www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Liburu ederra
Jean Pierre Duvoisin
1856

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Liburu ederra, Agustin Kardaberaz / Jean Pierre Duvoisin (faksimilea). Hordago, 1978.

 

 

aurrekoa hurrengoa

JAINKOAK ZERTARAKO
EGIN IZAN ZUEN GIZONA

 

 

Lehenbiziko ikuspena

 

        Oi nere Jainkoaren harrigarrizko ontasuna! Oi urrikalmendu nihonerekoa! Oi nere Jaun guziz maitagarria! Zuk, zure eskuz egin izan ninduzun ez-deusetarik, eta zuk bakharrik egin izan ninduzun zorionik handienerako. Zer ezdarotzut zor, Jauna, hunelako ongi-eginarentzat? Ezen, zer zihoakizun zuri, niri hanbat ongi egiteko? Zer aurkhitzen zinduen nitan? Badakit, Jauna, nere beharrik deusetako-ere etzinduela ni hain-handi egitean. Oi nere egilea, nere ongi-egilea! Oi Jauna! Nahi izatu duzu etzedin izan neretzat, bertze onik, bertze biderik, bertze zorionik, zu bakharra gozatzea baizik. Zu, nere Nausi bakharra; zu, ontasun akhabantzagabea; zu, jakintasun ondogabea; zu, nere Jabe handia, zu zare nere gozagarria, nere atsegina, bethiko ospea. Zorionik neretzat izatekotz, zugana hedatu behar ditut nere gogo, xede, hitz, egintza eta eginahal guziak.

        Ai Jauna! munduko bertze helburu guziak, ez dira hunen aldean aiphatzeko. Urrun zaitezte bada, lurreko xede eta lehia zoroak; urrun zaitezte, gizonak lurrean zori ta zorion erraiten ohi dituen guziak. Hemengo zorion itzal gutien duena eta gogora-ahal daiten handiena, ez da, nere helburu hunen aldean, zarpil puska bat, edo egiaz, deusere ez da.

        Oi Jauna! lurreko gauzek zurekin, zer dute zer ikusi? Guzien egilea zu zare: mende guzietako Jainkoak, obra ustelkor batzuekin, zer duke zer ikusi! Eta ororen buruan, nere azken urhatsean zer da? Jainkoa, Jainkoa guzia, Jainkoa bera da. Eta Jaun handi hunen ikusteko, hunen bethi ospatzeko, berak egina othe nago ni? Bai, berak hartarako egina. Hauxe da nere zoria! Eta hunelako dohatsutasunaz, axolarik ez daukanak, zer duke merezi? Zer duke merezi nahiago izaten duenak lurreko ona (ona erran ahal-badedi eta ez zorigaitza), diot berriz-ere, nahiago izaten duenak lurreko ona, ezenetz Jainko egiazko on guzia, eta on guzien gainekoa? Zer! liluraldi bat, ilhaunkeria bat, eta ephe aphurrarentzat, zu, guzien egilea, bethiko baino, gozatu nahiko lukeenak? Eta horren lotsagaberik eta lurreko gauzak Jainkoa baino gehiago prezatzen duenik nihor othe da? Balantza ber-batean Jainko handia eta gauza zikhin bat ezarri, eta zikhin hura hautatu; eta zu, nere Jaun eta ontasun guzia, utziko zaituenik othe da? Ai! eta zenbat Jauna! zuk dakizu ongi. Eta nik-ere hori bera egin othe dut?

        Ai nere zorigaitza! Non ziren nere fedea, nere sinestea? Non utzi dut nere kristau-legea? Abereak baino abereago egin naiz! Zeruek eta lurrek entzun ezazue: Hain lotsagabe, hain itsu izatu naiz, non nere Jainko, nere Aita onari hunelako arbuio izigarria egin-ahal izatu baitiot! Eta hau egin duenak zer duke merezi? Ene gaztigurako mila ifernu askiko othe dira? Ai Jauna! eta zure begien aintzinean zer ikhara dagokadan! Ez othe daiteke amets gaixto bat hau, ala egia? — Egia! egia! eta zinki egia! Beraz, Jauna, nere bizi guzian damurik baizen ez darotzut egin?

