www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Liburu ederra
Jean Pierre Duvoisin
1856

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Liburu ederra, Agustin Kardaberaz / Jean Pierre Duvoisin (faksimilea). Hordago, 1978.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ADAM, GURE AITAREN BEKHATUA
ETA BERE ONDOREAK

 

 

Lehenbiziko ikuspena

 

        Nora zohaz, gizon itsua? Adam, zer egin duzu? Debeku bakhar bat egin darotzu Jainkoak, eta zuk ostikatu duzu haren manamendua. Oi sagar baten khino beltza! Oi bekhatuaren gibelondo garratza! Herioa jausten da lurrera; esku hartzen du Adamen gainean; hura eta haren ondorego guzia ebakitzen du, hala nola ephaile batek sorro bateko belhar guzia etzan-arazten baitu bere sega-ukhaldien azpian. Adam, deus-gutitan iduki duzu zure Jainkoa, zure egilea, zure Aita. Gaztigu latza izan da zure gaizkiaren sari.

        Gizon gazte batek, plaza bethean erran haleza sagar bat nahiago duela bere aita baino, edo sagar batengatik guzien aintzinean paso bat eman balezo, zer erran ginezake? Oi seme lotsagabe izigarria! zer egin duk? zer merezi duk? Laurdenkatzea, puskatzea ez duk hiretzat sobera!

        Ai bainan! nori jazartzen diot? noren kontra su hartzen dut? Nor da seme hori, ez banaiz ni neroni? Nik, aingeruen begien azpian, eta ardura gizonen aintzinean, mazelakoka ibili dut nere Jainkoa, nere aita ona. Jaun handi hura zeinaren aintzinean zeruak eta lurrak ikharatzen baitira, zankapetan ibili dut ostikoka. Oi naizen lotsagabe izigarria! Zer! ni, lurreko harra, atrebitu natzaio Jainko handiari? Eta hori, sagar baten-gatik? Atsegin ilhaun batengatik? Nik, zeruaren eta lurraren aintzinean, oldar eta arbuio guzien nausiari? Mila zathi egitea ez nuke aski. Bethiko su-garrak guti dira neretzat. Zer erranen dut, Jauna? zer ahurpegitan jarriko naiz zure begien aintzinean? Ai ene! ai ene zorigaixtoa! Ai ene dohakabea! Zer egin dut! hunelako erhokeria? hunelako izigarrikeria? Eta nik egin othe dut hori? Ai! ez dakit zer erran, ez dakit norat itzul, ez dakit non gorde!

        Bainan, nere Jauna, nere Aita gozoa, ona zaren bezala, urrikal zaite. Hautsazu nere bihotzaren gogorra, eta nere bi begiak bilhaka ditezela nigarrezko bi ithurri. Bai, nerekin dut nere bizi guziko mina eta nigar-bidea. Eta, hunelako dohakabetasunean ezarri nauen gorputz huni, nola maina eginen diot gaurgeroztik? Nere etsairik gaitzenari bezala begiratuko diot, eta hala-ere eginen. Erortzen naiz, Jauna, zure oinetara, urtzen naiz nigarretan zure aintzinean. Horrela erakutsi nahi darotzut nere bihotzeko damua. Zure gogaragarri izan dadiela nere penitentzia. Urrikalmendu, beraz, Jauna; urrikalmendu, sendagailu eta bizi berri bat othoi niri!

 

 

Bigarren ikuspena

 

        Adam parabisutik khendua izan zen, eta niri zeruko atheak izan zaizkit hetsiak. Oi zerua, zorionezko herria! Eta, nola desterru hunetan atsegin eta gozorik bilha-ahal dezaket! Norbaitek erraiten darot, orai, bizi naizeno, atsegin har dezadala. Bainan nola gogabethe naiteke desherri hunetan nagoeno? Nigarretako lekhua da hau; eta bizia, penitentziako ordua da. Arren, Jauna, ez nezazula utz erhokeriaz garaitzera. Ez naiz auhen eta marrasketarik geldituren, nere burua hunelako zorigaitzean ikusten dudano. Onik nihon ez dukete nere begiek, nere herri dohatuko atheak zabaltzen ikusi arteo. Oi Zerua! Zerua! Oi nere herria! Oi egiazko bizia dutenen herria! Oi handitasun guzietako gortea! Hor dago nere jabe, nere errege, eta arima garbien esposa. Jauna, Jauna, espos guziz gozoa eta maitea! zu gabe, ni nola nagoke? Hor duzu nere bihotza, hor duzu. Eraman zinerotan, eta hor bizi da orai, eta ni, behere hunetan, zu gabe hiltzen nago. Oi zure amodioak noizbait bedere iraungi eta desegin banindeza!

        Ai bainan! horrela izan behar zen, eta horrela egin ez dut. Zer nigarrak Adamek egin zituen, bere burua parabisu lurrekotik khendua ikhusi zuenean! Eta nik, harek baino mil aldiz bekhatu gehiago eginik, zeruko atheak hetsiak ikusten ditudanean, ez othe dut nigarrik eginen? Urrikalmendu nitaz, Jauna, ez nakien ongi zer hari nintzan; urrikalmendu erromes desherritu hunetaz, zeren nigarrezko hibai batean, nekhez betherik, bekhatuen lokharri lohiez hestutua, hondaturik dagoen. Nere Aita urrikalmenduzkoa, eta gozakari guzien Jainkoa! Pietate beraz, Jauna, ezinbertzeko zorigaitz hunetan. Ez arren gaztiga Aingeru gaixtoak bezala, bainan iguriki Adami egin zineroen bezala. Indazu, othoi, suzko lehia-bat, ezen lurreko gauzak ahantzirik, bakharrik nere zerua bilha dezadantzat. Nere gaizkien zinezko penitentzia egiteko grazia jauts bedi. Eta baldin nere eginahala oro deus-guti bada, bederen nere lehia izan bedi handi eta beroa. Indazu, azkenik, grazia hemendik aintzina egiazko desherritu-bat bezala lurreko gauzentzat bizitzeko eta zerurako bidezkoak bezala, zu bilhatu, zerbitzatu eta maithatzea. Amen. Halabiz.

 

 

Hirugarren ikuspena

 

        Sugeak bere agintza gezurtiez zorarazi zuen Adam. Oi eta zenbatetan ni-ere debruak hunela nauen enganatu! Hemengo aberastasun, ohore, atseginak, itxura eder batean, gozo handi batzu bezala eskeintzen zerozkidan. Khe bat, iduripen bat bezala guziak ezeztatu, eta arrantze askok sistatu, horra zer ziren gozo espantagarri hekiek. Eta heriotzeko orenean, orobat izanen othe da? Ah! orduan bertze begiz ikusiren ditut. Zergatik bada, nere etsaiak lehen enganatu, orai-ere enganatu nahi, eta nik oraino hari sineste ematen diot? Ni ifernura artikitzea-gatik zer egin ez dakienaren kontseilua, zergatik hartzen dut? Debruak zer agintzen darot, berari jarraikitzekotan? Zeruko ospea? Ez eiki, bainan bai ifernuko oinhazeak. Eta orai enganatzeko eskeintzen darozkidan ez-deuskeria edo ontasun ahulen bazka edo peitagatik, bethiko heriotzearen amuari lothuren othe naiz? Arrain batek ere, hori ikusi eta jakinik, amuari hurbil ez laite. Eta ni, zoroago izan behar othe naiz?

        Ai beraz, arima nerea, begira ongi. Gozoa iduriagaitk aintzinean ezartzen darotzuten bazka, hor dagoka, hor barrenean dagoka heriotze bethikoaren amua, hor dagoka ifernuko pozoina eta izurria. Ni sinhesten ez banauzu, sinhets zazu bederen Jainkoa, zeinak erraiten baitarotzu: Bekhatu egiten duenaren arima hilen da. Begira, Adamek jan zuen sagarraren gozoa zeinen laster iragan zen, eta gibelondoa zenbat eta zenbat urthez kharats gelditu. Begira, debruak gozotzat eman zioten pokado beltza, ifernuan zein garratza kondenatuei bihurtzen zeraien; eta ez orai bakharrik, bainan sekula guzietako samina.

        Oi arima nerea, bertzeen gainean desmasia haukiek ikusi ondoan, nola argitzen ez duzu begia? Zeri begira zaude? ala desmasia bera zure gainean ikusi artean? ala sendagarririk ez duzulakoan? Zer bada, Jainkoak egiten darotzun fagore eta ematen darotzun astiaz, hobeki baliatzeko etzare? Baldin min-gaixtoa lotzen balitzaitzu, edo pozoinkeria zerbait jaten bazindu, ai zeinen gogotik erremediorik diren borthitzenak har zintzazkeen! Edozein diru xahu zinezake. Bada ifernuko sugea bekhatuaz lothu zaitzula, eta pozoinez bethea zaudela ikusten, eta nola zaude horreletan? Ai! bethiko hiltzen duen pozoina dagokazu barrenean. Atzar zaite lo dorphe horretarik. Atzar zaite, bizia akhabatzen da.

        Oi nere Jainkoa, ifernuko pozoaduraz nere etsaiak hunela bethe du nere arima. Ai nere dohakabea! Gaitz hunentzat, zer sendakari bilhaturen dut? Baldin mundu guzian balitz halako bat dirutan? Zeinen bozik hartuko nukeen! Ai bada, nere arima, huna berri ona: sendagarria baduzu, eta urrurik.

        —Zer sendakari da, eta nork emanen darot?

        —Sendagarria da Jesu-Kristoren odola, eta urrurik emanen darotzu, gurutzean zugatik hil arteraino, eta zu ifernuko gaitz horretarik ataratzeagatik, ixuri izan duen guzia. Oi zeruko Aita, aita nerea, nola nik urrikalmendu handi hau ospaturen dut aski? O nere Jauna, eta maithakunde guzia! Zure odola eman duzu ni salbatzeko! Zer amodioa, eta zer sendakaria! Eta guzia urrurik eskeintzen darotazu!

        Ah Jauna! ongi garasti gosta zitzaitzun bada zuri! Alabainan zure onegiak egiten du hau neretzat. Oh! goretsia izan dedila zure ontasuna mende guzietan eta handik-harat ere bai zeru gainetan! Behinere, ez haste, ez akhabantzarik gabe, izan zaite botheretsu, jakintsun, on eta zuzen! Hala zare, eta hala izanen zare, eta hainitz dut atsegin. Biz ordu onean eta bethiko. Eta orai, zer nahi duzu, Jauna, niganik? Oh! badakit: ni zure odolaz progotxatzea, eta nik zu maithatzea. Oi zer zoriona hori, zuri zor darotzudana zuri bihurtzea. Egiten darotazu emaitza bat hain ederra, eta bizkitartean hain guti nik eskatua; emaitza bat hain gozoa eta hain baliosa, non hobeagorik ez baita. Beraz, nere Jainkoa, maitha zaitzadala, eta bihotz guzitik! Amodio hau bizi bedi eta ni bizi naizeno! Egunetik egunera bethi handituz dihoala, eta zeruan bethi maitha zaitzadala! Horra nik eskatzen darotzudan grazia. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa