak, zarratu daijeezan atiak betiko, pekatubak iños edegiko ezin dituban moduban; ta barristau egizuz eskintsari oneek, gitxienez egunian bein, bizitza gustijan, ta batez bere komulgautako denporaan. Alan egiñ dot gaur, ta sentiu dot neure biotzian, miiñagaz adierazo ezin neijan gozotasun moduba. Ez jat iños igaro ordu bete, aiñ laster, ta atsegin geijagogaz, gaur komuninoe ostian baño. Ez zan txikarragua beste neba arrebeen debozinoia, ta inozenzija.

        AITAK: Alegreetan nas Jesusek leleengo Komuniñoian egiñ deutsuzan mesede andijakaz; begira leijala izatian bere amodijuari. Ez aaztu iños gaurko egunagaz, ta egiñ dituzun propositu, ta eskintsarijakaz. Asiera ona ondo da, jarraitutia gustiz ona, baña azkenik ondo amaitutia, edo irautia Jangoikuaren grazijaan, biar biarra, salbauko bagara. Saul izan zan ona denpora zati baten; bardin Ozias, Joas, ta Roboan Erregiak, baña ez ebeen iraun, ta galdu ziran. Onelako exenplu triste asko daukaguz eleisako Istorijaan; Pelajio, Pelaio, Saprizio, ta beste askoren artian, ara zer dirauskun Kasianok leen nosbait aitatu eutsun Eron gaitik; Monje au bizi izan zan bakartadian berrogeta amar urtian penitenzijarik gogorreenak egiten; aiñ zan gogorra bere gorputzaren kontra, zeiñda egiten eban eskrupulu, Pazkua egunian bertan, katillu bat Indidaar jaaten. Orregaitik Diabrubak engañau eban gizon mortifikazinoe, ta orazinoez beteriko au. Sartu eban arrotasun andi baten, galdu eban obedienzija, ta ill zan penitenzijaren señale baga. Zer balijo deutsee oraiñ Infernuban berrogeta amar urteko baru gogor, azote, zilizijo, luurraren gañian lo egite, ta Mundutik alde egiñda basamortuban bizi izatiak? Baldin iraun baleu, zelako glorijaak eukiko ez zituban orain Zeruban? Baña irauten ez dabenarentzat, ez dago zerurik, leenago Santidadezko millagruak egiñ arren. Orregaitik, ondo asten danak, asko dauka aurreratuta, ondo jarraitu, ta amaituteko. Asieria, diño jakitun batek, dala egin biar dan gauziaren erdija. Alan geijeenian ikusten da, ondo asija ondo amaituten; ta txaarto asija deungaro. Agaitik diño Espiritu Santubak, gaztiak gaztetan artuten daben bidiari, zaartuta bere ez deutsala itxiko. Oraiñtxe bada gaztetatik bota birtuten zimendu onak, ta desprezijau, mundu, ta aragijaren engañubak. Gizonaren biotza ezin legoke zerbait maitetu baga; bere egilliak emon eutsan amodijorako indar andija; baña emonik indar au Jangoikuak, bera, ta bere gauzaak maitetu daiguzan, alan ez egiñik, arrastaka eruaten ditu luurreko amodijo argaletara. Oh itxutasuna! Ikusiko dabee eguneen baten, artuko dabeen paguba. Zuk itandu egijozu zeure biotzari, norena dan, ta zeñegan aurkituko dituban betiko atsegiñak; emon eijozu leku Jangoikuaren amodijo garbijari; ezpada, laster egiñgo da munduba zure biotzaren jaube.

        INESEK: Jangoikua serbidu, ta bizitza onian irauteko, laguntasun andija izango da konfesore on bat eukitia.