        Badagozu nere alderat khexatzea eta aria onean niri erran ahal dezakezu: Niri hunela egiteko zer gaitz izan duzu niganik? Ez-deusetarik atara eta zaren guzia nik egin zintudan: helburu gorenerako eta zerurako egin zintudan: lehen, orai eta bethi, mende guziak hasi baino lehenagodanik, maithatu izan zaitut. Eta zuk, horrela ihardesten darotazu? Esker eta sari horiek dituzu neretzat? Zure zorionik handienaren ihesi horrela zabiltza?

        Ai nere itsua! ai nere zoroa! ai eta gaitz hunen gainean odolezko nigarrak emateko, ithurri bi, nere begiak nork eragin ahal leizazke!

        Entzuten dut Jaunaren dei amultsua zeinak eztiki erraiten baitarot: Zeren hunela utzi eta bazterrerat eman nauzun zutaz khexu naiz, nere Haurra. Zer zorokeria egin duzu? Zer ozartasun da hau, hunen harrigarria?

        Jauna, urrikalmendu nitaz; urrikalmendu arren, Jauna. Zure baithan da nere gaitzaren sendagarria, zure baithan nere igurikitza. Zure miserikordia jautsaraz zazu nere gainera niri barkhatzeko nere bekhatuak eta zuri egin darozkitzudan damuak. Oi nork bihotz guzitik eta zeruetarainoko deihadarrez barkhamendua eska lezakean! Barkhamendu, bada, Jauna; urrikalmendu nitaz; barkhamendu!

        Zeruko Aingeruak eta Sainduak, laguntza egin diezadazue, deihadarrez oihu egizue: Urrikalmendu, Jauna, miserikordia: Jaun bihotz-samurra, barkhamendua bekhatore itsu galdu hunentzat, zeren ez duen jakin zer egin zuen.

        Zeruetako Erregina, Jainkoaren Ama, Birjina-ama maitea, eta bekhatoren ama samurra bitharteko, jar zakizkit; har nazazu eskutik, eta hobekien dakizun bezala, zure seme maiteari barkhamendu neretzat galda diozozu.

        Oi Sainduak eta Aingeruak, zuen Erreginarekin batean guziek oihu egizue: Barkhamendu, Jauna, arima galdu hunentzat!

        Eta nik ere zuekin batean, bihotza goraturik, deihadar egin dezadan: Urrikalmendu, Jauna, nitaz, zeren ezagutu ditudan nere hutsak, eta damu handi dudan zure alderat izan ditudan hoben guziez. Ai Jauna, ez nik merezi bezala, bainan zure ontasunak agintzen darotzun bezala, ene gainean egizu, eta indazu argia, zu bilhatu, eta aurkhitzeko. Fiat! Fiat! Izan bedi eta egin bedi! Zure ahotik entzun dezadan, Jauna: Izan bedi eta egin bedi. Eta zuk nahi duzuna egin bedi. Amen.

 

 

Bigarren ikuspena

 

        Egina izatu naiz gozatzeko Jainkoaren edertasuna, haren beraren begien azpian, zeruko ospeen erdian. Eta orai nago zorion hori izanen othe dudanez oraino, ala ez. Ai! ez dut gogoeta luze biderik; eta gehiago dena! seguratua nago ez dela zerurik enetzat, ikusi ta jakinaren gainean ene nahitara galdu dudala dohatsutasuna. Norbaitek egin balerot diru puska baten agintza, hunen errezki galtzera utziko ez nuen, Jauna, nola zure ospea gozatzeko zuk niri egin agintza handia bazterrat aurtiki baitut ez axolatuki. Bainan zer diot diru puska batez? Sos edo xanpon gaixto bati ez nioen horren errezki ukho eginen? Eta sos bati, Jauna, zuri baino esker hobea egin izan diot! Eta xanpon baten galtzeari minberago izatu naiz, zu, nere zorion guzia galtzeari baino!

