URRUNDIK IKHUSTEN DUT
Urrundik ikhusten dut, ikhusten mendia,
Beraren gibelean baitut nik herria;
Jadanik dut aditzen, zorion handia!
Ezkila maitearen hasperen eztia.
Ezkila, zer othe duk hik egun erraten?
Urrunera zer berri othe duk igortzen?
Mendiek hedoipetik dautek ihardesten,
Hik errana zerura ditek helarazten.
Landako langilea, artzain mendikoa,
Ithurriko bidean dohan neskatoa,
Aditurik, ezkila, hire boz lainoa,
Othoizten hasi dituk Ama zerukoa.
Nik ere dut othoizten Birjina Maria.
Baserrietan galdu haurren gidaria;
Neretzat othoi dezan ardiets grazia,
Bakean kausitzeko nik egun Herria.
Mendiak utzi ditut urrun gibelean,
Herria dut ikhusten jadanik aldean.
Zer duk, ene bihotza, saltoka barnean?
Othe duk huts eginen herrira heltzean?
Agur, agur, herria! Agur, sor-lekua!
Agur, nere haurreko lekhu maitatua!
Jainkoak aditurik haur baten oihua,
Hire ganat duk haur bat egun hurbildua.
Mendiaren hegitik hartuz zeiharrera,
Iduri xingola bat, aldapa behera,
Bidexka, hi xuxen haiz jausten zelaiera,
Xuxen ereman nezak ahaiden artera.
Bide hegiko haitza, zenbatez haurrean,
Igandetan mezatik etxera sartzean,
Zenbatez ez nauk jarri, amaren aldean,
Hire adar lodiek egin itzalean!
Baratze gibeleko elhorri xuria,
Bethi duk begiratzen haurreko tokia.
Hik bezala zertako, aldaska garbia;
Ez diat sor-lekhuan higatzen bizia?
Bainan nere begitik nigar bat da jausten;
Bozkarioak darot bihotza gainditzen;
Etxekoen boza dut jadanik aditzen.
Jainkoa, darozkitzut eskerrak bihurtzen!
Ezkila, berriz diat bihotzean pena,
Herritik urruntzean bakotxak duena;
Neretzat hik baihuen jo lehen orena,
Agian hik orobat joko duk azkena.
|