www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Loretxo
Txomin Arruti, «Mendi-Lauta»
1932-1937

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eguna, 1937-02-14/1937-03-21, eta El Día, 1932ko martxoaren 12, 19 eta 27an argitaratua.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III

 

        Xabierrek artu zunean Loretxoren idazkia ikusi zun etzuela maite, ba- da, idazkian azazol agertzen zan. Nola nai ere itxaropenik etzuen galdu, Madridera jutean onenean bereganatuko zuen itxaropena gelditzen zitzaion.

 

* * *

 

        Loretxo bereala asi zan egunkari, astekari, idazti aberkoi ta abar irakurtzen. Etzekian etxera nork bialtzen zizkan, baño, pozez irakurtzen zitun. Abertzaletasuna ikasteko zaletasun bizia zeukan eta gurazoen ixilik irakurtzen zitun bialtzen zizkaten irakurgaiak.

        Sortu zitzaion jakin naia nork bialtzen ote zizkan irakurgaiak, baño ezin zuen jakin. Nabaitua zegon auzoko mutil gaste batek xamurkiro agurtzen zuela. Gaste abertzalea zan, izlari ta idazlea, gurazo beartsuak ba zitun ere, ikasketako zaletasun aundia zeukan eta iritxi zan olea bateko artezkari izatera.

        Loretxok kontuan eukirik gaste abertzalearen agur xamurrak eta irakurgai aberkoiak abertzaleren batek bialtzen zizkala; jarri zitzaion buruan, Yon, mutil gaste abertzalean lanak izango zirala. Oso begikoa zitzaion Loretxori Yon mutil gastea eta asi zan oldozten abertzaletasunera biurtzeagatik bialtzen ote zizkan irakurgaiak edo ta bi lan batera egiten ari ote zan, abertzaletu ta biotza bereganatu... Loretxo bere buruakin asi zan maitasun oldozpenak erabiltzen.

        Madrid'era juteko egunak urreratzen ari ziran eta gurazoak pozez arkitzen ziran eta Loretxo gaxoa itun...

        Loretxo eta gurazoak Madridera jun ziran. Madriratuta egun gutxiren buruan Xabierren sendia ikertzera ere bai. Oso ondo artu zituzten. Bereala Xabierri eskeñi zitzaion Madrideko jolastokiak erakusten laguntzeko. Egun gutxian ikusi zituzten bertako akeitetxe, dantza areto, antzoki, zine eta kabaret dotorienak. Loretxo itun arkitzen zan, etzizaion atsegintoki aietako bizitza eta nabaitu zuen Xabierrek adiskidetasun aundiak zeuzkala toki oietan eta lenago adiskide bezela bazeukan ere, gorrotoa nabaitzen asi zan..

        Gurazoei agertu zion etzuela jarraitu nai ebillera oietan, baño, gurazoak zioten uri txikietako bizitza etzutela eramango Madriden. Oituko zera emengo bizitzarekin eta gero ez dezu etxera jun naiko...

 

* * *

 

        Loretxoren gurazoak konturatu ziran, etzuela maite Xabier eta min zuten alabarekin gertatzen zitzaiotena.

        Egun batean Xabierrek deitu zion Loretxoren sendiari jai aundi bat egin bear zuela adierazteko. Kotiloe bat antolatu bear zuen, Madrideko aristokrataren krema berta eramanaz eta beak ere poz pozik ikusiko zitula jai orretan. Loretxoren gurazoak pozez zoratu bear zuten eta alabari egin zioten jantzi ikuskarria kotiloira juteko, millaka laurleko ordainduaz eta pozik ordaindu ere.

        Kotiloia zan egunean goizean goiz Loretxok artu zuen astekari abertzale bat. Itun arkitzen zan irakurri ondoren. Idaz lan bat zekarkin bere biotza lertu ziona... Beretzat idatzia zegon burutapena sartu zitzaion eta bera geina oroitzen zan mutillak idatzia ote zan ustea. Ondoren argitaltzen det astekariak Loretxoren biotz negarra sortu zion idazlana.

 

 

JOLAS ONDORENAK

 

        Loretxo'ri:

 

        Neskatil gaste bat zan. Gastea bezin liraña. Liraña bezin polita. Polita bezin zintzoa... mutil gaste arrotz baten adiskide ixan arte. Gurazo aundikien alaba. Gurazoak abertzale arerio purrukatuak. Udaldiak dakarzkin aizeak askotan ondoren onik ez dakar. Neskatil gaste onen ondoren Madrid-tar mutil gaste dotore gutxi bezelakoa, aundiki artean oso ezaguna, kondearen semea eta neskatilaren gurazoak asetzen zitun gastea.

        Lenbizi alabatxoari etzitzaion atsegin mutil gastea, pixkanaka alkarrekin Madriden bertako bizitzari eder eritzirik neskatil gastiak eman zion emaztegaitzako baietza.

        Euzkeldun neskatila ezkondu zan aristokratarekin. Aberatz, konde baten semearekin. Zoriona beretzat eta gurazoentzat! Ludi onetan ondo bizitzeko ez baita azki aberatza, konde ta aundikia izatea. Biotz garbi eta maitasun egiazko senarrak naiz ta txoroa izan zorionaren lagun aundiak dira.

 

* * *

 

        Ezkonduta sei illabete baño lenago azpertu zan aristokrata bere emaztearekin. Senarra etzan beñere ikusten bere emaztearekin... emakumeak geinean berekin bazitun ere. Egun batean bere gurazoak egunkari batean irakurri zuen izpar itun au: «Onelako kondearen semea bere emaztea utzi ta beste emakume batekin atzerrira iges jun da. Madriden ez dago beste izketarik egun auetan.

        Zenbat onelako gertatzen da aundiki ondoren dabiltzan emakume euzkeldun artean? Ikasbide ederra emakume euzkeldunentzat!».

        Iñurritza

 

aurrekoa hurrengoa