www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Atheka gaitzeko oihartzunak
Jean Baptiste Daskonagerre
1870

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Atheka gaitzeko oihartzunak, Jean Baptiste Daskonagerre (Errolba Bozas-Urrutiaren edizioa). Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

 

aurrekoa hurrengoa

8
PRINTZESAREN IHES EGITEA

 

        Ferrakan tzar eta bortitzeri jarraikitzen dire maiz denbora eder eta haizegabeak. Iduri du zeruak, permagune bortitz batean, higatu duela bere hasarreduraren hedadura guzia.

        Gutituz gutituz, galerna isiltzen da; urrunean entzuten dire oraino harrabots apalduz doazinak, eta ximistek, mendiak zafratuz, barreiatzen dute argi xurista bat; erran litake mirail bat, zoinak urrunerat igortzen baitu hartzen duen argia.

        Noizetik noizera ur ttintta batzuek, zitoitzak iduri, erortzen dire zirimolak egotzi ez dituen arbolen gainetik, eta horrek erakusten du uria gelditua dela.

        Haize ezti batek ferekatzen du ostraila; igela, beldurrak ahantzirik, agertzen da ur gainean, eta kalakatzen du zezkapean; erresinuleta bera, oihaneko kantari ederra, harrek ere bere izialdura ahantzirik, urrunerat adierazten du bere boz bizi eta ganbiakorra.

        Haize arinak urruntzen ditu hedoi eta lanoen azken ondarrak. Zerua distiant agertzen da bere ezin konda ahal ditazken izar guziekin, eta haren irriak erraiten dio lurrari Jinkoaren hasarredura jabaldua dela.

        Jinko handia! zein ederra den izarrez eragin duzun zeru hori eta zein ongi mintzo den zure izateaz begiak ezin hel ditazken neurri gabeko lekuetan! Zuk egin duzu gauaren estalkia harri biziz igeri; zuk barreiatu dituzu ondogabeko eremu goretan iguzkiak ostez; ez bakarrik zure handitasunaren erakusteko, bainan ere gizonari zure ontasunaren frogatzeko, aintzinetik hari dastaraziz etorkian agintzen diozkatzun zorion gozoak leihal egoten bada zure legeri.

        Zertako gizona altxa litake zure kontra? Haren bizia suntsitzen da itzalaren pare; lur huntako gozamenak iheskorrak eta ezdeusak dire; hemengo zorionak itxura hoberenekin funtsgabeak, hasi orduko begien engainatzen airatzen dire haize xumenak daraman kea bezala.

        Eta, bizitik landa, zer geldituko da?

        Harri bat, guti edo gehiago apaindua, lehen egunetan ahaideek artez inguratzen dutena, estalia biharamuneko histuak, haizeak eramaten dituen lorez.

        Denborak higatzen eta iresten du harria bera, suntsiaraziz gaineko eskribu ozar eta ez deusak, eta marmolarik gogorrena laster hauts eta herrauts bilakatzen da.

        Bidaianteak ostikatzen du hobi hura zen lekua.

        Eta gero zer gelditzen da?

        Deusik ez...

        Zer diot? Gauza bakar bat gelditzen da gizona gan ondoan; egin dituen ongien oroitzapena; oroitzapen hori beti bizi, urrikari gabe bertze guziak ezeztatzen dituen urteen iragantza lasterrak leinutik leinurat eramana.

        Galernaren patarrakan loak-hartu gizona atzartzen den bezala emadura isila etortzean, orobat Beira-ko printzesak kobratu zuen ezagutza, bakea sortzearekin haren inguruan. Begiak idekitzen ditu; oraino ikusten dituela iduritzen zaio izialduran eduki duten mamu eta itzal beldurgarriak; laster asmu lazgarri hek itzaltzen dire ihesi igorriak zagoen gelako leiho erdi idekitik etorri argidura maitagarri batek. Jeikitzen da eta bereganatua bihotz altxagarrizko argi hartaz, badoa leihorat; beha dago gau ederrari eta haren gogoa bixtan zuen ikuspen miragarriak sarrarazi zuen gozotasun hoberenean. Ferekatzen du iragan egunen oroitzapen arraia.

        Amesten ditu Salzburgeko jauregian haren lehen urteak loriatu zituen gozamen eztiak; ikusten du egun batez koroa eskaintzerat etorri zitzaion mezularia... agintza ederrak igortzen ziozkan orduan etorkiak...

        Eta, fama hedatu zenean, haren senarra sanoki zoala bitoriaz bitoria, zer lehiarekin etzen abiatu haren lorian partzuer sartzeko!... bainan, behatuz bere orduko hirriskueri, begiak busti zitzaizkon nigarrez. Bakartasunak lazten du, hats gorapen du eta hurren etsitzen etorkiaz. Aldian balu bederen bere laguntzaile ona! Traba lotsagarrienak non nahi ikusten ditu bere bidean. Garaituko ahal ote ditu Ganixen kalapuak?... Zein luzea den eta berant heldu libertatea ekartzen duen orena!

        Betbetan aditzen du harrabots xume bat. Beha dago; baratxe-baratxe harrabots hura berratuz doa, zerbait hurbiltzen balitz bezala. Doazinen arta guziengatik ixil-ibiltzeko, urratsak ezagun dire bideko harrietan. Izialdura lotzen zaio berriz ere. Nahi luke ihes egin. Etsaiak heldu ote dire haren gatibu bila? Bainan laster izarren argi herabean ezagutzen ditu Rafaela, Ganixen arreba eta Mixel haren mutila. Dudarik ez da, hek dire... Horrek alegeratzen du printzesa, bihotzerat ekarriz esperantza.

        —Egiaz otoi, Rafaela, zu zare? —erraten dio ahopean.

        —Bai andrea, heldu gare, Mixel eta biak zure laguntzerat.

        —Eta Ganix, gure Ganix?

        —Anaiak igortzen gaitu zureganat. Ezin ditake gau huntan ibaiaz bertze-alderat gan. Zato bereala gure etxerat, eta bihar, argi urratzean, ganen gare Ganixen ganat; igurikitzen gaitu, harrek eta guk bakarrik dakigun toki gorde batean.

        —Bainan nola ilki zure etxetik nihork ikusi gabe?

        —Errex da. Ramona gaixoa, gure auzoa, atzo hil zen; goiz huntan berean ehortziko dute, emanen gare Ganixen gordelekuaren hurbiletik iragan behar den haren aukoan. Anaiak nahiko zuen zurekin gan, baina badakizu muga soldaduz eta gardez betea dela, eta haren libertatea baliosegia orai behar gabe irriskatzeko.

        —Zer bihotz handia!... eta nola dixidatu dituen gau huntako irrisko guziak! osorik heldu ote da?

        —Ez beldurrik izan, andrea, Jinkoak begiratzen gaitu... baina, egizu, otoi, laster; gure adixkide Manuelek erran du ez dela den gutieneko denborarik galtzeko. Orai denbora ateri baita, laster hunat litazke galtza gorriak.

        Handik lekora, erregina eta haren bi lagunak ilki ziren Ganixen etxetik eta abiatu sasi artetik gordez zoan bidexka batean, handik ixil eta errazkiago ibili baitzitaken. Apur bat gure bidaianten urratsa bakarrik ezagun zen gabaren isiltasunean.

        Gero etzen deus gehiago aditu.

 

aurrekoa hurrengoa