        Ai hau lana! Eta zer dakit behin galdua berriz eskuraturen dudanez, ala nere zorokeriaz helburu dohatsu hura bethiko galdua denez neretzat! Eta galdu-onaren berriz eskuetaratzeko zer indar egiten dut nik? Bainan zer egiten ez dut? Eta nere arimako kalte hunen handia ikusi, eta jakin nere Jainkoa galdu dudala, eta zer dut egin bide? Ah, Jaun ona, berriz zu bilhatzea! Bai, Jauna, zu aurkhitzea-gatik guziak galduko ditut nere gogo hoberenez. Banago galtzera lurreko on eta ontasun, gozo eta atsegin guziak eta bizia bera, zu bakharrik irabaztea-gatik, zu ardiesteagatik, Jauna.

        Ah! Bertze gauzak bilhatu eta herioa atzaman dut: zu bilhatu eta nere bizia aurkhitzen dut. Zu bakharrik, Jauna, zu eta ez bertzerik, zu zare nere egiazko ontasuna eta ospe bizia. Nere guzia eta guzizkoa zu zare bakharrik. Oi Jauna, zurekin dagoena, zeinen den aberats! Eta zu gabe, lurreko aberatsena ere zeinen ahul eta laster galdua! Ez, Jauna, lurreko gauzak-gatik, orai dino bezala, zu galdu nahi etzaitut. Hitz hau bethe dezadantzat, eta bizitze berri saindu bati lot nadientzat, jauts bedi beraz nere gainera zure grazia. Amen.

 

 

Hirugarren ikuspena

 

        Jainkoa bethi ikustea, bethi gozatzea bere ospe zoragarriaren erdian, oh! zeinen dohatsua den sainduen eta hautetsien azken zoria! Hau nolatsukoa den nabaritzeko, izpirituz igan nadiela zeruko gortera; han ikus detzadala arima dohatsuak, ospez, gozoz eta boztarioz betheak; gero fedeaz begira dezadala ni hekien lagun izateko eta hekien artean egoteko Jainkoak egin ninduela. Oi dohatsuak! Mundu galdu hunetako ontasun guziak baino, zenbat gehiago zuen zorion horrek du balio? Lurreko errege guzien haizezko handitasunek, egiazko zuen horren aldean, zer dute zer ikusi? Eta orai, zuek zer erraiten darotzazue gizonak egin behar zuela hor egotea-gatik zuen bat-tasunean? Lurreko nekhe eta eginahal guziak egiazki deusere ez direla, legez erranen dirazue.

        Zuek bada ongi dakitzue Jainkoak niri egin fagorea, eta nik bethiko hala nahi badut, bethiko zuen lagun izateko egina naizela. Eta zorion hau nik esker handitan iduki behar nuen, eta nolakoa izan da nere eskerra? Oi bainan nere dohakabea! Esker handitan iduki behar-bidean hunelako zoria, zeinen errezki nerorrek galdu dudan. Satanen muthilen zoria nahiago izan dut hautatu, ezenetz zuena. Batetik bertzera horrenbertze zihoalarik-ere, zoriona utziz, zorigaitz guzia soineratu dut! Zenbatetan hori entzuna nago, eta ni bethi sorhaio!

        Eta nik holako erhokeria egin eta damuaren minak ez nau ithotzen! Oi itsutasun harrigaria! Oi nere arima, harrikotorrak berak baino sorragoa zarena! Zer egin duzu? Erran ezazu ahal-baduzu? Bainan nere zorigaixtoaren handia! Ezin adiaraz diozoket. Ai! Zer utzi eta zer hartu dut? Zer galdu eta zer irabazi? Harri zaitezte, zeruak, eta laztuak bezala, zorakeria huni begira geldituak egon zakiozkite. Eta zerurateko urhatsetan prestuki zihoazten guziak, ongi ikusi eta, erradazue nihon badenetz hunelako nere nigarbidearen idurkorik edo atsekabearen parerik.

