www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritar nekezaleentzako eskolia
Juan Jose Mogel
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritar nequezaleentzaco escolia, edo icasbidiac guraso justu ta jaquitun familija ondo azi ebeeneen exemplu ta eracutsijetan, Juan Jose Mogel. Apraiz, 1816

 

aurrekoa hurrengoa

HISTORIJAREN JARRAIPEN
TA ERAKUSTE ALDI IV

 

        Eruan zituban Aitak seme alabaak eleisara, ta dirautsee: neure semiak, leku gustijak dira Jangoikua bedeinkatu, alabau, ta adoreetako; gure orazinoiak entzuten ditu edozeiñ bazter, solo, nai basotan egiñ arren, orregaitik badagoz berak izentauriko Etxe, edo Tenplubak, egokijaguak atarako, euretan emon, ta zabalduten ditubalako ugerijago bere miserikordijeen aberastasunak. Onei esaten deutseegu eleisaak, ta Jesu Kristok deituten deutsee bere orazinoeko Etxia. Euretara batu biar dogu sarri Kristinaubak, alkar arturik Jangoikuari mesediak eskatutera, Sazerdote jaunak erakusten dabeen Jesusen Dotrinia ikasi, ta Mezako Sakrifizijo Santu, ta Sakramentubeen grazijaakaz geure arimaak garbitu, ta sendatutera. Zeruban: alkarren leijan legez, Aingeru, Santu, ta zorijoneko gustijak adoreetan dabee Jangoikua, bada geuk bere areen irudijan alkarturik, adorau biar dogu eleisa oneetan. Alan luurreko Zerutzat euki giñaiz eleisa oneek, ta artu biar deutseegu errespeto, ta lotsa andija. Munduko Erregeen Palazijo, edo Jauregijei zor bajakee itzal, ta errespetua, zelakua zorko ez deutsagu Zeru, mundu, ta gauza gustieen Erregeren etxe Santubari? Orduban sartu ziran eleisa barrura, ta dirautsee.

        AITAK: Ikusi biar ditugu gaur banaan, ta astiro eleisa onetako gauzaak, aituteko obato Jangoikuak emen zabalduten dituban ondasunak. Erdu bazter onetara; begira arrizko aska oni; au da bautismoko Pondia. Ahi, ta zenbat mesede egin euskuzan emen geure Salbagille maitiak! Ze ondasun ugarijak zabaldu zituban gure arimeetara! Emen artu genduban bautismo Santuba. Orduban parkatu jakun Sakramentu onen indarrez pekatu orijinal, edo jatorrizkua; biurtu giñan geure Jangoikuaren grazija, ta amodijora; Diabrubaren mendetik urten genduban, Jesusen seme izatera. Jatsi ziran gure arimeetara Espiritu Santubaren doe, ta frutu ugarijak. Egiñ giñan Kristinau, ta Zeruko herederu, edo jaubegei; baldin pekatu andiren bategaz galduten ezpaditugu, geuriak izango dira ziur betiko glorijaak. Baña jakin daizubeen ondo, zer dan Kristinau izatia, ta zelako obligazinoiak artu genduzan Kristinau egiñ giñanian, esplikauko deutsubeedaz bautismoko Zeremonijaak. Bautismo Santuba emoten jakee, edo persona nagusijei, leenago batiatu baga balegoz, edo seiñtxubeei. Persona nagusijak diranian, eurak erantzun biar dabee Sazerdotiak egiten deutseezan itauneetara, ta emon eskatuten deutseezan berbaak. Seintxubak diranian, eureen ordez erantzuten dau Aita-besuetakok, edo Sakristaubak, baña obligazinoia geldituten da seintxubarentzat, denporia daneko, ta bautismua ontzat emoten dabeneko. Leleengo itanduten deutsa Sazerdotiak batiatutera doianari. Urlija: Zer eskatuten dozu Jangoikuaren eleisatik? Erantzuten da; fedia. Sazerdotiak dirautso: Fediak zer emoten deutsu? Erantzuten da: betiko bizitzia. Orduban dirautso Sazerdotiak: bada, baldin nai badozu sartu betiko bizitzara, gorde egizuz Jangoikuaren agiñdubak; maite izango dozu zeure Jaun ta Jaungoikua biotz gustijagaz, arima, ta gogo osuagaz, ta projimua zeure buruba legez. Gero arnasa modu bat egiten deutsa arpegira, agiñdubagaz Diabrubari: Espiritu zikiña, urten egizu oneganik, ta itxi egizu leku ori Espiritu Santubarentzat. Ostera egiten deutsaz kurutze asko, Diabrubak euki ez daijan jaubetasunik arima agan; imiñten deutsa ezpanetan gatza, galdu ez dedin pekatubaren usteltasunagaz, ta gauza onak egiñ daizan debozinoiaren gustuagaz. Batiatuten danak, edo ordiazkuak, esaten ditu Kredua, ta Aita geuria, zeintzubetan dagozan sartuta akto fede, esperanza, ta karidadekuak. Egiñik Sazerdotiak konjurubak Diabrubari, itanduten deutsa batiatu nai dabenari: Urlija, errenunzijau, edo gustiz isten deutsazu Diabrubari? Erantzuten dau: bai isten deutsat. Sazerdotiak irugarrenian: ta Diabrubaren ponpa, edo arrotasun gustijei? Ta erantzuten dau: bai isten deutseet. Ara, zelako berbaak emon biar diran, batiatu orduko. Josi egizubeez arren betiko zeuben gogo, ta biotzetan, ausi ez daikezubezan iños, Jangoiko andijari emoniko berbaak, zeintsubetatik juzgaubak izango garian. Batiatuta laster iminten deutsa Sazerdotiak burubaren gañian batiatu danari zapi zuri bat, aituten emoteko bere arimiak artu daben zuritasuna, ta dirautso, mantxa ta loi baga eruan daikiala Jesu Kristoren tribunal santura. Azkenik emoten deutsa Kandela isiua eskura, adierazoteko, diño San Gregoriok, bere obra onakaz zabaldu biarko dabela exenplu onaren argitasuna.

        LUISEK: Alan izanik ori gustijori: zer gitxi penseetan dan Kristinautasunak eskatuten daben garbitasun, ta Santidadian!

        AITAK (urreraturik orduban konfesonarijo batera, dirautsee): Ara emen, neure semiak, Zeruko miserkordija andijeen etxia; au da batiatu ezkero egiñiko pekatubeen parka, edo garbi-lekuba. Jangoikuari jaoka bakarrik berez, pekatubak parkatutia; baña Jesu Kristok itxi eban konfesinoeko sakramentuba, izentaurik gizon batsuk, ta ordenaurik Ministrotzat, bere partez, ta berak emoniko eskubidiagaz, parkatuteko pekatubak, ondo prestaurik juazan pekatarijei; alan, ondo prestauta Sakramentu au artuten dabenari, parkatuten jakoz pekatu gustijak, dan andijeenak izan arren; baña ondo prestauta ez doianari, bota arren milla absoluzinoe konfesoriak, edo engañau dalako konfesoria bera ez jakiñez, edo ardurarik artu ezaz, ez jako pekatu bat bere parkatuten. Ez dauka konfesoriak eskubide geijago Jesu Kristok emon eutsan baño, ta Jesu Kristok bakarrik emon eutsan eskubidia parkatuteko pekatubak ondo damututa, bizitza barri, ta zuzen bat egiteko gogo, edo propositu senduagaz konfesetan zitubanari.

