www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Liburu ederra
Jean Pierre Duvoisin
1856

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Liburu ederra, Agustin Kardaberaz / Jean Pierre Duvoisin (faksimilea). Hordago, 1978.

 

 

aurrekoa hurrengoa

NERE BEKHATUAK

 

 

Lehenbiziko ikuspena

 

        Aingeru gaixtoek eta Adamek egin zutena, hain gaizki iduritzen balin-bazait niri, zer ustekeria izanen dut nereaz? Oi egun beltz auhendagarria, zeinetan egin bainuen lehenbiziko bekhatua, zeinetan gaztigu gogor eta akhabantzagabeen menturan jarri izan bainintzen! Sepha gaixto oldar batean gizon bat hil baneza, eta gero urkhatzeko zorian balin-banintz, zer ez laiteke nere asaldua? Oi bada, oi nere arima deithoragarria, orai artean egin dituzun gaizkiak-gatik, zure etsaien aztaparretara eta bethiko ifernura kondenatua zaude. Hunelako sententzia bat soinean, nork atsegin eta deskantsurekin poxin bakhar bat-ere ahora har dezake? Oi arima nerea, iduri du ezagutzen edo hautematen ez duzula, amets bat balitz baino gehiago. Emozu bada orai zure buruari, zure gaixtakeria handiaren gainera, Jainkoaren justiziako aingerua heldu zaitzula, eramaten zaituela jaunaren tribunalaren aintzinera, hartzen duzula zure heriotzeko sententzia, debruak lotzen zaizkitzula alde orotarik eta ifernuan sartzen zaituztela.

        Zer erran, zer egin zinezake, bihurtzerik gabe eta betikoz zure burua leze izigarri haretan erretzen ikus bazineza? Oi atseginkeria garastia! oi gibelondo uherra! oi bekhatu dorphea! Bada, zure zorigaitza, zure oinhazeak horrelakoak ditazke bethikoz. Ordu deno bihur zaite onera, arima auhendagarria. Begira zazu ongi egiaz eta fedeaz, ikusazu zure kontra emana dagoen sententzia. Baldin asko egin bazindu-ere bekhatutik ilkhitzeko, guardia! ezdakizu heian ezeztatuak diren zure gaizkiak. Ez beraz egon lotsarik gabe. Horrelako zorian zaudelarik, ongi dela idurituren othe zaitzu bada ez-bilhatzea jan-edanik baizen, ohore edo dostetarik baizen? Ongi othe zaitzu, zango batez ifernuan zarelarik, ez-ibiltzea lurreko lanhoen ondotik baizen? Denbora hau, ez-da irri, farra, solas, atsegin, ergelkerietako aroa. Orhoit dakizula hobeki, zaren tristea, nigar egiteaz, auhenak eta deihadarrak zure Jainkoari altxatzeaz. Urrikiak urra dezala zure bihotza; penitentziak erreberri dezala. Eta ez bizi nola-nahi; ez ontasun, ohore, atseginketa ibil. Zenbatez hobeago dukezu, zure burua guzien oinpean ikusi nahi izatea! zure zalekerien kontra diren gauzak gogotik eta bihotz guziaz bilhatzea!

        Eta hogoi edo hogoi urthez penitentzia egin balin-bazindu-ere, ez nekha, ez bara, ez geldi, zeren barkhatua zarenez ez baitakizu. Eta mundu guziak erraiten-ere balerozu saindu bat zarela, penitentzia ez utzi, zeren ez dakizun barkhatua zarenez. Badakizu Jainkoa dela zure juie eta haren juiamenduak hemengoetarik bertzerik direla. Egon-ere bazindedi othoitz luzetan, zerutik asko gozakari ardiets-ere bazineza, arimak ehunka gonberti bazintza, mirakuluak egin, mundu guzia abiaraz zure ondotik, ez utz, ez utz penitentzia, ez bara zure xuritzetik, zeren handiak baitira zure bekhatuak eta ez baitakizu hautsia denez hekiei dihoakioten sententzia. Eta hori ardiesten ez baduzu, zer zerbitzaturen zeraizkitzu gizonen laudorioak, lurreko ohore eta espantuak? Oi Jauna, egia hau zeinen den egia eta mengoa handitakoa! Sar eta jos-zazu ongi nere bihotzean bethi aphalgura nabilen. Zure ontasunak agintzen darotzun bezala, hauts-zazu nere kontrako sententzia, zeren lazten eta ikhara handitan ematen bainaz, orhoitzearekin zuk nauzula kondenatu, oi Jainko botheretsua, zeinaren aintzinean handi guziak ttipi eta herrestatuak baitira.

