www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Koplak
Jean Baptiste Elizanburu
1855-1867

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bertsolaritzaren historia II, (Patri Urkizuren edizioa). Etor, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRAGAN BESTA BIHARAMUNIAN

 

Iragan besta biharamunian,

Berek dakiten xoko batian,

Lau andre hirur mutxurdin, bat alarguna, jarriak itzalian,

Harri xabal bat belhaunen gainian,

Hari ziren, hari ziren trukian.

 

Zer othe duten nik jakin nahi

Pitxarrarekin bertze jaun hori;

Zorroa du biribila, moko mehea, tente xutik egoiki,

Xahako bat othe den nago ni,

Hanpatua, hanpatua ederki.

 

Jes! nik oraino zer dut ikhusten?

Zer hegalpean dute gordetzen?

Egoitza goxo hortarik, burua alto, xahakoaz trufatzen,

Bihotzez azkarrago zeren den,

Kuiattoa, kuiattoa ari zen.

 

Handik, ximiko, hemendik irri,

Haurrak bezala jostetan ari;

Gogotik ematen dute begi kolpe bat hegal pean denari;

Hitz bat erran gogo diote sarri

Beharrirat, beharrirat kuiari.

 

Seira truk dira zazpietarik,

Tantoz orobat bi aldetarik.

Xahakoa eroria da, mokoz iphurdi, naski odol husturik;

Kuiattoa han dago etzanik,

Azken hatsa, azken hatsa emanik.

 

Gezurrik gabe goazen, Maria;

Eman jokoan ezti eztia;

Hurbil zan untzi beltz hori, dezagun edan trago bat edo bia,

Bihotza dinat epheltzen hasia;

Harek zuen, harek zuen grazia.

 

Zahagiaren seme joria,

Nun duk axtiko zorro lodia?

Gaizoa, lehen birundan zurgatu dautek odolaren erdia!

Orai hor ago zimurrik arpegia.

Kokoriko, kokoriko jarria.

 

Nahiz zeraukan azken eskua,

Mariak zuen hasi gudua:

Truk. —Jo zan. —Mariak xango, Katixak xaldun, Marixumek hirua.

Mari-Martin, xoratu zain burua,

Lauarekin hiruaren keinua!

 

Ago, Maria, othoi, ixilik,

Ez dun ikhusi nere keinurik.

Xorta bat edanez geroz begiak ñirñir, zer ez dun ahalkerik?

Edan nezaken azkarren hortarik,

Gatilua, gatilua betherik.

 

Bazakinagu, tresna makurra,

Ezdunala hik hatsa laburra.

Ez dun, ez, dionan bezala huna xurgatuz biribildu muthurra,

Ez eta ere gorritu sudurra.

Milikatuz, milikatuz elhurra.

 

Apho mutxurdin moko biphila,

Zeren ondoan othe habila?

Hatz badun gibel aldean, ikhusiko dun zenbat naizen abila;

Xuhur badun, ago, neska xirtxila,

Ixil, ixil, ixil, ixil, ixila.

 

Kanak utzirik, eta tantoak,

Han zituzten han gero saltoak.

Bakharrik himen kontra, zer eginen du Man-Martin gaizoak?

Nahiz izan azkar zango besoak,

Hartu ditu, hartu ditu paloak.

 

Herriko besta arrats aphalian

Lau gatu zahar anjelusian,

Bat maingu, hirur saltoka, sorginak pujes! zohatzila bidian,

Nik ikhusi ditut amets batian,

Akhelarre, akhelarre gainian.

 

aurrekoa hurrengoa