www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Liburu ederra
Jean Pierre Duvoisin
1856

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Liburu ederra, Agustin Kardaberaz / Jean Pierre Duvoisin (faksimilea). Hordago, 1978.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BAT-BEDERAK JASANEN DUEN
JUIAMENDU BEREZAZ

 

 

Lehenbiziko ikuspena

 

        Hilez geroz, gorphutza usteltzen dago. Hura harren puska da; utzi behar zaie. Ai bainan, arima nerea, zu etzare hil, ezen Jainkoak bere idurira egin zintuen; eta eman zerozkitzun dohain ederrez, kontu bihurtu behar diozu. Goazen beraz Jainkoaren aintzinera. Jaunak gure gogoeta eta egintza guzien berri badaki. Zorrotza da haren justizia. Estakuru, aitzakia eta itxurapenek ez dute baratzen. Ah! zeinen urrun diren gizonen juiamenduak Jainkoaren juiamenduetarik! Ah! ez axaleko iduriari, bainan barren-mineko egiari begiratzen da. Ai Jauna! nola jasanen dut zure begiko argitasuna? Nola hartuko dituzu nere egitateak? Eternitate guzia dihoa hunetan, eta sekula guzietako zerua edo ifernua. Ai zer mentura.

        Orai zer izanen dudan jakin behar dut. Eta kontu hertsi hauetarik, nola atarako naiz? Nolakoak dire? Eta Jaunaren juiamendu hunetan, gauzak nola dihoaz? Han zer iragaiten da? Ikusten dut argitasun dirdiragarri bat, aingeruzko inguru handi bat, eta erdian eskale erromes baten arima. Munduan guziez ahantzia gizon behar hura; gehienek bazterrera utzi izan dute bere bizian. Bainan orai khoro ederren bat baderama. Aingeruek, musiko eztienarekin, kantatzen diote huneletan: Negu ilhun, uriz eta nekhez bethea, zuretza iragan zen. Udaberri gozoa bethikoz da ethorri. Arima fidel zorionekoa, boztariotan sar zaite; zuk maithatu duzun Jaunaren atsegin gogaragarrienen erdira laster egizu.

        Horien ikusteak bizten du nere bihotza. Oi zeinen zori dohatsua! Oi nekhe ongi eramanak! Zorte horren ardiesteko, zer ez nuke emanen? Hortarako, zer dire munduko nekhe eta nahigabe guziak? guzien muthil, untzi garbitzaile aphalena izatea, bizi herrestatu bat eramatea, penitentzia dorpheenak jasaitea, zer dire horiek guziak, hunelako khoro eder bat ardiestekotan? Ahaide, adiskideak, ohore, ontasunak uztea; bere lehiei eta nahikariei, eta bere buruari ere ukho egitea, hunelako zorionera heltzekotan, deusik ez dire horiek guziak.

        Hunelakoa da dohatsuen zortea. Bainan nolakoa izanen da galdu dohakabeena? Ikusten dut khe izigarrizko hedoi ilhun bat; auhen eta marrazka batzu entzun ditut. Debru mulso batek erdian ekhartzen du gizon estimatu, aberats, jakintsun bat, marrumaka diotelarik: Bitoria! bitoria! gureaz jabetu gare. Bethor! bethor! ifernura bethor! Eta zer dio dohakabeak? Ai ordu gaixtoan sorthu naizena! galdua naiz, galdua! Ifernura herrestan naramate!

        Oi zer ikharak hartzen nauen ni! Horrenbertze gerthatu behar othe zait niri?

        Eta dohakabe harek, zer erranen du bere iraganeko biziaz? Oh! zer herrakundea bere ohore eta zalekerien kontra! Ifernuko errabia bat lothuren zeraio, eta nihorat ezin aspertuz, madarizioneka eta burhoka abiatzen da, diolarik:

        Madarikatua izan dedila nik jan dudan ogia! Madarikatua, nik edan dudan ura! Madarikatuak izan ditezela niri bizia eman darotan aita, ni jaio nauen ama. Madarika beitez nere gurak, ohoreak, ontasunak, jakintasunak. Madarikatua izan nadiela ni bethi eta bethiko. Madarikatua izan dedila Jainkoa eta harekin dagoden guziak. Galdua naiz, galdua egun eta bethikoz!

