www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Atheka gaitzeko oihartzunak
Jean Baptiste Daskonagerre
1870

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Atheka gaitzeko oihartzunak, Jean Baptiste Daskonagerre (Errolba Bozas-Urrutiaren edizioa). Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

aurrekoa hurrengoa

13
MUGAZ-BERTZE-ALDERATZEA

 

        Burrunba kapitainak azpizgora eman ondoan Ganixen etxe guzia, ezin sinetsiz, etxeko jaun zaharraren erranagatik, erregina ibaiaz bertze-alderatu zitakela, engainatua ere Ganixen lagun zenbaiten hitzez, uste izan zuen bertze nonbait segurkiago bilatu behar zela printzesa, Ur-handiren bazterrean baino. Ortarakotz, bide beraz gibelerat igortzen ditu bere soldaduak eta harat hunat barraiaraziz igortzen hurbileko etxeen miratzerat.

        Ibai bazterrean zelatan gelditu garderi ere hain gora eta haserre ikusiz urak, iduri zitzaioten arima bizirik etzitakela han alde batetik bertze abia, eta hortarakotz ohi baino gutiago atzarriak zaude .

        Horieri guzieri esker, Ganix gan ahal izan zen ibai alde batetik bertze, sobera trabatua izan gabe.

        Oren erdi bat ibili ondoan, gure ihesilariak jautsi ziren zelaixka hertsi eta apal baterat. Han sartzean, arroka tarte batetik ilkiz, etorri zitzaioten aintzinerat gizon bat, berekin zakarkela, gerrikoaz amarratua, erreginaren harri-bizi eta urreriak barnean zituen gorago aipatu dugun kopa.

        —Horra haiz, Manuel; ederki hori -dio Ganixek- banakiken hiri zaintzerat emanak ongi zainduak izanen zitukala; ttana hunat, gazin elgarrekin Espainiarat.

        Eta erreginaganat itzuliz:

        —Orai andrea, igan behar gare hemen aintzinean dugun mendi zut hau gora. Hots! Kuraie! Bertzela ezin baditake, Manuel-ek eta nik sorbaldetan eramanen zaitugu gaineraino.

        Patarra zorrotza baitzen eta goroldioz estalia, uriak lerrakor egina zuen mendi bizkar guzia jendea ezin igan bezalako. Neke handirekin baizik etzitaken hor zango bat bertzearen aintzinerat eman. Arras mendi gainerat heldu gabe, erreginak eta haren lagunek kausitu zuten patar-hegian arroka bat makurtua bertze-alderat, zaramakan bideskari buruz. Arroka hura, erortzerat doan pareta bat iduri, luzatuz zoan bidexkaren ezkerretik. Eskuinean, ondorik gabeko leze beherean, doidoia ezagun zen, harrieri trebes, itzulika, saltoz, arrapotan jausten ziren uren azantza. Etzitaken gainetik harat beha. Behin baino gehiagotan, erregina burua nahasi eta bixta galduz, alditxartu zen; behar zen Ganixen kalapu guzia haren aintzinerat ibili arazteko.

        —Hots andrea, kuraie, hots —maiz zioen Ganixek— oraino zenbait urrats eta hor da Espainia; ez gibelerat beha: hau da gatibutasuna!

        Eta hitz hoien ondoan, erreginaren begiak oraino pizten ziren, eta hartuz berriz kuraia: —Gazin beraz aintzinerat! gazin! —zioen.

        Oren luze bat hala ibili ondoan bide txar beldurgarri hartan, gure iheslariak heldu ziren elorriz eta arantzez betea zen erreka baterat, aintzinean zuten zelaierat zaramakan bide bakarra.

        Handik ilkitzerat zoazinean, gehiago ez ur laster hertsi bat baizik printzesak iragaiteko, Ganixen arrano-begiak ikusi zituen, iguzkiak dirdiarazten zituen iratzelekuan zabiltzan garden xispak. Bereala, keinu egiten diote erreginari eta Manueli, geldi geldia egon daiten, eta bera apalduz gordetzen da sasiaren gibelean.

        Laster aditzen zituzten garden urratsak; hatsa ahoan isilik zauden iru bidaiantak, izituak, bihotzak panpaka bularrak urratzeko menean.

        —Zeren ondotik dotik ote dabiltza hemen gizon horiek? Ikusi ote gaituzte? —Izerdi hotzak estaltzen dio Ganixi bisaia guzia. Alfer izanen ote dire bada iragan neke eta entsegu guziak? Salbamenduko porturat leltzean erori be lar ote da printzesa etsaien eskuetarat?

        Bizkitartean, gardak hurbiltzen dire; jadan Ganix gordea den sasiaren ondoan dire. Ezagun da xispek ostraila ukituz egiten duten harrabotsa. Gehiago dudarik ez da. «Ikusiak gare...» Laster entzuten dituzte garden ele berak:

        —Zer apokina! —zioen batek— berrogei ta hamar mila libera printzesa atzematen duenarentzat! Ez ditek harrek urte txarren beldurrik zahartzean.

        —Ez diagu guretzat hori! —dio bertzeak— ez duk hunat etorriko printzesarik; hegalak behar litizkek mendi hau behera jausteko!

        Hitz hauk azkenak Ganixek aditu zituen, gardak urruntzearekin. Laster itzaldu ziren bidexkaren itzulian, eta, atseginekin Ganixek ikusi zituen ihesi gaten azken hirriskuen beldurrak. Orduan gure bidaiantak berriz abiatu ziren muga alderateko bidean.

        Zer biaia nekagarria printzesarentzat! mendi zorrotzen patarreri gora behera ondo gabeko erreketan, sasieri trebes, doi-doia geldituz han hemenka ahalik gutiena hats hartzeko. Emazteki miragarri horrek zer kuraia etzuen erakutsi trebesia guzien erdian! Kasik bortxa egin behar zioen Ganixek leku gaitzenetan besoetan erabiltzerat bere buruaren uzteko hari eta Manueli.

        Azkenekotz, heldu ziren xirripa baten bazterrerat; hura zen Frantzia eta Espainia bereisten dituen muga. Ganix, saltoz iragan eta erreginarekin xirriparen bertzealderat, gelditu zen bide hegian zen barri handi bati kontra, eta haren gainean eskua emanez: «Huna Espainia!» dio printzesari.

        Erregina, atsegin handienean hurbiltzen da Ganixenganat eta musu ematen dio hark erakutsi harriari. Hirriskuak, nekeak, ahazten ditu eta libertateaz arindua, lasterka doa, doi-doia oraindik segi dezaketen lagunen aintzinean. Handik lekora, laster printzesa eta haren lagunak igan ziren azken mendixka baten pantuparat. Zer zoramenduan etzituzten begiak hedatu, hurbilean agertu zitzaizkoten ikuspen bihotz altxagarrietarat!

        Han ziren, hurbil zelaian, karlisten armadaren belazko etxola zuriak, lerroka hedatuak; soldaduak harat-hunat zabiltzan; hekien kapelu txuri eta maipolis urdinak alegera ezagun ziren mendi ferdeari buruz. Batzuek kantaz zagozin, bertzeak gitarra jotzen; hauk fandango erotan itzulika, hek jarriak multzoka han hemenka piztu suen inguruan, eleketan zauden esku ta besoak erabiliz euskaldunen haro ohituarekin. Urrunago ostrailpetik ageri zen belazko etxola zuri berezi bat, bandera gorri bat airean zabilakona: hura zen erregeren jartokia.

        Uhartzean, eliza bateko eskila-dorre antzerekin gora altxatua eder zagoen ageri zeru urdinean.

        Orduan Ganix, karlisteri agindu bezala, hasten da irrintzinaka, adiarazteko erregina han dela.

        Ordu berean, peza kolpeen orroek inarrosten dituzte mendiak, atabalek eta turutek atzartzen oihartzunak bere gudutiar harrabotsez. Armada guzia bibaka dago; ezkilek errepikatzen dute. Aintzindariek lerrotarat deitzen dituzte soldaduak; zaldiak zaldunekin alegeratuak jauzika bateratzen dire, eta armek iguzkian darioten inar distiantez liluratzen dituzte begiak. Orduan, armadako soinulariek diote hemen ai! ai! ai! mutila!, hantxen Gernikako arbola.

        Orduan errege, aintzindari oste bat ondotik etortzen da erreginaren biderat, eta laster bateratuak, guzien aintzinean elkar besarkatzen dute.

 

aurrekoa hurrengoa