        LUISEK: Baña zetara juan leite deungaro konfeseetara, jakinik Pekatubak ez dirala parkatuten, ta bai egiñ sakrilejijo barri bat? Jangoikuak guztija daki, ikusten ditu biotzak, nok daukan damuba, nok propositu sendua, ta benetan erremedijau, edo emendeetako gogua, nor ziatz, ta zuzen akuseetan dan, pekatu, ta pekatuko okasinoiazak; eziñ inok engañau lei; nor bada izango da aiñ tontua, zeiñda, prestaera egijazko baga, juango dan konfesinoera Jangoikuari berba guzurrezkuak emotera?

        AITAK: Pekatari asko, neure seme maitiak. Irakurri dot sarri, ezin esan leijala, zenbat milliñoe Kristinau agertuko diran kondenaubak juizioko egunian, konfesinoe txaarrak gaitik. Batzuk, isten ditubeelako lotsaz konfesau baga pekatu, okasinoe, edo zirkunstanzija premiñazkoren bat, edo geijago. Oh! Zenbatek Infernuban diadarrez autortuten ditubeen, munduban gizon triste bati isillik esan gura ez eutseezan argaltasunak! baña alperrik. Kondenauba kondenau. Oh zorigaistoko lotsia konfeseetako, ta lotsabagakerija pekatu egiteko! Jangoiko leku gustietako testigubaren lotsarik ez, ta gizon argal baten bai. Ze itxutasuna! Beste askok, ta askok egiten ditubee konfesinoe txaarrak, damurik ezaz. Ez dabee ezagutu, edo penseetan ondo, zelakua dan pekatubaren ezaintasuna, a Jangoikuak deutsan gorrotua. Oh Eron! Ainbeste urtian penitenzija, ta santidadian bizi izan, ta azkenik pekatu mortal baten jausi ziñana, esan eiguzu zuk, zer dan pekatu mortal bakar bat? Beragaz galdu zenduzan ainbeste urteko merezimentu gustijak, ta Zeru altubetan egon biar zendubana, jo zenduban Infernuko ondarretara. Eta esan egizu zuk Jesus laztana, pekatubak gaitik burutik biatzetara gustijori zauritu, ta bizitzia emon zendubana, esan egizu zer dan pekatuba? Artuteko, pekatu mortalak daukan ezaintasunaren irudiren bat, ara Exanplu ziurra. Soldau bat jausi zan pekatu mortal baten, ta Jangoikuak gura izan eban agertu ekijola gorputzera pekatubaren ezaiñtasuna, juan zan bere etxera, ta ikusi ebanian emaztiak, ikaraturik asi zan garraasi, ta diadarrez; batu ziran etxeko gustijak, ta bardin billdurturik, atera ebeen ospe andija. Ezaguturik soldadubak Jangoikuaren kastiguba, asi zan aringa eleisaruntz konfeseetara; billatu zituban bidian ganadu, ta artzain batzuk, ta gustijak asi ziran igesi, oñaztarri bat eureen artian jausi balitz legez; eleisako Portikuban ebillen errezeetan Sazerdote bat, ta urreratu jakonian, asi jakon Kurutziak egiten Demonioeren bat zalakuan; baña ikusirik beragana juakola, sartu zan laster eleisaan, ta itxi zituban atiak. Soldadu tristia, atian etzunda, negarrez asi jakon esaten: Aita errukitu bedi arren pekatari geiso onegaz; bada pekatubak ekarri banau bere Demoniuaren itxurara, nas gizona. Entzun nagi konfesinoian; prest nago agintzen deustazan penitenziarik gogorreenak egiteko. Orduban, edegirik atiak, egin eban konfesinoe negar, ta damu andiko bat, ta biurtu zan gizoon itxurara. Ahi! pensauko balitz zetara biurtuten daben pekatubak gure arima ederra! Barriz propositurik ezaz, zenbat konfesinoe deunga? Konfesau; baña aurrera leen legez pekatu, ta pekatuko okasinoe, ta bidiak. Lapurrak, biurtu ez ostuba; igez lujuriosua, aurten bere bai; igez aserrakorra, aurten bere bakerik ez; igez ordija, aurten bere bai, eria dabenian; alan beste pekatubetan. Nun da emiendia? Nun proposituba? Oh! Zenbat guzurrezko berba emoten jakon Jangoikuari! Pekatari geisua! bada bere berbaak kontauta dagoz, bera juzgeetako.

