LEHEN ETA ORAl
Izan nauk ipharrera hego-aldetik,
Iguzkiko partera mendebaletik;
Eta diat ikusi guzien gainetik
Inozenzia hainitz gizonen partetik.
Abila hargatik
Duk, egundainotik,
Egin gabe deusik,
Ederkiena bizi bertzen lanetik.
Munduan jarri huan injustizia
Nagusitu zelakotz alferkeria.
Zenbait abilek ez dik denbora handia
Beretua zutela mundu hau guzia...
Hik, laboraria,
Eragin hazia
Eta bil bihia?
Abilarentzako huan ogi xuria.
Aditu diat ere bazka onenak
Ez zituela zaldi nekatzen zenak;
Oilo, oilasko eta oilanda gizenak
Jaten ez zituztela hazten zituenak;
Janari finenak,
Arno gozoenak,
Gauza hoberenak,
Abilek zituztela iresten denak!
Sortzetik hiltzeraino, laboraria,
Uztarri-pean huan hire tokia;
Eta, beti lanean higatuz bizia,
Hirerik ez ukeian non pausa erhia;
Bertzena guzia.
—Zer injustizia!
Ikharagarria!—
Azienden herrunkan hintzen jarria.
Hogoi mendez bedere hola munduan
Gizona gizonaren esklabo huan.
Abilek ezarria urrezko tronuan
Bahuan bat errege guzien buruan
Haren inguruan.
Alferrak ituan
Bizi deskantsuan.
Eta gu lanarekin beti guduan.
Lagunak ez duk errex orai sinhesten
Jenden inozentzia nolakoa zen:
Erregeren nahia baldin hala ba zen,
Miliunka zitian gizonak alxatzen,
Harmak har-arazten,
Lerroan ezartzen,
Gerlarat igortzen...
Eta han inozentek elgar xahutzen.
Zinez zorigaitzeko denbora hetan
Nolako miseria zen bazterretan!
Pobreak bilusikan non nahi bidetan
Otzak eta goseak hilak erdietan.
Zenbat ama, hetan.
—Haurrak besoetan
Gaxoak errestan—
Alferrak libertzen jauregietan!!
Ethorri huan bada noizbait orena
Gizona herrestatik alxatu uena
Eta, porroskaturik gathe zakarkena,
Bere gizon-dretxoak hartu zituena...
Hau gure aitena
Duk obra lehena
Eta ederrena.
Gizona esklabotik egin zutena.
Xoil ez dik ehun urte, lagun maiteak,
Gizonaren herrunkan gure jartzeak.
Lehen, batzu nagusi; esklabo bertzeak...
Iduri aita baten ez ziren semeak (umeak).
Geroztik jendeak
Handiak, xumeak,
Aberats, pobreak,
Lerro berean gaitik jarri legeak.
Ala, dadin aberats ala pobrea,
Gizona gizonaren duk haurridea;
Eta gu goratzeko bertzen aphaltzea,
Gure anaiari duk laido egitea.
Elgar aditzea,
Elgar maitatzea,
Eta laguntzea,
Hori duk egiazko Jainko-legea!!!
|