www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Loretxo
Txomin Arruti, «Mendi-Lauta»
1932-1937

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eguna, 1937-02-14/1937-03-21, eta El Día, 1932ko martxoaren 12, 19 eta 27an argitaratua.

 

 

aurrekoa hurrengoa

I

 

        Loretxo zarauztar sendi bateko alaba zan. Sendi kistar zintzo, aberatz eta ospe aundikoa. Zarautzen oso ondo ikusia zan Loretxoren sendiya. Batetik aberatza eta bestetik ongillea. Hamaika sendi txiroen negarrak legortutakoa Loretxoren aita! Aberaztasuna ta osasuna ez dira, ordea, nai degun luzaroan izaten, Goiko Jaunak nai duben neurriyan baño.

        Esku zabalegiyak ziralako edo ala bear zalako, sendi aberatza izanagatik, txirotu zan ta oitu ez bezela, sendiyarentzta ogiya irabazteko lanean ekin ziyon.

        On Pantxo izena zuben Loretxoren aitak. Latariya zan eta Uriko garrantzi aundiko ogibide batean jarri zan. Lana egiñaz oso ondo bizi ziran: baño, erri txikietan askotan gertatzen dan bezela agertu zitzaizkiyon arerioak, areriyo zitalak.

        On Pantxo karlatarra zan ta bere areriyoari «beltzak» deitzen ziyoten Uriyan.

 

* * *

 

        Udal auteskundetan burruka ikaragarriya sortu zan. On Pantxo karlatarren alde lanean gogor ibili zan, baño, auteskundetan areriyoak nagusi atera ziran.

        «Beltzak» Udalean nagusi jarri ziranean, lenengo lana izan zan, On Pantxori ogibidea kentzea. Zarautz'tar jatorren artean erabakiya oso gaizki erori zan, baño, Udalak artu zuben erabakiya bete zuben, On Pantxori ogibidea kenduaz.

        On Panxoren sendiyari min geyago eman ziyon petralkeriz ogibidea kentzeak, aberastasunetik txirotasunera beren buruak ikustea baño...

        Ziñez, atsekabe samiñez arkitzen zan zorionez bizi zan sendiya!

        Ogibidea galduta sartu zan sendiyan negar ikaragrriya. Ain ziran Zarautz maitaleak! Ain zarauztar jatorrak ta oldozturik auzo erri batera jun bearko zutela bizibidea ateratzeko, samiñez arkitzen ziran.

        Nork esan hainbeste txiroi negarrak legortutako sendiya, erritik aldegin bearko zubela jateko irabaz ezinda bere uri maite Zarautzen?

 

* * *

 

        On Pantxoren sendiya Zarautz'tik Tolosara jun zan bizibidea ateratzea. Karlatar zintzoa izanik On Pantxo, bereala egin zituen adiskideak.

        Loretxo bere alabatxoa ezin bizi zan Zarautz bere maitea gabe. Bere Uritik jun ezkero etzabilkin beste ametsik jayoterria, Zarautzen bizitzea baño.

        Onela idazten ziyon bere lagun kutunari.

 

        L. tar Mirentxu

        Zarautz

        Nere lagun ona, Agur:

        Lau urte dira etorri nitzala, Zarautz nere Uri aztu eziñetik eta iruditzen zait ogei urte dirala... Ezin aztu naiz nere Uri maiteatzaz. Uritik atera ez banitz ez nuben ziñiztuko hainbeste maite nubela. Lagunatzatz ere asko oroitzen naiz, batez ere zuretzaz Mirentxu nere lagunik onena, nere atsekabien atsedena zu zara. Egunean egunean geyago oroitzen naiz lagun on batek atsekabeak arintzeko asko lezakela.

        Bildur naiz, Mirentxu, nere biotzean —beñere gorrotorik nabaitu ez dedan biotzean— gorrotoarentzat tokiya izango ote dan.

        Nere aitatxoren areriyoarentzat alako gorrotoaren asiera nabaitzen det ta arren «Agur Miren» bat gabero Arantzazuko Miren neskutzari, nere biotzean iñorentzako gorrotorik sortu ez dedin.

        Azketzi luzaroan idatzi ez badizut. Ez uste izan aztuta egon naizenik lau urtian idatzi gabe egon naizelako, nere lagunak erraz oitu naizela ikusita nai nuben ta nere burua atzipetu besterik ez det egin.

