www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Atheka gaitzeko oihartzunak
Jean Baptiste Daskonagerre
1870

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Atheka gaitzeko oihartzunak, Jean Baptiste Daskonagerre (Errolba Bozas-Urrutiaren edizioa). Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

aurrekoa hurrengoa

1
ATEKA-GAITZ

 

        Harat huna dabiltzari arrotzek, gure herrietarat helduak Miarritzeko eta Donibaneko itsas-hegien edertasunari esker, behinere ez dute huts egiten gatea Ateka-Gaitzeko erreka fama handirekin aipatua denaren ikusterat.

        Txoraturik dagozi arroka kozkor hoieri buruz begiztatzen dituzte zeruraino doazin mendi bibitxi hek, oten lore horiez apainduak. Iduri du ihurtzuriak urratu dituela. Dilindan ageri dire mendi bizkar hoien gainean arroka mutur zorrotzak. Hemen, sehaska zabal batean, Ur-handiak bere ibai garbiak dabilzka; han erreka ilun bat da, trabatua arroka eroriz, zeinen tartetik borrokan itzuliz baitohazi urak, behin jauziz, gero itzulika herrestan suge kolpatu bat iduri.

        Gizonaren antzea guduka hari da naturaleza atrebitu horrekin; jadan langilearen pikotxen harrabotsa aditzen da zelaian; lasterbide handiak alde guzietarat eginez, errexki jendea bat bertzeratuko da norat nahi eta ikusiko nasaitasuna eta aisea sartzen mortukarazko mendi zoko gordenetan.

        Ateka-Gaitzak badu bere mendetako ornen ederra, guziek dakitena. Hosinen gainerat makurtua den arroka horren erditik Errolanek ideki zuen beretzat bide bat; haren itzal handia, gora hegaldatua, dabila orai ere gure mendien gainean. Baina Ateka-Gaitzak baditu bere oroitzapen berriak; hoien oroitarazteko hartu dut hemen xedea.

        Jadan ibili zaiztenak mendi lepo ilun hetan, oroitzen zaizte ikusirik bidexka bat, zurubia bezain txuta, xingola bat bezain hertsia? Ageri da sigisagan eskuineko mendian gora, egina kontrabandisten eta etxola goreneko jenden urratsek.

        Zenbat gertakari latz ez ditu gogoratzen bidexka hunek!

        Maiz, itsas hegietan sortzen dire marinel suharrak, oihanetan ihiztari zaluak, mendi mortukaretan eta herri-mugen auzoan kontrabandista atrebituak. Bakoitzak dakarte bere baitan sor-lekuaren zigilua, eta, maizenik, biakatzen gare marinel, pertsulari, edo ihiztari, sortzen edo ohitzen garen tokiaren arabera.

        Bide gora-beherakor horri hurbil ikusten da, bisianbiseko mendiaren gainean, etxe zuri polit bat gaztaindegi batez inguratua; hain eder egiten baitu oihan bazterrean, nola uso ohatze batek ostrailpean.

        Han bizi zen gizon bat gorputzez larria, besoz zainarta, oinak zumiaren pare, begi zoirotzetakoa. xede bortitzez gainditua, arima ederra, lainoa zaukana haurrarena bezala, eta bihotza beti zabaldua behar guzieri.

        Egoitza airos eta polit horren behereko aldean idekitzen dire hosin ikaragarriak, leze ilunak, otso hamikatuen lekuak. Uhartzean agertzen dire espainol mendien koskoak; hoien azpian zelai xoragarri bat, zerga guzietarik libro zena. Gure lekutan zilegi ez diren hainitz gauza, amanden eta presondegiaren gastiguen pean, han saristatuak dire.

        Hemen aipatzerat noan gizona, sortua etorki arrunt batetik, jakitate guziz gabetua zen. Bere erresumako debeku eta gastigu hauk, eta aldiz begien azpian Espainiako lurrean ziren zilegitasun hek, lehiagarrizko agintza hoiek, denak iduritzen zitzaizkon gauza desberdinak.

