www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritar nekezaleentzako eskolia
Juan Jose Mogel
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritar nequezaleentzaco escolia, edo icasbidiac guraso justu ta jaquitun familija ondo azi ebeeneen exemplu ta eracutsijetan, Juan Jose Mogel. Apraiz, 1816

 

aurrekoa hurrengoa

HISTORIJAREN JARRAIPEN
TA ERAKUSTE ALDI VI

 

        Jangoikuaren, ta arimako gauzeei eureena emonda, ez zan iñun obato biarrik egiten Baseerri onetan baño. Alkarren arteko bake, amodijo, ta emendik datorren alegrijak egiten zituban gustijak zorijoneko. Aitaren agiñduba zan gustieen borondatia. Ez zan ezagututen alperrerijarik, ta alan, iñun ez legez, ta goisago amaituten zitubeen solo, ta basuetako biarriak. Jangoikuak bedeinkatuten zituban eureen neke ta izerdijak, ikusi eijeen gustijak, zeiñ ziurrak ziran familija onei aginduriko miserikordija ugarijak. Iñoren kalte baga, askori on egiten bizi ziran, jaramonik egin baga, mundubaren enbidijak emoten eutseezan persekuzinoiei, eurak legez mundubaren legian bizi ez ziralako. Biarrian egozala eukiten zitubeen konbersazinoe txito onak. Ez zan entzuten murmurazinoerik; berbeeta nasaijak ez eukeen lekurik eureen artian, ta kanpokoreen bat, azartu balitz esaten, laster isilduko ebeen. Jaijegunak ziran eureentzat benetako Jangoikuaren egunak. Sarri, ta aldizka konfeseetan ziran, ta entzuten zitubeen alan Meza Nagusi, sermoe, ta Bisperaak, al ebeen gustijan. Aita bera zan etxeko maesuba, gau, ta arte gustietan erakusteko, Historija eder, ta bizi modu garbirako biar ziran gauzaak. Azirik familija, dirautsee modu onetan.

        AITAK: Gurasuen obligazinoe andijetatik bat da erakustia, edo begijeen aurrian imintia seme ta alabeei, munduban dagozan peligrubak arimaak galduteko, ta libreetia euretatik, Jangoikuak bere kargura itxi deutsazanak. Oillo batek, karkarasija estubakaz, erakusten deutseez txiteei eureen arerijuak, artuten ditu egapian libreetako, naijago dabela bera illtia, txitatxu bat galdutia baño. Zer esango deutsagu bada gizonak Jangoikuari, egiten ezpadogu seme alabeen arimaak gaitik, aberiak eureen umeen gorputzak gaitik egiten dabeena? Entzun nagizu bada ondo. Ez bakarrik erri batubetan dagoz arrisku andijak arimaak galduteko, baita Baseerrijetan bere txito asko. Lelengo Kristandadiaren gizaaldijetan kristinaurik geijeenak ziran luurreko aingeru batsuk legez, inozente, garbi, ta Jangoikuaren bildur andikuak. Pozik desprezijeetan zitubeen luurreko atsegiñ deungaak betiko Zerukuak gaitik, ta naijago ebeen milla bidar erre, pekatu mortal bat egitia baño. Inozenzija, ta Jangoikuaren billdur Santu onek luzaruago iraun biar ebeen Baseerrijetan, erri batubetan baño. Baña gure denpora triste, ta benetan negargarrizkorako, zabaldu da libertade, ta nasaitasuna bazter guztietara agiño. Orregaitik gura zaitut kontuban imiñi, sartu diran uts egite, okasinoe, ta oitura txaar askoren gañian.

        LUISEK: Bai arren Aita; zuria da bide okerrak agertu, ta zuzenak erakustia, ta guria Jangoikuari, ta zuri obedezietia, jarraitubagaz beti doktriña egiazkueen bide zuzenei, guzurrezko, ta engañuzkuei itxita.