        AITAK: Bai, diño San Basiliok: ardurarik andijeena imiñi egizu billatuten konfesore, zeure arimia salbazinoeko bidetik ondo zuzenduko deutsun bat betiko Zeruko Portura. Ez dago gauza biarragorik salbazinoia baño. Zer balijoko deuskubee munduko estimazinoe, atsegiñ, ondasun, ta bizitzarik luze, ta gozatsubeenak, baldin azkenik galduten bagara betiko? Bada baldin gorputzaren osasuna gaitik billatuten badogu al bait Medikurik oneena; luureko intereseen auzijetan abogaurik jakituneena; zer egiñ biar ez dogu, sendo gordeeta arren, edo geisotu badira, osatute arren geure arimaak, ta irabazte arren mundu, ta Diabrubari beti betiko ondo edo txaarto izatiaren auzija? Iru ofizijo esaten da daukazala konfesoriak. Maesubarena, erakusteko ez dakiguna; medikubarena, emoteko bidiak geisotu ez gaitian, edo geisotu ezkero osatuteko erremedijuak; ta juezarena, absolbietako, ondo prestauta daguana, ta ukatuteko absoluzinoia, ondo prestauta ez daguanari. Gustirako biar da jakiturija andija; bada aiñ baga, ez Maesu, ez Mediku, ez Juez ona izan deiteke. Maesu izateko euki biar dau ontasun, ta birtutia; bada berbia exenplu baga otza da, ta nekez iraatsiko da. Mediku ona izateko, aztertu biar ditu pekatu, ta pekatubeen sustraijak, edo zetatik datozan pekatu areek, ebagiteko pekatubeen bidiak, ta osatuteko sustraitik arimako gatxak. Jueza izateko euki biar dau sendotasun, ta zuzentasuna, egiteko bardintasunagaz konszienzijak agiñduten deusana, alan aberatsakaz, zeiñ pobriakaz, ezagunakaz, nai senidiakaz, zeiñda osteruntzekuakaz, begiratu baga nor dan konfeseetan dana, ezpada zelan prestauta daguan. Alan bada, billatu beti konfesore albait jakiturija, ta birtuterik andikuena, ta jarraitu zuzen bere agindu ta konsejubei. Errukarrijak pekatari, konfesore nasai, ta nola nai laster igaroko ditubeeneen billa, oi dabiltzanak. Osatu gura ezpada pekatubetatik, zetako da konfesoria? ta osatu gura bada zetarako naiko ez dogu, Arimako medikubak astiro itandutia arimako gatx, ta eureen sustraijak, ta emotia osatuteko erremedijo egokijak? Daigun kontu, norbaitek egiten ditubala pekatubak berbaz, eskukaz, nai beste edozeiñ modutan lagun txaarrakiñ batuten dalako, edo onelako etxe, edo lekureen baten okasinoia daukalako; edozeñek daki onelako oitura txaarrak osatuteko, sustraija kendu biar dana; au da, galerazo alako lagun, etxe, edo okasinoia. Alan dagoz beste erremedijo premiñazko asko, zeintsubak baga ezin arimako geisuak osatu deitekezan. Aringa badabil konfesoria, ezpadau aztertuten nundik datorren pekatuba, ez dira okasinoiak ebagiko, ta kenduko oitura txaarrak. Itxubak itxuba badarua, bijak zuluan jausiko dira, diño Jesu Kristok. Alan jazoko jakee konfesore ta penitente itxu askori. Jausiko dira alkarren ondoreen, infernuko lezara, ta madarikatuko ditubee eureen konfesinoe sakrileguak. Ez dira neure berbaak, ta bai jakitunagueenak.

        LUISEK: Edozeñek aitu daikez egija orreek, baña askok aitu gurako ez ditu, libertadian bizi izate arren. Entzun deutseet iños esaten persona nola alakuei, edozeiñ dala konfesore ona. Ez diñuee alan Santa Teresa, San Franzisko Sales, ta beste onen gañian irakurri ditudanak, ezpada askoren artian oneen bat billatuteko. Ez dago gustietan jakiturija, ta birtute bardiña. Batzuk daukee karidade, ta zelo geijago arimaak Jesusentzat irabazteko, ta Diabrubaren lazubetatik aterateko. Orazinoe zaliak izaten dira, ta daukeen legez ondo konsiderauta, zenbat balijo daben arima batek, zer kosta jakon Jesusi, ta nora doian pekatu, ta pekatuko bideetatik ateraten ezpada, pozik artuten ditubee nekerik andijeenak arimaak salbeetia gaitik. Esan lei bai, osatu gura ez dabenarentzat mediku gustijak dirala bardiñak, baña ez osatu gura dabenarentzat. Nik ateraten dodan kontuba da: Eriotzako orduban banengo, nor gurako neuke konfesoretzat? Bada, bera gura dot bizitzaan bere, neure arimiaren zuzengarritzat.

        AITAK: Ondo ateraten dozu kontu ori. Orduban, al izatera, gustijok gurako genduke astiro, ta ziatz igarotia arimako gauzaak, ta artu erregela ta konseju onak. Ezagutu dut nik, bat baño geijago, bizitza deungakuak milla gauza esan oi zitubeenak konfesore zuzen ta begiratubeen kontra, azkenian, illteko billdurrak artu egizanian, eurak eskatuten; baña onelako geijeenei belu eldu oi jakee arimako mediku ona. Eureen konfesinoiak izaten dira nora ezko propositu azalekuakaz egiñak. Eriotzako orduraagiño Jangoikuagana biurtutia isten dabeen pekatarijetatik, diño San Jeronimok, milla askotatik bat apenas salbauko dala. Beste batzuk orduban bere, edo illtia gustiz ez sinistuba gaitik, edo errestituzinoeren batzuk eragiñgo deutseezalako billdurrez, edo konfesinoe jenerala agiñduko deutseela pensauta, ta gatxa dala Diabrubak begitandu eragiñda, edo galdu zitubeelako konszienzijako kezkaak, deituten deutsee konfesore ardura gitxikuei, arimako begijak itxita Infernura jausteko. Oh! zein gitxi penseetan dan zer dan agertutia arima bat eriotzako instantian Jangoiko andijaren aurrian, bere bizitza gustiko kontuba emon, ta eternidadeko sentenzija artutera! San Ilarioni, irurogeta amar urtian penitenzijarik gogor, ta bizitzarik garbijeenian igarota, ikara egiten eutsan gorputz gustijak, urreratu jakonian Jangoikuaren juizijuan agertuteko orduba. Zorijonekua beti billdur dana, diño Espiritu Santubak.

        LUISEK: Entzun dot iños esaten, Baseerriko neke-zaleen bizi moduban, erraztueen salbau leitekiala, apartau ezkero, bakartade, ta konbentubetan bizi diranak, ta neke andijeen artian aurreratu leijala asko birtute gustietan.

        AITAK: Egija da, edozeiñ ofizijo, ta bizi modutan kondenau leitiala, ta kondeneetan dirala asko, asko, ta asko; baña baseerriko nekezaletzia, izanik batetik txito garbija, beste artu emonik ezpadarabill, ta bestetik egonik apartauta erri batubetako naaste, ta okasinoe askotatik, egiija da geijenez diñozuna. Baña orregaitik, negar egiteko gauzia da, ikustia gaurko egunian, zenbat peligru, okasinoe, ta oitura deunga sartu dan Baseerrijetan, gero esango deutsudan legez. Diabruba leku gustietara elduten da, ta geure aragijaren erara konbideetan gaituban legez, nun nai aurkituten ditu ugari jarraitzailliak. Baseerritaar batek, goisian Jangoikuari bere neke ta izerdijak ofrezidu, ta bere izenian arima garbijagaz badaruaz, zenbat merezimentu izango ez dau? Diñot arima garbijagaz: bada pekatu mortalian daguanak, nekerik andijeenak artu arren, ez dauka merezimenturik. Ikusten ditugunian fruta, lora, bedar, arbola, ta luurreko edertasun, beti, nai ta ez legez, begijeen aurrian daukaguzanak, eskerrak emongo bageuntsaz gauza gustieen emoilliari; konsidereetan bagendu geuk luurrera botaten dogun azijak, leleenguan erdi ustelduta, noren birtutez emoten daben gero mundu gustirako mantenimentu ugarija, alabeetako miraari gustien egillia; geldituten bagara nosbait penseetan, zelan apaindu ta edertasunez jantzirik daukazan baso ta zelaijak, mantentzen ditubanak berak txori, ta inurrijeetaraagiñokuak, adoreetako Jangoikuaren probidenzija; jasoten baditugu sarri begijak zerura, egunaz, ta gabaz, ikusteko eguzki, illargi, ta izar argijak, bedeinkatuteko ezerbere ezetik gauza gustijak egiñ zituban Kriadoria; zenbat gei eder ta ugari aurkituten ez dogu, gozatuteko euretan geure biotzak, Dabid Errege Santubak egiten eban legez, ta eukiteko beti presente geure Jaun, ta Jangoikua, dala solo, baso, nai edozein leku, ta biargintzatan? Zenbat mesede aterako ez genduke geure arimeetarako?

        LUISEK: Gauza asko ta miragarrijak egin zituban Jangoikuak mundu onetan, ta izanik au gizoneen desterru, ta negarrezko lekuba, zertzuk ete daukaz guretzat bere paradisu, ta glorijeen lekuban?

        AITAK: Ez miiñak esan, ez entendimentubak pensau daike, zezazkuak diran Zeruko edertasun, ta Jangoikuak, bera serbietan dabeeneentzat, prestaurik daukazan glorijaak. Aiñ da andija, diño San Agustinek, Jangoikuaren presenzijak emoten daben atsegiñ, ta glorija, zeiñda pozik itxi biar gendukez luurian bizitzarik luzeenian izan ginaizan gustijak, egun bakar baten Zeruban egotia gaitik. Onetarako dakartz Dabid errege santubak Jangoikuari dirautsazan berba onek: Jauna, oba da, ni egun bakar baten berorren Etxe barruban, ezpada ateetan, zeinda ez milla urtina munduban egotia luurreko atsegiñakaz inguratuta. Eguan bein koruban kanteetan monje bat Dabiden berso au: Jauna, milla urte berorren aurrian dira, atzo igaroriko eguna legez; sartu jakon guraari andi bat jakiteko, zelan aiñ laster begitandu zaatian igaro zala ainbeste urteko denporia; pensamentu onetan eguala agertu jakon Aingeru bat txoritxu eder baten itxuraan, ta bere kantiagaz gozatuta, senetik atera, ta zer egiten eban ez ekijala, soñubaren ondoren, atera eban konbentutik, ta eruan basamortu batera. An egon zan soñuba entzuten, janik, edanik, ta lorik akordau baga, irureun urtian. Ezkutau jakon txoritxuba, ta biurturik bere senera, uste eban iru ordu an igaro zitubala, ta zala monjiak korura juateko denporia; biurtuten da konbentura, ta ez dau iñok ezagututen, ta berak bere ez bestiak. Diño berak, ni nas konbentu onetako sakristauba, urten dot Maitiñaak kantauta, ta nator oraiñ atzera koruko denporarako. Zelan izan leite ori, dirautsee bestiak, guk berori ezagutzen ezpadogu? Emon zituban señaliak, zeiñ zan bere Abata, ta beste lagunak; baña antxiña ill, ta aaztu ziran. Ikusi zitubeen konbentuko paper zaarrak, ta atera ebeen kontuba, irureun urte zala, faltau zanetik konbentu atatik monje aa bera. Orduban ezagutu eban Jangoikuak egiñik eusan grazija, aituteko modureen baten bere glorijeen anditasuna. Bai. Baldin Aingeru baten kantiak, aiñ ariñ, ta gozo biurtuten baditu irureun urte; zer izango da ainbeste millinoien millinoe Aingeru, ta Espirituren artian, ta Jangoiko gustieen egilliaren aurrian eternidadian egotia? Ze alegrija! Ze atsegiñ, ta glorija izango ez dabee justubak? Oh zorijoneko penitenzija! Zorijoneko garbitasuna! Zorijoneko Munduba, ta bere okasinoiak desprezijeetia, ta Jangoikua gauza gustijak baño geijago maite izatia!