        LUISEK: Izanik aiñ premiña andikua konfesinoeko Sakramentuba, ta jakin arren guk buruz Kartilliak dakarrena bere gañian, nai genduke zerbait entzun, obato aituteko.

        AITAK: Ez dau Jangoikuak nola nai parkatu gura pekaturik, gizonak eureen aldetik ardura andija imiñi baga. Bere seme bakar, pekatarijei parkatuteko bitaarteko jarri zanari, eriotzarik gogorrena kosta izan jakon. Errazoe andijagaz bada, kosta biar jako ondo pekatarijari bere pekatubeen parkazinoia. Leleengo egin biar doguna bada, konfesau gura dogunian da, Jangoikuari argitasuna, ta laguntasuna eskatu, ta examiña ziatz bat egitia, Liburu askok erakusten deuskun legez, astiro examiñauta mandamentu bakotxian, ta geure estadu, ofizijo, edo bizi moduko obligazinoietan. Pausu, lagun, ta euki dituban okasinoietatik asko aterako da. Ugazaba, etxeko barri ondo dakijanari kontubak emoteko ondo examinau biar dau Krijaubak, ezin engañau leijalako alako ugazaba, ta guzurrian artuten badau bere kaltian izango dabelako. Nor bada Ugazaba gure barri obato dakijanik Jangoikua baño, zeñi emoten deutsagun konfesinoian geure arimako kontuba? Zer izango da guzurrian artuten bagaitu? Bigarren, ta irugarren eskatuten jakuzanak dira damu egiazko, ta propositu sendua. Oneek bere Jangoikuak emon biar ditu, ta ez dira asko geure indar utsekuak. Eskatu biar deutsaguz bada Espiritu Santubari, ta prestau ondo geure biotzak, bere emokai oneek artuteko. Bularrari ots batsuk emon, buruba makurtu, ta azaleko zizpuru batsuk egitia ez da asko damu, ta propositu sendua artuteko. Biotzaren barrutik urten biar dabee oneek. Orretarako pensau biar da entzun dituzun pekatubaren ondoreengo negargarrijetan; ta izanik ginaizan andijeenak, emon biar deusku pekatubak, beste gauza gustiak galdutiak baño, pena, ta dolore geijago, aurreruntzerako naijago ditugula gauza gustijak, ta bizitza bera galdu, arimia pekatubagaz baño. Oh pekatubaren eternidadeko kaltiak! Zer daukee zer ikusi zubekaz luurreko gauzaak, ta bizitza labur, laster galdu biar dogunak? Zorijonekuak zubek Zeruko milliñoe Martirijak, galdu zendubezalako bizitza lurrekuak, pekatu ez egite arren, ta irabazi betiko Zerukuak. Zorijonekuak Daniel Leoe artera botaak, Babilonijako mutill gazte Laba gorijan sartubak, Jose kalabozuan grilluz kargaubak, Susana garbi falso testimonioz betiak, Atanasio, ta Krisostomo erbestetubak; gustijok pekaturik ez egite arren, ezagutu zendubeen zer zan pekatuba, iges egin zeuntseen zeuben ondasun, honra, edo bizitziaren kostura; gozatu zaite orain eternidadeko glorijaan, negarrez dagozan artian arima argalak betiko Infernuban. Ez dago dugaan betiko Zerurik. Gero konfesau biar dira zuzen pekatu mortal gustijak, pekatuko okasinoe urrekuak, ta konszienzija ondo ezagutu, ta arimia osatuteko konfesoriak jakin biar dituban gauzaak. Azkenik, imiñi biar dogu ardura andija, zuzen, ta ondo kunplietan emon deuskuzan penitenzija, ta pekatuban ostera ez jausteko erremedijuak. Antxiña, Kristinaubeen artian, banakaago ziranian pekatubak, ta fedia senduago, emoten ziran urte askotarako penitenzija ikaragarrijak, onelako, edo alako pekatu mortala gaitik. Ur ta ogizko barubak, zilizijo gogorrak, ta lotsaari andijak; orregaitik pozik kunpliduten zitubeen, Jangoikuagaz baketu, ta bere justizijari nolabait erantzute arren.

