www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Liburu ederra
Jean Pierre Duvoisin
1856

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Liburu ederra, Agustin Kardaberaz / Jean Pierre Duvoisin (faksimilea). Hordago, 1978.

 

 

aurrekoa hurrengoa

GORPHUTZ HILAZ

 

 

Lehenbiziko ikuspena

 

        Egia jakina da, arima, gorphutzetik ilkhi bezain sarri, agertzen dela Jainkoaren aintzinean bere kontuen xehatzera. Egia latza! eta halere soseguz hartzen dut, eta nere oldera nahi diot begiratu. Ha bainan, nere nahiak ez baitira lege! Hilen eta bizien nausia, Jainkoa da. Nere heriotzeko orduan, arimak utziko du nere gorphutza desitxuratua, itsusi, hori, ilhun, hormatua. Beso bata batera, bertzea bertzera, eta burua bere aldera erortzen zeraizkit. Etxekoek begiak hesten daroztate, besoak gurutzatzen, hil-jauntzia soineratzen. Lurreko ontasunetarik zeinen guti deramatan hobira! Etxean den soinekorik arinena; eta hoberena balitz ere, laster nerekin usteldu beharra. Oi zeinen guti baliatzen zeraizkidan ahaideen eta adiskideen nigarrak! Batzuek eta bertzeak, ni ikustera sartu, eta laster dihoaz niganik ihesi. Nere begitarte hotza izanen da bizi direnen izigarri. Ikusten nautenak lazten dira; begiak bazterrera itzultzen dituzte. Oihal batez musua estaltzen darotate.

        Bizkitartean, hil-ezkilak hasi dira. Herrian, batak bertzeari galdegiten dio: —Nor hil da? —Hulakoa. —Jainkoa urrikal bekio! Eta berehala zoin bere egitekoetara badoha, eta ordudanik gelditzen naiz gehienez ahantzia. Hogoi eta lau orenen buruan, hila altxatzen naute. Harrituak iduri, ixiltasun handian naramate. Ezkila, bakhan eta ilhun; aphezak noiztenka hil-otsa ematen du. Azken aldiko nere gorphutza sartzen da elizan. Ez noha nere lehenagoko lerrora; bainan erdi-erdian, har-lauzen gainean etzana ezartzen naute. Hil-otsak akhabatu eta, hil-harrietara baneramate. Han dago zilho bat handia zabaldurik. Haren aldean, aphezak ematen darot azken ur-benedikatua, eta han sartzen naute berehala. Nere gainera lehenagokoen hezurrak eta lur ustelak itzultzen dituzte. Nola-nahi oinkatzen eta zaphatzen naute. Gurutze bat burukitan utzirik, guziak badihoaz jatera, edatera eta gozoki farra egitera. Oi eta ni, zeinen bakharrik, lurrean sarthua, laster eta bethikotz ahantzia!

 

 

Bigarren ikuspena

 

        Oi nere arima, hemen trikaldi bat egin dezagun. Begira zure gorphutza luphean, eta nolakatua gelditzen den. Oi gorphutz galdua, hi haiz nik hainbertze mainatu, jauntzi eta aphaindu dudana! Higatik, nere Jainkoa eta salbamendua ahantzirik, bizi izan nauk. Oi nola hindagoen orduan, eta nola hagoen orai!Orduko ase-gozo eta mainak non dituk orai? soineko ederrak eta aphaindurak, zer egin dira? Etxeak, ontasunak eta gorphutzeko gozoentzat bildurikako bertze gauzak non dira? Agurrak eta ohoreak, eta lehia mundutar zoroak non dira? Oh! haize hutsa!

        Nere Jaun ona, erhokeria horiek oinpean uzteko, indazu othoi indarra; besarkaldi hestu-hestu batean zuri bakharrik iritxik nadientzat. Zer, gauza horren txar ezdeusek, ni zuganik aparta nezatela! Gorphutz abretiar baten-gatik, eta aberea baino lohiago den baten-gatik, nik Jainkoa utz dezadala! ez, ez! Non da Jainkoa baino hobeagorik eta goragorik? Ai zer zorokeria den nerea! Jauna, ez dizadazula arren utz horrelakorik berriz egitera. Damu handia egin darotzut, zu baino gehiago estimatu dudanean gauza ustel itsusi bat. Ezen zer da nere gorphutza? lur pozi bat. Bada lurrari bezala egin behar diot. Hala nola, hilez geroz, oinkaturik ere khexatzen ez baita, orobat hila baino gehiago ez naiz behar nere gorphutzeko zaphaldiez arranguratu. Oin-pean guziek iduk nezatela. Hori dagokio gorphutz huni.

        Diot berriz-ere, zer da nere gorphutza? Luphera jautxi eta, nolakoa izanen da hogoi edo berrogoi urteen buruan? Hemen buru-kaskoa, hortxe bertze hezurrak, eta oro hutsak. Zer izanen da berrehun urteren buruan? Hatzik ere ez da geldituko. Eta orai ohoreez naiz khexu, errankizunaz arrangura, gizonek nola begiratzen darotedan grina eta ardurak! Ai nere itsua! nere dohakabea! Hemendik aintzina ostikatu nahi dut gorphutz hau, eta munduko gauzak ilhaunkeriatzat iduki. Bizi naizelarik, hila izanen da nere gorphutza, eta lur usteldu bati bezala begiraturen diot. Jauna, lagun zatozkit. Zuretzat bakharrik bizi nahi dut.

 

aurrekoa hurrengoa