        Gehiago dena: zeinek ere beharko baitzioten adiarazi bere herriko legeek zuten debekua eta garraztasuna hek berak ziren lehenbizikoak haren gogo lehiatua kontrabandorat kitzikatzeko. Haren inguruetako jende handiek bilatzen zuten hunen kalapuen balakatzea, hartaz hobekiago baliatzeko. Eta zenbat andrek etzuten legunki hartzen, haren laguntza beharrean! Hala nola arrats batez behar bazen bazkari edo soinu bat, behar ere ziren blundak eta xederia nahikarazkoak: zer egin?

        Betan, uso bat airatzen zen, gauaren gerizean, hegalpean eramanez mezu bat; eta, baldin ilargia, lerratuz bi hedoien artean, etorri balitz mendiko bidexka txutaren argitzerat, ikusiko zinduen Ganix (hori da gure gizon famatuaren izena), bere gerriko gorriaren azpian zainduz, ama batek bere haurrari ematen duen artarekin, apaindura balios liluragarri hek, agertu beharrak arrats berean, menturaz biharamunean hekien ekartzailea gastiga zezaketen gizon beren aintzinean.

        Ai! Zein errex den hutsean erortzea lerraraztaile aberatsak direnean! ezen hekien aintzinean denak apaltzen dire.

        Eta, uste duzu irabaziagatik Ganix zabilala tulunbioen inguruetan, hotza eta beroa jasanez, galerna nahasieneri buru eginez? Galde diozazute hura ongi ezagutzen duteneri.

        Egun batez, lau ehun gizon gertatzen ziren jakitaterik gabeko hunen manuen azpian. Garden aintzindarieri salatua izan zitzaioten, holako egunez, halako orenez, dentelezko eta zigarrozko metak ekarriak izanen zirela mendia behera. Betan garda oste bat bildua da kontrabandist atrebitu hekien baratzeko.

        Laster, mendiko oihartzunek ihardesten dute oihu zizkolatsueri. Kontrabandistak, bere bine hertsian uste gabetan trikatuak, denak betan bere etsaien gainerat jauzten dire; gardak ere, bere aluetik, gudukatzen bortizki, baina gutiago zirelakotz, garaituak dire.

        Bereala, garda bakoitza amarratua da; baina aintzindaria sueltatzen da atxikitzen dutenen eskuetarik, hartzen du bere txispa eta muturrez Ganixi paparoa ukitzen dioelarik husten dio gainerat.

        Errabia sartzen da gure jende asaldatuen artean; kontrabandisten nagusi bain maitea jo duei aren gainerat erortzen dire denak. Bainan Ganixek, bi eskuz atxikiz bere paparo odolestatua:

        —Geldi zaizte! —oihu egiten du— begira zazue horren bizia; bere eginbidea egin du; zor zaio bizitzea!

        Hitz hauk erran eta, lurrerat erorten da; bainan bere begi biziez segurtatzen da aintzindaria eta haren meneko guziak libro utziak direla, nahiz haren arpegia oinazez desegina zen, erakusterat ematen zuen haren arimaren edertasuna.

        Handik zenbeit hilabeten buruan, erran dugun eskatima jujatzeko bildu ziren jujeak Pabeko tribunalerat.

        Eta Ganix, bere zauriak oraino idekiak zituelarik, oinazez arpegi deseginarekin, agertzen da deskantsuki eta kordokarik gabe haren jujatzeko bilduak zirenen aintzinean. Laztura batek hartzen du bilkura guzia. Batek bertzeak sorkatzen dute hurbilagotik ikusteko gizon miresgarri hura. Haren alde mintzatzen direnek hain gora altxatzen dute, non, kontra zirenak bortxatuak baitire haren bihotz ederraren onesterat. Jujek, eztela hobendun, libro igortzen dute.

        Ordu berean, aditu zen alde guzietarik alegrantziazko oihu bat bete zuena justiziako jauregia; heriotzearen aintzinean bain handi agertu zen gizon hura sorbaldetan eramana da, zeruraino altxatu nahi izan balute bezala.

 

aurrekoa hurrengoa