        LUISEK: Ez da gitxiagotarako. Bada zer mesede andijagorik, munduban pagau al izatia baño pekatubaren zorra? Baña zurtuten nas neure Aita entzunik, aiñ sarri aitatuten dozula pekatu mortala, sarri egiten dan gauza bat balitz legez. Zer! Kristinau fede puskabat daukeenak, azartu leitez pekatu mortalik egiten? Izango da iñor, aiñ bere buru kaltekua? Pekatu mortalagaz egiten da gizona Demoniuaren esklabo, Jangoikuaren arerijo, galduten ditu arimako grazija, ta betiko Zeruko glorijaak, irabazi eternidadeko Infernubak; ta oneek egiija ziurrak izanik, nor itxutu leite pekatu mortala egitaraño?

        AITAK: Ahi, neure semiak! Ez dakizubee oraindik munduko barririk, ta oba dozu ez jakin. Aspertuko nas bada esanagaz, zorakerija, ta itxutasunik andijeena izan arren pekatu mortala egitia, orregaitik egiten dirala asko, asko, ta milla bidar asko. Ondatuta legez dago mundu gustija, diño Jeremias profeta santubak, ez dalako biotzetik penseetan. Ahi! pensauko balitz zer dan pekatuba! Begira neure semiak, jausi ez zaitekezan pekatubaren lakijo tristian! Zein billdur nasan! Ez jat egunik igaroten eskatu baga Jangoikuari, gorde zaizala bautismo Santuban emon eutsun arimako garbitasunian.

        LUISEK: Malkoz beterik bere begijak, inozenzijaren zintzotasunagaz dirautso: Ez dot neure Aita entzun iños zure aotik pena geijago emon deustan berbarik. Dakustaz bardin tristeturik neure anae, ta arrebatxu gaztiak. Bada zer da dirauskuzuna? Aiñ zariala billdur, jausiko ete garian pekatu andireen baten? Badakigu Jangoikuaren laguntasun baga ezin iraun ginaijana grazijaan; baña ziur ziurra da, ez deuskula ukatuko irauteko grazija, geure erruz galduten ezpadogu. Geure eskuban egongo da bada jaustia, edo ez jaustia, konsentietia, edo ez konsentietia pekatuba. Jangoikuak nai dau onian irautia, geuk benetan gura izatia da asko, irauteko. Zer diraustazu zubek anae, ta arrebatxu maitiak? Ze luurreko atsegiñ gaitik galdu, ta saldu daikeguz, Jesus gu gaitik Kurutzian josita, ta gure arima bere odolagaz erosijak? Ez geure aita; imiñirik konfianzia Jangoikuagan, dirautsut gustioen aldez: ez eriotziak, ez atsegiñak, ez billdurrak, ez ondasunak, ez lotsaarijak, ez Diabrubaren lazubak, ez mundubaren labankerijak aldenduko gaitubala geure Jesus maitiaren amodijotik.