        AITAK: Ara bada. Biargintzeetara batuten danian jentia, solo, nai basuetara, sarri esan oi da murmurazinoeko berba asko. An urteten dabee argitara projimuaren uts egite egiazko, edo guzurrezkuak, sarri geitubak, edo deungaro aitubak. Entzuten ditu askok barrez, ta pozik; ta biar bada, kontauko ditu beste leku baten, zabalduteko geijago murmurazinoeko azi zitala. Doktriña ziurra da, ez ditugula esan biar iñoren utsegitiak, egiijazkuak izan arren, ez gogoz entzun, ta entzunak isillik euki biar ditugula barruban. Pozik, barrez, ta gogoz entzunagaz, geituten jakee gogua miin deungakuei geijago murmureetako; ta askotan ez da erraz ezagutzen, nok daukan erru geijago, ala murmuradoriak, ala alegrijaz entzunda eureen barre, edo kontentubakaz, atarako tentau ta poztuten dabeenak. Ez dabee ateraten konturik, kopleru, edo koplera iñoren honria emen aotan darabilleenak, eureena bardin beste leku baten erabilliko dabeenik. Baña alan ezpalitz bere; zegaitik olgau projimo tristiaren argaltasunakaz? Naiko ete genduke, geu gaitik beste batzuk alan egitia? Murmuradoriaren miiña, diño San Bernardok, da aginkada bategaz iru personari benenua ezarten deutsan bibora bat legez. Ezarten deutsa bere arimiari, projimuaren honriari, ta entzuten dabenaren belaarrijari. Al danian bada, isilldu biar dira, edo esanagaz, edo beste konbersazinoe iñoren kalte bagakuak ateriagaz, edo arpegi astuna imiñi, ta jaramonik ezagaz, edo alde egiñagaz bestelan eziñ danian. Ta erregela au artu biar da, beste edozeiñ konbersazinoe deunga entzuten daneko. Jakiñ daizubeen ondo, zenbat gorroto deutseen Jangoikuak murmuradorei, entzun egizubeez jazoera ziur batsuk. Maria Moisesen arrebiari murmurau ebalako bere neba au gaitik, Jangoikuak emon eutsan burutik biatzetarako lepra ikaragarri bat, ta erreguturik Moises justubak Jangoikuari, librau egijan bere arrebia kastigu atatik, ez zan entzuna izan, diño San Baasiliok. Kore, Datan, ta Abiron, murmurau ebeelako Moises bera gaitik, luurrak edegita, bizirik iruntsi zituban. Berreun, ta berrogei persona prinzipal, ta amalau milla ta zazpireun bestelako, erre zituban Zerutik jatsiriko subak pekatu au gaitik. Beste onelako ikusi deitekez Eskritura Santeetan, ezagututeko Jangoikuaren gorrotua murmurazinoiaren kontra. Gustijak artuten ezpadabee munduban eureen pekatubeen kastiguba, ez dira aiñ baga geldituko, eldu dekijueenian justizijarako señalauriko orduba.

        LUISEK: Neuk bere iños entzun dot esaten, San Klemente Aita Santubak diñuala, iru modutako gizon illtiak dagozala; bizitzia kenduta; kendutia desiauta; ta honria galduta; ta irurei kastigu bardiña señaleetan deutseela Jangoikuak.