        Huneletan dohakabe hura ikusten dut, debruek beren aztapar izigarriekin, ifernuko ondarretara herrestatzen. Eta ni, horrela izanen othe naiz? hunelako estresatik mundura itzultzera utz banintzate, zer egin nezake? Bainan, zer eginen ez nuke? Orai ez da ordu gehiago. Kontuen muga da. Oi denbora! denbora! Oi denbora gaizki prezatua eta gaizkiago eramana! Oi denbora munduko ontasun guziak baino preziosagoa!

 

 

Bigarren ikuspena

 

        Aixtian erran dudan bezala, nere gorphutza lurrera deramate, eta nere arima agertzen da Jainkoaren tribunalera. Uzkurtua gelditzen da majestate dibinoaren aintzinean. Jainko Jauna ikusten dut zeruko gortearen erdian jarria. Debruak heldu dira, nere bizitzeko liburua dakhartela, oihuz eta boztarioz, ezen hauzia garbia da, sententzia berena dagokate. Jaunaren aintzinera bulkhatzen naute. Hunek, nere urhats, hitz, egitate, gogoeta guziak badakizki. Aingeruak khurtzen dira haren majestatearen aintzinean, kantatzen diotelarik: Saindu, Saindu, Saindua, armadetako erregea! Bothere guziak zureak, ospe guziak zureak dire. Zure indar botheretsuari iharduk diozokeenik nihor ez da. Hanbatean, guziak ixiltzen dira. Orduan Jaunak hartzen du solasa, eta mintzatzen zerait huneletan:

        Nik bizia eman eta iduki darotzut. Nik eman darozkitzut orhoitza, gogoa, nahia, adimendua eta bertze dohain asko. Zu gal etzintezin, ni gizon egin nintzan eta nigar egin nuen; gosea, egarria, beharra, nekheak soineratu nituen; zugatik azotatua, arrantzez khoroatua, eta bi ohoinen erdian gurutzeari josia izatu nintzan; han odola eta bizia nik eman nituen. Zer da zuretzat egin ahal nezakenetik, nik egin ez dudanik? Hanbat urthez iguriki eta jasan zaitut; miserikordia miserikordiaren gainenan egin darotzut; zeruaz deithu zaitut, hura zure helburu erakutsi darotzut. Orai bada, nere emaitza guziez kontu bihur dizadazu; zugatik eman nuen odolaz kontu indazu. Zer esker egin diozute hanbat arimako eta gorphutzeko ongiegin niganik izatu ditutzunei? Nere amodioari nola ihardetsi diozun, orai ikus dezagun.

        Ai! ai Jauna! nere kontzienziako kargak lehertzen nau! Begirik ezin altxa, hitzik ezin egin dirot!

        Orduan debruek jazartzen darotate. Gurea da! gurea da! diote marrumaz; Gurea da! Arren, Juie Justua, iguzu aztaparretara.

        Idekitzen dute nere bizitzeko liburua, eta hitz alfer bateraino, nere egin eta urhatsak oro han xehe-xehea ematen dituzte.

        Hunelako egunean, Jauna, eta hunelako lekhutan, halako bekhatua egin zuen; holako egun eta holako bazterrean, bertze halako bekhatua egin zuen. Bere burua zagokan bere jainkotzat. Ongi bat egiten bazuen ere, hura zen aiphatua izatea-gatik, gizonen begietan itxurapen eder bat jaunztea-gatik. Ageri da hori. Zure ongieginari gaizkiaz ihardetsi dio. Bere bekhatuez gurutzeari mil adiz itzatu zaitu. Askotan zu hunen bihotzeko atheetan deiez, eta ideki behar-bidean, atheaz ahurpegian eman darotzu. Arbuiatu ditu zure abisu eta ispirak. Zakielarik bekhatuaz zerua galtzen zuela eta gure gathibu ifernuan jartzen zela, guziengatik galpenaz hautatu da. Bada berak nahi zuen; nahi zuen bezala izan bedi. Har beza irabazi saria.