        AITAK: Bedeinkatu daizala Jangoikuak zuben berba, ta guraarijak. Urreratu zituban orduban Komuniñoeko altara Sagrarijua eguanera; auspasturik adorau eban Jesus Sakramentaduba, ta jagita dirautsee: Oh neure semiak! Aingerubak ikaraz dagozan leku onetan, zer egiñ biar ez genduke pekatarijak? Aita eternuaren seme bakar, Aita legez, betiko Jangoikua, egiñ zan gizon donzellarik garbi, ta santeenaren erraijetan, Espiritu Santubaren obraz, ta birtutez, ta jaijorik miragarrizko moduban bere Amaren donzellatasunaren kalte baga, bizi izan zan munduban ogeta amairu urtian, bere amodijua zabalduten; baña eldu zanian gizonak gaitik bere bizitzia emoteko denporia, itxi gura izan euskuzan bere amodijuaren azkenak. Baturik bere Diszipulubakin, Eguben Santu arratsaldian, afaldu ebeen alkarregaz; afari onen azkenian, artu zituban Jesusek ogija, ta ardaua, ta biurturik bere gorputz, ta odol egijazkuan, emon eutseen jan, ta edaaten. Baña ez eban gura izan, bakarrik izatia bere leleengo diszipulubeentzat mesede aiñ andi au, ezpada, gizon gustijak egin bere amodijo andijaren herederu. Orretarako emon eutseen eskubidia Apostolubei, eureentzat, ta ondoreengo Sazerdote gustieentzat, biurtuteko ogija, ta ardaua, berak egiñ eban moduban, bere gorputz, ta odol egiazkuan, ta emoteko jaaten, ta edaaten errazoez eskatuten ebeen Kristinau gustijei. Ez dago bada dudarik, Sazerdotiaren konsagrazinoeko berbei Jesu Kristok emon eutseela indarra, ogija, ta ardaua biurteteko, bere gorputz, ta odol egiazkuan, geldituten ez dala ogi, ez ardauaren izatiaren izpirik. Ostrija konsagrauban dago Jesusen gorputz bizija odol ta gusti, ta Kalizaan odola, gorputz ta gusti; alan bakarrik komulgau arren ostrija konsagraubagaz, artuten da Jesu Kristo oso osorik bere gorputz, odol, arima, Jangoikotasun ta gusti. Sagrarijo onetan dago bada gordeta tesoru neurri bagako au. Zeru gustijak lagun egiten deutsa emen, guk ikusi ez arren. Emendik deituten gaitu, bere gorputz, ta odolagaz konbidaturik, ainbat sarri, ta onduen prestauta beragaz komulgeetara. Oh amodijo Aingerubak zurtutekua! Sakramentu onetara eldu biar dogu, gorputzaren aldetik baru naturalian, ta albait dezenzijarik andijeenagaz, barriz arimiaren aldetik birtute, garbitasun, ta grazijaz albait apaiñdubeen egiñda; konsiderazinoe Santubakaz prestauta, humilldadez beterik. Zorigaistokuak Judasen lagun pekatu mortalian komulgeetan diranak. Eguan beiñ San Piamon meza esaten, ta ikusi eban Aingeru txito eder bat Altariaren onduan, eskuban eukala urre gorrizkua zirudijan liburu bat, zeñetan eskribietan zituban komulgeetan ziran Monjieen izenak, baña ez batzubeenak. Mezia amaituta, deitu zituban Monje, zeintsubeen izenak ez zituban eskribiu Aingerubak, azterturik eureen konszienzijak, arkitu zituban pekatu astunian; eragiñ eutseen konfesinoe zintzo, ta egiazko konbersinoekua, ta urrengo komuninoian ikusi eban Aingeruba, eureen izenak eskribietan Zeruko liburu ederrian.

        LUISEK: Zer! Azartuten dira gizonak pekatu mortalian komulgeetan?

        AITAK: Bai, eta asko. Jan, ta edaaten dabee eureen kondenazinoeko sentenzija. Argalduten jakee fedia; gogortu biotzak; ta dira pekatari nekez Jangoikuagana biurtu oi diranak. Nok adierazo daike pekatu onen anditasuna? Jangoikuak maite gizona, bera gizon egiñik janaari ta edaaritzat emotera agiño; Aingerubei eurei, iños emon ez deutseen konbita! ta gizona atrebiu artuten pekatubagaz atsituriko biotzian, Zerubak beretzat garbi asko ez diran, Aingeruben Erregia! Oh zeiñ ikaragarrija izango dan euren juizijo, ta Infernuba!

