www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Loretxo
Txomin Arruti, «Mendi-Lauta»
1932-1937

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eguna, 1937-02-14/1937-03-21, eta El Día, 1932ko martxoaren 12, 19 eta 27an argitaratua.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IX

 

        Yontxu:

        Zure idazkia artu det eta ez dakizu nere poza zenbateraiñokoa dan osasunez zerala jakitearekin. Ni, oso ondo arkitzen naiz Yauna'ri eskerrak. Gurasoak makal xamar dabiltza.

        Zure idazkia artu nuela illabete igaro da eta ezin erantzun izan dizut lenago; bada, naiz ta Euzkadiko Jaurlaritzak emakume espetxeratuak onera bialdu, emengoak ez dituzte atera gaur arte eta orregatik ez dizut lenago erantzun. Bigar dijoaz emakume abertzale batzuek beren umetxoarekin ingelandar itxasontzian eta emakume oietako batekin bialduko dizut idazkia. Uste det Txominen emaztearekin bialduko dizutela; bada, gaxotegian dago espetxetik aterata eta ikertu det eta poz pozik emango ditela agindu dit.

        Alai geratu naiz orko berriarekin, bada, oldoztu nuen emen zabaltzen ziran berriak gezurrak izango zirala.

        Emen gertatzen ari diranakin itxasoko arrokak ere negar dagite. Gizon zintzo guztiak naiz ta beren alde zeudenak ikaratuta daude egin dituzten ankerkeri eta erailketarekin Nere gurasoak ere asieran berakin bazeuden ere, orain naiz ta kalean beren alde itzegin, etxean aita amak gaitzesten dute paxistak egin dutena. Askotan ikusi ditut negarrez gertakisunak alkarri esaten ari dirala. Gaxorik daude eta osalariak dionez ez dira oso ondo arkitzen eta kezkatsu nago.

        Urian gertatu dan zerbait edestuko dizut, guzia edesten asi ezkero ez nuke amaituko...

        Edesten asi baño lenago nere zorion agurrik sutsuna eman bear dizut kapitan izendatu zaituelako. Nork esan bear zuen Yonek kapitan izan bear zuela? Bada ez zure zaletasunak ez dirala gudaritzako, baño, guk nai gabeko guda onetan aldegun guzia egin bear degu paxista ankerrak zapaltzeko.

 

* * *

 

        Paxistak urian sartu ziranean emengo arrotasunak etzaukan neurririk. Bereala gertu ziran leiotan piperpoteak. Ba ziran itzak janak ere, nunbait, ondo gordeta zeuden. Lenbiziko egunetan jator xamar agertu ziran... atzipetzeko asmoz, noski. Astebete igaro ondoren ekin zioten ankerkeri eta erailketak.

        Zure lagun Andoni, gizon gaste abertzalearen gorputz illa, Getariko illerrian erailda billatu zuten. Emazte alarguna ikertu nuen. Orain dala egun gutxi bere gurazoen basetxera jun zan. Irusta basetxeko orma zarrak eta bertan bizi diran kistar eta abertzale zintzoak arinduko aldizkate alargun gaxoaren atsekabeak.

        Isidor mutil gaste abertzalea ere erailla izango ote dan diote. Paxistak uritik eraman zutela aste batzuek badira eta bere berririk ez da eta beste asko bezela uste det erailla izango dala.

        Beste bi gorri ere erail dituzte. Uritarrak ez diranak noiz nai bitxabal-basterrean txakur amorratuak bezela erailtzen dituzte. Yainkoa erruki bedi guziatzaz!

        Espetxean daudenak asko dira naiz gizaseme eta emakume. Okañi dituzten isunak izugarriak. Aitzaki txikia bear dute isunak okaintzeko. Igarotako auteskundietan abertzale aldez autarkia emana izatea naikoa da isunak okaintzeko. Osalari zarrari irurogei anei laurleko isuna okañi diote. Orain egun gutxi gurasoak ikertzera etorrita itzegin nuen eta onela mintzatzen zan.

        «Irurogei anei laurleko isuna ordaintzeak min eraman dit, baño, askoz min aundigoa eman dit nabaiturik sendi asko eta askoren poza neri isuna jarri diatelako. Atzipetua negon. Nik uste nuen erritarrak geigo maite ninduela...».

        Oleetan ere pikardiak egin dituzte. Emendik atera ziradenen etxe bizitzak ere ustu dituzte. Espetxean daudenak arrixku aundian arkitzen dira. Gaxo daudenentzat ere errukirik ez daukate... Erruki gabeko piztiak dira!

        Euzkeraz itzegitea galerazia dago. Euzko kutsua daukan guziarentzat gorroto bizia daukate. Oraintxe konturatzen naiz esaten zendunen, «Abenda gorrotoa da» egi aundia ziozula.

        Berri on bat eman bear dizut. Prailletako elizan entzun bear ez diran itzaldi pranko entzun badegu ere, ezin geratu naiz Miren Sorkunde egunean praille gazte batek egindako itzaldia aitatu gabe. Abertzaleak poz eta negarra batean biotz barnean nabaiturik egon giñan. Euzkera garbian itzegin zigun eta Arrateko Miren Neskutzaren edestia esanaz, Eibarko erri jatorra goraldu zigun. Entzule guziak arrituta geratu giñan. Konturatuko zera, gaur Eibarko erria goratzeak zer esan nai duen emen dauden agintari aurrean. Bildur naiz praille oneri ere zigorren bat jarriko ote dioten.

        Udaleko agintarien (?) izenak ez dizkizut emango. Nortzuk diran ez ba dakizu ere konturatuko zera nor izan leizken. Uri guziak egarri bizia dauka berriro euzko gudaroztea ikusteko. Sarritan zabaltzen da mendigoizaleak datoztela, zoritxarrez ez da egia gertatzen. Luzaroan auen mendean egon bear ba degu, ikusi ditugunak aundiak badira, ikusteko gaudenak ez dira txikigoak izango...

        Abertzaletasuna il bearrean, suspertzen ari da. Lenago abertzaletasuna nabaitzen etzutenak ere, pranko etorri zaizkit ixilka, lenbait'euzkotar gudaroztea ikusi naia agertuaz. Asko eta asko dira konturatu diranak euzkotasunari dioten gorrotoa eta odolak deitu diote.

        Gipuzkoa guzian eta Naparroan ere berdin jokatu dute. Guda onen amaian egia jakitean ezin ziñisturik geratuko gera.

 

* * *

 

        Zu emendik atera ezkero bakar bakarrik ebiltzen naiz. Ez det «margarita» inguruan ebili nai. Zoraturik dabiltza gurenda ziur dutela usterik eta gurenda xoramen indarrez paxistak egiten dituzten erailketak ere garbitu egiten dituzte. Kistartasunak baño geigo lezake nunbait abertzaletasunari dioten gorrotoak.

        Nik ez det galdu itxaropenik eta emen egiten ari diranak ikusi ondoren uste det ez duela gudarik irabaziko, bestela beintzat erruki euzkoak.

 

* * *

 

        Parapetoan egindako ametsak zuri ezik neri begietatik malkoak ixuri dizkit. Itxaropena euki dezagun Yainkoagan guda irabazle izango gerala eta ondoren zure ametsa egitasun izango da.

        Nik ere ez nuen uste maite dizutan bezela maite nizunik neregandik urrutiratu arte. Emen igarotzen ditudan atsekabeak badirudi zureganako maitasuna sutsuagotzeko dala.

        Yaunari otoitzka ari naiz gurenda eta zure osasun aldez. Ondoren zoriona gure jabe izango dan itxaropen osoa daukat.

        Agur, Yon. Biali berri ugari ta onak beste poz gabe bizi dan eta zure, zurea dan, Loretxo'ri.

 

aurrekoa hurrengoa