        Juie justua nere aldera itzultzen da. Nere burua garbi dezadan manatzen darot. Ikhara hadirekin, besoak hedatzen diotzat nere Aingeru onari; othoizten dut erran ditzan ni egin dituzkedan ongiak. Nere Aingeru beiraleak xeheki ematen ditu nik jasan nahigabeak, nik egin obra onak; xarro bat ur eskale bati emaneraino, deusere utzi gabe, direnak erraiten ditu. Bainan debruek burla egiten dute, derasatelarik horiek guziak, ez Jainkoaren izenean, ez behar zen xedetan, ez bihotz-ontasunez, baizik ere mundua-gatik, gizonei ederrestea-gatik eginak zirela. Oi zenbat egintza, gizonen begietan onak, eta zerukotzat hutsak aurkhituko diren! Lotsatua, harritua, mututua gelditzen naiz, zeren deusere Jainkoa-gatik egin ez dudan. Hemen Juie botheretsuak, nere sententzia hartzeko, nagoela begira manatzen darot.

 

 

Hirugarren ikuspena

 

        Ai! zer izanen da zutaz, Juiearen tribunal-aintzinean sententziaren iguriki zaudenean? Ai eta sententzia erremediogabe bethikoa! Oh! zer bihotz-estaldurak, zer izerdi-lekak, zer beldur eta khexadurak! Ala salbatuko zaren, ala ez. Hemen nik galdatu nahi darotzut: Zer egin izatu nahiko zinduen? Zer bizitze hartu izatu nahiko zinduen? Bizitze nagiaz, edo guti eginaz, ala gauza guzietan ahal zen hobekienik eginaz, orai gogabetheago zinaizte? Eta estrexa hunetarik, mundura bihurtzeko ahala bazindu, zer eginen zinduke? Zer har, zer utz zinezake? Zure gogoeta, zure hitz, zure egintzak, nola eskuadra zinetzazke? Zer begiz ikus zinezake munduko bizia? Lehenagoko hobenez, zer penitentzia egin ez zinezake? Ai zeinen bihotzeko minetik Jainkoari oihu egin ziniro: Jauna, Jauna, penitentziako ephea indazu. Bozik eta nere egin-ahal guziaz, bizitze ikusgarri eta ikusi ez den bezalako bat nik erabiliren dut.

        Gizon zoroa, orai huni eman ezozu bada guardia. Zuk ifernua merezitu duzularik, Jainkoak uzten zaitu oraino, eta ephe hau darotzu ematen. Bada hil ondoko urrikiak mana zinarozkeen bizia, zer-gatik orai berean harturen ez duzu? Juiamenduko orduan ezagut zinoerona, oraitik zeren ezagutzen ez duzu? Orduan besarka zineroen gurutzea, zergatik egun harturen ez duzu? Han bazintuzke mila xede, zure lehia, egintza, gogoeten eskuadratzeko, zertako beraz oraidanik eskuadrantza onean xuxentzen ez dituzu? Tribunal lazgarriaren aintzinean bazina, bizitze erreberritza bat amets zinezake; arima salbatzeagatik, ohore, ontasun, adiskide eta zure buruari berari ukho egin zinezoke. Zergatik bada, galtzeko zorian, gaurtik biharrera gibelaka, ixtika ibili gabe, gerokoka galgarri bati egon gabe, etzare egun beretik ethortzen salbamendurako bidera? Orduan nahi zindukeena, zeren ez duzu egiten? Zeren ez duzu hartzen Jaunaren uztarria?

        Dohakabe naizena! bizi naiz, eta bide bazterrean jarria nago heriotzearen itzalpean! Eta ez nau hartzen Jainko zuzenaren larderiak! Ez nau ikharatzen haren juiamendu garratzak! Ez naiz ongi hunela. Jaikiko naiz; bi eskuez hartuko dut nere bihotz errebesa, eta manatuko diot, egundanik utz ditzan lurreko zalekeria eta lehia galgarriak. Mirets bekio nere gorphutzari, bainan bethiko heriotzera ezneramala! Gosta bekio nahi dena, bainan salba nadiela! Guziak baino, nere salbamenduak gehiago du balio. Oi Jauna, zure behar naiz. Nere gainera zure indarra jauts bedi. Zugabe, deus ez naiz ni. Zure argiak argi nezala, ezagut detzadantzat zure bideak, eror nadientzat zure nahikundera, eta bizitze salbagarri bati orai berean lot nadientzat. Nere Aingeru ona, bide onera hel nezazu; nere bizia nola zuzenduko dudan gogora dizadazu. Birjina, ama guziz maitea, zuk ere laguntza egidazu; zure Seme Jaunari eska diozozu, nik zer egitea nahi duen, erakats dizadan.

        Zer ere Aingeru onak egin baitzuen, Aingeru gaixtoak Jainkoari bihurtu izan zirenean; zer ere Birjina maiteak egin baitzuen bere bizitze sainduan; zer ere Jesu-Kristok berak lurrean eztitasunekin jasan izan baitzuen; horra niri irakasten darotaten bidea. Jauna balia dakidala! Horrelaxe nere gogoeta, hitz eta egintzek izan behar dute. Horra nola hemendik aintzina dudan eginen. Oi Aita Eternala eta nere Jaungoikoa, Jesu-Kristo zure Semearen amorez eta izenean, indazu othoi hunetarako behar dudan grazia. Astia eman darotazu; gal ez dezadan egizu, Jauna.

 

 

Laugarren ikuspena

 

        Ai nere arima, kontu hau garbitu edo eman artean, nola deskantsu har dezaket? Ikusten dudanean hunek sainduak berak zeinen izialdura handitan zerauzkatzien, nola beraz ni ikharaturen ez naiz, ni hain bekhatore handi bizi guzian izatu naizena? Hanbat gaizki egina nago, eta barkhatuak direnez ez jakin. Guzien kontu hertsia eman beharko dudala, hori jakin. Jainkoaren justizia egia bera dela jakin. Ai! orhoitzapen horietarik bat bakharra aski da harritzeko eta lazteko. Oi Jauna, beldur hau bethi bihotzean josirik banauka! Eman behar dudan kontu hau, begien aintzinean idukiz, egin banetza nere biziko urhats guziak!

        Beraz, oi arima nerea, zuri begira dagoen juiamendu hertsi hau, gaizkirateko traba izan bekizu. Zorionezko edo dohakabezko sententzia dago azken buruan neretzat, eta nik oraidino ifernua merezitu! Aria handi dut beraz sententzia horiek biak begietan idukitzea. Horiek erakutsiko darotate zer nahiago nukeen orduan. Horietarik harturen dut ifernuko bideari ihes egiteko indarra. Orhoituz nolakoak izanen diren nere merezimenduen sariak, Jainkoari, bizi saindu batez bihurturen diotzat niri eman darozkidan dohainen eskerrak.

 

 

Bortzgarren ikuspena

 

        Bekhatore galdu bat naizen bezala, hala ere iduki nahi dut nere burua. Eta hobeki ezagutzea-gatik nere planta dohakabea, jartzen naiz Jaunaren tribunalaren aintzinean, hala nola nere sententzia orai berean hartu behar banu behin-bethikotz. Han ikusten dut Juie garratza hasarredurarik handienean. Ai nere Jesus ona, nor hiratu gabe dagoke, bere alderat zu hasarretua ikusteaz? Nork iraunen du zure etsaigoan? Ez! bertze ifernu edo oinhazerik ez balitz ere, hunen-gatik bakharrik, munduko gauza guzientzat, etzintuzket damuztatu nahi. Eta hala badere, zorigaitz hori izatu dut nere bizian, eta zure etsaigoa irabazi dut. Oi nere bihotzmina! Zure aho gozotik nere kondenamendua hartu beharra! Ai ohartze ihargarria! Ai nere dohakabea! Non da nere lastimaren parerik? Hobe nuke mendiek azpian lehertu banindute. Urrikal, Jauna, urrikal niri. Gaztigu nihonereko guziak bota didazkidatzu gainera, bainan jabal bedi zure belharreko hasarredura. Eritasun, gaitz, oinhaze, ondiko, munduan direnak et munduaren akhabantzaraino izanen diren guziak eror beitez nere gainera, bainan ezti bekit zure bekhunde hasarrea. Ifernuak asma ahal detzakeen toleiu eta estira garratzenak neretzat, bainan urrikal eta barkha niri, oi Jesus amultsua. Ordu gaixtoan nere bekhatuaz altxarazi dut zure hasarrea. Nere zorigaitzaren medeagarri, nahi nuke, mundu guziaren aintzinean, nigarrez eta deihadarrez urra banindedi. Oh! bekhatuan lo zagozten kristau deithoragarriak, noiz arte horrela gogor eta gaixto izanen zarete? Jaiki laster, jaiki zaitezte; eta auhenari emanik, lurreko herrautsean buruak estalkitzue.