 

 

Bigarren ikuspena

 

        Baldin gaztiguaren garraztasunetik ezagutzen bada zeinen handia zen gaizkia, nolakoa othe da beraz hoben bat ifernuko oinhaze guziek behar den bezala ezin gaztiga dezaketena? Asma zatzu oinhaze ahal diren ikharagarrienak, hestura gaitzenak, su-gar mamigarrienak, eta hekiek guziak batean ezarririk baino garratzago den gaztigu batek igurikitzen du ifernuan bekhatu mortala. Eta hori zeren bekhatuak Jainkoaren majestateari damu egiten dioen. Deus guti dira gorphutzeko oinhazeak; handiena da Jaunaren begitartea ez ikustea eta ez ikusi beharra.

        Eta begira zazu orai, zuk mila bekhatu mortal zeinen errezki egin izan dituzun. Zer! elhorri xixta baten beldur zare, eta gaztigu hunen ez? Zer zorakeria da zurea? Zer! zure burua ez duzu beraz maite? Ongi begiratzen baduzu, ezagutuko duzu higuin duzula zure burua, herra ekhartzen diozula. Gizonak sepha dagokonean norbaiti, hari bizia khentzeaz kontentatzen da. Bainan zu hain hats gaixtoan bizi zare zure buruaren kontra, non aski ez baitzaitzu gorphutzeko heriotzea; gainera arimako heriotzea ezarri nahi duzu; gorphutzari oinhaze gaitzen guziak eman, arimari Jaunaren begitartea khendu. Oi itsukeriaren latza! Zer hari zare? Zure buruari ezpataz eman diozu; zure eskuz heriotzea hartu duzu. Othe dakizu zer diren akhabantza gabeko gaztiguak? Urthea urthearen gainean behin, eta askotan, eta oraino-ere, eta gero-ere, eta bethi! Akhaborik ez dute.

        Jakin zazu bada, zein nahi handi eta handiago iduri dakizun bekhatua, etzarela oraino nihondik hurbiltzen ezagutzera berenez zer den haren beltztasuna. Nola Jainkoa zeinen handi eta ona den nihork ezin ezagutuko duen, orobat hari egin damua edo bekhatua zer den nihork ez du ardietsiko behar den bezala. Eta zure bizi guzian bekhatu-pean egotu zare, eta zer egiten duzu?

        Ai nere galdu beharra! Ai legez zorigaixtoko orena zeinetan bekhatu egiten hasi bainintzan! Nere Jainko guziz ona, ez dedila gehiago horrelakorik gertha. Urrikalmendu nitaz, zeren hainitz beharra eta dohakabea nagoen. Bainan zure ontasuna handiagoa da nere lazeria baino. Ez huni begira, bainan bai zure bihotz-samurtasunari. Zu baithan da nere ezperantza guzia, eta hala ez naiz galdua izanen.

 

 

Hirugarren ikuspena

 

        Jauna, nere hobenak-gatik merezi nituen ifernuko su-garrak, eta han egotea bethi erreparu eta esperantzarik gabe. Bainan zu hain ona neretzat izan zare, non harat aurtiki ez bainauzu. Oi nere Jauna, nere Aita, nere Jainkoa, nere amodio eta on guzia! Ni nere naizen baino, nereago zirade zu. Hunelako ongieginaz, nola bihurkunde eginen-ahal darotzut nik? Mihi bat eta bihotz bat ditudan bezala, milaka banitu, ororekin zu ospatzeko eta maithatzeko! Ifernutik begiratu nauzu, Jauna, eta nik zer egin dezaket zuretzat? Oi zugatik zerbait egin ahal baneza? Zure amodioz urth ahal banindedi! Zer nahi duzu, Jauna? Nik zu zerbitzatzea. Huna bada, nausi ona, non hartzen dudan zure uztarria eta zure gathea; jartzen naiz zure zerbitzari eta esklabo.

