www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Koplak
Jean Baptiste Elizanburu
1855-1867

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bertsolaritzaren historia II, (Patri Urkizuren edizioa). Etor, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

JAKINTSUNEN ARABERA

        («ZAPATAZAINA», «GIZON ZUHURRA»)

 

Jakintsunen arabera nor berak du berea,

Mundura sortu denean ekharri den zortea;

Jainkoak nahi bezala nik maite dut nerea,

Nahiz ez den jenden ustez zorionez bethea!

 

Zaharren erran ederrez nola bainaiz orhoitzen,

Trebes heldu diren gauzak nik zuzen ditut hartzen;

Aitak zautan irakatsi, gizon zuhurra baitzen,

Irriz hartuz zorigaitza zorion bilhakatzen!

 

Denbora heldu den gisa hartuz behar denean,

Aste guzia deramat bihotz onez lanean,

Argitik ilhuneraino bethi lekhu berean,

Bikhe, trukes, ezten eta martiluen artean.

 

Jarri banindu zorteak erregeren tronuan,

Errege zen gerthatuko nere tresnak eskuan;

Galduko ginuen naski biek gure tratuan;

Egotea hobe dugu beraz garen lekuan!

 

Zoroak ez duenaren bethi du gutizia;

Atsekabean bizi da nahiz bertzen ongia.

Zuhur gisa nik baitakit labur dela bizia,

Irriz nahi dut iragan, ahal badut, guzia!

 

Maite duen zikoitzari nik uzten dut urhea,

Zilharrik ez dudanean aski baitut kobrea;

Nahiz izan aberatsek bizi-modu hobea,

Ez dute nik baino lehen akabatzen urthea.

 

Nere gisa zenbait bada, zorionez herrian,

Alegera bizi denik zuhurtasun handian;

Basoak eskuan eta hitz ederrak mihian,

Gu bezalako guti da zeruaren azpian!

 

Mahainean lagunekin naizenean jarria,

Naizela zait iduritzen munduko nagusia;

Gizonik aberatsena pobre bat da handia.

Guk bezala berak ontzen ez badaki bizia!

 

Jainkoak maita dezagun erran baitu... laguna,

Behar dugu lagunentzat egin ahal duguna;

Adixkidek arpegia dutenean ilhuna,

Gurekin ethorriz dute kausitzen osasuna!

 

Hiltzen naizen egunean adixkiden bilkura

Soka-dantzan ethor bedi ni lo nagon lekura;

Zuhurrenak bota betzat azken hitz hauk burura:

«Irriz leher egin-eta gan da bertze mundura!».

 

aurrekoa hurrengoa