        Oi nork mundu guzia harritzeko gai den deihadar bat, nork emanen darot niri? Jaun done Joanek erran zuena: Laster, gizonak, Jainkoaren hasarretik laster. Nola ihes etzohazte? Gizon samurtu baten-gatik iheska zabiltzate, eta Jainko hasarretua-ganik ez?

        Ni izatu naiz bada aski dohakabea horrela egiteko. Eta orai dagokat nere burua Jaunaren tribunalean, sententziari begira. Bada, bere hasarre guziaz, Juie justuak aingeruei erraiten diote: Nik seme hau hazi nuen eta gora altxatu nuen. Eta hunek gaizkiaz ihardetsi darot eta arbuiatu nau.

        Oi Jauna, arrazoin handia duzu; aithortzen dut. Bainan hobenduru beltzena naizen arren, grazia bat othoi: Nigarretan urtzera utz nezazu.

        Jaunari herrestaka hurbiltzen natzaio. Haren begietako suak eta haren hitzak ezpata zorrotzek bezala, alde orotarik erdiratzen naute. Habil, madarikatua, dio Juie hasarreak, hua Satanekin eta bere lagunekin. Hua niganik bethiko ifernura.

        Ordu berean debruak lotzen zeraizkit; aztaparretan ifernura nahi naute eraman. Lurrari josten naiz; aingeru eta sainduei hel egiten diotet. Nere aingeru beirale eta nere ptroinaren aldera itzulirik, oihuz abiatzen natzaiote: Aingeruak! Sainduak! laguntzara! Laster bitarteko ilkhi zaitezte, bertzenaz debruak nausitzen zeraizkit. Nigana laster, Jainkoagatik!

        Bainan, ez dela gehiago mugarik, ihardesten darotate. Eta nere aingeru beiraleak erraiten darot: Ongi merezitua duzu gaztigu hau. Bada nere erranik egin nahi etzinduen. Zure lagun, zurekin bethi nindabilen: juiamendu eta kontu hertsi hauk askotan begien aintzinean ezarri darozkitzut; eta zuk, axolarik gabe, burua bertzaldera. Nik Jaunaren bakera deithu, eta zuk gerlara jo. Arren bake hori bethiko galdu duzu. Alfer da eskatzea, bekhatorearen nahiak ez dirade betheko.

        Oi ihardespen garratza!

 

 

Seigarren ikuspena

 

        Ezin-bertzeko asturugaitz hunetan, norat itzul arren? Ama Birjina-gana bihurtzen naiz. Garrasi min batekin egiten diot: Jainkoaren Ama, Birjina-Andrea, miserikordiazko Ama, Ama urrikalmenduz bethea, Ama guziz gozoa, bekhatoreen Ama! Huna ni bekhatore dohakabe auhendagarria. Ez nezazula ukha. Izan zaite nere Ama. Zure bihotz ona mintza bedi. Debru haukien aztaparretarik atara, eta zure gerizean har nezazu. Othoi hel zakizkit!

        Bainan, huna non aditzen dudan, miserikordia neretzat galdua dela; amatasunerako zuzenak hilak direla nere aldera: amak ez duela ni bezalako semerik.

        Oi nere zorigaitza! Oi nolako ama galdu, nolako zurtztazun dohakabera erori naizen! Ama nereak uzten balin banau, bere eskua nere gainetik khentzen badu, nor orhoituko da nitaz? nork izanen du nitaz urrikalmendu?

