AINGERU BATI
Maite dut eta ezin erran
Aingeru bat maite dudala
Zeru garbiak arratsean
Izarra maite duen bezala!
Zer! ez da bada zorigaitza,
Mintzatu nahi, ezin mintza?
Non nahi naizen, gogoan dut
Gauaz, egunaz, aingeru hori;
Urrundik frango xede badut,
Bainan hurbildik ezin atrebi!
Hurbildik ezin atrebi!
Hurbildu-eta ez naiteke atrebi!
Igande bat zen ikhustean
Nik aingerua lehen aldikotz;
Haren itxura bihotzean
Geroztik hor dut eta bethikotz!
Meza zen hari aldarean,
Belhauniko zen othoitzean,
Gero behatuz zeruari
Agur ezti bat egorri zuen
Aingeru bere lagunari...
Ordu beretik maithatu nuen!
Orduan maithatu nuen
Ondikotz! nik orduan maithatu nuen!
Ez! gehiago mundu huntan
Esperantzarik ez da neretzat!
Hura hain gora! ni herrestan!
Nola gaitezke gu elgarrentzat?
Lurra gizonen da lekua,
Aingeruena da zerua;
Zertako zare zu zerutik
Lurrera jautsi, nere maitea!
Eta zertako bihotzetik
Hola dautazu khendu bakhea?
Zertako, nere maitea,
Khendu dautazu bihotzetik bakea?
Ur-ondotik osto-pean
Ikharan dago gaxo lantxurda;
Haize dorpeak ematean
Ohi beltzarat eror beldur da.
Maitea zutaz oroitzean
Beldur bera dut bihotzean;
Garbia zare, oi! behautzu
Lohirat eror, zuk, aingerua!
Ez beha lurra! beha zazu
Lurra ihesiz, beha zerua!
Ba! behautzu aingerua!
Ez beha lurra, behazazu zerua!
|