        LUISEK: Egijaz, egiijaz, ze eskintsari andijak egiten deuskuzan Jangoikuak, bere agiñdu santubak gordeetan baditugu! Mundubak, Aragijak ta Demoninuak, geijeenez emon leijeez atsegiñ arin, ta ustel batsuk, zeintzuk laster igarota, geldituko dan biotza kezkaz beteta. Azkeneengo paguba betiko Infernuba. Ze zorakerija andijagorik bada egiñ lei gizonak, betiko Jangoikuaren glorijaak galdu, ta eternidaderako kondeneetia baño, luurreko gusto aisiak daruazanak gaitik? Ete dago iñor onetan ondo pensau, ta geijago pekatuban engañauko danik?

        AITAK: Aitatu dozun ezkero Infernuba, nai ditut berba bi egiña bere gañian. Ara zer diñuan Santa Teresa Jesusek: Egun baten orazinoian nenguala, beingo baten, zelan ez nekijala, aurkitu nintzan begitandurik Infernuban nenguala. Ezagutu neban, Jangoikuak gura ebala nik ikustia kondenaubeen lekuba. Gustija izan zan denpora pausea baten, baña uste dot aaztu ezin neindiala, bizi nasan artian. Sarreria begitandu jatan kale estu, luze, ta illun bat legez; beian, uste neban, ikusten nebala ur atsituzko pozu, antz andikua, ta pistija deungaz betia. Azkenian dago leku bat, orma baten sartuta legez, nora eruana izan nintzan estu estu. Artietakua utsa zan, gaubaren aldian. Sentiu neban neure arimaan su aiñ gorija, zeiñda ez dakit zelan esan. Gorputzian tormentu aiñ ikaragarrijak, zeiñda igaro baditut bere munduban; Medikubak zirausteenez, igaro leitezan andijeenak; utsak ziran gustijak areen aldian. Baña au bere gitxi da arimiak daukazan agonijeetarako. Arako ito biar, ta ito ezin, ta esturasun desesperau, amorruzko, esplikau eziñ dodana. Zerren esatia, dala beti arimia ateraten egotia legez, gitxi da. Ezin bada adierazo nei, arima barruko su, ta desesperazinoia, dolore, ta tormentu andijez gañian. Ez neban ikusten nok emoten eustan, ta sentietan neban erre, ta zatituten nenguala. An ez dago jarterik, etzuterik, ez lekurik; bada imiñi banindubeen bere, ormako zulo modu baten, ormaak eurak estututen dabee, ta imiñi itoten legez. Ez dago argirik, gustija da illuna; ta orregaitik, ezdot aituten zelan, baña ikusten dira, pena, ta tormentuba emoten babeen gauza gustijak. Ez da ezer, irakurri, entzun, ta pensetia. Aiñ gelditu nintzan billdurtu, ta ikaratuba, zeiñda sei urte igaro badira bere, orain eskribietan naguan denporarako, begitanduten jat, akordaubagaz, gorputzeko indar gustijak falteetan deustala. Emendik sartu jatan alako penia, ainbeste arima kondeneetan diralako, zeiñda uste dot ziur ziur, pozik artuko nitukiala eriotza asko, arima bakar bat ara juatetik librazetia gaitik. Emen, ikusten badogu penaz, ondo gura deutsagun persona bat, errukituten gara, ta sarri estutu; baña azkenik eriotziak amaituko ditu luurreko penaak; baña ikusirik egunian egunian daruazala Demoninuak ainbeste arima tormentu ikaragarri, ta iños bere, iños bere, amaituko ez diranetara? Zelan sosegau, edo atseendu giñaindez? Orain arterako gustijak izan dira Santa Teresaren berbaak. Baña utsa da esan leitian gustija Jangoikuaren axerreko kalabozoko peneen gañian! Irakurri egizubeez San Inazioren Exerzizijuetako liburu zorijonekua, ta beste nai dozubeen beste, baña imiñten ditubeen irudiñ gustijak, ez dira elduten pena areen keriza labur bat adierazotera. Oh pekatarijak! Oh mundubagaz zoraturik dagozanak! Oh aragijaren atsegiñetara etsigiak! Eta zer itxaroten jakeen, penitenzija sendo bategaz, biurtuten ezpadira Salbazinoeko bidera! Pensau arren; pensau ondo, ta erregutu Jangoikuari pekatari geisuak gaitik, ta aldendu gustiz pekatu, ta pekatuko bideetatik.

 

aurrekoa hurrengoa