www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Liburu ederra
Jean Pierre Duvoisin
1856

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Liburu ederra, Agustin Kardaberaz / Jean Pierre Duvoisin (faksimilea). Hordago, 1978.

 

 

aurrekoa hurrengoa

JESUS GURUTZEFIKATUARI
BEKHATOREAREN SOLASAK

 

 

Lehenbiziko ikuspena

 

        Oi nere Jesus maitea eta Salbatzailea! Nere hoben eta zuri egin laidoak-gatik, hira minez eta damuzko itsaso ilhun batean nik egon behar nuke. Ai ni haretan pulunpa banindedi! Nere beltzkeriek, ikharaz bethe, eta hurran etsitzeraino hondatzen eta ithotzen naute! Itsaso hunetako pesiatik ilkhi eta, nere borroka gaitzetan nora bihurtuko naiz, ez bada zure gurutzeko iheslekhu segurera? Nere bekhatuen hesturak izitzen nau, bainan zuk ongi hartuko nauzulako jakinak bihotzeztatzen. Izialdura sainduarekin batean, zure oinhazeek bizitzen dute nere esperantza. Bada, oinhaze hek zenbat garratzak ziren arren, guziak, eta bozik, zure amodio erran ahal baino handiagoak, ni salbatzeagatik, hartu eta egarri ditu. Oi Jauna, gurutze horretan, zerk josarazi zaitu?

        —Bekhatorearentzateko amodio eta harren erreparu-beharrak.

        —Beraz, bekhatoreen erreparua nahi duzu?

        —Bai hala da.

        Huna bada, Jauna, bekhatore handi galdu bat non naizen; othoi, medea nezazu; xede hunetan gurutzera igan zinaden. Zuretzat gaitz denik ez da deusere; eta nere arima dohakabeari erraiotzu, othoi hitz bakhar hautxek; Barkha dakizkitzula zure bekhatuak. Eta hitz hoiekin, Jauna, eginen duzu behar den guzia, nere ahalgabez egiteko dagoena. Eta zuk erran zinduen, bekhatoreak edo-zein orduz, bere bekhatuen damua duenean, hekietaz gehiago orhoituren etzarela. Beraz, Jauna, hori guzia, othoi nerekin egin zazu eta idekozu behar den damu hari nere bihotzeko athea. Zeinen errezki Kanako ezteietan, ur garbia arno gozora bihurtu izan zinduen, hain errez da zuri biztea nere bihotzean zure jainkozko su beroa.

        Jesus nerea, zure bihotzetik nerera hel beitez haize ezti, hats bero eta argi bizi bat; sua ni baithan pitz bedi, eta ni, zugana heltzen naizenean, burdina sutegian baino khaldatuagoa ilkhiko naiz. Eskua hel dizadazu eta lagunt nezazu zure bihotzeko amodioaren sustegi bizian barna sar nadientzat; eta harria bezain hotza eta gogorra naizen arren, hor burdin gorria bezain berotuko eta beraturen naiz. Amodiozko su-gar hunek nola guritzen duen nere bihotza! Nere horma nola urtharazten duen! Nere Jesus ona, ni bekhatutik ilkhiarazteagatik, zuk hainbertze egin-eta, ni bekhaturako othe naiz berriz? Ez arren, Jauna ez, lehenago nahi dut hil-ere. Higuintzarik ahal dudan handiena bekhatuari, zure maiteagatik, bethiko hartzen diot. Hori, zuk nahi duzun bezala egitekotzat, eta zu nere bihotz guzitik maithatzeko, indazu grazia. Utzazu beraz, Jauna, zure hasarredura: oraindinoko gaizkiak zure Pasione eta heriotzearen kariaz barkha dizkidatzu, eta hemendik aintzina zure amodioan begira nezazu.

 

 

Bigarren ikuspena

 

        Oi nere Jainko eta nausi bakharra! zu hain Jaun handi, justu eta saindua zarelarik, gurutzean horrela josirik, zergatik, nork edo nola ezarri zaitu? Erranen darotazu, Jauna, habean zarela nigatik eta nere bekhatuak gatik. Zer, nere hobenek gurutzeari josi zaituzte?

        —Bai, horiek berek.

        Zer, horiek horrenbertze oinhaze gogor eman darotzute?

        —Horiek berek.

        Eta horiek, guzien buruan, bizia khendu darotzute?

        —Bai, horiek hemen ezarri, itzatu eta hil.

        Ai nere Jesus ona! ai nere Aita, eta aitarik hoberena! Mila bizi izan banitu ere, nik zugatik eta zure amorez eman behar-bidean, zu gurutzean josi eta hil izan zaitut bada! Oh! burreu gogorrak! Oh bekhatu madarikatuak! Oh! mil aldiz lehenago hil banintz zuek ez egitea-gatik! Eta nere Jainko maiteari damurik ez egitea-gatik! O bekhatu nere biziaren erhaileak! eta zein herio eta arherio garratzak zareten! zein beltzak eta dorpheak! Bai, hatsa dudano, zuen asperkundetan bizi nahi dut.

        Oi nere hobenak! Oi zorigaixtoko nere lanak! Zuek nere Jesus ona horreletan ekharri duzuela! Zuek nere Jauna habeari josi eta hil duzuela! Eta ni bizi naiz oraino! Hau ikusi-eta, nigarrez urtzen, erdiratzen eta hiltzen ez naiz!!! Oi Jesus, nere hobenak-gatik eta nere amorez hila, oi urrikalmendu guzietako ithurri nasaia, barkha zadazu, barkha, ez nigatik, bainan zu zaren ona-gatik. Eta nik, Jauna, nik zure graziarekin, nere hoben guzien penitentzia eta hekiei dohakioten azoteak bi besoez besarkaturen ditut. Ai gorputz traidore, horrenbertze Jaunari damu, eta hanbat kalte nerorriri erakharle eta eragile izatu haizena; herorrek egina, herorrek paga dezakala.

        Bai, Jainko amultsua, nik huni zure beldur saindua sarraraziren diot, eta, merezi duen bezala, bere lehia eta zalekeria guziekin gurutzefikaturen dut.

        Gorphutz likits, gura tzarrez bethea, bekhatuaren mendeko oraidino izatu haiz. Bada orai, hire damu gorrian, azotearen mendeko izaturen haiz. Hire nahikariak egin dituk oraidino; bainan orai, nahi ez dukala, gathibu lohi bat bezala nik hestutu eta karrotaturen haut. Nik janharia izariz eta jaunaren zerbitzurako din-dina emanen diaiat; eta hori-ere hire zalekeriei begiratu gabe, eta zeren Jainkoak manatzen duen eta harek nahi duena egiteagatik. Loa-ere negurriz emanen diaiat eta ezin bertzean. Orai arte baino hertsikiago erabiliren haut, zeren ezdukan bertzela merezi.

        Eta hi, nere mihi pozoatua; hiri Jainkoaren beldur sainduaren lokharria jauntziren diaiat, ixilago eta begiratuago egon hadientzat. Hemendik aintzina, ohartukiago, ikusiagorik, eta elhe gutiago erabili beharko duk.

        Nere eskuak, zuek-ere, Jaunaren lanetan haritzeko ez bada, lothuak eta hilak egon behar zarete.

        Zuek, nere begiak, zuetarik heldu diren eta bihotzean sortzen diren gogaramendu lohiak, zuenak egin du. Zuek eta bertze sentsuak, hilak bezala jar zaizte; ahalkean eta gogo-hurriduran uzkur zaitezte.

        Higana oraino-ere bihurtzen natzauk, oi gorputz beratzegia, hiri olde gaixtoetan oraidino nahi bezala ohitua; ja abereen arauko libertate barraiatuak goan eta akhabatu dira hiretzat. Ez haiz ez gehiago hire gogoko urhatsetan ibiliren. Jainkoaren nahia bakharrik egin beharko duk guzia eta gauza guzietan.

        Ai nere Jauna, nere iragan bizi galduaz lotsa naiz: xede berri hauk ongi begiratzeko indazu othoi grazia.

 

 

Hirugarren ikuspena

 

        Nere Salbatzaile guziz amultsua, zure handitasuna ez da nihoren beharretan. Zu, zere baitharik guziz zare aberats, zere baithan guziak idukitzen dituzuna zare. Zu, Jaungoiko eta izpiritu handi, bazter ororen bethetzaile zare, eta haletan aingeruek zaituzte adoratzen, goresten eta ospatzen. Eta zu, ez herioak, ez gaitzek dainakizun etzinena, nere arimaren urrikariz gorputz hilkor bat haru zinduen, gizon egin zinen, eta oinhazeak, pasionea eta heriotze garratza eraman zintuen. O amodio bethe, miresgarri, gainditua! Zugatik bakharrik, mila bihotz eta mila bizi banintu-ere, guziak zor ziaizkitzuket. Oi nere Jesus amultsua, zuk niri didazun maithakundea hunenbertzerainokoa izan dedila! Oh! arima nerea, Jainko mugarri eta akhabantzagabeak, zu hunenbat maithatzea baino zer da gauza handiagorik? O arima, hortatik ezaguturen duzu egiazki zarela zeror andia eta zinarokan baino peretxu handiagokoa. Zer, Jauna, zuk niri hunenbat amodio? Eta hau guzia, zu zaren botheretsua zarelarik, ni hunenbat maithatu nauzula ni zure etsai nintzelarik? Oh ikusgarriaren handia! Hunelakorik agiantzatzera edo gogoan-ere iragaitera, nor zaitekeen mentura? Oi gozagarri nihonerekoa! Bertzeek nahi dutenetan bilha betzate beren gozagailu eta goreskeriak; bainan nik hunetan nere gozoa eta ospe bizia!

        Jesus, gurutze horretan erakusten darotazun amodioan nere handitasun eta peretxu guzia. Hor zure odol emanaz erraiten darotazu: Horra, arima galdua, harrezazu nere odola: huna ni guzia zuretzat: gehiago behar balitz-ere, guzia eman nezaizuke. Oi liberaltasun guziz oso eta gainditua! Oi nere ospe eta gozoa! oi ontasun! oi amodio! oi nere Jesus amultsua! Nik nere bura baino, zuk gehiago maithatzen nauzu ni. Zuk nigatik egin duzuna, nik noiz eginen nuen nigatik? Zuganik bada, zer ezdut uste izateko? Zu baithan segura daukat gizonari emana den on guzia.

        Othe da gauzarik nik izan uste ez nukeenik, baldin nere aita edo ama lurrekoen eskuetan balago? Ez, egiazki. Eta hori, neronen eskuetan balago? Gizonak ez dezake gehiago galde edo lehia. Zorion hori neretzat balitz-ere, neror baithan baino sinheste hainitz hobea nuke zu baithan, oi zeruko Aita eta graziaren Jabea. Ala sinheste baitut zu baithan, Jauna! Ezen, zer dut gehiago zer ikusi? Zuk niri, nik nere buruari baino ongi gehiago nahi darotazu. Oh! hemendik aintzina, nola bihotz bethetasun osoaz zugana bihurturen naizen! Nere gauza guziak nola utziko ditudan zure gainera! Eta nerera zu zerbitzatzea eta bihotz guziz maithatzea nola dudan hartuko! Oi Jesus nerea eta osoki nerea, eta nere-nereagoa, ni neror neretzat baino. Munduko gauzetan parterik ez dut nahi, non ez den zu baithan guzia. Zu zare nere partea eta nere guzia, zu bethikotzat nere bihotzeko Jaun, Jabe eta atsegingarria.

 

 

Laugarren ikuspena

 

        Oi nere Salbatzaile, amodiozko mirail ederra! Zenbatez ere zuri gurutzean begiratuago eta hanbatenaz amodioa berhatzenago da. Oi nere gozoa, zuri begiratzea ez dezadala behinere utzi! Jaten banago, bethi zuri begira. Beharrean gerthatzen banaiz, zuri begira. Lotara balin-banoha, han-ere zuri begira. Nere ametsak-ere, zure amodioan bethi. Nola ontasun-gosedunak diruz baitu amets, hala nik-ere zutaz, zeren munduko urhe eta onthasun guziak baino zu hobeagoa eta gaindituagoa zaren!

        Habean zure oinhaze eta atsekabeari begiratzean, hekietan ikusten dut, jauna, zure amodio ondogabea. Zure buru, esku, eta oinetarik, eta zure gorphutz guzitik ixurtzen den odola ikusi, eta zure amodioa han agertzen zait. Zure buluztasuna eta larru hutsa, lotsa handitan ikusi, eta han zure amodioak izarniatzen du. Ai bainan, hori guzia amodio hain handia delarik, ur tanta bat itsasoen aldean bezala da, kanpotik ikusten den zure amodioa barrengoaren aldean. Oh nolakoa othe da zure amodiozko itsaso ondargabe hori!

        Zure barrenean, zure bihotzeko gordegailuan gu sartzea nahi duzu. Hau da zeruko eta jainkozko arnoaren arnotegia; eta arno hunek, bere guzizko gozoaz, sainduen erara mozkortzen eta horditzen du. Arren, Jauna, arnotegi hunetan sar nezazu. Bada ni sartzeko, soldadoaren lantz-ukhaldiaz zure sahetsa eta bihotzeko athea idekiak izan zaitezen nahi izatu duzu. Egia da, Jauna; ez naiz gai hor sartzeko. Baina athe-ondora hurbiltzera utz nezazu, edari preziatu horren urrinaz nere bihotza pitz dadientzat. Oh zer usain zoragarria! zer ernadura, zer indarra ematen duen!

        Zure bihotzeko amodio hau, Jauna, su-gar bizi bat da. nere hoztasuna berotzen du, nere bihotza khaldatzen eta hegaldaka zeruko gauzetara igan-arazten du. Zure maithakundeaz harritzen nintzan lehen, zeren zure odola eta bizia emateraino behartu baitzintuen. Bainan orai gehiago harritzen nau zure barreneko amodio, nere bihotza zugana hegaldaka deraman hunek. Eta ni gogo beroago batez zugana biltzeagatik solas hauk iduritzen zaizkit erraiten darozkidatzula: Ni zugatik hil nintzan; bainan oraino zu medea zaitezentzat berriz-ere behar balitz ehun heriotze, guzietara ekharria naiz bihotzeko amodioaz.

        Oi nere Jaun ona! eta amodio hunengatik, nik zuri zer darotzut zor? Zer egin behar ez nuke zugatik? Zeinen eginbide hertsia dudan zu bakharrik maithatzeko! Eta ahal-banu, ez zedarririk, ez ondorik ez duen amodioaz behar zintuzket maithatu. Ai bainan, maithatu behar-bidean, alde orotarik eta bere egin-ahal guziaz zu damuztatu zaituen jendeaz, nik zer erran dezaket? Eskergabetasun itsusiagoaz egundaino entzun othe da? Hori egin duenak zer duke merezi? oi Jauna! zuk zer egin duzu, eta zer egin dut nik? Nola nauzu maithatu, eta nola maithatu zaitut nik? Ah! merezi nuen, Jauna, zerua eta lurra eta hekietan bizi diren guziak nere kontra altxatzea, eta asperkunde latzenez niri aspertzea. Aithortzen dut egia, egia dohakabeko hori.

        Nerea da hobena, eta hoben guziz handi eta itsusia. Orai ezagutzen dut bere hedadura guzia. Bekhatu egin dut zure alderat; bainan damu min dut; eta mila bizi banitu-ere, guziak eman netzazke nere hobenaren ezeztatzeko. Nola bada, jauna, zu hain ona zarelarik heldu izatu naiz zu damuztatzeraino? urriki dut bihotzetik eta ezin-bertzeko urriki bat nahi nuke. Ah Jauna! iragan guzia borra bedi; atzar nedila bizi berri batean, eta suntsi beitez bekhaturako bideak. Honda bedi mundua, fundi nedila nerori, zuri laido bat eginen darotzudan baino lehen.

 

 

Bortzgarren ikuspena

 

        Oi nere Salbatzailea, ixilik zaude gurutze horretan, eta bizkitartean nere bihotzean entzunten dut zure mintzoa.

