www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Loretxo
Txomin Arruti, «Mendi-Lauta»
1932-1937

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eguna, 1937-02-14/1937-03-21, eta El Día, 1932ko martxoaren 12, 19 eta 27an argitaratua.

 

 

aurrekoa hurrengoa

II

 

        Xabier Madridera jun zan eta Loretxo bereala aztu zan udarako aizerekin etorritako jolas lagunatzaz. Loretxo aztu bazan ere bere gurazoak etzauden aztuta. Zai zeuden noiz ikusiko ote zuten bere alabatxoa ain atsegin zitzaioten mutil gastearen emazte gai.

        Egunak eta asteak igaro ta alabak etzuen aitatzen Xabierren izena eta gurazoak naigabetuak arkitzen ziran. Lau aste igaro ondoren etorri zan idazki bat Loretxorentzat. Bera txaidean zala amak artu zuen. Amak alabarentzat idazkia ikusi zunean —luza iritzik ba zegon— alaba etxeratu baño lenago irakurri zuen. Onela zion Xabierrek Loretxori egin zion idazkiak.

        «Loretxo: Illabete igaro da udaldi zoragarria zure ondoan igarota etorri nintzala. Or nengola mai banizun, zuregandik urruti nagola ziñez maite dizutela aitortu bear dizut. Beti amets bat dabilkit eta zu ere konturatuko zera, noski. Nere ametsa... Itun nago, bada, oneratu nitzan ezkero zuk agindutako idazkirik ez det artu eta zure berririk gabe nagola oroiturik nere biotzak negar dagi... Bildur nintzan oneratu nintzanean zure biotza neretzat ez ote zegon eta orain argi ta garbi ikusten det ez dirazula maite... Azketzi, Loretxo, nere ausarkeria, bada, maitasun miñez arkitzen naizen une onetan biotzak itzegiten dizu...

        Gurazoai eskumuñak. Iritziko ote det andregaiaren erantzuna ez bada ere lagun on baten erantzun xamurra? Zurearen zai naukazu. Agindu zure adiskide onena eta adiskide baño geigo izan nai duen,

        Xabier-i».

        Amak idazkia irakurri ondoren berriro irakurri dio aitari. Gurazoak artu zuten naigabea aundia izan zan; bada, gurazoen ametsa, Xabier beren alabaren senargaia izatea zan eta ez dute ikusten alaba Xabierren emaztegai izateko itxurik.

        Idazkia berriro itxita alaba etxeratu zanean berari eman zioten. Loretxok idazkia artu ta bere gelaratu zan eta irakurri ondoren keskatsu geratu zan ez biotzik ukutu ziolako, baizik bildur zalako bere gurazoai erakutzi bearko ziola, Xabierren idazkia. Gelatik aterata amarenganatu zan eta amak bereala galdetzen dio.

        — Loretxo, noren idazkia zendun?

        — Ikastolan alkarrekin egondako lagun ikaskide batena...

        — Ez ote zendun beste adiskide batena? Azalkiaren izkia ikusi det eta etzan diozun lagunarena, baizik... zer dio?

        — Bai, Xabierrena da. Aitatxo eta zuri eskumuñak emateko esaten dit. Osasunez ondo dagola ta, gañuntzean ezer berririk ez...

        — Erantzun bearko diozu!

        — Zertarako erantzun!...

        — Loretxo. Zer esan bear du erantzuten ez badiozu? Zugatik ez du gaizki itzegingo... gurazoagatik.

        — Erantzutea nai aldezu, amatxo?

        — Bai, maitetxo, erantzun. Eskumuñak eman dizkiogu gurazoen izenean, bai ta ere esan diozu emendik illabetera jungo gerala aste batzuek igarotzera eta ikertuko degula. Zu ere gurazoekin jungo zerala. Ez gero aztu?

 

* * *

 

        Loretxo gaxoa itun dago oldozturik Xabierren idazkiari erantzun bear diola eta illabeteren buruan Madridera jun bear duela iragarri bear diola oldozturik, atsekabe aundia artu du neskatil gasteak. Loretxoren erantzuna:

        «Xabier: Zure idazkia artu det eta irakurtzen ari naizela nere oroimenera datozkit udaldian alkarrekin egindako jolasak, ondartza, itsaso zabal urdiña, olatuak, igerilariak murkilka, akeitetxeak eta gure uri maiteak dauzkan jolastoki zoragarriak.

        Emezortzi urte dauzkat. Gaste naiz eta konturatuko ziñan igarotako udaldian nik ez dabilkitela zuk bezelako ametsik, oraindik beintzat zure idazkian agertzen dirazun gaxotasun orretzaz.

        Aztu baño lenago esan bear dizut gurazoak esan diratela emendik illabetera orreratuko gerala aste batzuek igarotzeko asmoz, nik ere jun bearko det, noski, gurazoak jun ezkero.

        Eskumuñak nere adiskide guziari eta zuk badakizu lagun on bat daukazula ondartzan jolasteko...

        Loretxo».

 

aurrekoa hurrengoa