        AITAK: Beste Diabrubaren aguazil batsuk oi dira biargintzeetan, berba berde, nasai, amore geistoko, tentagarri, ipuiñ, edo kontu zikiñakaz lujurija predikeetan dabeenak. Oh! Zelako Infernuba itxaroten jakeen! Zenbat arima darueen eurakaz betiko ondamendira! Entzuten dagozan askok pozezko barriakaz alabeetan ditu. Ahi! Barre egiñ, Jangoikuak imiñiriko garbitasuneko Mandamentu santuba desprezijeetan entzunda! Barre, arimia betiko kondenazinoera eruan daikeen berbaakaz! Oh! Zenbat arima dagozan erreetan Infernuban, atsegin deungaz alako okasinoian barre egiña gaitik! Pensau au ondo, iños entzuten badira alako berbaak, igaro ez ditian biotzera. Begira neure seme maitiak: likia baño itxaaskorragua da lujurija. Egiñ bada murmuradoriakaz legez onelako miiñ deungaakaz, (emen al bada, iges egitia erremedijorik segurubena), ta artu billdur geijago, dalako benenua itxaaskorragua. Batzuk daukee Diabruba miiñian, bestiak belaarrijetan. Biotzeko ugaritasunetik auak berba egiten dau, diño Ebanjelio santubak. Zelan iturriko ur askia bete dediñian, urak urteten daben gañez egiñda txurrutik, alan gizon, ta emakume askoren biotzak, lujurijaz beteta egonik, gañez eginda legez, botaten dabee aotik lujurijako ur atsituba. Geijeenez, bardin jazoten da barre egiteko izkunia daukeenakaz; berba loija entzunda iraakiten dau biotzeko lujurijak, ta agertuten jakee arpegijan. Emakume modesta batek ikara egiten dau, ta deskuiduan alakorik entzuten badau, lotsia agertuko jako arpegiko gorritasunian; beste batek algara egingo dau, ta ezin zuzenago jatorkee oni, ta onelakuei, Espiritu Santubak diñuana: egiñ jatzu emakume edo neska galdubaren bekokija; ez zara lotsatu. Bardin, bere moduban, esan biar da gizonezkuak gaitik, ta oneek eureen errespeto, ta itzalagaz isilldu leijeez erraztuago alako miin deungaak. Zurtuteko gauzia! Ainbeste kristinauren artian entzunik berbarik ezaiñeenak, ez iñok arpegirik ateratia Jesu Kristoren honra, ta glorija gaitik.

        LUISEK: Ta ain dira ugarijak berba modu orrek?

        AITAK: Bai neure semia. Ara zer esaten eban predikadore jakitun, ta euskalduneen ondo zalia zan batek. Kristiandade gustijan, biar bada, ez dala nago, jentez jente, berba loi geijago esango, euskal errijetan baño. Nai batu dedilla jentia solora, basora, karobija, ola, ira ebate, galjote, nai, edozein biarginzatara, gaubelei bere parkatu baga, lekurik geijeenetan predikeetan da lujurija; ain modutan ze, gaurko egunian zeregiñ andi bat etxian daukanak, aurrez atera daikez kontubak, nori dei egiñ laguntzat, biar badau, ta ikusi gura ezpadau bere etxe, solo, baso, edo