www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Koplak
Jean Baptiste Elizanburu
1855-1867

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bertsolaritzaren historia II, (Patri Urkizuren edizioa). Etor, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

HOGOIGARREN URTHERA HARI NAIZ

        (Gazte hiltzera dohanaren kantua)

 

Hogoigarren urthera hari naiz hurbiltzen,

Eta nere oinetan tonba dut ikhusten.

Ni zertako mundura ethorria nintzen?

Ondikotz! ez sortzea neretzat hobe zen.

 

Sekulan zoriona zer den jakin gabe,

Hainitz dut nik lurrean izan atsekabe.

Lore sortu orduko histu baten pare,

Biziaren uztera guti naiz herabe.

 

Ez-ez enau izitzen ez ni herioak,

Laster khen dezadala bizia Jainkoak!

Sehaskan galdu ditut nere burhasoak;

Zer diren eztut jakin etxeko gozoak.

 

«Aita ama maiteak, zertako mundutik

Zerura goan zineten ni hemen utzirik?

Ez dut nik mundu huntan izan sosegurik,

Ez baitut ezagutu amaren musurik».

 

Hamazazpi urthetan, zorigaitz dorphea!

Izar bat maitatu dut parerik gabea;

Aingeru bat zaiteken, zeruko umea;

Nere bihotz eritik juan darot bakea.

 

«Nahiz aingeru ona, ez duzun sekulan

Munduan jakin zenbat nik maite zintudan,

Urus zarenaz geroz Jaunaren oinetan,

Ez nezazula ahantz zure othoitzetan».

 

Anaia bat banuen haurra nintzelarik,

Soldado juan zen eta nik ez dut berririk:

Aita amekin dela ez daite dudarik,

Niri begira daude hirurak zerutik.

 

Ahituz banarama nere oinhazeak,

Burhasoen aldera deitzen nau zortheak,

Nork ditu arthatuko, ait'ama maiteak,

Zuen tonba gainean nik eman loreak?

 

Nere gorphutz flakoa lurrerat orduko.

Nor othe da munduan nitaz orhoituko?

Nere ehortz lekhura nor da hurbilduko?

Lore berririk ez da neretzat sortuko!

 

Mendian ur xirripa, harrien artean,

Auhen eta nigarrez jausten da bidean,

Izan nahi bailuke zelhai ederrean...

Hala nere egunak badohaz lurrean.

 

aurrekoa hurrengoa