        Ai nere Jainkoa! Eta nik hau merezitu izan dut, zeren haren amodioa, ama guziena baino handiagoa zelarik, ez baitiot ordu zenean ihardetsi. Bekhatutan sartzean bertze zorigaitzik izan ez balitz ere, hau aski behar zen bekhatutik niri ihes-eragiteko. Oi non dire nere nigarrak hunelako ondikoaz nigarztatzeko?

        Bainan ez othe dut bada, asturugaitz hunetarik ilkhitzeko zerbait itzurbide? Jesu-Kristori hel eginen diot; bihotz barren-barrenetik eginen diot oihu: Oi Jauna! oi nere Eroslea, urrikalmendu nitaz! Orhoit zaite, ni etsai haukietarik ataratzeko, zure bizia eman izan duzula. Orhoit zaite ni zure odolaren saria naizela. Horrengatik bada, Jauna, eta zure ontasun guzizkoa-gatik, pietate nitaz! debru haukietarik begira nezazu.

        Ai bainan, zer entzuten dut: Alferretan ixuri da nere odola zuretzat. Maithatu zaitut zugatik hiltzerainokoan: hori beragatik, zeren debalde heriotzea hartu dudan zuretzat, urrun zaite niganik, etzaitut ezagutzen.

        Oi bada, Jesus ona, orhoit zaite asko aldiz oihu egiten narotzula: Jauna eta nere Jainkoa! Kofesatzen nintzan; kominiatzen nuen; mezara banindabilen.

        —Bai bainan ahoz erraitea: Jauna! Jauna! ez da hori aski. Deus guti dira hitz ederrak, ez etare egintzak, ez balin-badira bihotzetikakoak eta nere Aitaren nahia lurrean eragiten dutenak. Kofesio eta komunioneak, sainduki, niri zihoazkitan bezala egin izan bazintu, galmenta horretarik ilkhiko zintudan orai.

        —Ai Jauna, urrikalmendu nitaz oraino!

        —Ez da, muga miserikordiaren athea zuretzat hertsi zen.

        Orduan debruek estekatzen naute, eta berekin baneramate. Ai nere gogoaren ilhun eroria! Athe guziak, ifernukoa landa, hertsiak dire beraz neretzat... eta hori bethikoz... Eta hau Jesu-Kristoren egiak berak diola! Eta itzurbiderik ez... Ez, ez da! ezen zeruak eta lurrak lehenago huts-eginen dute Jaunaren hitzak baino. Oi zorigaitzik handiena! Lehen, Jesus besoak zabaldurik zegotan niri; bere odolaz ideki zeroztan zeruko atheak. Eta orai sekula guzietako neretzat hertsiak direla!... Eta hau iduripen bat ez dela!... Egia bera dela!... Ez da mihirik, ez da solasik adiarazteko gai denik arima dohakabe baten hunelako hiradurak zer diren.

        Urrunago iragan -gabe, zuri deihadar egiten darotzut, oi nere arima. Begira, begira zazu ongi asturu gaitz hunen handiari. Mil aldiz eta gehiagotan sententzia hau merezitu izan duzu. Muga-deno balia zaite. Begira zorigaitz horretan gehiago errotzetik. Egintza onak ez dira itxurapenetik hartzen; ondoan dagokate xedea, eta xedetik ezagutzen dira. Bada, premia dira obra onak. Lot beraz ongiari, orduak dirauen artean. Noiz arte muga daitekeen, eztakigu. Ordu hau preza dezagun, hunetaz balia gaitezen. Gaurtik biharrera, egiteko handi hau uztea, zuhurtzia othe da? Astia badelakoan, beharbada baten gainean uztea, zer erhokeria! Hunelako gauza, hunen arinki hartzea, eternitate guzia mentura baten gainean uztea... Oi hori Jainkoari itzal egitea da. Ez beraz gerorat egon. Erran eta egin. Orai beretik has gaitezen. Uzkail traba guziak; poxeluak lurrerat erauz; nork berak bere nahikariei ukho egin beza, eta Jainkoarena egin dezala guzietan. Oi Jauna, nik behintzat hala egin-gogo dut; onhets dizadazu hala egitea; ezen, deus ez naiz zu gabe. Gori nezazu beraz zure graziaz eta irakats dizadazu zure bidea. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa