www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Atheka gaitzeko oihartzunak
Jean Baptiste Daskonagerre
1870

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Atheka gaitzeko oihartzunak, Jean Baptiste Daskonagerre (Errolba Bozas-Urrutiaren edizioa). Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

aurrekoa hurrengoa

2
TIPUSTAPASTEKO JAUREGIA

 

        Eder zaiku guzieri obra ederren aipatzea; nahiz diren eginak Erregetasunean, Errepublikan edo Enperadoregoan miresten ditugu.

        Gizon behar bazalakoak, emaile eta leihalak, edozein bandera izan dezan, gure amodioa eta ezagutza merezi ditu; bertzela uste dutenak itsumenduan dire.

        Denbora hura zen, zeintan Espainia ez baitzitaken apal emazteki baten manuen azpian, ordenu baten medioz erregina izendatua izanagatik.

        Espainia sutan zen; odola bazarioen zurruxtan; bandera bat altxatua izan zen, eta hura ikusiz garaituz zoala, gure auzo herriko jaun handi desterratuak don Karlosen laguntzerat abiatu ziren, haren hirrisku eta garaizietan parzun izateko.

        Baina mugaz bertze-alderatzea etzen gauza errexa; behar zen bilatu gizon bat, jaun handi hoieri bidea idekiko ziotena.

        Ateka-Gaitzeko oiharzunek aipatzen zituzten ordukotz Ganixen egin ederrak, eta, euskaldunen artean, bakoitzak maite zuen maiz haren laudatzea. Paper egunorokoek, 1834-an, goraki erran ere zuten, gizon hau, gizon segur eta leihal bat zela. Atzeman ote zitaken lagun segur eta leihalagorik?

        Bizkitartean, zer lanak behar ziren! Soldaduz eta gardez betea zen muga, eta, hekien atzartasunaren loharkatzeko, amarruz behar zen jokatu. Jeneralak ala fraile, markesak ala mandazain, bertze batzuek ala artzain edo ikazkin, ikusiko zintuen; kontrabanda gisa berrikoa zen hau mugaz bertze-alderatzeko.

        Bainan horra non trabak erortzen diren, mendiak apaltzen. Nor da gizona gauza espantagarri hau egin zezakena? Galde diozazute Espainol jaun handi, gorago aipatu dugun etxe xuri-polit hura, beldurrezko egun hetan betetzen zuteneri. Etxetiarrek bere arropetan bezala, etxe hark ere izan zituen bere mudantzak. Atzo, korteko aitzindari nagusiaren jauregia zen. Egun, zigilari handiaren egon lekua da. Eta bihar, ministroaren ostatua izanen da; haren berriak badakizki Ganixek eta begiratzen du haren oroitzapen ona.

        Ez da erran bear, Ganixen etxea karlisten aitzindari guzien biltzartokia egin zen, eta, jaun handi hoieri begitarte on egiteko nagusiak gain behera itzulikatu zuen. Pareta kusuz xurituak, oihal aberatzez gorde ziren, oheak sederia ederrez estali, zangazpitan hedatu sahial gozoenak, eta gela guziak bete gauza ederrez. Ikusiko zinduen, tipustapasteko jauregi liluragarri huntan, ximinia guzietan karra, mahain bat beti hedatua, azkurri jankarenez eta arnorik hurrupagarrienez betea.

        Ahal zituen guziak Ganixek agerian utzi ziozkaten bere etxetiar ospatueri; eta, maiz, moltsa arinegi zuenean, ministroak, soldaduen hazteko eta pagatzeko, Ganixen moltsari eskasa galdetzen zioen.

        Ganixek etzituen bakarrik bere izateak xahutzen; bere sueltotasuna eta bizia ere hirriskatzen zituen don Karlosen tronuratzen laguntzeko.

        Gau batez, bere mutillak lagun, bazoan Baionatik karlisten armadarat mando multzo batekin, kargatua lau-ehun mila liberez. Gaba ilun zen, bidean nihor ez; manduen urratsak baizik etzen deus aditzen.

        Betan, Arrunzko ezkila-dorrea gauerdik jotzen du; bide hegiko hesia zarraztatzen da; itzal handi batzuek zoazineri trabatzen diote bidea, eta boz zizkolatsu batek oihu egiten du: «Bizia edo moltsa!».

        Dixiduzko oihu hortan, Ganix saltatzen da, eta, bere makila altxatuz, dio: —Ganixekin duzue zuen egitekoa! Hurbil zaizte, ausart ez deusak!

        Bi xispa tirok ihardesten dute mehatxu horri; mando bat erortzen da gaineko gizonarekin; bertze mandoak trikatzen dire zotzerbatuak, eta iduritzen zaiote mandazaineri galduak direla.

        —Ai madarikatuak! —dio Ganixek ihurtzuriaren bozarekin, eta lehoin bat bezala erortzen da arlote hekien gainerat.

        Kolpeka errabiatu baten ondoan, ohoinak zapatuak dire, eta Ganixek bere gerrikoa puskaturik amarratzen ditu denak bere mutilen laguntzarekin.

        Ohoin hoiek, inguru hetan trikatuak, Buhameak ziren.

        Buhameak, leinu higuindua, bizitze gisa on guzien etsaiak, aurkitzen dire Euskal-herriko leku auzo-gabenetan. Gizon larriak, begiz beltzak eta arpegiz hori, iguzki aldeko kastate zenbaitetarik atera ditezke; hargatik nihork ez dakike nondik heldu diren. Ohoinak, ez axolatuak, badituzte basa gizonen aztura eta ohikuntza guziak, indiatarren dohain berezietarik izan gabe. Multzoka dabiltza, han-hemenka aterpeak ezarriz; amarruzko atxipuz eta ohointzaz bizi dire. Nihork ez daki non sortzen, non hiltzen, non ehozten diren!

        Amarratuak zirenek barkamendu galdetzen dute, eta Ganixek, urrikaldurik, erraten diote:

        —Barkatzen zaituztet; baina baldin berriz ene bidean atzematen bazaituztet, zorigaitz zueri!

        Argia urratzerat zoan, karlisten aldaketarat mandoak eta mandazainak flurbildu zireneko. Ordu ona ziteken orduan Ganixentzat ministroari eman ziozkan diruen galdetzeko; bainan etzitzaion holako den gutieneko asmorik gogorat etorri.

        Gizona norbaiten aldeko agintzetan osoki ematen denean, lanaren akabantzan izan dezaken sariaren oroitzapenak atzartzen dio bere asmo gordea; horrelako asmoak gehienen aitorra baduke. Bainan leihaltasun sari igurikimenik gabea, egiazki eder eta miresgarriagokoa da. Holakotan, bihotzak gabilzka, eta horren oihu bereziari jarraikitzen direnak bakanak direlakotz, guziez merezi lukete izatea ezagutuak eta laudatuak.

        Badakizu non aurkitzen ohi diren holako bihoztunak? Maizenik, jende xehe jakitate gabekotan.

        Heiek ez dakite irakurtzen ere, ongia eta gaizkia irakasten duten liburuetan. Nork edo zerk beraz ematen diozkate asmorat holako eginkara handiak? Guzien gainetik, erlisioneko fedeak, su zerukoa, hekien bihotzetan beti piztua dagoena.

 

aurrekoa hurrengoa