        LUISEK: Zurtuten gara entzunik gizoneen eskergabetasuna Jangoikuaganako; kendu daigun gogotik pensamentu triste au, ta dakuskuzan obato eleisa onetako gauzaak.

        AITAK: Begira bada Altara onetara: ikusi egizubeez Santubeen Imajiñaak; oneek iruditen deuskubeez Zeruban Jangoikuaren glorijaan dagozan arima zorionekuak, zeintzuk diran bitaarteko andijak, Jangoikua ganik alkanzeetako grazija, ta mesediak. Orregaitik bada zor deutseegu Imajiña onei honra, ta benerazinoe andija. Baña gustien artian leleengo lekuba euki biar dabee Maria Santisimiaren Imajinaak; bere birtute, santidade, ta bitaartetasuna bakarrik andijago diralako, beste Santu, Santa ta Aingeru gustieenak bat egiñda baño. Zelako errespetua zor ez jako Aingerubeen Erregiñari? Ze benerazinoia Espiritu Santubaren Esposa, ta Jesusen Ama egiiazkuari? Nok ikusi daikez bere Imajinaak, ta auzpazturik adorauko ez ditu? Alegra bitez justubak beragan, dalako grazija gustien iturrija. Konsola bitez pekatarijak, dalako errukiz beteriko Ama; billatu beijee ainbat lasterren; penitenzija egiteko grazija alkanzaurik, biurtu daizan bere seme Jesusen amodijora.

        LUISEK: Neure anae ta arrebaak, eskini gakijozan Ama maite oni bere seme, ta alabatzat, ta izan daijogun beti debozinoerik garbijeena.

        AITAK: Badago oraindik zer ikusi eleisa onetan. Jatsi zaite ikustera sepultura oneek. Emen dagoz gure Aasaba, senide, adiskide, ta projimuen gorputz illak. Azur triste batzuk, ta auts puska bat, dira euretatik gelditu jakuzan erlikijaak. Usteltasunak, ta aarrak jan dabee beste gustija. Oh jakiturijako eskola andija! Orra zetan geldituten diran gorputzaren edertasun, sendotasun, ta beste doe, ezagututen ez ditubeen buru ariñak, ainbeste maituten ditubeenak. Zubek, maitetu egizubeez beti arimako edertasun, apaiñdurija, ta doe, eriotziak ezainduko ez ditubanak, ta bai biurtu betiko glorijara. Ez aaztu, bijar edo etzi, sepultura oneek izango dirala gure azkeneengo Etxiak; ta esan sarri Job Santubagaz: Usteltasuna, zu zara nire gorputzaren ama; aarrak, zubek bere arrebaak. Alan errazto desprezijauko dituzubee gorputzaren banidade, atsegiñ arro, ta luurreko erokerijaak. Onez ostian, sepulturaak ikusirik, gomutau biar dogu purgatorijoko arima tristiakaz, eurak gaitik Jangoikuari erregututeko, limosna, orazinoe, Komuniñoe, Induljenzija, ta bakotxak aldituban obra on gustijak eurak gaitik eskiñirik, ainbat lasterren aterarik susko Leza ikaragarri atatik, eruan daizan Jangoikuak bere betiko glorijara. Ez dogu bada aaztu biar eurakaz. Ezin andijagua da daukeen premiñia. Zer gurako genduke geuk an bagengoz? Izan gaitian errukiorrak eurakaz, ta Jangoikuak mobiuko ditu gure ondoreenguen biotzak, gomuntau, ta errukitu ditian geugaz. Asko da oraingo. Adorau daigun Jangoikua, ta guazan etxera.

 

aurrekoa hurrengoa