biar-tokija nasaitasuneko eskola egiñda. Eldu gara denporeetara konsejeetako, alegiñ gustijan, zerbait estututa bere, bakotxak bere etxeko familijakuakin egin daizala bere biar-geijak, edo billatu daizala laguntzat bakarrik bere konfiantza osokoreen batzuk. Beintzat jakiñ ezkero, norbaitek daukala izkunia alan berba loijak esateko, ez da billatu biar, ta ez lekurik emon biargintzeetan, ta ez itxi, batez bere persona gazteri, alakorik aurkituten dan biar-lekura juaten. Biarra estu, ta etxeko utsakaz egiñ ezin leitiana bada, billatu, diñot milla bidar, persona ondo azi errazoezko ta konfiantza osokuak. Bedeinkatu biarrian Jangoikua, ta eskatu bere laguntasuna, zeñegaz bakarrik artu daikegun geure nekeen frutuba, erakarten dabee sarri frutubetara, ta beti arimeetara, Zeruko madarikazinoia. Lotsatu gaitian oraingo euskaldunak, garialako miiñaren aldetik, zikintasunian bardiñik bagiak. Diñot oraingo euskaldunak; bada biztuko balira gure aasabaak, negar egingo leukee oiñ orde aiñ nasaijeen sustraijak izan ziralako. Berba egiñ daijeela Bizkaiko mendi, baso, ta erromerija santubetako bidiak; esan daijeezala, antxinako euskaldunei entzun oi jakeezan kanta eder, ta garbijak. Solo, ta biar leku gustijak, gomuntau eragiñ deigubeezala, euretan esan oi ziran exenplu, ta Historija miragarrijak; berba egiñ daijeela bazter gustijak, entzuten ziran Jangoikuaren alabanzeen gañian. Baña gaurko egunian berba egiñ al baleijee solo, baso, bide, ta sasijak eurak, zer beste gauzarik predikau leijee, ezpada beti entzuten dan lujurija? Baña Jangoiko maitia! Zetarako luzatuko dot gei au, zeñen gomunta utsak miñduten daben ainbeste neure biotza! Orregaitik, itanduko deutseet onelakuei berorren aldez: Kriatura esker deungakuak, nok egiñak zara, ta norenak dituzu, daukazuzan bizitza, ta izatia? Zetarako emon neutsuzan, beste gauza gustieen artian, orrako miiñ, ta eztaarri orreek? Berba, ipuin, ta kanta zikiñakaz, desonrau, ta desprezijeetako daukazun neure izen santuba? Begiratu egizu alde gustietara, aztertu ondo Zerubak, ta luurra; ta baldiñ emon ezpadeutsudaz gei eder, ta ugarijak zeren gañian berba egiñ, zer kantau, ta zer kontau denporia ondo emoteko, eskatu egidazu, ta emongo deutsudaz barrijak. Eskritura Santako, ta eleisako jazoeraak, beste Historija askogaz batera, daukazu ugari zeren ganian berba egiñ; Dabiden salmo zoragarrijak, ta beste deboto askoren berso garbijak, zer kantau. Zek bada falta egiten deutsu denporia emoteko? Ala izango da egiija, zuben biotzak ez daukeela pozik onelako gauzeetan, ta bai bakarrik lujurija atsituban? Oh egunak! Oh, negargarrizko denporaak.

        LUISEK: Ez neban uste, Baseerriko biargintzeen artian, aurkitu zaatiala ainbeste nasaitasun, ta okasinoe.

        AITAK: Bai neure semia. Biar-gei batzubetara, batu oi dan legez jente geijago, beste batzubetara baño, alan euretan esan, ta egiñ oi dira zantarkerija geijago. Gal ebate, ta jotiak, ira ebate, ta orbel batzeiak, liño apaintze, ta ezpateetaak, arto zuritze, ta beste onelako biar batzuk, geijeenian nekezalerik alperreenak, edo seme alaba ibilltaubak daukeezanak, egiñ oi ditubee al dabeen gazteerija batuta. Emakumia bada lotija, ta alabaak ama lotsatuko ez dabeenak, asmeetan dabee gorubetia kanpokuakaz egitia. Onelako biar modubetan, igaroten dira berba, ta egitada nasai asko. Etxe batzubetan lotsa, errespeto, ta Jangoikuaren billdurra galdurik, biarrak priesaz, ondo, nai txaarto amaituta, egiten dabee bigiria. Leenaz jakiñ oi dabee, nasaitasuneko kofradiak, nun izaten diran alako funzinoiak. Juaten dira mutill batzuk, arrebei lagun egiteko, edo beste atxakijaren bategaz. Asten dira dantzan gabaz neskatilla, ta mutill; an izango da kantora zikiñ bat. Amatau oi dabee nosbait argija. Etxe batzubetan, luzatuten dabee funzinoia amar amarka, ardijak aparteeta, alkar jasote, amoriak egite, ta aitatutiaz lotsatu leitezan gauzarik ezaiñ ta tontueenakaz. Gurasuak zer ete dinuee? Jangoikua begira dago. Ez dago beretzat gaurik, ta illunik. Mutillak zer penseeten ete dabee? Jangoikuaren billdurrik ez balego bere, nun da gizonezkuen errespeto ta itzala? Emakume zorueen esklabo egiñik, dabiltz eureen ondoreen, areek nora, eurak ara, aituten emoten mundu gustijari eureen biotzeko argaltasuna. Neskatillak, nora begira ete dagoz? Nun da arako honestidade, lotsa, ta modestija, eureen arima, ta gorputzeko edertasun gustija egiñ biar dabena? Zer da au. Umetxubeen artian esan oi deutsee alkarri lotsaaritzat, neska zale, mutill zale; ta galduko dala gero azita aiñ txikitatik datorren lotsia? Illuntasun negargarrija! Bigiria amaitu, ta duaz alkarregaz etxeetara Neskatilla, ta mutillak. Ahi! Egunen baten, eureen Aingerubak emongo dabee, bidetan esan, ta egiten ditubeen gauzeen testigantzia. Esan eustan beiñ jakitun andi batek; Diabrubak eruazala guraso, onelako bigiraak etxian isten zitubeenak; alako batzaarretara eureen seme alabaak bialduten zitubeenak, jakiñik zer igaro oi zan; ta mutill, ta neskatilla gustoz egiten zitubeenak bere, baldin damutu, penitenzija egiñ, ta erremedijeetan ezpazitubeen eureen uts egitiak, ta itxi alako okasinoe zorigaistokuak. Errazoe andijagaz. Bada arimako garbitasuna izanik aiñ ederra, errazto galdu, ta ezaiñduten da, baldin ardura andijagaz gordeetan ezpada. Galduten da bai ziur, borondatezko pensamentu, ta guraari loijagaz, begirakune atsegiñ deungakuakaz, modu askotako eskuka, ta mosu aragizkuakaz, berba, kanta, ta ipuiñ zikiñak esan, edo enzunagaz ezaiñtasunaren gustoz. Galduten da beste akzinoe modu askogaz. Eta zenbat esan ditudan gauza, baterikuak, edo besterikuak, egiten ez dira bigira, ta alako funzinoietan? Badakijee gurasuak. Zelan bada galerazo ez? Zorijonez, ezagutubaz duaz guraso asko, ta galerazoten ditubee. Alan jazoko al jakee beste guztiei bere, Infernuban ezagutu daijeezan baño leenago.

        LUISEK: Gauza lotsagarrijak entzuten ditut; gurasuak eureen etxeetan sufridu leijeez alako eskandalubak?

        AITAK: Gauza gustirako emoten dau Diabrubak atxakija, balijoko ezpadau bere Jangoikuaren aurrian, pekatu egitekuak. Nekezale on askok, astija artuta, egiten ditubee eureen lanak etxeko familijagaz, edo alogereko, edo auzo juiziozkuakaz, ta ez daukee artu emonik onetan, beste biragiñ baño olgau zaliaguakaz. Egunaz egiten ditubee ezpateetaak; puskaka puskaka, builla baga, arta zuritziak. Kanpokorik dabeenian goisago biarrak amaituta, illuntzian dua bakotxa bere etxera; ta nosbait, iñori illunduten bajako, batez bere emakumia bada, geldituten dabee bertan gabian. Etxian egiten dabee goruba, ta ezin bada gustija, eragiten dabee pagauta, ta da merkeena modu onetako etxe gobernuba. Bad, zer irabazi ateraten dabee amar, edo amabi lagun batubagaz gabian, nai gorubeta, nai beste ainbeste bidar juan biarko badau auzuetara ordiak pageetara? Esan oi da, ta alan da, gabeko biarra egunazko lotsaarija. Alkarren leijaan egiten bada arija, alan urtengo dau berak, ardats bata lodija, bestia meia, bata erdi biurtuba, bestia aiñ bagia; probauko dau ondo alako arijak euleen pazienzija ta izango dau laster zulua, beragaz egiten dan soñekuak. Ariñ aringa apaiñduriko liñuak bere ez dabee erbatz faltarik izango, ta beste edozeiñ alako biar moduk, gabaz, nai egunaz, izango dau bere uts unia. Gabeko belubak ekarriko dau gois beranduba, ta salto, ta danziak bijaamonerako alper usaiña. Nun dira bada uste oi diran irabazi, edo aurrerapenak onelako jenteen batzaarretatik? Luziferren liburuban txito asko. Baña irabazirik balego bere, ezin iñundik itxi lei etxian bigira, ta okasinoe dantza naastaukorik. Zer balijoko deusku mundu gustija geuretzat irabaztiak, baldin galduten baditugu betiko geure arimak? Orregaitik au ezagututen ez daben guraso askok, interes begitandubeen atxakijagaz, edo eureen seme alaba nasaijei gusto emote arren isten ditubee, eta isten deutsee euretara juaten. Ikusiko dabee egunen baten eurak, ta eureen mendekuak, zelakua dan Jangoikuaren justizija, ondo aazturik daukeena. Beste guraso batek esango dau: etorten dira auzuetako mutill ezagunak puska bat olgeetara, ta zer egingo jakee? Gustijakaz bizi biar dogu guk. Egunaz egingo balira biarrak, ez litzaatez juango; ezta errespetorik balego bere; jakiñ oi dabee, nun zer paseetan dan, nun ze guraso, ta jente modu batuten dan, nora juan, ta nora ez. Baña, zer egingo jakeen etorten badira? Zarratu ondo atiak, lapur batzui baño ardura geijagogaz, datozalako arimaak ostutera, edo galdueragitera. Gustijaakaz bizi biar dabeela? ta Jangoikuagaz? Ta geure arimaakaz? Ez ete dira oneek kontuban sartuko? Azkenik, badua seme alabaren bat atia edegitera, neurtu makillia eureen gerrijan. Eureen, ta enparaubeen arimako onian da. Bestela eziñ bada, Espiritu Santubak berak bere aginduten deutsee gurasuei, erabilteko zigorra. Baña ondo azi ezkero, onelako premiñarik nekez izango da. Guraso ardura onekuak leenaz artuko ditu neurrijak, ta bulla baga eguiñik biarrak, ez dau izango nai ez daben okasinoerik. Bestelakua bere atxakijaakin itxubago biziko da, ta juango da, atxakijaakin urtengo ez daben lekura.

        LUISEK: Orreek gatx ezagunak dira; aztertu egizuz, beste biar geijetan egon oi diran peligubak.

        AITAK: Pozik egingo dot. Laijeetako biarra danian beraariz legez sarri, jarri oi dira mutill, edo gizon bi eskiña bijetan, ta neskatilla bat erdijan, edo mutil, ta neskatilla bat. Au, berez ez izan arren okasinoe astuna, izan oi da nosbait Jangoikuaren billdur gitxiko jenteen artian. Sarritan, esan oi dira belaarrira berba zikiñak, ta egiñ txitximur, ta gauza tentagarrijak. Geijeenian, erremedija leitez onelako peligrubak; baña nosbait aurkiten bada premiñaz neskatilla bat modu atan biarrian, ta esan edo egiñgo baleutsee alako gauzarik, adierazo biar deutsee isilldu, ta itx daijuela alako okasinoerik emon baga. Au asko ezpalitz, esan biarreko nagusitzat daukeenari; ta alan bere itxigura ezpadeutsee bakian, itxi guztijari, alde euretatik, ta bakarrik egiñ daijeela biarra. Leenago da arimia, esamesa, ta beste gauza gustijak baño. Iges peligrubari garbi izan gura dabenak. Beste leku, solo aldats andikuak dagozanetan, nekezale, biarrian atzeratubak egon oi diranak, batuten dabee gazteerija andi bat, luurra edo simaurra, solo barrenetik generuntz jasoteko. Jarten dira mutill gizon, neskatilla, edo emakumiak, beetik gorako katee modu bat eginda. Emakumiak sarri, gona laburregi, ta ostian dezenzija gitxigaz. Mutill batek artuten dau zara kargauba, iminten deutsa buruban urreengo emakumiari, ak berez ez da okasinoe andija, baña igaroten dira onako lekubetan begirakune deunga, berba nasai, eskuka, ta bultzaka malizioso, askorentzat okasinoe astuna egiten dabeenak. Afal osteko erpillauste, liño aterate, ta beste biar modu, jente gazte, ta nasai asko batu oi diranetan bere, soluan edo geruago oi dira lako nasaitasunak. Ta zenbat igaroten ez da karobija askotan? Ahi, zenbat ardura imiñi biar leukeen gurasuak ez bialduteko alegiñez alaba ez krijada gazterik karobijeetara, batez bere eurak an ez dagozala! Gizonezkuak, eurak nai ezpadabee, ez daukee ainbeste peligru, (orregaitik gurasuak begiratu biar dau nori, ta nora isten deutseen semei bere, ta eskusau peligru andirik baleukee), ta zer esan, baldiñ gabian bere geldituten badira neskatillaak an bertan, sarri gizaseme nasaijeen artian? Zer esan, arako jaijegunak karobija sutan artuten dabenian, laguntzeko atxakijagaz juan oi diranak gaitik, egubarterik geijeena nasaitasunian igarotera? Zer falta egiten dabee an emakumiak, ezpada okasinoia biztuteko? Su gogorraren aurrian; nok sinistu? Infernubagaz gomuntau, ta billdurtu biarrian, egiten da bertarako bidia nasaitasun askogaz. Oh gurasuak! Zenbat pekatu erremedijau leijeen, nai balebee! Beste guraso batzuk, neguko denporaan, eraz badauke urrian olaren bat, etxian argi, edo egur puskabat ez gasteeta arren, bialduten ditubee euretara alaba, edo krijadaak, goruba egitera. Edozeñek daki, zelakua dan olagizoneen jantzija biarrian dagozanian, ta errazoe onek bakarrik izan biar leuke asko, emakume modestija puska bat daukeenak alako lekura, premiña baga ez juateko. Baña onez ostian, ola askotan, nok ez daki zenbat okasinoe, berba, ta gauza zantar oi dan, gorula zorigaistokuak dirala motibo? Baña guraso askok ez deutsa arimako kaltiari begiratuten, ez gasteetiari baño; ta alaba askok bere, naijago alako lekura juan, eleisa, ta orazinoera baño. Subak bere ez ditu billdurtuten, lujurijak gustia aaztu eragiten deutsee. Akordauko ditu nosbait. O galdu guria! Entzun neutsan beiñ esaten sazerdote on bati, ta leku askotan ibilijari; ez da mundu gustijan aurkituko neskatilla ibilltau, ta modestija gitxiagokorik, euskal errijetan batzuk diran baño. Leku gustietara dabiltz gizasemeen ondoren legez. Izango da merkatu, edo erija bat, pelota edo palanka joko bat, proba, tratu, edo beste gizoneen batzaar bat, an da aurrenreengo bat edo bat. Taberneetara agiño darraikueez batzuk, lotsa gitxigaz, ta merijendeetan ikusten dira iños etxe ezkutubetan mutillakaz. Egiten ezpadabee obrazko pekaturik, edo egiñ arren, mundubak jakiten ezpadeutsee, beste eskuka loi berba nasai, ta amore zikin gustijak gaitik bizi dira eureen ustez donzella garbi batzuk balira legez. Oh itxutasuna! Onelako neskatilla askok, eureen arrotasun, apaindurija, jesto, ibillera, ta lotsarik ezagaz, arima geijago, biar bada, daruee Infernura, emakume galdubak eurak baño. Ahi, zenbat pekatu, ta Jangoikuaren ofensa dakarren, ez erakutsijak, ta gorde eragiñak gurasuak, modestija, ta erretirua, eureen erraijetako frutubei! Zer kontu estuba emon biarko deutseen Jangoikuari! Zenbat guraso, ta seme alabak madarikatuko dabeen alkar Infernuban!

        LUISEK: Neu bere entzuten nenguan sazerdote ari, ta gomunta dot, zerbait geijago esan abala. Hebreotarrak, ziñuan, neskatilliari emoten eutseen izena, zan Alma, ta esan gura dau ezkutuko, edo erretiradia, ta emendik ezaindu zituban asko neskatilla ibilltau, buru erakusle zale, ta gauza nasaijakaz lotsatuten ez ziranak. Onelako neskatillaak, esaten eban, ez bakarrik arimako ondasunak galdu oi ditubee, baita, ondo pensaurik mundurako bere ekarten deutseez kaltiak eureen burubei. Daigun kontu, artu gura dabeela matrimonioko estaduba; baña ze mutill juiziozkok gura izan lei bere esposatzat, batagaz batera, bestiagaz bestera oratuka, laztanga, milla amore zikiñetan sarri ibilli dana, edaderik peligrosueenian, ainbeste giza seme nasairen artian? Askogana zabalduriko biotza nekez batuten da. Neskatillatan garbi, ta honestia izan dana, gero bere garbi, ta leijala oi da, baña bestelakuakiñ zenbat billdur, zelo, juzgu, ta sospetxa igaroten da estaduba artuta gero? Senar geijagaz izaten badau adiskidetasun deungia, jakinik argaltasunak, geituten dira sospetxaak. Oh, zeiñ engañaurik bizi diran, argaltasunagaz alkanzau nai dabeenak eureen estaduko ondo izatia! Estaduba artuteko denporaan edozeñek gurako dau persona honesta, ta garbija, zantar ta tonto andireen bat ezpada giza semia. Egiijaz asko dagoz tontuak diño Salomonek, ta ez gitxi esan diran moduko emakumiak bere diñot nik, orregaitik urteten dabee ainbeste ezkontza modu, ta gero ikusten diran eskandalubak.

        AITAK: Leenago esan danetik ezagutu deiteke, zeiñ peligroso, ta deungaak diran gabetako ibilltiak; zenbat kalte ekarten daben illuntzeko familija etxera ez batutiak, beste batzaar geistuak galerazo arren. Egunaz ainbeste arrisku aurkituten bada leku txito askotan, zeintzubetatik alde egiñ biar dan; zenbat aurkituko ez dira gabian! Oi dira orregaitik mutill errondarijak, ta nosbait emakume lotsa baga, lagunduten deutseenak, eurak bagako saltsarik izan ez dediñ. Gaurik jakiñeenak onetarako dira Gabon gaba, urte barri besperia, ta beste atxakijareen bat dabeenekua; barriz entzuneena Santa Ageda bisperakua. Ez dago zer esan, ze kanta modubak kantau oi diran orduban, nundik nora ibilten diran, ta ze lagun modu. Neskatillak sarri urteten dabee bentanara, berso zikiñak entzun, ta barrezko eskerrak emotera. Biar bada ez da faltako atxakija bat atia edegiteko. Izentau oi da egubarte bat, orduban baturikuagaz merijandia egiteko. An da gero jan edan, ta nasaitasuna. Okasinoe batek dakar bestia. Oh pekatubaren katee luzia! Gurasuak! Zetarako zarratu ez atiak ondo alako gabetan? Zetarako errejistrau ez oiak, iñor falta ete dan, jakiñik askok urten oi dabela isillik? Biar balitz, gabian sarri jagiko litzaatez ganadubei begiratutera; ta zelan ez familijakuak gaitik, nosbait, sospetxia dagunian? Zenbat errazoegaz esango ez jakee onelakuei San Krisostomogaz, ardura geijago daukeela kortako ganadubakaz, seme alabakaz baño? Ta zer eranzungo deutsee gero Jangoikuari?

 

aurrekoa hurrengoa