        Sendi guztiya osasun onez gaude Urtziri eskerrak eta zure lagun guziyak eta zu ere berdin izango zeratela ustean naiz. Nere otoitzetan zuen aldez eskatzen det, bai ta ere etsayen alde... Jainkoarren lenbait'len erantzun dirazu ta nere Zarautz maiteko izpar ugari biali, egarri biziya daukat orko izparrak jakiteko ta bere naya beteko dezula ta nago.

        Zure,

        Loretxo

 

        A. tar Loretxo

        Tolosa

        Lagun maitea, Agur:

        Artu det zure idazkiya, aspaldiyan negon zai noiz etorriko zitzaidan ta nekez bada ere eldu da. Poztutzen naiz osasun onez zaudetela senditar guziyak eta ni ere osasun onez gera Jaunari eskerrak.

        Luzaroan idatzi gabe egotearen ziyoa ziñisten dizut, ni ere zurea artu gabe ez nitzan ausartzen idazten, nerekoitasun pixkenbat ere noski...

        Izpar berri bat eman bear dizut atsegiñ izango zaizula uste detalako. Baño, Loretxo arren, ixilik gorde bear dezu, oraindik iñork ez daki ta.

        Uste det denbora gutxi barru senargaya izango detala. Mutil gaste bat ondoren dabilkit, zintzoa da... kistar ona... ta uste det bayetza eman bearko diyotela.

        Egunean egunean atsegiñago zait bere izakera: Lendabizi etzitzaidan atsegin bere izakera, euzko abertzalea zalako, berak emanda irakurri ditut idatzi aberkoi pranko ta bildur naiz Euzkadi ta mutil gazte ori maitatzen jarriko ote naizen.

        Arren, Loretxo, zuk ere otoitz eskatuaz jarraitu bear diyotan bidea lenbait'len artu dezadan.

        Zuen areriyoak indarrik geyena izan zuten. Karlatarrak ere indargetzen ari dira. Abertzaletasuna indartzen ari da. Gaztedia abertzalea dator. Euzko Etxean antzesten det. Ortik etorri da nabaitzen dedan biotz baretasuna...

        Gaurko aski izango det ta poztuko nitzake alkarri sarri idatzen asiko bagiñake. Badakizu lenago baño adiskidetasn aundiyagoa daukatela zurekin ta zure gertaera ixilkakoenak bildurrik gabe edestu ezazuke.

        Agindu zure lagun onen

        Mirentxuri

 

        L.'tar Mirentxu

        Zarautz

        Lagun maiteen ori, agur:

        Artu nuban zure idazkiya. Poza ta atsekabea batera euki ditut zure idazkiya irakurrita. Egunean bein baño geyagotan irakurri det zure idazkiya. Pozez, ikusirik zoriontsua zerala mutil gazte zintzo batek maite zaitulako... atsekabez idazkiya irakurrita oroimenera datozkidan oldozkunarekin.

        Mirentxu maitea: Nik ere zuk bezela ogeita bi urte dauzkat. Jainkoak ez dit deitzen lekaime edo monja izateko. Askotan otoitz egiten diyot Ama Neskutzari lekaimetzako uztei edo deboziyoa eman ditala.

        Idazkia ez dizut agertu nai nere atsekabearen ziyoa. Ezin ikusi det gertatzen zaidana. Osasun ona daukat... eta gaxo nago... Beti itun ta batez bakarrik nagonean negar ta negar igarotzen ditut orduak. Onela ezin bizi niteke... Zertarako jarraitu nere oldozmen itunak agertzen?

        Zarautzen Udaldia igarotzeko asmoa daukat ta guzia edestuko dizut, gure ondartza zoragarrian. Itxaropena daukat nere ori maiteko aizeak sendatuko nautela... Arren, ez esan beste lagunei nik diyotena. Biyok bakarrik bear ditugu. Naikoa gera biyok naigabeak igarotzeko, zuk lagundu dirazun itxaropena daukat ba, nere naigabeak arintzen.

        Zoriontsua, zu, mutil gazte zintzo baten andregaya!... Neri zer gertatuko zait? Nere ori maite Zarauzko ondartza zabalean arrotzak itxaso zabalean murkilka ari diran bitartean, uztuko dizut nere biyotzean daukaten naigabea...

        Zure onuak ta Zarauzko aizeak osatuko al nau!

        Begiko lagun on ori agurtzen zaitu

        Loretxok

 

aurrekoa hurrengoa