        Eta nola esklaboak berenak ez diren, baizik-ere beren jabeenak; hala nik-ere ez dut nerea izan nahi, baizikan bethiko zurea. Bainan esklaboak ezinbertzez daude beren nausien gathean; nik ordean, Jauna, amodiozko lokharrik nahi dut izan zuri lothua. Zure amodioaren khaldan bizi nahi dut. Jauts dediela zure jainkozko sua, eta errea iduk nezala oren eta ordu guzietan. Geroago eta bizikiago erre nezala. Benedika eta ospa zaitzadan, Jauna; naizen eta dudan guziaz maitha zaitzadan. Nor da zu bezalakorik? Zu zare erregeen erregea, nausien nausia. Oi aingeruak eta sainduak, nere Jaunaren goresten lagunt nezazue. Eta nola zuk merezi duzunerako, Jauna handia, hau guzia deus-guti baita, zerorri ospa zaitzatela zure ontasunak, zure indarrak eta miserikordia paregabeak. Nik, nere ahal xumean, nahi zaitut nere burua baino gehiago maithatu, zeren zaren hain ona, eta zeren zuri nerorriri baino gehiago zor darotzudan. Jauts bedi, zure amodio egiazkoa; bihotz guzitik, egunetik egunera, eta bethi gehiago eta hobeki maitha zaitzadan amoreagatik.

        Ifernua merezi nuelarik, nahi duzu nik zu maithatzea. Debruaren gathea herrestatu behar bidean, Aingeruen kargua bethe dezadan nahi duzu. Oi nere Jainko ona, menderen mende goretsia eta ospatua izan zaitezela. Nola, Jauna, zure amodioan erreko naiz? Nola eginen darotzut atsegin? Nola eginen dut zure gogara? Naizen ilhaun ez-deusa, ez dakit zuretzat nola egin. Arren erakuts dizadazu zure nahi eta gogaren bethetzen. Horra ni zer naizen: horrenbertze zuri zor, eta maithatzen etzaitut! Zu maithatu behar bidean, egun oroz bekhatu gehiago egin dut. Oi eskergaitz, itsusi, lotsagabea! Hala naiz, ez dut ukhatuko. Bainan, Jauna, zu zare nere sendagarria. Ni bilhatzera eta salbatzera zeror ethorri zinen. Egin bedi beraz zure xedeen arabera. Barkha diezadazu, Jauna, salba nadientzat zu bethi ospatzeko.

 

 

Laugarren ikuspena

 

        Ni baino bekhatu gutiagorekin ifernuan zenbait badaude. Eta ni bizi naiz, eta zeruaren igurikitzan. Oi miserikordia handia! Zer ikusi zinduen, Jauna, nitan, fagore hau niri egiteko? Nere bizi guzian, zu damuztatzea baizen, bertzerik zer egin dut? Zuk deithu, eta nik ez ihardetsi. Zu joka nere bihotzeko athetan, eta niri deiez; eta nik atheak hertsi, eta beharriak tapatu. Ai eta zenbat aldiz zu oihuz nere ondotik, eta nik bertze aldera burua. Eta halarik-ere jasan nauzu eta berriz deithu. Batzuetan amodioz eta mainaka, bertzeetan larderia erakutsiz eta ikhara emanez, zuganatu nahi; eta ni itsua eta gorra, eta bekhatuan barrenago sartzen. Bertze askori ez diozute iguriki, eta niri bai, eta ephe gehiago eman darotazu. Oi benedikatua izan dedila bethiko zure ontasuna. Erran ohi da, gauza ona, galdu arte, ezagutzen ez dela. Buruari eman dezadala bada, bertze asko bezala galdu naizela, eta hekiek bezala gaztigatua izan naitekeela. Ai Jauna! zer laiteke nitaz orduan? Zerua galdu bethikoz, eta zer estantetan nintake? Zer! ez gosakari, ez esperantzarik gabe! Zer! ifernuko sugarretan! Zer! debruak alde orotarik tiraka! Ai! iduripenak berak ikhara bat ematen darot. Eta zer laiteke bada haretara iragaitea? Zer zoriona orai nere burua salbo ikustea, eta zeruaren esperantzarekin! Ifernura lasterka nindohalarik, zuk baratu nauzu, Jauna. Hondatzera eta debruen aztaparretara nindohan, eta zuk eskua darotazu hedatu. Goretsiren zaitut, Jauna, bethi, zeren zure esku benedikatua eman darotazun, eta atara nauzun leze beltzaren hegitik. Jaungoikoari eskerrak! graziak eta eskerrak Jaunari miletan orai eta bethi.

        Oi nere Jauna, hanbat zordun ezagutzen dut nere burua zure alderat, non ez baitakit, ez zer erran, ez zer egin. Atseginez eta damuz batean desegin nahi nuke. Atseginez, zeren hainbertze ondikotarik salbo nagoen: eta damuz, zeren hain eskergaitza naizen. Oi nere Aita, guziz maithatia zu zare; Aita batek bezala maithatu nauzu. Indazu, othoi, ni zure ume ona izatea. Urriki dut, Jauna, eta bihotzaren erditik dut urriki zuri damu eginaz, zeren hain ona zaren, hain aita ongiegile samurra, eta espos guziz gozoa. Urriki dut horrengatik zure ontasuna damuztatuaz. Xede zin eta hazkar bat hartzen dut, gehiago bekhatura ez bihurtzeko. Ni zure graziarekin, Jauna, hobeki biziko naiz hemendik aintzina.

 

 

Bortzgarren ikuspena

 

        Oi nere Jainkoa, zu niri begira zinaudelarik damuztatu zaitut. Arbuiatu zaitut fagore guziak egiten zinarozkitan orduan. Eta ni, lotsarik gabe zuri irain egiten hari; eta zu, guzien-gatik, niri on gehiagoka. Zu hain handia eta botheretsua, eta nik herbal ez-deusa; eta horren-gatik-ere egarri nauzu. Bertze askori bizia khendu eta ifernura erortzera utzi; eta ni begiratu nauzu eta ez bakharrik jasan egun bat, bainan hanbat urthe; eta ez bekhatu batean, bainan hainbertze miletan. Nik nere bekhatuak bethi aintzina. Eta zuk orduan ongi gehiago. Zenbatez ni gogorrago eta etsaiaren egintzetan ibiliago, eta hanbatenaz zu berago, eztikiago deitzen eta mainatzen, eta aitarik gozoenaren egintzak nerekin ibiltzen. Oh! zeinen itsu, gogor eta dorphe zure alderat izatu naizen! Eta zu, Jauna, zeinen on eta amultsu, niri iguri.

        Lasterrez ifernura nindohan, eta zu oihuz niri. Ni bethi gor; zure deiari egun, aste, urthe osoak, ihardetsi gabe. Ai Jauna, aithortzen dut egia; iduri du, ifernura heldu beharrez, nere egin-ahal guziak erabiltzen nituela; eta zuk baratzen eta gibelatzen ninduzun. Zenbat ez dira erori zure hasarredura zuzenaren azpian, eta ni ez! Azken-buruan zure amodio guziaz oihu egin darotazu, eta lo dorphe hartarik atzarri nauzu, eta argitu dituzu nere begiak, ikus nezan nere zorigaitza eta zugana bihur nindadien amoreagatik. Oi nere Jesus maitea, zure urrikalpenaren ezinbertzeaz zer erran dezaket? Ni salbatzean, zer zihoakizun, Jauna? Othe zinduen nere beharrik? Ez egiazki. Bainan zu zare zure baitharik ontasun ez ondo, ez mugarrigabea. Oi! izan-ere zaite ordu onean! Zer ospea duzun, Jauna, on guzizkoa izatean! Izan bedi, izan bedi ordu onean! Nere atsegina da, Jauna, izan bedi eternitate guzian.

        Ontasun hunetan, zure graziaz dagokat zerurako nere igurikitza guzia. Bertze askorekin ifernuko lezetan hondatua izan behar-bidean, ni hemen nago, zure ospearen erdian zu ikusteko eta gozatzeko peskizarekin. Oi harrigarriaren handia! eta hori hola othe da bada? Ni etsaiaren aztaparretarik libro! Bethiko bizia nik uste dudala! Horretako behar dudan ephe guzia eman darotazula! Eta zeruan zu ikusi uste zaitudala, nere Jaun ona eta osoki ederra! Oh! zeinen miserikordia paregabea neretzat izan duzun! Oi arima nerea, ospa eta gorets zazu ontasun hunen handia. Benedika zazu, nere bihotza eta lehiak zeruraino altxatuz. Espanta eta handiets zazu bazter orotan zure nausi eta jabe ona. Bai nere Jaun amultsutasun guziez bethea, nere bihotza zurea da, etez nerea. Bethikotz eman darotzut, zu bethi zerbitzatzeko eta laudatzeko. Zure atseginari bethi ongi egiteko, indazu othoi zure grazia.

 

aurrekoa hurrengoa