www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Atheka gaitzeko oihartzunak
Jean Baptiste Daskonagerre
1870

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Atheka gaitzeko oihartzunak, Jean Baptiste Daskonagerre (Errolba Bozas-Urrutiaren edizioa). Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

aurrekoa hurrengoa

3
FEDEA EUSKAL-HERRIAN

 

        Bai, erlisioneko fedeak erroak barna ditu euskaldunaren bihotzean. Jink aren xederat eus aldunak egiten ditu bere biziko egintza guziak.

        Non hartzen du Jinkoaren alderateko sineste hori? Erlisioneko edergailuetan, elizetako apainduretan ote, zeinek maizenik liluratzen baitute baserritara eta ematen baitiote Jainkoaren handitasunaren asmo handiagoko bat?

        Ez... ikusazu euskaldun eliza bat: lehenbiziko giristinoen denborakoa bezain biluzia da, toki bat guti edo gehiago handia, herriko jende ostearen arabera.

        Gainean zutitzen zaio ezkila-dorre zorrotz bat; gain guzia teila gorriz estalia; paretak kisuz zurituak; kukurustegiaren gainean dire haurren eskolategia eta herriko etxea. Barneko aldean, aldare nagusi bat bertze bi ttiki saihetsetan urreztadura mehez han hemenka eraginak. Hainitz baserrietan jaun ailearen jar-lekua aurkitzen da kantorean. Gisa berean, familia bakoitzak badu bere jar-leku berezia sahial beltza batez estalia, eta hil direnentzat ahaideak haren gainean belauniko otoitza egiten du.

        Euskaldun bakoitzak, mezako edo bezperetako denboran, eskuetan izaten du bere errosarioa, zeinari hainitz itzuli egin-arazten baitio, bi eri pototsa gurutzatueri maiz musu emanez.

        Beti euskaldunak berekin du, paparoaren gainean, habitoa; harekin ausarki ibiltzen da hirriskoak dixidatuz.

        Mezaren akabantzan, bakoitzak bere auzoko lagunari, soilaruetan, agur xamur bat egiten dio. Gertatzen bazine bi etsaien erdian, burua apaldu behar zinduke, nahi edo ez, agur egiteko. Meza bat ongi entzunak behar lituzke beti ahantzarazi liskar guziak, eta bakea eman bihotzean.

        Euskaldunak bere erlisioneko sinistea biltzen du, apezek bere egin ederrez ematen dituzten irakasmenetan.

        Apeza, guzien adiskide ona da. Norbait nigarretan, beharrean edo eritasunean bada, apeza agertzen zaio.

        Zer gauza ederra apez baten eginbidea! Ene begiak nigarrez betetzen dire ikusi ditudan hainbertze gauza ukigarriez oroitzen naizenean. Zenbat gauza arrailagarrien ez naiz lekuko izan! Azken hatsetan zirenak arpegi deseginak, oinaze minez hartuak eta etzanak bere pairamenezko eta agoniako ohearen gainean. Ikusi izan ditut apezak bere ezpainak bat egiten gaiso haukien ezpainekin hobeki deskantsarazteko, hekien aitorren biltzeko eta azken-nahien aditzeko.

        Ez uste izan haren eskua agertzen dela emaitza bat egiten duenean; bakartasunaz baliatzen da ongiaren gorderik egiteko.

        Zorigaitz bat erortzen da familia baten gainera; ama bat nigarretan dago, zeren gabetu den bere haurraz; betan, bera deitua da herioaz maite dituenen erditik.

        Apeza han da, hekiekin nigar egiteko; haren hitza igurikimenezko eta deskantsagarriak aditzen dire bihotz min handienetarik ezin aztandua den ixiltasunean.

        Euskaldunak baditu begien aitzinean bertze ikuspen, haren erlisioneko sinestea sustatzen dutenak.

        Ikusazu gure baserrietan etxe xuri eta xume hura, zeina eskila-dorrearen itzalpean gerizatzen baita; baratze ttiki bat aldean dauka, asentuz inguratua. Asentuen gainetik sagar-ondoen ostrailen artean josteta dabila iguzki-begia. Baratze hartako loreen usain ona hedatzen da inguruan.

        Batean etxe hori ixil-ixila dago, zerbait ohigabeko barnean balu bezala. Bertzean kanta eta irri alegerak handik sortzen dire, aingeruen bozak iduri; han ondoan dabilana baratzen da txoratua heien entzuteko.

        Etxe hortan daude serora eskol-emaileak, azken adio bat erranak bere gurasoeri eta herriari, jende xehearen haurren argitzeko.

        Emazteki saindu horiek, fedez gaindituak, eta baratu gabe, betetzen dute, Jinkoaren laguntzarekin, berek hartu eginbidea. Neskatxen bihotzetan eragiten dute, erlisionaren jakitatearekin, haren ongiak, ahaiden errespetoa, eta bertute beharren hazia.

        Eta arrats guziz, Euskal-herrian, amek bere bihotzean benedikatzen dute hekien alabak bide onerat plegatu dituen emazte saindua.

        Hastetik, haur pobreen argitzeko, gizonak batera bildu dituena sartu zen Euskal-herrian. Leinu enak dira Euskal-herrian, hango odolak aitatik semerat daramatza aztura onak. Sala, haren arbasoa, 808-an bizi zen Bardotzeko herrian, haren izena oraino dakarken mendetako jauregian.

        Jan-Batist de la Salle sortu zen, Reims deitu hirian, 1651-ko apirilaren 30-ean, eta gaztetasunetik jarri Jinkoaren serbitzuan. Lagunaren alderateko karitate bizi batez sustatua, lehia handirekin haren gogoa beti bila zabilan nondik eta nola zerbeit laguntza eta on ekarriko zuen gizon beharraren alde. Zenbat traba etzituen garaitzeko izan jakitate eskasak eta mendearen aztura goibelak gogortuak! Halare azkeneko, bereganatu ondoan bere iduriko zenbeit gizon bihozdun, jakitatez argituak bezin humilak, horieri esker, altxatu zituen orai orotan hedatuak diren jende beharren eskolak. Bilkura hortako errientak deitu ziren Giristino Doktrinako anaiak edo Frerak.

        Egintza miragarri horren bidez Aita de la Sallek erakutsi zuen munduari zeren gai ditaken karitate bero bat lagundua denean iraupenezko ongi nahiaz; horri begira dezatela etsenplu ederren bati bezala etorkiko beharren alderateko bihotz ixuriek.

        Haren ondokoek iraungidurarik gabe segitu dute nagusiaren urratsa, eta heien entseiu oneri esker, berratu da freren bilkura, eta egun guziz handituz eta hedatuz dohazi heien eskola eta ongieginak.

        Zein laudagarriak diren munduari ihes eginez gordetzen diren gizonak humiltasunean bizia higatzeko haurren eskolatzen, lurreko igurikimenik gabe, bilatuz bakarrik langile eta familia buruzagi on, prestu eta zuhurren egitea!

        Pobreen haurrek dituzte hekien arta berezienak; ahal guziez bilatzen dute heien bihotzetan sorraraztea eta finkatzea bertute eta sineste zuzenak, hobekiago ikas dezatentzat kuraiekin eta kordokatu abe jasaiten beharraren eta eskasien herstura eta kirastasun ohituak.

        Egiazko gizonen amodioak holako bidetan ibilarazten zaituzten gizonak, ederra da gora dabilkazuen karitateko bandera! Agur dautzue eta ezagutza gure herriak. Zueri esker, oraino Euskal-herrian ohore du zuzentasunak, erlisioneak; beti bizi dire euskaldunak sortzez bihotzean dakarzken aztura onak.

 

aurrekoa hurrengoa