        «Ai nere Semea, diozu; nik zuri onik baizen ez nahi, eta zuk etsai bati bezala jazarri darotazu; eta etsaia izan banintz, gogorkiago ezin jazarriko zinarotan; gehiago ezin zindukeen egin. Nere semea, zer egin darotzut nik? zer? Nere lotsa eta oinhazeak, nere odola zugatik ixuria, ikusten ez dituzu? Nere semeari bezala, nere bihotza ez darotzut partitzen? Zer egin darotzut bada nik? Huna nere oin-eskuak itzez josiak, nere burua arrantzez zilhatua, nere sahetsa urratua, nere odola hustua. Hemen nago, bainan ez bortxaz, baizik-ere nere nahitara; zure amodioz nago ni hemen. Oinhaze urragarri haukiek, bozik eta gogo onez deramazkit, zure bihotza irabazteagatik. Eta horrenbat ikusteaz, erdiratzen etzare, maithatzen ez nauzu; eta gaitzesten, eta laidoztatzen nauzu. Oi nere haurra, zer da bada nik egin nezakeenik zugatik eta egin ez dudanik».

        Jesus amorez bethea! zure solas eztiek badute lantzaren moko zorrotza, erdiratzen darotate bihotza. Nik ez dakit nola eskerrak eman, nola ihardets zure amodioari. Zer erranen darotzut, Jauna? Ikusten dut neurrigabeko amodio bat zor dudala zure ondogabeko amodioari. Oh! amodio hortarik indazu, othoi, aphur bat. Nere ahalak ahulak eta deus-gutiak dire. Bainan diren aphurrak bederen, geldi ziaizkidala, eta bethi guzian maitha zaitzadala. Badakit, Jauna, nere amodioa hedadura laburrekoa dela, eta horrengatik ezdut nahi lurreko gauzetan errepartitu; zeren kreaturei ematen zaiena, zuri khentzen zerotzun. Den gutiena khendu nahi ez darotzut, baizik-ere guzi-guzia oraiko eta bethiko ahuspez zuri eskeini.

        Jauna, orai-beretik, aita, ama, ahaide eta bertze ezagunekilako amodio lurtiarra hausten eta ebakitzen dut; ez ditut maithatu nahi zu baithan eta zugati baizen; hekiei emateko ez diot zure amodioari edeki behar. Atzetzen naiz adiskidei eta onthasunei, eta ez diotet iduki nahi zugatik baizen. Orai-beretik ukho egiten diotet ohore, atsegin eta lurreko gozakariei, eta zu baithan baizik ez ditut onhesten. Orai-beretik nere buruari arnegu egiten diot, eta saldu-erosia banintz bezala, neror nerea ez dut izan nahi, nere burua ez dut nahi naithatu, zu baithan ez bada. Hea, begiak, etzarete nereak, baizik-ere Jainkoarenak, harek nahi duena, eta ez zuek nahi duzuena ikusteko. Hea, mihia, nerea etzare, bainan Jainkoarena, harek nahi duena, eta ez zuk nahi duzuna erraiteko. Eta orobat, eskuak, oinak, gorputza eta arima; zuen endelgu, gogo, xede, bothere, guziak Jainkoarenak. Ez dut nintan bizi behar, baizik-ere Jainkoa baithan. Jainkoak bethi ni baithan bizi eta manatu behar du.

        Oraidino, Jauna, nerea bezala, nere erara bizi izatu naiz. Orai bertzerik da. Ez naiz ja nerea, baizik-ere zurea. Zure gauzaz bezala, nitaz nahi duzuna egizu. Hala-nola buztin pozi bat erosten duenak, nahi duena haretaz egin baitezake, edo untziak, edo zohiak, edo bazterrera bota nahi badu; orobat zuk-ere, Jauna, nitaz nahi duzun guzia egiten-ahal duzu: batetik, zeren erosi nauzun, eta zure odolaren gostuz; bertzetik, zeren nik nere burua agindu eta olde osoz eman darotzudan. Zure nahikundea balin-bada nik ohorerik ez izatea, zure gogara egin bedi. Zure nahikundea bada nere bizia oinhaze eta arbuiotan goatea, guziak nik ahanztea eta uztea, guziak ez deuserentan idukitzea, atsegin dut, Jauna, zure gogara egin bedi. Zu bakharrik nahi zaitut: zu zare bethiko nere guzia.

 

aurrekoa hurrengoa