 

 

Laugarren ikuspena

 

        Oi nere Egile eta Jainko ona, erortzen naiz ahuspez zure oinera. Begiraturik nere herbaltasunari, erradazu zer galdegiten duzun ni-ganik. Zuk manatzen duzuna balin-bada zu ospatzea, zerbitzatzea eta maithatzea, parte on guzia nerea da. Ezen hori aingeruen kargua da. Eta ni, naizen bezalako lurreko har herrestatia, egia othe da bada urhats goren hortaraino altxatu nahi nauzula? Egiteko handia eta zor zuzena jasaiten dut zure alderat. Bainan, Jauna, ahalke guzizko batekin begia itzultzen dut nere urthe iraganen gainera. Eta galdetzen badarotazu heian Aingeruen ala herrestako abereen egintzetan ibili naizen orai artean, burua apaldurik aithortu behar dut abereenak baino-ere tzarragoak izan direla nereak; ez aingeruen kargua bainan debruena bethe izan dut. Oi zure pazientzia neurrigabea, eta nere erhotasun eragabea! Nola egarri nauzu hunela? Zuk, zaren bezala, Aita onarena nerekin egin duzu.

        Nere bizitze eta egitateek aingeru eta sainduenekin batean izan behar zuten, eta debruenekin baltsatu izan ditut. Nere bizi guzia zuri damu egiten iragan da. Bainan nere gaizki guzien ondarlezetik nere Jainkoari deihadar eginen diot: Oi Jauna, urrikalmendu guzietako ithurburua, entzun ezazu nere hela. Ez arren nere hutsei begira. Nerorrek horiei begiratzen baniote, etsi nezake nere buruaz. Nor zuri hitzegitera menturatuko da? Zure ontasun eta urrikalmendu ondogabe horri begira zozu. Etzaitezila sar nere hobenetan, eta hondaturik nagoen lezepe hunetarik ataratzen lagun nezazu. Hemendik aintzina, aginzen darotzut, nere bizitze berri guzia, zu ospatzen, zu bethi zerbitzatzen, zu bihotz guziz maithatzen iraganen dela.

 

 

Bortzgarren ikuspena

 

        Nere arima, zer izanen da nitaz, baldin nere azken helburua edo zeruko alkhia ez badut ardiesten? Zertan geldituren naiz? Jakina da neretzat bethiko ifernua izanen dela. Zerua edo ifernua! Oi zer bi helburu edo akhabantzak! Oi zeinen elkarganik urrunak! Eta bietarik bat behar dela!... Zorionezko helburua nere hobenez galdu dut, eta ez dakit heian barkhamendurik badudanetz. Bandera hedatuz, axolarik gabe, tarrapatan, eta hegaldaka bezala, nere dohakaitzera laster egin dut. Oi! Zer egin dut? Oi Jesus nerea! Eta nere buruaren galtzeko zeinen gogo beroz ibili naizen. Helburu horien bien artean horrenbertze dihoa: bitarterik ez da: eta ni, hain arduragabea izatu naiz; eta eskuak hedatu diotzat nere gaitzari; eta besarkatzera goan izatu natzaio bethiko heriotzeari. Ai Jauna! Eta zenbatetan egin dut hori? Eta ongi nakielarik zer hari nintzen.

        Eta orai, nitaz zer izanen da? Nere hobenak barkhatuak direnetz othe dakit? Ez, ez dakit, eta nihork ezin erran. Bada, nola nagoke soseguz? Nola zeruraino deihadar egiten ez dut? Zerua segura banauka bezain deskantsu bizi naiz! Ai! zerua edo ifernua izan behar, eta zein izanen dudan ez jakin. Zerua galdu eta, ifernuratzen banaiz, zer izanen da nitaz? Urthe edo ephe laburrik barnean, nere zoriaz jakintsun eginen naiz. Bainan, nola soseguz lo egin dezaket anartean? Nola lurreko gauzak nahi izan edo bilha detzazket?

        Zer! galbide hestu hunetan khordokan nagoelarik, zerbait baliatu, zerbait jakin, zerbait egiteko ibili, atsegin hartu, jan, edan, gizonenganik agur edo esker on zerbait ardiesteko gogoan alhatuko naiz bada? Ai! zer hesturetan nagoen, ongi begiratzen ez dut. Oi nere Jainkoa, nere dohakaitz guziaren berri zuk ongi badakizu. Urrikalmendu, Jauna, nitaz! Eta arren zure argi bizi bat indazu, zeruko eta ifernuko eternitateaz ikhara nadientzat, eta bizitze berri bat har dezadan zure gogara sainduko izanen dena.

 

 

Seigarren ikuspena

 

        Oi nere Jabe maitea! zure ospe bethikoa nik ardiets dezadantzat, zuk zer egin ez duzu? Zeruak, iguzki ederra, eta hanbat bertze gauza huntarakoz egin zintuen. Lurrean, janharia, jauntzia eta bertze behar diren gauzak eman daizkidatzu: aingeruak mandatari eta lagun, sainduak bitarteko, eta horiekin batean bihotz-heldura edo barneko argi eta irrits onak; eta kanpotik, zenbat ikuskari, irakaspen eta miresgailu handi! Oi Aita bihotz-samurra, nor, edo zer naiz ni, zerura ni eramateagatik zuk horrenbertze egiteko? Oi! eta ni hara helarazi beharrez, zure ontasunak zenbat egiten duen! Ai! eta nik zeinen guti egiten dudan!

        Kreatura guziak deihadarrez dagozkit, nere arimaz ardura har dezadala, nere helburu zorionezkoa bilha dezadala. Eta ni, lotsarik gabe, guziari hain gor! Orok alde orotarik, nik zu maitha zaitzadan, Jauna, galdez, eta oihuz, eta laguntzen. Bainan hori egin behar-bidean, ni horiez gaizki baliatu; ni bethi lurtiar eta lurrari begira, nere zoriona han balago bezala eta iduri handik-harat deusere ez dela, eta ni zuri bethi damu eginka. Ai! zer esker gaixto izigarria! Barkha zadazu, Jauna, zeren itsu jakingabe bat izatu naizen: nere begiak ongi argizkitzu, zu hobeki ezagutu eta, lurrean ikusten ditudan kreatura guzietarik zugana zuzen altxa nadientzat.

 

 

Zazpigarren ikuspena

 

        Jainkoak nere salbamendua hanbatetaraino agiantzatzen du, non bera gizon egin baita, eta gurutze batean, bi ohoinen erdian, bere odola eta bizia, laido eta oinhaze garratzekin eman baititu. Oi nere Jesus guziz maithagarria! Hanbateko amodioagatik, nik zer zor ez darotzut? Oi! zer egin? Ahal guzia, nere arima ez galtzea-gatik. Ikus dezagun orai beraz egiteko handien hau norena den, nori eta zer dioakion. Ni salbatzean, Jainkoari zer dihoakio? Eta niri zer dihoakit? Ai Jauna! eta zenbat dihoakidan niri! Guzia, eta izan-ahal guzia. Buru eta fede gabe ibili naiz. Oi Jauna, nere begiak argitzen bazinitu! Othoi, argizkitzu, nik ongi ikus dezadan nere hutsa, ezagut detzadan orai arteko nere hobenak, eta hemendik-aintzinera, zuk nahi duzun bezala, nere salbamendua, bizi-molde saindu batekin bihotz guzitik bilha dezadan.

        Orai bada, lurreko gauzei nahi naiz berehala, osoki eta bethikoz atzetu, baldin nere azken helburura jotzeko hek ezbazaizkit lagungarri. Ez da hau lo egiteko ordua, baizik-ere nere baithara bihurtu eta ohartuki ibiltzekoa. Zuri, nere Jesus ona, behar natzaitzu jarraiki. Zure bihotz oroz nahi duzu nere salbamendua; bada nik-ere nahi dut, eta mundu guzia galduko badut-ere, horrekin atara behar naiz garaitiar.

        Zu, Jauna, ni salbatzeagatik, laidoztatua izatu zinen. Bada, huna ni-ere non nagoen edozein laidoren jasaitera eta bozkarioz, amoreagatik kondenatua izan ez nadien. Zu atsekabe eta arrantze garratzetarik iragan zinen. Huna bada ni ere zuk nahi duzun guzietara jarria. Bertze olderik ez dut zuri atsegin ematekoa baizen: lurreko gauzetan gozagarririk ezdut bilhatu nahi, baizik ere zu baithan. Zu zare, eta zuk izan behar duzu bethi nere aita, nere Jaun eta Jabea eta nere ontasun guzia.

