www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Atheka gaitzeko oihartzunak
Jean Baptiste Daskonagerre
1870

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Atheka gaitzeko oihartzunak, Jean Baptiste Daskonagerre (Errolba Bozas-Urrutiaren edizioa). Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

aurrekoa hurrengoa

5
EUSKALDUN JAUNZTURAK ETA JOKOAK

 

        Erregina deskantsatzen ari zen bere bideko neketarik. Urrats bakar bat aski zuen Espainiako luri erat heltzeko; oroitzapen horrek ezpainetan lerrarazten zioen zorionezko irria.

        Makaian Eliza-besta zen egun hartan; ezkilen errepika alegerek zioten meza errana zela.

        Airean zen herriko plaza guzia.

        Bitxi ziren egun hartan euskaldun jaunzturak, herrirat igorriak gertatzen ziren soldaduen arropekin.

        Huna euskaldun gizon gaztea: ederra da kantarben seme guziak bezala; gapelu urdin bat dauka buruan, erdi eroria eskuineko beharrirat; maipolisa sorbalda batean, gorputza lixto eta xuxen gerriko batez inguratua; soineko atorra elurra baizen xuria du; birazka zilarrezko botoinek dauzkate haren atorra mahukak eta batek fola; zangotan espartiñak gurutzekara zinta gorriak amarratuak; niakila bat eskuan dabilka, noizetik noizera itzulikatuz Tambour-major bekokiarekin.

        Horra gizon zahar bat; hura ere estalia da kapeluaz, makurtua daukana kopetaren gainerat; buru gibelean ileak luze ditu bizkarra behera, lege zaharrean leinu oneko gizonek bezala; haren atorra txuria gizon gaztearena bezala, ukarai-lepotan atxikia da; maipolisa ere arta gutirekin sorbaldaren gainean emana; galtza motxetan da; galtzerdi ilezkoak gordetzen diozkate bere zainartak, eta, zilar burla distiantez berreginduak dire haren belaun-lepo eta zapatak.

        Huna emazteki multzo bat.

        Neskatxa gazteek gerriak mehe eta lerden dituzte, arpegiak eder eta begiak bizi, arraiziaz gaindituak.

        Hunek burutik behera dauka mantalina beltza, zirikozko punpoilo bat dilindan doakona kopetaren erdirat; oihal merkez du soina. Bertze horrek beso gainean darama bere mantalina; buruko mokanes airosaren azpitik, ageri ditu kopetaren gainean bi aldetarat ile beltz lodi eta ongi legundu ederrak; lepoko ttiki polit batek estaltzen diozka sorbaldak.

        Euskaldun emazte adinekoak, apaintzen denean, ematen du buruko xuria, pertal bat dilindan buru gibelerat. Haren jaunztura iluna da eta edergailurik gabekoa; lepotik dilindan dabilzka urrezko kate bati behera, bihotz uso hegaldun handi bat, gurutze egina. Bertze batek burutik oineraino doakon kapa beltz batez gordetzen ditu bere bisaia eta jaunztura guziak.

        Bainan huna non eldu den gizon gazte andana bat, elkar dixidaturik pilotarat; eskuen sartzen hari dire eskularruetan.

        Pilota jokoa da euskaldunen josteta bereziena. Deus ez da hain lehiakorik. Harritua zaude, ikusteaz jokariaren bizitasuna eta zalutasuna, halaber haren bekokia. Batean, xaxa on bat egin nahiz, orkatz baten jauziak egiten ditu; bertzean, zezena iduri, furrunkada piloten gainerat erortzen da; bertze aldiz, lehoin batek baizen, burua gora, badabila eskularrua beso azpian emanik, paso eder bat egin ondoan; alde guzietarik begiztatua da.

        Denboraz Erroman ziren lege-egile zahar hek baizen aire garraztakoekin biltzar bat izendatua da joko hartako justizia egiteko. Hekiek harat edo hunat gauza jujatuz geroz, ez da nihor ausartatzen marmariatzea, nahiz he ien errana makurra litaken. Euskaldunaren bertute ederrenetarik bat da, beti burua apaltzea buruzagien aintzinean; Jinkoa mintzatu balitz bezala.

        On handiak darraizko joko horri. Gorputzean hedatzen dituelarik zalutasuna eta indarra, sorrarazten du garai-nahia, eta gizonari ematen diozka bekokia eta duen ahalaren ezagutza. Bazterretik doazkon txistu eta bibek berotzen dute haren kalapua. Jokalariak indar handirekin igorri apilotari buruzl ikasten du bere bularren zabaltzen ukaldi kaltekorragoeri.

        Zer da apaindura distiantetan agertzen den oste hori? Hau da pastoraleko gazteria.

        Pastoralak edo konpartsak euskaldunen josteta maitagarrienak izaten dire. Hekien egin-moldeak hartuak ohi dire liburu sainduetarik, alegia zaharretarik, edo Arrolanen, Moro eta Napoleonen oroitzapenetarik.

        Euskal-herriko koplariek moldatuak, pastoralek dakarkete gure etorkiaren zigilua, eta aberats dire gauza unkigarri bakan gertatu eta maitagarrien aipamenez. Urteen eta munduko nahasdurengatik, bere mintzaira, bere ohikuntzak eta mendetako omenak, ontasun sakratu bat bezala, oso atxiki dituen populu bereziaren noizpaiteko etorki goraren lekukoak dire.

        Josteta hoiek plazaren erdian egiten dire; hortako ederki apaindua den leku baten gainean, txirula eta tanbulina soinuz.

        Hastean, erantzute luze batek jakinarazten du zer erabiltzerat doazin pastoralean. Gero, birazka edo gehiago aldean agertzen dire aipu ederrez mintzo direla pastoraleko beztituak diren gizon gazteak. Loria da ikustea zein gozoki eta kordokarik gabe bakoitzak derasan errateko duena.

        Eta pastoralerat edo pilota partidarat bildua den jendea, solasean, jostetan, alde batetik bertze titxoa titxoari irriz eta bat bertzeari oihuz aditzen dire euskaraz.

        Betbetan, haro horren erdian, harrabots ilun bat aditzen da, pandero urratu batek jotzean duena iduri. Makaiko herriko mutila da, zerbaiten erantzuterat etorria, bere boz ihar-marrantarekin.

        Ordu berean, oihu guziak ixiltzen dire, joku guziak gelditzen.

        Aditzagun zer ote dioen:

        «Mes habitants dé mon pays:

        »Par l'ordonnacément dé messiu lé Maire, lé poublic il est erréprévenu que lé fâme, grand dame de don Carlos Quinto, il est caché dans quelqué coin ici, dans lé village de Macaye. Il est errésousentendu qué si l'attrape il est erréussie, grand errécompense il sera donnée à son ratrappement.»

        —Tiens! on parle donc français ici —dio soldadu batek.

        Bereala, gizon bat ostea utziz, badoa hesi artetik Ganixi erraterat zer irriskutan den erregina; hura zen Manuel, Ganixek, Beltzuntzeren jauregian berekin men laguna.

        Jendeak han hemenka multzokatzen dire, elkarri buruz, begiak kexu.

        Zer gertatu ote da herrian?... Txango-arinek (hori da letra barraiatzailea) zer berri ekarri ote du? Orok begiz bilatzen dute, ezen Txango-arin herriko berrikaria da.

        Elkarri begira daudelarik, zerbeit jakin nahiz, errienta agertzen da plazan, kapelu kopetan apaldua, begia ilun, gogoan zerbait balu bezala; ageri da ikasi duela oraino gutik dakiten berri handia.

        —Jaun errientak badakike zerbait! —diote, eta betan jendeek inguratzen dute. Denek batean galde bera egiten diote; haren ahotik ateratzen diren hitzak lehia handirekin bilduak dire.

        Errienta herriko Jinkoa da.

 

aurrekoa hurrengoa