 

 

Zortzigarren ikuspena

 

        Oi nere Jainkoa, zure ospeko helburua seguratzea-gatik, Sainduek zer egin zuten? Eta nik zer egin dut? Jaun done Agustin batek, zeren Jainkoak zerua saritzat agintzen zioen, lurreko gauzei etzioten peretxurik, eta kreatura guziak ez deusentzat zauzkatzien. Jaun done Paulo batek, direnak basa edo ongarriaren pare. Hargatik, lurrean bizi zelarik, bere egiteko eta solastantza guziak zeruetan zituen. Eta bizkitartean ni, naizen bezalako dohakabe, galdukeria edo bekhatu lohian pulunpatua, eta zeruko ontasunak hain osoki burutik utzia, bertze batek hola egin baleza, nik zer erran nezake? Burugabea edo zoro handitzat idukiko nuke.

        Hau da bada nere itsumendua. Bertzeek gaizki egin lezaketela ezagutzeko eta erraiteko dina buru badut, eta nere gaitzaren ikusteko dina ez dut. Zer nahi dut bada edo zeri diot esker? Nola edo zer da hau? Jainkoak bere seme egin nahi eta zorion handien hunetara deitzen, eta nik nahiago izan debruaren gathibu, ez denetz harrigarri! Egiaz mintzatzeko, baldin errege-seme izatera deithu banindute, zer etziren izanen nere atsegina et boztarioa! Eta hala izatekotan, edozein nekhe gogo onez onhetsiren nuen. Bada Jainkoaren seme egiazki izatekotan, eta Jesu-Kristoren ospean, sekula guzian parte idukitzekotan, zer da nik egin beharren nukeena?

        Bainan orai-arte zer egin dut? Ai eta ospez eta goihentziaz betherikako nere helburu huni zein esker ttipirekin begiratu diodan! Iduri luke fedezko egia handi hau sinhesten ez dudala. Ah! nere egintzetan behintzat hala erakusten dut! Ez, ez, nere Jauna, zuk erakutsirikako egia huntaz alhatu, eta berriz eta berritan huntaz nahi dut on-egin eta berme jarri. Goazin bada, atzar! eta ongi begira dezadan: Jainkoak bere seme egin nau eta bethi beretzat idukitzeko xedetan. Egia da eta aithor diot. Ethorriko da ordua eta laster, zeinetan orai ni behar bezalakoa balin-banaiz, aingeru eta sainduekin baltsan, atsegin, gogobethetasun eta ospez gainditurik, Jainkoa gozatzen egonen naizena menderen mende guzietan.

        Oi egun dohatsu eta zorionezkoa! Eta ni bainago, ni horren dohatsutasun handiari begira? Bai ni berbera. Eta ona balin-banaiz, segurak ditut agindu guziak. Eta nik hori bilhatzea eta gozatzea, nahi othe du bada Jaunak? Bai hori bera nahi du. Eta hori ardiesten ez badut, kondenatu eta ifernuko estiretan egon beharko othe dut? Bai egiazki. Eta horien guzien gatik-ere, axolagabe nik lo egiten! Ah! nere etsaiak hori egiten ez du, eta nik bai? Hura ni nondik ifernura eramanen nauen lehertu eta zapartarazi beharrez dabila: eta ni, ez nola edo nola, bainan lo dorphean, hori ahantzirik; eta ez balin-banaiz atzartzen, logaitz hori garhaitzen ez badut hanbat urthez, berak helduko nau ifernu erdira, hondatzen nauten lehia eta bethetzen ditudan zalekeria txarrekin.

        Oi harrigarrizko zorigaitz paregabea! Oi Jaunaren urrikalmendu orai arte hunela begiratu nauena! Bada, kalte eta galbide handi haukien urratzeko, eta zerua irabazteko, zer egin behar dut? Sainduek zer egin zuten? Munduari eta beren buruari hil ziren: zeruagatik bozkarioz besarkatu zituzten nekheak, lazeriak, laidoak, oinhaze eta heriotzeak. Nere urthe aphurretan, zergatik bada nik-ere ez dut orobat eginen? Oi Jesus guziz ona! argi bizi bat nere bihotzean pitzazu; zure indarrezko grazia jauts bedi, Jauna; zugatik munduari arnegamendu eta nere buruari ukho egin dezadantzat, ohore eta lurreko gogara guziei hil nadien, zuretzat bakharrik eta zurekin zure grazian bethi bizi nadien amoreagatik. Amen, halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa